Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Fotonotizia  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 maiatza 2018 20:45

Europa jauregian eman du gaur La vida en común: algunas claves para la convivencia democrática izeneko hitzaldia Daniel Innerarity filosofo ospetsuak. Horrekin amaiera eman zaio Herritartasunerako Eskola Irekiaren bigarren edizioari, hots, herritarrak ahalduntzea xede duen Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuaren programari.

Ekimenean izan dira Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínez eta Bizikidetza eta Aniztasuneko zinegotzi Nerea Melgosa.

Amaiera ekitaldiarekin aintzatetsi egin da udal antolakuntzaren baitako sailen arteko lankidetzari eta egintza bateratuari, xede konpartituak lortzeari begira; kasu honetan, elkarbizitza demokratikoaren sustapena izan da, indarrak batuta.

Herritartasunerako Eskola Irekiaren amaiera ekitaldia bere egin du bizikidetza modu konpartituan eraikitzeko erronka, aniztasunaren eta bakearen kulturak erakunde-errutinak ere eraldatzeko beharrezkoa den egiturazko aldaketa sakonaren adibide gisa. Ikuspegi horretatik ulertzen da ekimena, non bat egin duten “Elkarrekin bizitzen ikasi” programak (Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuarena) eta Herritartasunerako Eskola Irekiak (Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuarena).

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   20:25

Udalak, Aldundiak eta Arabako batzar Nagusiek aintzatetsi egin dituzte

Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek harrera ekitaldia egin diete arratsaldean, omentzeko, batetik Vital Fundazioa Zuzenak taldea, gurpil-aulkiko saskibaloiaren ligako Ohorezko Mailara igo delako, eta bestetik Roberto Galdos kirola, urrezko domina eskuratu duelako Dubain, joan den hilean, para-badmintongo Nazioarteko Zirkuituan.

Arte Ederretako museoan izan da ekitaldia, eta bertan izan dira Zuzenak taldeko jokalari, teknikari eta zuzendariak, bai eta Roberto Galdosen lagun eta senideak; horiekin batera, hiru erakundeetako ordezkariak izan dira. Ahaldun nagusi Ramiro González eta Batzar Nagusietako lehendakari Pedro Elosegiren agurren ostean, diploma eta liburu bat eman diote bi-biek Zuzenak Fundazioko presidente Julio Rocari.
Alkateak, berriz, xafla oroigarri bat eman dio Roberto Galdosi, eta azaldu du bera izan zela Zuzenak kirol klubean 2007an para-badmintongo saila sortzearen sustatzaile nagusienetako bat, urte horretan bertan gurpil kategorian lehiatzen hasi zelarik. “Laster izan zuen arrakasta Robertok, urte berean lortu baitzuen lehen domina Espainiako txapelketan. Eta gero sari gehiago eskuratu zituen. 10 urte eskasetan 28 domina lortu ditu, horietatik 18 Espainiako txapelketetan, eta 10 nazioartekoetan”, laburbildu du Gorka Urtaranek. Domina-uzta horren baitan, azpimarratzekoa da joan den hilean Dubain bikote mistoen modalitatean lortu duen urrezkoa.

Roberto Galdosek kirolari eta pertsona gisa duen maila goraipatu du alkateak. “Eredua zara, bai bizitzako oztopoak gainditzeari eta bizi-jarrerari dagokionez, bai eta kirolari arrakastatsu gisa ere. Oso harro gaude Gasteizko gizartean zu bezalako jendea dagoelako”, amaitu du.

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   20:00

Gaur arratsaldean, FotoArte argazki-lehiaketaren XIV. edizioko sariak banatu dira Ibaiondoko gizarte etxean; Udaleko Kultura Zerbitzuak antolatzen duen lehiaketara 168 artistak 323 lan aurkeztu zituzten. Peio López de Munain alkateordea izan da buru ekitaldian.

Hauek lortu dituzte lehen hiru sariak, 1.000, 700 eta 400 eurokoak, hurrenez hurren: Diego Pedra Benzal, “De otros tiempos” lanagatik; Ana María García Hermoso, “Desierto Urbano” lanagatik, eta Jose Ramón Luna de la Ossa, “Nature” lanagatik. Horretaz gain, 150 euroko akzesit bana eman zaie Marian Lázaro Martín eta Joaquín Pedro Gómezi, “Giros Inversos” eta “Eeyore” lanengatik, hurrenez hurren.

