Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 maiatza 2018 19:49

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek proposatu du, gaur arratsaldean, Gasteiz Antzokia Ruiz de Bergaratarren jauregian kokatzeko posibilitatea, Eskoriatza-Eskibelen etxadiaren alternatiba gisa. Azken asteetan arazoak sortu dira Gasteiz Antzokirako proposatu zen bigarren kokapenean proiektua garatzeko, batez ere lorategian agertu den fuel-oil biltegia, zeinak epeak asko luzatuko lituzkeen deskontaminazio-prozesu bat eskatuko lukeen. Horrek bultzatu du Gasteizko alkatea proposamen berri hau planteatzera, alde guztien artean aztertu dadin. Ikasketa arkeologikoa ere beharrezkoa da oraindik baztertuta ez dagoen kokapen horretan, Eskoriatza-Eskibelen.

 

Ruiz de Bergaratarren jauregia Errementari kaleko 32.an kokatzen da (Zapatari kaletik ere sarrera dauka), lau planta ditu eta 1.300 metro karratu eraikita guztira. Haren edukiera nahikoa da barnean Gasteiz Antzokia hartu ahal izateko. Elkargunea amaitu ostean, alkateak eta bere lan-taldeak jauregia bisitatu dute, Elkarguneko kideen ordezkariarekin batera.

 

“Udal gobernuarentzat funtsezkoa da Gasteiz Antzokiaren proiektua aurrera ateratzea. Eta Eskoriatza-Eskibelen azaldu diren arazoen aurrean, alternatiba berri bat planteatzen dugu”, esan du Gorka Urtaran alkateak.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

‘Construyendo Ciudades Jóvenes-Gasteiz Gaztea Eraikitzen’ Jardunaldiei hasiera ematea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Osteguna, maiatzak 3

Ordua. 09:30

Tokia. Europa Biltzar jauregia, Francisco de Vitoria aretoa

————————————-

Prentsaurrekoa. Film Officeren jarduerak eta ikusentzunezkoentzako laguntzak aurkeztea

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa; eta Lurralde Oreka eta Garapen Ekonomiko diputatu Pilar García de Salazar

Eguna. Osteguna, maiatzak 3

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————

Gazteria Agenteen Azokari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Gazteria zinegotzi Iñaki Prusilla

Eguna. Osteguna, maiatzak 3

Ordua. 17:30

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, Olarizu aretoa

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:39

 

 

 

 

 

 

 

50 jarduerak osatzen dute programa, urtez urte hirian presentzia eta protagonismo handiagoa hartzen ari den garraiobide horretaz gozatzeko

 

Bizikletaren Asteko programazioa

XVII. Bizikletaren Astea maiatzaren 14tik ekainaren 7ra bitartean egingo da, IGIk, Bizikleteroak elkarteak eta Partaidetza eta Gizarte Etxeen Sailak antolaturik; hiriko gizarte etxe eta auzoetan askotariko jarduerak izango dira horren barruan.

Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínezek, IGIko lehendakari eta zinegotzi Iñaki Prusillak eta Bizikleteroak elkartearen ordezkari Karle Olalde eta Ana Zuazagoitiak aurkeztu dituzte jarduerak prentsaren aurrean.

Martínezen hitzetan, “begi bistakoa da azken urteetan bizikletaren erabilerak gure hirian hartu duen indarra, hainbesteraino ezen bizikletaren kultura gero eta errotuago batez hitz egin baitezakegu.  Bide horretatik jarraitu eta hori sendotzeko beharrezkoak dira honelako ekintzak, adin orotakoentzat eta irekiak. Aurtengo edizioan protagonismo berezia emango zaie emakumeari eta bizikletarekin duen harremanari, bizipenak, hitzaldiak, ikastaroak, erakusketak eta emakumeek emakumeentzat landutako jarduerak antolatu baitira, logo berezi batez identifikatuak”.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak ere lagundu du Bizikletaren Astea prestatzen. Horrekin lotuta, Ingurumen eta Espazio Publikoaren zinegotzi eta IGIko lehendakari Iñaki Prusillak nabarmendu du “bizikletaren erabilera protagonistatzat duen mugikortasun-ereduaren alde egiten ari garen apustua. Izan ere —erantsi du— urte amaieran aurkeztu genuen Bizikletaren Behatokiaren arabera, laginak hartzen ziren guneetan bizikleten trafikoa % 17 handitu zen 2015.urtearen aldean, eta % 80 2014. urtearekin konparatuta, hau da, bizikletaren erabileraren hazkundeak erakusten digu bidea, garraiobide iraunkor eta osasungarria bultzatzeko politikak garatu ditzagun eta hiri eredu gisa horren alde egin dezagun”.

