Prentsa Oharren banner

Irailaren 29an  (asteazkena) ‘Alea Iacta est’ kontzertua eskainiko da Principal antzokian, 19:30ean

Udal Bandaren abonamenduko lehen kontzertuan María Hinojosa sopranoak eta Moisés Évora narratzaileak hartuko dute parte.

Gasteizko Principal Antzokiak Udal Musika Bandaren abonamenduko lehen kontzertua hartuko du datorren asteazkenean, irailak 29, arratsaldeko zazpi eta erdietan: ‘Alea Iacta est’ du izenburu (“Zoria jokatua dago”). Luis Orduña zuzendariak María Hinojosa sopranoa eta Moisés Évora narratzailea gonbidatu ditu oraingoan.

Gasteizko taldeak lau pieza joko ditu lehenengo aldiz: ‘Stonage’, Sara Galianarena; ‘Rubicon’, Bert Appermont-ena; ‘The book of Urizen’, Jacob de Haan-ena, eta ‘Gioia’, Saül Gómezena. Azkenaren bandarako bertsioaren erabateko estreinaldia izango da, gainera.

Kontzertua aurkezteko prentsaurrekoan Luis Orduña, María Hinojosa eta Moisés Évora izan dira; Gasteizko publikoa kalitateko hitzordu horretara joatera animatu dituzte, sarrera gehiago jarri baitira salgai Eusko Jaurlaritzak onetsitako edukieraren handitzeari esker.

 

Zuzendariaren oharrak

“Alea iacta est, alegia, zoria jokatua dago. Julio Zesar enperadoreak esan zuen esaldi ospetsu hori, haren armadak Rubicon ibaia —Erroma eta Galiaren arteko muga naturala— zeharkatzera zihoazenean. Ez zait aipu hoberik bururatzen gure eserlekuetatik historian zehar bidaiatzera gonbidatzen gaituen denboraldi hau hasteko, historiaurretik Aro Modernoraino, Antzinarotik igaroz, haitzuloetako gizakiengandik hasi eta  William Blake britainiarraren XVIII. mendearen amaierako testuetaraino.

Kontzertua estreinaldi baten “pozarekin” hasten da: Saül Gómez valentziar musikagilearen ‘Gioia’ lana, hitz horrek “poza” esan nahi baitu italieraz. Ondoren, bidaia zorabiagarria egingo dugu, Harri Arotik hasita, Sara Galiana konpositore gaztearen ‘Stonage’ lanarekin.

‘Stonage ‘lanak irabazi zuen Eibissa hiriko Musika Patronatuak  ‘Ciutat d ‘Eivissa’ banda sinfonikoaren 25. urteurrena dela eta deitutako I. Konposizio Lehiaketa. Gizakiak Harri Aroan egindako bidea kontatzen du. Izan ere, zibilizazio gisa gure historiako gertakaririk garrantzitsuenetako bat izan zenak aro berri bat ireki zuen: musikaren sorrera, instrumentu bakun eta primitiboenen bidez. Musikak haitzuloetako gizakiarekin batera eramango gaitu, glaziazioak gainditzen eta bere kidekoekin batera etxetzat hartuko duen leize-zuloan tribu sedentario gisa finkatzen den bitartean.

Saioak Bert Appermont belgikarraren ‘Rubicon’ lanarekin jarraituko du. Rubicon Italia ipar-ekialdeko ibai labur bat da, uholde-erregimena duena; Forlì-Cesena probintziatik igaro eta Adriatikoan itsasoratzen da. Dirudienez, izena uraren koloretik dator, eskualde buztintsu batetik igarotzen delarik errubi kolorez tindatzen baita. Hura gurutzatzea Erromako Errepublikako Bigarren Gerra Zibilaren detonatzailea edo casus belli izateagatik sartu zen historian ibaia. Izan ere, Galiako gobernadorearen boterearen muga zedarritzen zuen, ezin baitzen Italian sartu, legez kanpo egin ezean. Kristo aurreko 49. urteko urtarrilaren 11tik 12rako gauean, K. Julio Zesar une batez gelditu zen Rubiconen ertzean, zalantzaz josia, ibaia gurutzatzea legez kontrako zerbait egitea baitzen, Errepublikaren etsai bihurtzea eta gerra zibila piztea.

Suetoniok”Hamabi Zesarren bizitza” lanean dioenez, Julio Zesarrek ibaia zeharkatzeko agindua eman zien bere tropei, latinez “Alea iacta est” (“zortea botata dago”) esanez. Gertaera horretatik dator “Rubicon ibaia gurutzatu” esapidea, zeinak adierazten baitu ondorio arriskutsuak izan ditzakeen enpresa bati ekitean ez dagoela atzera egiteko aukerarik.

Kontzertua ‘The book of Urizen’ (“Urizenen liburua”) lanarekin amaituko da; kontzertu-bandarako, soprano bakarlariarentzako eta gizonezko narratzaile batentzako obra da, non adierazpen erlijiosoen soinu collageak erabiltzen diren. William Blake (1757-1827) ingelesaren izen bereko olerki bisionario sinesgarrian inspiratzen da pieza; olerkariak berak ilustratu zuen lana, eta mendebaldeko literatura eta arte bisualetan aparteko lekua du. Poeta eta idazlea ez ezik, artista grafikoa, margolaria, ilustratzailea, espiritista, erlijio bisionarioa eta filosofo mistikoa ere izan zen. Urizenen Liburuak Genesiaren eta Irteeraren antza du, eta haren edukiak kristau, judu eta islamiar fedearen oinarria dira. Blakek bat egin zuen erlijio guztiak egiazki bat direla eta jainkoak gizakiengan bizi direla dioen printzipioarekin. Urizenen liburuan, Urizenek lurraren gainean hedatzen duen”erlijioaren sareak” irudikatzen du ideia hori. Jacob de Haan-ek estudioan bildutako soinu-collageen jatorria Jerusalemen dago, Hiri Santuan, bertan “elkartzen” baitira aipatutako kredoak.

 

Informazio gehiago

 

ALEA IACTA EST (Zoria jokatua dago)

 

Share