Gaurtik maiatzaren 27ra arte, 34 lanen hautaketa bat jarriko da ikusgai Ibaiondoko gizarte etxean, eta ondoren, beste zortzi gizarte etxetan jarriko da erakusketa ibiltaria. Hurrengo lekua Zabalgana izango da, maiatzaren 28tik ekainaren 6ra.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   18:28
  • Arabako hiriburuan uztailetik urrira bitarte egingo den campuseko mentoreen klaustroak 15 espezialista biltzen ditu jada free-to-play jokoen diziplina guztietan
  • Nazioarteko zenbait taldek interesa agertu dute jada Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimen honetan parte hartzeko beren hautagaitza aurkezteko

F2P Vitoria-Gasteiz Campusa da munduan antolatzen den Free-to-Play (F2P) bideojokoen lehenengo campus-azeleratzailea, Eusko Jaurlaritzaren bultzadaz eta Basquegamek antolatuta Arabako Foru Aldundiaren eta hiriko udalaren laguntzarekin, eta espezializatutako mentore garrantzitsuak hartu ditu bere klaustroan, parte hartuko duten taldeei beren esperientziaren ekarpena egin diezaieten. 15 dira jada Arabako hiriburura bertaratuko diren estatuko eta nazioarteko adituak, eta etorriko direla berretsi dutenen artean free-to-play bideojokoen industriaren 3 pisu astun nabarmentzen dira: Kim Krogh, Sangpil Moon eta Eugene Yailenko. Bestalde, nazioarteko zenbait taldek ere parte hartzeko duten interesa agertu dute, eta antolakuntzak erabaki du eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 31ra arte zabaltzea, interesdun guztien gestioak errazteko.

 

Bakoitza bere arloan, mundu osoan erreferentzia diren espezialistak ditugu Gasteizera bertaratuko diren 3 mentore berri horiek. Malmotik (Suedia) Kim Krogh etorriko da, 20 urtetik gorako esperientzia duen diseinatzaile, produktore eta estudioko espezialista. King-en Estudioaren egungo zuzendaria da, eta beste zenbait proiektutan ere parte hartu du, hala nola IO Interactive eta ITE proiektuetan. Bestalde, free-to-play jokoetarako data-driven game design arloko espezialista ospetsua da Sangpil Moo.

 

Cogoo-ren sortzailea eta CEOa da, eta Global Game Operations and Marketing-eko zuzendaria izan zen Devsisters-en. Produktorea ere izan da Nexon Amerikan. Azkenik, F2P bideojokoetan espezializatutako disenatzaile ezaguna dugu Eugene Yailenko. Diseinatzaileburu izan da, adibidez, “Pudding Monsters”, “Cut the Rope 2”, “King of thieves” eta “C.A.T.S.: Crash Arena Turbo Stars” lanetan, guztiak ere Zeptolab-en garatutakoak.

 

Aurkezpena Bartzelonan

 

Estatuko eta nazioarteko aditu berriak hartzeaz gain, F2P Vitoria-Gasteiz Campusaren antolakuntza bere sustapen-lana indartzen ari da free-to-play bideojokoen arloan erreferentzia diren erakundeen bidez, sare sozialen bidez, baita zuzeneko ekitaldien bidez ere, hala nola Bartzelonan apirilaren 25ean izandakoaren bidez, zeinean 30 lagunek inguru parte hartu baitzuten. Kataluniako hiriburua estatu osoko bideojokoaren industriaren guneetako bat da, eta “A pint of Game Analitycs” izenburupean, campuseko zuzendari Jon Beltran de Herediak eta Raúl Herrerok bertaratuko guztiei azaldu zizkieten lehenengo edizio honen xehetasun guztiak, Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoaren instalazioetan hasiko den edizioarena, hain zuzen ere. Kataluniako hiriburuaren Canòdrom egoitzan ere aurkeztu zuten maiatzaren 11n campusa.

