Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  16 maiatza 2018 17:00

Prentsaurrekoa. ‘Afrikarrak Euskadin’ I. Jaialdi Soziokulturala aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Asociación Cultural de Inmigrantes Saharauis  Sahara-Gasteiz elkarteko presidenteorde Baba Ahmed Hamadi Embarec; eta ‘Afro’ Asociación de Residentes Afroamericanos elkarteko presidente Filomena Abrantes

Eguna. Osteguna, maiatzak 17

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————

Prentsaurrekoa. ‘Tristan eta Isolda’ ballet ikuskizuna aurkeztea

Parte hartzaileak. Zuzendaritza laguntzaile Vitorio Casarin; aktore protagonista Armando González Blesa; eta aktore: Nahuel Vega eta Juan Pérez

Eguna. Osteguna, maiatzak 17

Ordua. 10:30

Tokia. Teatro Principal Antzokia

—————————————-

Hipertentsio Arterialaren Nazioarteko Eguna dela eta, kontzientziazio kanpainari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Arabako Erizaintzaren Elkargo Ofizialeko kide Beatriz Mendoza; eta Urvesko taldeko ordezkari Pedro Galdos

Eguna. Osteguna, maiatzak 17

Ordua. 11:00

Tokia. Azoka plaza

———————————-

Bisita Lakuako futbol zelaira

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; eta Udal Administrazioko zinegotzi Carlos Zapatero

Eguna. Osteguna, maiatzak 17

Ordua. 11:30

Tokia. Lakuako futbol zelaia

————————————–

LGTB adierazpena irakurtzea

Parte hartzaileak. Udalbatzako ordezkariak

Eguna. Osteguna, maiatzak 17

Ordua. 12:15

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

————————————-

Herritartasunerako Eskolaren amaiera ekitaldia eta Daniel Innerarityren hitzaldia ‘La vida en común: algunas claves para la convivencia’

Parte hartzaileak. Partaidetzaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínez

Eguna. Osteguna, maiatzak 17

Ordua. 18:30

Tokia. Europa Biltzar Jauregia

—————————————

Orbea Gran Fondo de Ciclismo proba aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; eta lasterketako antolatzaile Juan Carlos Najera

Eguna. Osteguna, maiatzak 17

Ordua. 19:00

Tokia. Goiuri jauregia

———————————–

2018ko Fotoarte sariak banatzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkateorde Peio López de Munain

Eguna. Osteguna, maiatzak 17

Ordua. 19:00

Tokia. Ibaiondo gizarte etxea, erakusketa gela

—————————————

Harrera ekitaldia Fundación Vital Zuzenak taldeari eta Roberto Galdos Oguetari

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalez; eta Batzar Nagusietako presidente Pedro Elosegi

Eguna. Osteguna, maiatzak 17

Ordua. 19:30

Tokia. Arabako Arte Ederren Museo (Frai Francisco ibilbidea, 8)

 

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:13

Gaur goizeko batzordean, Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok azpimarratu du Gasteizko Udalak gaur egun ez duela garbiketa-zerbitzuaren kudeaketarako aukerak aztertzen dituen inolako txostenik . Agiri bat halakotzat jotzeko sinatuta eta dosier batean jasota egon behar duela erantsi du, eta kasu honetan ez da horrelakorik. “Ordenagailu batean gordetako edozein zirriborro edo gogoeta txostenaren mailara igotzea batere zorroztasunik eta seriotasunik gabe jokatzea da. Baliozko txostenek zenbait betekizun bete behar dute halakotzat jotzeko, eta oposizioko taldeek beti eskuratu ahal izan dituzte, denak ez du balio”, gehitu du Gonzalok.

