Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  18 maiatza 2018 17:00

Vitoria-Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko hitzarmena mendekotasuna duten pertsonentzako arreta soziosanitarioan hezitzeko

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa; eta Gizarte Zerbitzuen diputatu Marian Olabarrieta

Eguna. Astelehena, maiatzak 21

Ordua. 11:00

Tokia. Foru Jauregiko prentsa aretoa

——————————

Udaltzaingoaren oinarrizko eskalan sartzeko agenterako diplomak emateko ekitaldia

Parte hartzaileak. Alkateorde Itziar Gonzalo; eta Herritarren Segurtasun zinegotzi Carlos Zapatero

Eguna. Astelehena, maiatzak 21

Ordua. 12:30

Tokia. Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:30

Ostirala, maiatzak 19

  • Berdintasun zinegotzi Jaione Aguirrek parte hartuko du ‘Representaciones de la diversidad sexual y de género en el arte’ izeneko mahai inguruan 18:30ean, Aldabe gizarte etxean.
  • Alkate Gorka Urtaranek parte hartuko du Borja Lazaroren  ‘Gizateriaren bila doan betiereko nomada’  erakusketaren inaugurazio ekitaldian 19:00etan, Montehermoso Kulturunean.

 

Larunbata, maiatzak 19

  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Musikarabaren aurkezpenean izango da 9:45ean, Luis Aranburu Udal Musika Eskolan.
  • Ingurumen eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak parte hartuko du VII. Argazki Maratoi Solidarioan lehiaketako hasiera-ekitaldian 10:00etan, Loma Jeneralaren plazan.
  • Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munain HIRUKIDE ARABAren 20. Familia Jardunaldi Solidarioan izango da 13:00etan, El Bulevard merkataritza zentroan.

 

Igandea, maiatzak 20

  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Emakumeen Biraren sari-banaketan izango da 18:30ean, Juan Carlos I. hiribidean.
  • Alkate Gorka Urtaran, beste erakunde ordezkariekin batera, Euroligako finala ikusten izango da Belgradon. Bertan, 2019ko Final Four txapelketa Vitoria-Gasteizen jokatu dadin lekukoa jasoko du.

 

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:20

Gizarte-zerbitzuen alorreko 300 pertsona inguru bildu dira Zabalganeko gizarte etxean, Kaleko Heziketarako Programaren oraina eta etorkizuna aztertzeko, aurten 25 urte bete baititu.

Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek inauguratu du topaketa; zerbitzua “erreferentea da gure hirian, baztertuak izateko arriskua izan dezaketen 10 eta 18 urte bitarteko haur eta nerabeei ematen baitie arreta”.

López de Munainek Kaleko Heziketarako Programak egiten duen lan handia nabarmendu du, “gatazkak, desberdintasunak, bazterketa eta gizartean integratzeko zailtasunak pairatzen dituen talde bati zuzenduta baitago; talde horri arreta, babesa eta laguntza emateko konpromiso sendoa dugu, etorkizunean gazteek gidatuko dutelako gizartea, eta guztiok nahi dugulako gizarte bidezko eta berdintasunezkoago bat izatea”.

Iaz Gasteizko 736 haur eta neraberi eman zien arreta Kaleko Heziketarako Programak. Kaleko hogeita bat hezitzaile arduratu ziren horretaz.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:27

 

 

 

 

 

 

Musikaraba-Programa

Udal Musika Eskolaren eta Foru Aldundiaren arteko lankidetzaren bidez probintziako eskolen lana ezagutarazi nahi da

Larunbatean, maiatzak 19, 457 musikarik MusikAraba ekitaldian hartuko dute parte, hiriburuko bost agertoki tematikotan banatuta. Eskola hauetakoak dira: Gasteiz (Luis Aranburu eta Jesus Guridi), Agurain, Dulantzi, Amurrio-Eltziego, Araia, Guardia, Udaberria eta Urkabustaiz.

Udal Musika Eskolako lehendakari Estíbaliz Canto zinegotziak, foru diputatu Igone Martínez de Lunak eta eskolako zuzendari Paco Galvek aurkeztu dute ekitaldia.

Cantok azaldu duenez, “probintziako eskola eta ikastetxeek egiten duten lana herritarrei ezagutaraztea da helburua, musikaz goza dezaten, esperientziak trukatzea, hiriaren erdialdea dinamizatzea eta musikarekiko zaletasuna, entzule zein interprete gisa, sustatzea“.

