Prentsa Oharren banner

Udalak leku gehiago eskainiko du gizarte-etxeetako, kirol-instalazioetako eta BIZAN sareko jardueretan

Eusko Jaurlaritzak edukiera % 75era handitu duenez, jende gehiagok eman ahalko du izena ikastaro askotan

 

Udalak urriaren 4an irekiko du gizarte-etxeetako, kirol-instalazioetako eta adinekoen BIZAN sareko jardueretako leku libreetan izena emateko epea. Covid19ari aurre egiteko osasun-jarraibide berriek ikastaroak egiten diren guneen edukiera % 75era handitzeko aukera ematen dute, eta Gasteizko udalak horietako askotan leku kopurua handitzea erabaki du.

Hutsik geratu diren lekuen zerrenda irailaren 29an argitaratuko da udalaren webgunean. Jarduerak programatzeaz arduratzen diren sailak aztertzen ari dira zein ikastarotan den bideragarri parte-hartzaileen kopurua handitzea.

Irailaren 29tik urriaren 3ra bitartean informazio- eta kontsulta-aldi bat egin ondoren, urriaren 4ko 8:30ean irekiko da leku libreetan izena emateko epea. Hainbat bide egongo da horretarako: udalaren webgunea (gomendatua), 010 telefonora deitzea, edo aurrez aurre egitea edozein gizarte-etxe edo kirol-instalaziotan.

Jarduera hasita badago, prezioa murriztu egingo da, parte-hartzerik izan ez den saio-kopuruaren arabera.

Prozesu honek ez die eragingo genero-berdintasunerako jarduerei, euskara ikastaroei, ingurumen hezkuntzarekin zerikusia duten jarduerei, eta Gauekoak eta Xtraclub programei. Hala ere, jarduera horietako batzuetan handitu egingo da leku-kopurua, eta eutsi egingo zaie izena emateko aurreikusitako epeei. Era berean, igerilekuetako jardueretan oraingoz ez dira plazak handituko, aldagelen erabileraren mugek indarrean jarraitzen baitute.

 

 

 

 

 

 

Share