Era berean, Ogasuneko zinegotziak azpimarratu du udal gobernuak ez duela inoiz ukatu garbiketa-zerbitzuaren kudeaketarako aukerei buruzko txostena egitea. Izan ere, garbitzeko eta hondakinak biltzeko zerbitzuaren kudeaketa mota ezberdinen kostu ekonomikoen azterlan konparatiboa egingo da. “Zerikusia duten sailen lan teknikoaren emaitza izango da azterlan hori. Logikoa denez, ezin dira izan pertsona bakar batek agiri batean egindako gogoetak”, amaitu du Itziar Gonzalok.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:45

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak berritu egingo du Arabako Abokatuen Elkargoarekiko hitzarmena, iaz abiatu zen adinekoentzako  aholkularitza juridikoko zerbitzua eskaintzen jarraitu ahal izateko.  Tokiko Gobernu Batzarrak ostiralean berrituko du hitzarmena, eta 10.000 euroko kostua izango du udalarentzat.

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek adierazi duenez, “adinekoentzako aholkularitza juridikoko zerbitzua adinekoek lege arloan izan ditzaketen zalantzak argitzeko eta orientatzeko sortu zen, lege arloak,  zenbaitetan, kezkak, ezinegona eta eta babesgabetasuna sortzen baitiete . Abokatu edo legelari baten laguntzaz, besterengana jo beharrik gabe, beraien kabuz erabakitzeko behar dituzten aholkuak izango dituzte, eta hartara autonomoagoak izango dira.

Aurten, 2018an, 79 adinekok erabili dute zerbitzua. Horietako 30ek herentziei buruzko kontsultak egin zituzten; hori izaten da kontsulten gai nagusia. “Adinekoak nahastuta egoten dira gai horiekin; ez dakite nora jo edo nola jokatu eguneroko bizimoduan eragin diezaieketen erabakiak hartzean”, gogorarazi du López de Munainek.

Aholkularitza juridikoak 64 pertsonari eman zien arreta 2017an, eta horien zalantzak argitu zituen. Kontsultaren gaiei dagokienez, herentziak izan ziren nagusi (kasuen % 40). Ondoren, beste gai hauetaz galdetu zuten: mendekotasuna eta ezintasuna (% 8), gainbalioak eta zergak (% 8), traba arkitektonikoak (% 6), funtsak eta lurrak (% 5), kontsumo erreklamazioak (% 4), alarguntza pentsioak (% 4), fiskalitatea (% 4) eta minusbaliotasuna (% 4).

Lege- aholkularitza zerbitzua 60 urtetik gorako pertsonei, adinekoak zaintzen dituzten familiei eta horiekin lan egiten duten gizarte-zerbitzuei zuzentzen zaie. Askotariko gaiak kontsultatu ahal dira:

  • Zuzenbide zibila: herentziak, salerosketak, mendekotasuna…
  • Gizarte Segurantza: pentsioak, diru-laguntzak…
  • Zigor zuzenbidea: tratu txarrak, utzikeria, tratu desegokia…
  • Administrazio zuzenbidea: isunak, erreklamazioak…
  • Zuzenbide fiskala: zergak, aitorpenak…
  • Etxebizitza: kaleratzeak, traba arkitektonikoak…

Gai hauek eta bestelakoak ebazteko ofizioko abokatua izendatzea beharrezkoa balitz, eskatzailea Arabako Abokatuen Elkargoko Orientabide Juridikoak emateko Zerbitzura bideratuko litzateke. Egoera hori 22 aldiz gertatu zen iaz.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:32
  • Hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epea ere hobetu da
  • “Gastuaren araua aipatzean, PPk bere gobernuak utzi zuen zulo ekonomikoa aitortu besterik ez du egiten”, adierazi du Ogasuneko zinegotziak

Kontu-hartzaile nagusiak aurrekontu-egonkortasunaz urtero egiten duen txostenak agerian jartzen du 2017ko aurrekontuaren likidazioan agintaldi honetako emaitzarik onena lortu zuela Udalak. Zehazki, aurrekontuaren 1.etik 7.era arteko kapituluetan diru-sarrerak gastuak baino % 6,84 izan ziren, hau da, 2016ko % 3,87aren bikoitza ia. Orobat, Udalaren eta udal sozietateen zorra nabarmen murriztu zen: agintaldiaren hasieran 123,2 milioi euro ziren; orain, berriz, 118 miloi, TUVISAk autobus berriak erosteko mailegua eskatu behar izan bazuen ere, eta 21 Zabalgunea sozietateak 20 milioi euro, aurreko agintaldiaren bukaerako egoerari aurre egiteko. Udala bakarrik kontuan hartzen badugu, zor kontsolidatua ia 7,5 milioi euro gutxitu da 2015etik, eta 2018rako aurreikuspena ere aldekoa da.

Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok gogorarazi du Urtaranen gobernuak plan ekonomiko bat jarri behar izan zuela martxan aurreko gobernuak utzitako 68 milioi euroko zulo ekonomikoa estaltzeko, eta horrek baldintzatu egin zuela ahalmen ekonomikoa agintaldiaren hasieran. “Hala ere, adierazle nagusiak betetzen ari gara une honetan, ez gara irabazten dugunaren gainetik gastatzen ari, eta zorra nabarmen murriztea lortu dugu. Neurriz kanpokoa izaten jarraitzen duela esatea ez dator bat inola ere gobernuak hiru urte hauetan egin duen kudeaketa ekonomikoaren eboluzioarekin”, azpimarratu du Gonzalok.

Kontu-hartzaile nagusiaren txostenaren arabera, iazko ekitaldi ekonomikoan superabita izan zuen Udalak. Horri dagokionez,  diruzaintzako geldikin likidoaren eboluzio positiboa nabarmentzen da, 2017an 969.773 eurokoa izan baitzen, hau da, 2016an izandakoa (201.987 euro) halako lau. Aipatzekoa da, halaber, aurrezpen garbia 14,9 milioi euro izan zela.

Egonkortasunari buruzko txostenean jasotako beste alderdi positibo bat hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epea da, iaz 37,67 egunekoa izan baitzen —faktura onartzeko 30 eguneko epea ezartzen da—. Horrenbestez, 2016ko datua (38,97) egun batean baino gehiagoan hobetu da.

Azkenik, Ogasuneko zinegotziak gastu araua aipatu du, kontu-hartzaile nagusiak txostenean aztertzen duen beste datu bat baita: 2017an 12,6 milioi eurogatik ez zen bete, hau da, agintaldiaren hasieran baino hiru aldiz gutxiago. “Alderatzen dena benetako gastua balitz, 2017an beteko genukeen gastu araua. Gobernu honen kudeaketa ekonomikoa balioesteko adierazle hori erabiltzen tematzen denean, PPk bere gobernuak utzi zuen zulo ekonomikoa aitortu besterik ez du egiten, eta nola egin behar izan genion aurre egoerari. Hiru urte behar izan dute errealitatea aitortzeko”, amaitu du Itziar Gonzalok.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:19

Laster, udal aurrekontuei buruzko informazioa herritarren hizkeran ematen duen atari grafiko interaktibo eta erakargarri bat zabalduko da, eta udal antolakuntzaren zerbitzuen katalogo egituratu, oso eta eguneratua

Udalak “Gardentasunaren egoera” urteko txostena argitaratu berri du, zeinak publizitate aktiboaren eta informazio publikorako sarbidearen inguruko betebeharren betetze-maila jasotzen baitu, eta informazio publikora sarbidea edo elkarrizketa izateko jaso diren eskabideei emandako erantzuna, bitarteko ezberdinak erabiliz (digitalak zein ez).

“Gardentasunarekiko konpromisoa mantendu dugu, eta horren adierazle ona da hiru arlo garrantzitsutan egindako lana: kontu-ematea, zerbitzuen katalogoaren definizioa eta aurrekontuei buruzko informazioa modu grafikoan eta herritarren hizkerara “itzulita” ematea. Halaber, aurrera jarraitzen du Open Data Atariaren aldeko apustuak —dagoeneko estatuko datos.gob plataforman sartu da— eta lanean jarraitzen dugu gobernu irekiaren politika guztiak epigrafe bakar batean ikusgai jartzen, udalaren web plataforman dagoen informazio guztia erraztu eta antolatzea xede” azaldu du Gardentasuneko zinegotzi Jaione Aguirrek.