 

F2P Vitoria-Gasteiz Campusean parte hartzeko eskaera guztiak jasotakoan, erakunde antolatzaileek osatutako ebaluazio-batzorde batek hautatuko ditu proiektu onenak, eta ekainaren erdialdera iragarriko dira hautatutako taldeak.

 

Beren hautagaitza aurkeztu nahi duten guztiek webgune ofizialaren bidez egin dezakete: www.f2pcampus.com

 

 

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

– Musika Araba programaren aurkezpena

Parte-hartzaileak: Estibaliz Canto, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia; Igone Martínez de Luna, Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatua, eta Paco Galve, Luis Aranburu musika eskolako zuzendaria.

Eguna: maiatzak 18, ostirala.

Ordua: 10.00.

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

———————————————————-

 

Susumu Koyama txokolategile maisuaren eskola, Euskadiko ostalaritza ikasle eta sukaldarien aurrean

Parte-hartzaileak: Nerea Melgosa, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzia.

Eguna: maiatzak 18, ostirala.

Ordua: 10.00.

Lekua: Egibideren Mendizorrotzeko Ostalaritza Eskola (Gasteiz)

———————————————————-

– Kaleko Heziketarako Udal Programaren jardunaldia

Gasteizko Kaleko Heziketarako Udal Programaren “Ibilbide baten historia eta etorkizunerako hedapena” jardunaldia.

Parte-hartzaileak: Peio López de Munain alkateordea jardunaldiaren inaugurazioan izango da, eta Gorka Urtaran alkatea, amaiera ekitaldian.

Eguna: maiatzak 18, ostirala.

Ordua: 10.30an inaugurazioa eta 14.00etan amaiera.

Lekua: Zabalganeko gizarte etxea.

—————————————————————-

– Alkatearen prentsaurrekoa

Alkateak Tokiko Gobernu Batzarrean landutako gaien eta Udalarekin lotutako beste gai batzuen berri emango du.

Parte-hartzailea: Gorka Urtaran alkatea.

Eguna: Maiatzak 18, ostirala

Ordua: 11.00.

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa

 

————————————————————————

– Sexu eta genero dibertsitateak artean izan duten islari buruzko mahai-ingurua

Lesbo-Gay-Transfobiaren kontrako Nazioarteko Egunarekin lotutako programaren baitan.

Parte-hartzaileak: Jaione Aguirre, Berdintasunerako zinegotzia; Encina Villanueva, arte eta feminismoetan aditua, eta Mikel Arranz, Arte ikaslea.

Eguna: maiatzak 18, ostirala.

Ordua: 18.30.

Lekua: Aldabeko gizarte etxea.

———————————————————————

– Borja Lázaroren argazki-erakusketaren inaugurazioa.

“Gizateriaren bila betiereko nomada” izenburua du Borja Lázaroren argazki-erakusketak; Kolonbian desagertu zen, 2014ko urtarrilean.

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran alkatea, Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko Sailburua, eta Ana Herrero, Borja Lázaroren ama.

Eguna: maiatzak 18, ostirala.

Ordua: 19.00.

Lekua: Montehermoso kulturunea.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:25

 

 

 

 

 

 

 

Alkatea tentsioa neurtzera joan da Azoka plazako informazio-lekura, eta ohitura osasungarrien aldeko deia egin du

Gasteizko alkate Gorka Urtaran Hipertentsioaren Nazioarteko Eguna dela eta Azoka plazan jarri duten informazio-lekura joan da, Udalaren sostengua adierazteko Arabako Erizainen Elkargo Ofizialaren eta BM supermerkatuen ekimenari. Tentsioa kontrolatzeak duen garrantzia gogorarazten zaie herritarrei, eta nahi dutenei doan neurtzen. Erizainek aholkuak eta prebentzio neurriak eskainiko dituzte egun osoan, maila egokia izateko eta gaixotasun larriak eragozteko.

Alkateak osasuna zaintzeak eta elikadura osasungarriak duten garrantzia azpimarratu du. “Aldian behin tentsioa kontrolatzera, ariketa fisikoa egitera eta elikadura osasungarria hartzera animatzen ditut herritarrak”, adierazi du.