 

Edizio honetan jarduera ugari antolatu dira, hitzaldiak, ikastaroak, bizikleta-irteerak eta beste, sei multzotan banatuta.

 

  1. multzoa: HITZALDIAK

Hamar hitzaldi, bizikletaz egindako bidaia luzeen abenturak partekatzeko: Proyecto Cinecicleta en África, Isabel eta Carmelorena; Viaje por el techo del mundo: el Tíbet oriental en bicicleta, Gerard Castellarena, eta Emakume bat bizikletarekin mundua biziz, Yolanda Muñozena, Europa, Errusia, Txina eta Asian barrena egindako bidaiaz. Beste alderdi garrantzitsu batzuei buruzko hitzaldiak ere programatu dira: nutrizioa, bizikleta mugikortasuna eta udalerria, bizikleta emakumearen emantzipaziorako bitarteko gisa, arkitektura eta bizikleta, eta txirrindularitzari egokitutako entrenamendu funtzionala.

 

  1. multzoa: LANTEGIAK

Lantegi eskaintza zabala, gure bizikletak mantentzen ikasteko eta konponketa errazak zein aurreratuak egin ahal izateko. Bizikletaz ibiltzen ikasteko eta hirian segurtasunez mugitzeko ohiko lantegiak ere ez dira faltako. Orobat, emakumeentzako berariazko lantegiak eta umeentzako jarduera ludikoak izango dira, kaskoa apaintzen ikas dezaten. Horretaz gain, VGbiziz zerbitzua (bizikletentzako aparkaleku seguruen sarea) ezagutu ahalko da, bizikletaren IAT egin edo bizikleten borondatezko erregistroari buruzko informazioa jaso.

 

  1. multzoa: IRTEERAK

Aurreko edizioetako arrakasta ikusirik,  errepikatu egingo dira Usamaren etxaldera eta Santa Katalina lorategi botanikora joateko irteerak, eta Salburuko gizarte etxetik bizikleta martxa bat antolatu da hezeguneetara, hegaztien behatokia barne. Bestetik, Osakidetzak Kerik gabeko Munduko Eguneko martxan parte hartzera animatzen du, maiatzaren 31n; 8 km-ko ibilbidea du, Salburuko osasun zentrotik abiatuta.

 

  1. multzoa: LEHIAKETAK

Hiru lehiaketaren bidez sormena askatu ahalko da: Bizikletari buruzko kontakizun laburren VIII. lehiaketa, eta gazteentzako bi lehiaketa berri,  Bideobizikletak eta 10 urte bizikletaren gainean argazki-lehiaketa.

 

  1. multzoa: ERAKUSKETAK

Salburuko gizarte etxean bizikletari  buruzko liburuen erakusketa jarriko da, eta Belén Álvarezek prestatutako Emakumea eta bizikleta denboran zehar argazki bilduma. Zabalganeko gizarte etxean, berriz, Carmelo Uriaren Ehun txirrindularitza urte, 1906-2006 argazkien atzera begirakoa antolatu dute.

 

  1. multzoa: BESTERIK

Hainbat jarduera sartzen dira atal honetan: familia osoarentzako gurpil gaineko jokoak  Santa Maria plazan (ekainaren 2an), bizikleta jolasak Zabalganeko gizarte etxeko plazan (ekainaren 3an)… Landatxoko gizarte etxeko ariketa gelan, bizikleta estatikoa eta ariketa moderatua egiten hasteko aukera emango dute, makinak erabiltzen erakutsiko duten langile espezializatuen laguntzarekin. 16 eta 99 urte bitartekoei doako jardunaldi irekiak izango dira. Ekainaren 7an, 55 urtetik gorakoentzako IV. duatloia egingo da Mendizorrotzeko aparkalekuaren inguruan. Azkenik,  Gasteiz on elkarteak Egin erosketak bizikletaz kanpaina egingo du, “bizikleta-lagun” establezimendu sarearen bitartez.