Oro har, 2016an betetzen ziren alderdiak betetzen jarraitzen da, eta kasu batzuetan hobekuntzak sartu dira, edo sartzeko asmoa dago. Zehazki, identifikatutako publizitate aktiboko 53 betebeharren % 89 betetzen ditu Udalak, baina txostena ixtean hainbat proiektu aribidean ziren, batetik, itxi gabe dauden sei betebehar betetzeko eta, bestetik, eta batez ere, betetzen diren 47 konpromisoetako informazioa hobetzeko. Hartara, 2015-2019ko Gobernu Plan Estrategikoaren kontu-emateen atariari gehitu egingo zaizkio, datozen hilabeteetan, udal jardunaren gardentasunaren kalitatea eta “kopurua” nabarmen hobetzen lagunduko duten bi elementu:

– Udal aurrekontuei buruzko atari grafiko interaktibo eta erakargarri bat, herritarren hizkeran.

– Udal antolakuntzako zerbitzuen katalogo egituratu, oso eta eguneratua, zeina herritarrekin komunikatzeko eta informaziorako eta kudeaketarako tresna gisa antolatuko baita, eraginkortasun eta argitasun ikuspuntutik.

Bi proiektuak azken faseetan daude eta, horiek ezartzearekin batera, gobernu irekiaren berariazko ataria jartzeari ekingo zaio, eta azken hori gardentasun-atari guztia berrikusteko ardatz gisa erabiliko da.

Hala ere, hainbat alderdi oraindik ez dira bete: erantzukizuneko lanpostuetarako eskatzen den profila; zuzendaritza karguen ibilbide profesionala; kontratuak atzera botatzeko edo kontratuari uko egiteko erabakiei buruzko informazioa, eta sindikatu-ordezkaritzako organoetako kideen zerrenda, besteak beste. Gardentasunaren Kontseiluak 2016ko txostenari egindako gomendioetakoren bat ere 2017an jaso gabe geratu da, esate baterako, urteko eta urte anitzeko planen eta programen “ereduzko fitxa” lantzea, talde politikoen kontularitza argitaratzea, edo Organo Ekonomiko Administratiboaren ebazpenak eta Aholkularitza Juridikoko Zerbitzuaren txostenak argitaratzea.

TXOSTENA (pdf)

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:06

Gure hirian sexu- eta genero-aniztasuna ikusarazi eta aitortzeko Udalak antolatu dituen jarduerak aurkeztu ditu  gaur goizean Berdintasuneko zinegotzi Jaione Aguirrek. Gainera, Lumagorri elkarteak Gasteizen sexu- eta genero-aniztasunari egindako erasoei buruzko txostena aurkeztu du, zeina Berdintasun Zerbitzuaren laguntza-deialdian onetsitako proiektuetako bat baita.

 

Maiatzaren 17a Lesbo-Gay-Transfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, Gasteizko Udaleko talde guztiek desira-aniztasuna ikusaraztearen alde egin nahi dute, baita pertsona lesbiana, gai, trans, bisexual eta intersexualen aurkako erasoen aurrean zerbait egiten duen hiri-ereduaren alde ere. Hala berretsiko dute bihar, erakunde-adierazpena eginez.

Horretaz gain, Berdintasun Zerbitzuak zenbait jarduera antolatu ditu, gure hiriko LGTBI biztanleriaren errealitateaz kontzientziatu eta sentsibilizatzeko eta hori agerian jartzeko.