Kalkulatzen da estatuan 14 milioi pertsonak dutela hipertentsio arteriala, baina kezkagarriena da heren batek ez duela horren berri. Hipertentsioa ahalik eta azkarren antzeman beharra dago, garaiz eta zuzen tratatzen ez bada ondorioak oso larriak izan baitaitezke. Izan ere, tentsio altuak eragiten ditu istripu zerebrobaskularragatik edo kardiopatiagatik gertatzen diren heriotzen erdia, eta iktusa izateko arrisku-faktore nagusia da. Informazio-gunea 10etatik 13etara eta 16etatik 20etara egongo da zabalik.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:04

 

 

 

 

 

 

 

 

 

11ko futboleko, 7ko futboleko eta errugbiko entrenamenduak eta partida ofizialak egin ahalko dira

Hainbat hilabete iraun duten lanen ondoren, Lakua 03ko kirol instalazioetan belar artifizialeko zelaietako bat berreskuratu da, klubek eta herritarrek oro har erabil dezaten; izan ere, urteak zeramatzan itxita, egoera txarrean zegoelako.

Kiroleko zinegotzi Estíbaliz Canto eta Udal Administrazioko zinegotzi Carlos Zapatero izan dira gaur zelaia ikusten, zeina udal zelaien artean harearen ordez belar artifiziala zuten lehenetakoa izan baitzen, duela 19 urte. Obrari esker, eskaera handia duen kirolgune bat berritu eta modernizatu da, eta aurrerantzean 11ko eta 7ko futbolean eta errugbian aritu ahalko da bertan.

650.000 euro baino zertxobait gehiago inbertitu da lan hauek egiteko: belar artifiziala jartzea, saneamendu berriak, ureztapen-sistema eta kirol-ekipamendua (ateak, eserlekuak, eta abar).

Kirol denboraldia bukatzearekin bat burutu dira lanak, beraz, instalazioa berriro irekitzen denean orain arte ondoko zelaian entrenatzen eta jokatzen zuten futbol-taldeak izango dira lehen erabiltzaileak, han espazioa partekatu behar izan baitute. Zelai berriak instalazio hori arintzeko balioko du, eta errugbi taldeei ere aukera emango zaie azalera berri batean jokatzeko.

Kirol instalazioak luzaroegi egon dira geldi —adierazi du Cantok— eta horren ondorioz mantentzeko lana handiagoa izan da garaiz eta behar bezala egin izan balitz baino”. Kirol arduradunaren esanetan, gai horrek “hasieratik kezkatu gaitu bi sailetan, eta horretan jardun dugula erakusten du lan honek; gure instalazioak berritzea gure lehentasunetako bat da, are gehiago kirolaren hiria izan nahi dugunean. Hori dela eta, —amaitu du— gainerako instalazioetan ere urratsak egiten jarraitzeko asmoa dugu”.

Lakua 03ko futbol zelaiak 105×65 metro ditu. Sorreran hondarrezkoa zen eta 1999an pasa zen belar artifizialekoa izatera. 2016an hondatzen hasi zen, eta kirola egiteko egoki izateari utzi zion. Iaz egindako azterlan teknikoek jolas-eremua erabat berritu beharra ikusi zuten, eta orain amaitu dira lan horiek.

Kirol instalazioak hobetzea lehentasunetako bat da udal gobernuarentzat. Aurretik, Ariznabarreko futbol-zelaiko aldagelak eraberritu zituen, eta datozen hilabeteetan Aranbizkarreko futbol-zelaiko aldagelak eraikitzeko asmoa du.

 

Share
Kategoriak: Erakunde Adierazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:47

Erakunde-adierazpena, 2017ko maiatzaren 17a dela eta (Lesbo-Gay-Transfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna).

Maiatzaren 17a Lesbo-Gay-Transfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, Gasteizko Udalak desira-aniztasuna ikusaraztearen alde egin nahi du, bai eta pertsona lesbiana, gai, trans, bisexual eta eta intersexualen aurkako erasoen aurrean zerbait egiten duen hiri-ereduaren alde ere.