 

Jarduera batzuetan parte hartzeko (lantegietan edo bizikleta-irteeretan) izena eman beharko da. Gizarte etxeetan, kiroldegietan edo internetez eman ahalko da izena, bitartik (maiatzak 3) aurrera.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:21

Ekainaren 8an, 9an eta 10ean izango da, eta hirian IHOBEren Erronka Garbia egiaztagiria lortzen duen lehen ekitaldia izango da. Horretaz gain, aurten gune berrietan ere –Arkupeak eta Juan Aiala plaza- ere eskainiko dira emanaldiak.

 Kaldearte programa

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok gaur aurkeztu du KALDEaRTEren XIII. edizioa. Datorren ekainaren 8an hasiko da Gasteizko kaleko arteen nazioarteko erakustaldia eta  38 konpainiak formatu handi, ertain eta txikiko ikuskizunak eskainiko dizkiete hiriko ikusleei, 70 emanalditan (iaz baino bi konpainia gehiago eta zazpi emanaldi gehiago izango dira aurten).

Sei ikuskizun kalean estreinatuko dira (Espainian lehen aldiz), hiru erabateko estreinaldiak izango dira eta zenbait KALDEaRTEren laguntzarekin ekoitzi dira. Konpainien jatorriari dagokionez, Gasteizko 9 konpainiak, Euskal Herriko 10ek, Espainiako 10ek eta atzerriko 9k hartuko dute parte. Horien artean, jaialdi ospetsuenetako azken edizioetan saritutako lanak ikusi ahalko dira.

Iaz 20.000 euroan igo zen aurrekontua eta aurten mantendu egin da. Aurten konpainia gehiago izango dira, handitu egin da larunbat goizeko emanaldien programazioa, eta espazio berriak sartu dira–Arkupeak, eta Juan Aiala plaza, esaterako–, hori guztia KALDEaRTEren bereizgarriei eutsiz: ezagutzeko moduko programazio-egitura, Europa osoan arrakasta lortzen ari diren atzerriko produkzioen oreka, bertako kaleko sorkuntzari laguntzea,  gehien bat emakumez edo emakumez bakarrik osatutako konpainiak, euskarazko emanaldien presentzia…. filosofia horrek guztiak nazio mailako kale arteen hamar jaialdien artean jartzen gaitu, eta ez da kasualitate hutsa” adierazi du Canto andreak.

Oharrari erantsita doa emanaldien kronologia. Nabarmentzekoa da KALDEaRTE izango dela IHOBE-Ingurumen-kudeaketako sozietate publikoaren Erronka Garbia egiaztagiria lortzen duen hiriko lehen ekimena. Egiaztagiri horrek, ingurumenean eragin negatiboa izan dezaketen elementuak gutxitzea xede,  diseinu eta antolakuntzan ingurumen arloko neurriak hartzen dituzten ekitaldiak aitortzen ditu eta, horretarako, Ingurumen Sailarekin lankidetzan, neurri ezarri dira hainbat arlotan: zerbitzu eta azpiegituren iraunkortasuna,  ur eta energia kontsumoa, sortzen diren hondakinak, eta parte-hartzaileen mugikortasuna.

Azkenik, ekainaren 2tik, larunbata, KALDEaRTEren standa jarriko da Urrezko Zeledonen plazan, postetxearen aurrean; ikuskizunei buruzko liburuxka eta leku mugatuko ikuskizunetarako gonbidapenak eskuratu ahalko dira bertan.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:11

 

 

 

 

 

 

 

Genero identitateei buruzko hitzaldia, erakusketa eta arteari buruzko mahai-ingurua dira Berdintasun Zerbitzuak martxoaren 17a dela eta antolatutako jarduera nagusiak  

Gasteizek zenbait jarduera antolatu ditu Lesbo-Gay-Transfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, artearen eta musikaren bitartez dibertsitate sexualaz hitz egiteko.

 

Udaleko Berdintasun Zerbitzuak zenbait jarduera antolatu ditu maiatzaren 17a dela eta, horien artean, mahai-inguru bat eta sexu eta genero dibertsitateak artean izan duen islari buruzko proposamen artistiko bat, LGTBI pertsonak ikusarazteko duen ahalmen handia baitu.

Jarduerak:

2018/05/08, asteartea (19:00)

 

Hitzaldia: Identidades de género, diversidad sexual; retos para las teorías feministas

 

Hizlaria: Cristina Garaizabal, aktibista feminista eta prestakuntza psikoanalitikoa duen psikologo klinikoa. Sexu eta genero dibertsitatearekin lotutako arazoetan aditua.