Orotara 457 pertsonak joko dute agertoki ezberdinetan:

1-Agurain (62 kide)

2- Dulantzi (33)

3-Amurrio-Eltziego (50)

4-Araia (23)

5-Jesus Guridi kontserbatorioa (53)

6-Guardia (32)

7-Udaberria (38)

8-Urkabustaiz (76)

9-Luis Aranburu (90)

Foru Aldundiaren laguntzari esker gauzatu ahal izan da ekitaldia.

Bost agertokitan arituko dira (Arte Ederretako Museoko emanaldia bertan behera utzi behar izan da, horretaz arduratzen zen irakasleak istripua izan baitu).

  • Eskolako auditorioan ganbera-musika joko da, pianoaz lagunduta, eta piano bakarlarirako lanak.
  • Kapera abesbatzen musikarako erreserbatu da.
  • Goiuri jauregian, ganbera talde txikiek joko dute, pianorik gabe.
  • Plaza Berrian, talde handiek joko dute: orkestrak eta musika bandak.
  • Arka plazan, konboak entzun ahalko dira.
Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:01

 

Urtaranen gobernuak trenbidea lurperatzeak libre uzten duen zatiaren erabilerak definitzeko alternatiben azterlana  egiteko lehiaketa onetsi du

 

Gorka Urtaran alkateak proposatu du Gasteizen trenbidea lurperatzeko ETS eta ADIFekin batera lantzen ari den informazio-azterlanak  hiriguneko ibilgailuen trafikoa ere lurperatzeko aukera barne har dezan. Udalaren ekimenez garatzekoa den alternatiben azterlanean ere kontuan hartuko da hori. Udal gobernuak gaur onetsi du lehiaketa.

 

“Abiadura handiko trenaren iritsiera eta trenbidea lurperatzea abagune historikoa da Gasteiz eraldatzeko, eta hiri iraultza horretarako prest egon nahi dugu, eta behar dugu. Trenen trafikoa hiriaren zati batean lurpetik joan dadin planteatzeaz gain, uste dut aukera dugula hiriaren erdialdeko trafikoa ere hobetzeko, lurpeko korridore horren zati bat baliatuz. Hau da, erdialdetik ekialderantz edo mendebalderantz doan ibilgailuen trafikoa ere lurpetik joan liteke. Hiri konfigurazio berri horrek eta ekialdea eta mendebaldea lotzeko aukerek Gasteizentzat estrategikoa den proiektua osatzen dute, aldezten dugun hiri-ereduarekin bat datorrena: modernoa, erakargarria, lehiakorra eta Estatuarekin zein Europarekin ezin hobeto konektatua”, esan du alkateak.

Trenbidea lurperatzeko egitasmoaren ezaugarri teknikoak zehazten dituen informazio-azterlana egiten den bitartean, Udalak proiektu estrategiko horretan aurrerapausoak ematen jarraitzen du; izan ere, gaur bertan onetsi du  udal gobernuak  trenbidea lurperatzeak libre uzten duen zatiaren erabilerak definitzeko alternatiben azterlana egiteko lehiaketa, bi helbururekin: batetik, lurperatzeak libre uzten dituen espazioak baliatzea, erdigunearen gizarte, ekonomia eta bizitegi biziberritzearekin bateragarriak diren erabilerak sortuz, udal gobernuak Erdigunerako Masterplanean jaso duen bezala;  bestetik, ekialdearen eta mendebaldearen arteko bide konexioak hobetzeko alternatibak aztertzea.

Lehiaketaren aurrekontua 96.880 euro da, eta gauzatzeko epea, 6 hilabete, bi fasetan banatuta: lehena, alternatiben aurrerapena; bigarrena, hautatutako alternatiban oinarritutako plan partzial edo berezia lantzea.

 Udal gobernuak erdialdea birgaitu, biziberritu eta berpizteko landu duen Erdigunerako Masterplanean jasotako ekintzetako bat da hori, eta datozen urteetarako Gasteiz 2015 Estrategian ere sartu da.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:19

 

Industria Laguntzeko Plana, zoladurak sendotzeko lanak

Gaur goizean, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek hiriko zenbait kaletan zoladura sendotzeko egiten ari diren lanen aurrerabidearen berri eman du. Industriari Laguntzeko Planarekin lotutako lanak nabarmentzen dira horien artean, enpresek berek eskaturik Arkatxa, Bitorialanda eta Bitoriabidea kaleetan egiten ari direnak.