Sistema heteropatriarkal eta sexista batean bizi gara, hots, desberdintasuna eta desorekak sortzen, eta sexu-aniztasuna eta genero ez arauzkoak ukatzen dituen indar handi baten testuinguruan. Horrenbestez, aspalditik ari gara aldarrikatzen berdintasun-politiketan “emakume” subjektu politikoa zabaltzea, hari uko egin gabe, “jatorria sexu-generoa sisteman eta patriarkatuan duten arrazoiengatik bazterkeria pairatzen duten pertsonak bertan txertatzeko”. Ez dugu ahaztu behar horri guztiari zaurgarritasun-egoera pizten duten beste aldagai batzuk gehitzen zaizkiola, eta horrek guztiak areagotu egiten dutela LGTBIfobiaren eragina.

LGTBI pertsonen errealitatea ikuspegi feminista eta zeharkako batetik ikuasarazteak ikuspegia zabaltzeko eta zapalkuntza desberdinen arteko uztardura antzemateko aukera ematen digu.

LGTBI pertsonen aurkako bazterkeria eta erasoen aurkako lanak eskatzen ditu, besteak beste, sexu- eta genero-aniztasuna ikusarazteko eta aintzatesteko ekintzak, herritarren artean LGTBIfobiari buruzko kontzientziazio-kanpainak, erasoei erantzuteko protokoloak eta biktimei laguntzeko zerbitzuak.

Hara! Gasteizko Genero-Berdintasunerako IV. Planak zeharka ulertzen du sexu- eta genero-aniztasuna ulertzen du, eta kontuan hartzen du agenda baten diseinua, osatzen ari dena, eta baitan hartuko dituena Desirak plazara. Gasteizen LGTBI pertsonen errealitateei buruzko diagnostikoan atzemandako lehentasunak abiaraztea.

Gasteizko Udalak bere gain hartzen du sexualitate, genero eta desio anitzak ikusarazteko konpromisoa, eta LGTBI taldeko pertsonen kontrako diskriminazioari, estigmatizatzeari eta bortizkeriari aurre egitekoa, berdintasuneko politika publikoaren bidez. Aurten, maiatzaren 17aren testuinguruan, artea azpimarratu nahi dugu, ikusarazteko, kontzientziatzeko eta eraldatzeko tresna den aldetik. Gonbit egiten diegu herritarrei, egun horren harira antolatutako ekitaldietara ager daitezen.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:59

 

 

 

 

 

 

AFRICA EGUNA programa

Afrikaren Eguna dela eta, zenbait jarduera antolatu dira maiatzaren 19tik 26ra bitartean

Gasteizko Udalak Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailaren bitartez emandako laguntzarekin, Afrika Euskadi kultur elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu Afrikaren Eguna ospatzeko, ‘Afrikarrak Euskadin’ jaialdi soziokulturalaren lehen edizioan: futbol-partidak, dantza senegaldar eta nigeriarren lantegiak, antzerkia, hitzaldiak, “pintxopotea” eta desfileak. Maiatzaren 19an (larunbata) hasi eta 26an amaituko dira.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok, Afrika Euskadi kultur elkarteko kide Jesús Prietok, Sahara-Gasteiz saharar immigranteen kultur elkarteko kide Baba Ahmed Hamadik eta Afro herritar afroamerikarren elkarteko kide Filomena Abrantesek aurkeztu dute egitaraua prentsaren aurrean.

Jarduera asteak Afrikaren aniztasuna ospatu nahi du, dagoeneko Gasteizko kulturaren zatia baita, eta hori aldarrikatu nahi dugu, hiri irekia, heterogeneoa eta kosmopolita garelako, kultura ezberdinak izateaz harro dagoena, denen arteko elkarbizitzaren bidez kultura komuna osatuz“, nabarmendu du Cantok.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:42

Adurtza eta San Kristobal auzoetako entitateek, Hegoalde gizarte etxearekin batera, Udaberriaren Jaia ospatuko dute larunbatean, Maurice Ravel lorategietan; aurten 25 urte beteko ditu ospakizunak.

Auzoetako entitate guztiek sarean egindako lana ospatzeaz gain, proiektu solidario baterako dirua biltzen da. Puzgarriak, gargantua, lantegiak, herritarren emanaldiak, tirolina, informazioguneak, txosna etab. izango dira.

11:00etatik 14:00etara iraungo du.

HEGOALDE PROGRAMA

Share

Aurrekoak »