Moderatzailea: Zuriñe Estívariz (Txiki), 7menos20 kolektibokoa

Hizkuntza: Gaztelania

Lekua: Goiuri jauregia

Hizkuntza: Gaztelania

 

Osteguna, 2018/05/17

 

Erakunde adierazpena

 

Ostirala, 2018/05/18 (18:30)

 

 

 Sexu eta genero dibertsitateak artean izan duten islari buruzko mahai-ingurua

 

  • Encina Villanueva Lorenzana, arte eta feminismoetan aditua.

Ikusizko arteetan lesbianak nola irudikatu duten aztertuko du.

Mikel Arranz,  arte ikaslea. Transfobia izango du hizpide, bere lan plastikoa, ‘Teramorfoak’, oinarritzat hartuta; une honetan Amarika aretoan dago ikusgai, Gazteria Zerbitzuak sustatutako gazteentzako argazki eta bideo-sorkuntzako ‘Tetrapack’ proiektuaren barruan, zeinaren gaia identitateak baitzen aurten.

 

Virutaren kontzertua

 

Desirak plazara. Gasteizko LGTBI pertsonen errealitateen diagnostikoa argitalpena banatzea.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:52

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak ireki du dagoeneko baliabide ekonomiko eskaseko pentsiodunen energi-gastuak ordaintzeko laguntzak eskatzeko epea.

Eskariak ekainaren 8ra arte eskatu ahalko dira, eta horien bitartez argindarra, gasa eta beste erregai batzuei aurre egiteko balio izango du, baita komunitate-gastuei ere, berokuntza barne hartzen badute.

Betebehar hauek bete beharko dituzte eskatzaileek:

  • Gizarte Segurantzaren sistemako pentsioduna izatea.
  • Diru-sarrerak bermatzeko errentaren jasotzailea izatea —pentsioaren osagarri—.
  • Eskabidea aurkezten den unean Gasteizen erroldatuta egotea, eta azken 10 urteetan gutxienez 5 urtez bertan erroldatuta egon izana —gutxienez urtebetez modu jarraikian, eskabidea egin aurreko aldian—.
  • Ohiko etxebizitzako elektrizitate, gas eta bestelako erregaien fakturak ordaintzen aritzea.
  • Gizarte-bonoa eskatuta izatea.
  • Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrak pertsona onuradun izateko jasotako debekuetatik batere ez egitea.

Laguntzak asko jota 300 eurokoak izango dira, eta bi zatitan ordainduko dira: % 80, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo hilabetean; gainerako % 20a, berriz, gastuak justifikatu ondoren ordainduko da.

Eskaera aurrez aurre aurkeztu beharko da, herritarrei laguntzeko bulegoetako batean.

Diru-laguntzak proiektu sozialetarako

Ireki da, baita Gasteizen gizarte proiektuetarako diru-laguntzak eskatzeko epea. “Laguntza hauekin, Gasteizen gizartea informatu eta sentiberatzera, eta gizarte-prebentzio eta -sustapenera bideratuta antolatu eta garatzen diren ekintzek eragindako gastuak ordaintzen laguntzen dugun, elkartasun eta/edo boluntarioekin zerikusia badute”, azaldu du Peio López de Munain zinegotziak.

Eskaerak maiatzaren 17ra arte aurkeztu ahalko dira.

  • Estatutuetan berariaz gizarte prebentzio zein kudeaketara bideratutako ekintzak gauzatzeko, edota elkartasunezko ekimen zuzenak eta zailtasun sozialeko egoeran dauden pertsonei laguntzeko xedea dutela adierazten duten elkarte, fundazio eta entitateek parte hartu ahal izango dute deialdian.
  • Baita pertsona fisiko edo juridikoen elkarte publiko edo pribatuek, ondasun komunitateek, edo beste edozelako ekonomi unitate edo ondare bereizi, nortasun juridiko propiorik izan gabe ere, diru-laguntza ematea dakarten proiektu edo jarduerak elkarrekin bideratzekotan badira.

Diru-laguntza horien tramitazioa herritarrei laguntzeko bulegoetan egin daiteke, edo Udalaren web-guneko erregistro elektronikoan.

Energia-gastua finantzatzeko laguntza-eskabideak

Gasteizen gizarte proiektuak burutzeko diru-laguntzak

Share