Arkatxa kalean, Oreitiasoloko industrialdean, 68.999,93 euro inbertitu dira. Esleipenduna, Yarritu S.A. enpresa, lanak bukatzear da. Atzo bertan ari ziren margotze-lanak egiten kale horretan. Zehazki, 3.733 metro koadroko azaleran hartu da esku, egoera txarrean egonik eragozpen handiak sortzen baitzituen ibilgailuen zirkulazioan.

Bitorialandan eta Bitoriabidean ere, Ehari-Gobeuko industrialdean, jardun betean ari dira makinak; ia 300 enpresa daude han kokatuta. Lehen kaleko lanak Yarritu S.A. enpresari esleitu zitzaizkion, 164.127,77 euroan, eta bukatuta daude. Zegoen zoladura kendu eta asfaltozko aglomeratua bota da. Berriro margotu da, motorrak aparkatzeko guneak sortu dira, eta bide-segurtasuna hobetzeko neurriak hartu dira, kaleen sarbideak estutuz. Bitoriabidean, berriz, lanean ari dira oraindik; lanak Firmes Alaveses enpresari adjudikatu zitzaizkion, 145.344,45 euroan.  1.984 tona asfalto berrituko dira.

Errekatxiki eta Santa Luzia kaleetan ere ari dira asfaltoa berritzen. Hango lana bukatzen dutenean, beste inguru batzuetara aldatuko dira makinak: Paula Montal kalea (Antonio Machado eta Sansomendi kaleen artean), Luis Olariaga kalea eta Madril kaleko aparkalekuak. Zorua hobetzeaz gain, egoera txarrean dauden zintarriak eta pasaguneak konponduko dira. Udalak 170.000 eurotik gora inbertituko ditu lan horietan.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:57

Gizarte Politiken Sailak hiriko hainbat talderekin dituen gizarte eta osasun alorreko zortzi hitzarmen onetsi ditu gaur Tokiko Gobernu Batzarrak, eta 71.536 euro jarriko ditu proiektuak garatzeko.

Horietako lehena laster sinatuko da, Sendotu Aldiberean  elkartearekin, gizartetik baztertuta edo desabantaila egoeran dauden pertsonen gizarte-inklusiorako proiektu bat garatzeko. 20.000 euro jarriko dira horretarako.

ACABE-Anorexia eta Bulimiaren aurkako Arabako Elkarteak 16.450 euro jasoko ditu jateko jokabidearekin zerikusia duen nahasmenduak eragindakoei eta horien  familiei laguntzeko lantegiak egiteko.

Hirugarren hitzarmena Aingeruen Andre Mariaren parrokiko adinekoen taldearekikoa da, adinekoen integrazioa eta parte-hartze soziala sustatzeko xedea duen aisialdirako proiektu bat burutzeko, eta Gizarte Politiken Sailak 10.335 euroko laguntza emango du horretarako.

Hona hemen Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsi dituen gainerako hitzarmenak:

  • ADA-Arabako Diabetikoen Elkartea. 9.500 euroko hitzarmena, hainbat jarduera barne hartzen dituen programa bat garatzeko: banan-banako arreta, oin diabetikoaren zaintza, elikadurari buruzko prestakuntza, etab.
  • Gurutze Gorria. 6.142 euroko hitzarmena, egoitzetan adinekoekin jarduteko programa baterako, baztertuak geratzea eragozteko eta pertsonen arteko harremanak sustatzeko.
  • AFAARABA-Alzheimerra dutenen Senitartekoen eta Lagunen Elkartea. 3.959 euroko hitzarmena, “Zurekin” boluntariotza programa garatzeko, zeinaren helburua baita dementzia duten pertsonei lagun egitea eta entretenitzea eta familiei sostengua eta atsedena eskaintzea.
  • ANADAHI-Arreta Eza, Hiperaktibitatea eta Oldarkortasuna duten Haur eta Helduen Elkartea. 3.750 euroko hitzarmena, eragindakoei eta senitartekoei harrera eta arreta emateko programa bat garatzeko.
  • Zaramaga auzoko Emakume Boluntarioen Elkartea. 1.400 euroko hitzarmena, zahartze aktiboa lantzea eta gizarte bakardadea eragoztea xede duen adinekoentzako aisialdi eta denbora libreko programa bat garatzeko.
Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:48

 

 

 

 

 

 

 

Atzo hasi ziren lanak autobus-geltokiko sarbideetan asfaltoaren hondamena behin betiko konpontzeko. Lanen kostua 14.310 euro da, eta gauzatzeko epea, bi hilabete. Trafikoan izango dituen ondorioak minimizatzeko, sarbideetako batean zoladura aldatzen den bitartean beste sarbidetik sartu eta irtengo dira ibilgailuak; hori dela eta, ohiko ibilbideak aldatu egin beharko dira irtetean biratzeko erradio nahikoa ez dutenean.