 “Aspalditik ari gara aldarrikatzen berdintasun-politiketan “emakume” subjektu politikoa zabaltzea, hari uko egin gabe, jatorria sexu-generoa sisteman eta patriarkatuan duten arrazoiengatik bazterkeria pairatzen duten pertsonak bertan txertatzeko. Ez dugu ahaztu behar horri guztiari zaurgarritasun-egoera pizten duten beste aldagai batzuk gehitzen zaizkiola, eta horrek guztiak areagotu egiten dutela LGTBIfobiaren eragina”, nabarmendu du Jaione Aguirrek:

“LGTBI pertsonen aurkako bazterkeria eta erasoen aurkako lanak eskatzen ditu, besteak beste, sexu- eta genero-aniztasuna ikusarazteko eta aintzatesteko ekintzak, herritarren artean LGTBIfobiari buruzko kontzientziazio-kanpainak, erasoei erantzuteko protokoloak eta biktimei laguntzeko zerbitzuak.  Hori dela eta, Gasteizko Genero-Berdintasunerako IV. Planak zeharka ulertzen ditu sexu- eta genero-aniztasuna, eta kontuan hartzen du agenda baten diseinua, osatzen ari dena, eta baitan hartuko dituena Gasteizen LGTBI pertsonen errealitateei buruzko diagnostikoan —aurten aurkeztua— atzemandako lehentasunak abiaraztea”.

 Udalak Maiatzaren 17arekin lotuta antolatutako jardueren artean, hilaren 8an genero identitateei buruzko mahai-ingurua egin zen. Bihar, Udalbatzako taldeek erakunde-adierazpena plazaratuko dute, eta ostiralean, hilak 18, mahai-ingurua egingo da Aldabeko gizarte etxean,18:30ean, sexu- eta genero-dibertsitateak artean izan duen isla hizpide dutelarik: Encina Villanueva Lorenzana arte eta feminismoetan aditua ikusizko arteetan maitasun eta desio lesbikoak izan duen presentziaz mintzatuko da, eta Mikel Arranz arte ikasleak transfobiari buruz hitz egingo du, bere ‘Teramorfoak’ lana oinarri. Amaitzeko, Viruta taldeak kontzertua emango du, eta “Desirak plazara. LGTBI biztanleriaren errealitateen diagnostikoa” argitalpena banatuko da.

 Lumagorri elkarteak, berriz, Gasteizen sexu- eta genero-aniztasunari egindako erasoei buruzko txostena aurkeztu du.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:22

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Gaur arratsaldean hasi da Goiuri jauregian Euskadiko Lidergo Etikoaren Biltzarra, Euskadiko Etika Klusterrak eta Deusto Business Alumni-k antolaturik. Maila handiko adituek hartuko dute parte, hauek, besteak beste: Victoria Camps, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko katedratiko emeritua; Daniel Innerarity, Filosofia Politiko katedratikoa eta Ikerbasqueren ikertzailea; Juan José Álvarez, Euskal Herriko Unibertsitateko Nazioarteko Zuzenbide Pribatu katedratikoa, eta Concha Roldán, Etika eta Filosofia Politikoaren Espainiako Elkartearen presidentea.

Gorka Urtaran alkateak ongi etorria eman die, eta adierazi du Gasteiz giza eskubideen defentsa eta errespetuagatik nabarmentzen dela. “Udalean, erakundearen eguneroko zeregin publikoa bere portaera etikoagatik bereiz dadin saiatzen gara, elkartasun, berdintasun eta errespetu irizpideak kontuan hartuz”, esan du alkateak biltzarraren hasieran; Iñigo Urkullu lehendakaria ere izan da bertan.

Gorka Urtaranen iritziz, guztien ongia bilatzea da politikaren oinarria eta helburua. “Kontzientzia etiko eta moral sakona eduki beharra dago, beti guztien ongiaren alde jokatu ahal izateko. Horregatik da garrantzitsua hau bezalako biltzarrak egitea, portaera etiko eta arduratsuaren bidea zehazten laguntzen digutelako. Politiko ona izateko, gaitasuna izateaz gain, pertsona ona izan behar da. Eta pertsona ona izateko, balio etiko sendoak eduki behar dira”, amaitu du.

 

Share