Arazoari konponbide teknikoa emateko, sarreran zein irteeran hormigoizko plataforma bat jarriko da, autopistetako ordainlekuetan jartzen direnen antzekoa. Material horrek ondo jasaten du ibilgailu astunak maiz igarotzea; izan ere, egunean 500 autobus baino gehiago ibiltzen dira geltokian batez beste. Sarrera eta irteera plataformetan material berria zabaltzeaz gain, konponketa gehigarriak egingo dira zintarrietan eta beste elementu batzuetan. Erabiliko den hormigoiaren ezaugarri bereziak direla eta, lanean hasteko eguraldi egokiena eduki arte itxaron behar izan da.

Geltokiaren obra egin zuen aldi baterako enpresa-elkarteak doan konpondu zituen sarbideetan sortzen ziren bigunguneak, baina ez zuen emaitza onik izan. Ondoren, Bide Publikoen Zerbitzuko Obren Atalak beste bitan esku hartu zuen asfaltoak dituen arazoak konpontzeko. Azkenik, material iraunkorragoa jartzea erabaki da.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:45

Tokiko Gobernu Batzarrak aurrekontu-aldaketarako proiektu bat onetsi du, Araski emakumezkoen saskibaloi taldearekin lankidetza-hitzarmena sinatzeko. Hartara, Gasteizko Udalak hitzarmen baten bidez lagunduko dio kirol entitate horri, babesletza-kontratuaren formularen ordez, eta horretarako berariaz sortutako partida batera 100.000 euro transferituko dira. Hitzarmena baliatuz, emakumeen kirola interes orokorreko jarduera gisa sustatzen dela azpimarratu nahi da.

Aurtengo lankidetza-hitzarmenak, orobat, Araski Saskibaloia taldeak emakumeen saskibaloiaren elitean egindako bidea bultzatuko du; izan ere, 2016an lehen mailara igo zelarik, emaitza onak lortu zituen aurreko denboraldian: seigarren geratu zen ligan, eta Erreginaren Koparen finalerdietan zein titulua lortzeko kanporaketetan lehiatu zen. Gasteizko Udalak Araskiri orain ematen dion laguntza ekonomikoa taldeak igo aurreko kanpainan jasotakoa halako hamar eta gehiago da.

“Araskiren jarduerak balio positibo ugari ditu. Taldearen filosofia, masa sozialaren indarra, Gasteizen emakumeen kirolaren alde egiten ari dena, eta jokalariak gure hiriak biziki maite duen kirol baten enbaxadoreak izatea. Arrazoi horiek direla eta, beste pauso bat eman dugu jarduera horri laguntzeko”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:41

Tokiko Gobernu Batzarrak erabaki du Blachere Iluminación enpresari esleitzea datozen Eguberrietako argi apaingarrien instalazioa. Eguberrietako argiak hornitu, jarri, kendu eta mantentzeko kontratuaren zenbatekoa 83.732 euro da, eta gutxienez 49 lekutan jarriko dira argiak, kale eta plazetan zein leku esanguratsuetan: udaletxearen fatxada, Floridako jaiotza eta Dato kaleko magnolioak.

Beste enpresa baten eskaintza aukeratu denez, apaingarri berriak izango dira aurtengoak. Blachere Iluminación enpresaren eskaintzaren balioespen teknikoan elementuen konbinazioaren originaltasuna, harmonia eta dotorezia nabarmendu dira, kolorearen erabilera eta proposamenaren ikusgarritasuna.

Eguberrietako argi guztiak LED izango dira. Abenduaren 5ean (ostirala) piztuko dira, 2019ko urtarrilaren 7ra arte, 18:00etatik 23:00etara; Gabon gauean, Urtezaharrean eta Errege egunean, berriz, 3:00etara arte egongo dira piztuta.

 

Share

Aurrekoak »