Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  15 maiatza 2018 17:00

Prentsaurrekoa. Maiatzak 17aren inguruko jarduerak eta Lumagorri elkartearen azterlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Berdintasun zinegotzi Jaione Agirre; eta Amets Martinez de Heredia Lumagorriko ordezkaria

Eguna. Asteazkena, maiatzak 16

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————————-

Prentsaurrekoa. XXXI. Emakumeen Bira aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; eta Euskara, Kultura eta Kirol foru zuzendari Joseba Koldo Pérez de Heredia

Eguna. Asteazkena, maiatzak 16

Ordua. 11:00

Tokia. Centro Cultural Montehermoso, sala Ortuño

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:32

2018/2019 ikasturterako matrikula ostegunean, hilak 17, hasiko da;  Hasierako 144 leku eskainiko ditu Zabalgana eta Salburuko gizarte etxeetan, “gela hedatuak” izeneko formatuan, auzo guztietara zabaltzeko xedez

Maiatzaren 17an (osteguna) hasiko da Luis Aranburu musika eskolan 2018/2019 ikasturterako izena emateko epea. Aurten inoizko kopuru handienera iritsiko da, 1.300 ikasle, azken bi urteetan pixkanaka lanaldiak luzatu egin baitira; gainera, “gela hedatuak” deritzenak sortuko dira, eskola auzoetara gerturatzeko.  Halaxe iragarri du eskolako lehendakari Estíbaliz Canto zinegotziak, Zuzendaritza Kontseiluan.

Berritasun handiena Zabalgana eta Salburuko gizarte etxeetan eskainiko  diren Musika Hasiera ikasgaiko 144 lekuak dira, alegia, “gela hedatuak” deritzenak, “Luis Aranburu eskola auzo guztietako gerturatzeko“.

Cantok azaldu duenez, “musika eskolak eskaera handia du espezialitate horretan, urtero 300-350 pertsonak sartu nahi izaten baitute Musika Hasieran”. Hori dela eta, 1., 2. eta 3. mailetako bi talde sortuko dira (4, 5 eta 6 urtekoentzat, hurrenez hurren).

Eskaera handi horri erantzun ahal izateko, Zuzendaritza Kontseiluaren lehendakaritzak gizarte etxeen sarea erabiltzea pentsatu du. “144 leku horiei beste 80 gehitu behar zaizkie, hurrengo ikasturtean lanaldiak luzatu egin baitira zenbat instrumentu espezialitatetan, hala nola kontrabaxua, perkusioa, kantua, biolina, biolontxeloa, biola, fagota eta oboea; horrenbestez, 224 leku gehiago izango dira guztira eta, aurretik gehitutako lekuak kontuan hartuz gero, 302 leku gehiago sortu dira hiru ikasturtetan”, zehaztu du Cantok.

Jardunaldiak pixkanaka luzatzeko plana onartu zenetik, 302 pertsona gehiagok eskuratu ahal izango dute musika irakaskuntza; beraz, 2018/2019 ikasturtean 1.300 ikasle izatera iritsiko da musika eskola, inoizko kopuru handiena.

Lanaldiak luzatzea

Ildo horretatik, hiru urtetan % 319,56 hazi dira ikasgaiak musika eskolan, baita langileen lanaldiak ere; 147.480,27 € bideratu da horretara.

 Izan ere, azken bi ikasturteetan eskolako irakasleen lanaldiak progresiboki luzatzeko plan bat aplikatu da. Plana abian jarri zenetik, orotara % 181,29 luzatu da lanaldia eta, ondorioz, 77.342,08 euro handitu da lehen kapitulua.

2018/2019 ikasturtean % 175 gehiago haziko da, hots, 74.687,60 euro gehiago beharko da.

Zehazki,  ikasgaiak proportzio hauetan handitzea proposatu da:

  • Oboea: % 16,3.
  • Fagota: % 11,95.
  • Tronpa: % 17,6.
  • Biola: % 16.
  • % 25.
  • Biolontxeloa: % 25.
  • Kantua: % 25.
  • Perkusioa: % 22,61.
  • Baxua/kontrabaxua: % 9,39.

Musika Eskola 2018-19

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:28

 

“Euroligaren Lauko Finalaren egoitza hautatu izana Udalaren eta gainerako erakundeen lanaren aitorpena da, eta Europa osoari gasteiztarren estiloa eta izaera erakusteko aukera”

 

 

Gorka Urtaran alkatea pozik agertu da “Gasteiz Euroligaren Lauko Finalaren egoitza izango delako 2019an; Udalak gainerako erakundeekiko lankidetzan egindako lanaren aitorpena da, eta Europa osoari gasteiztarren estiloa eta izaera erakusteko aukera; lehen mailako kirol ekitaldiak antolatzeko dugun gaitasuna ere  aitortzen du”.

GORKA URTARANEN AUDIOA

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:59

 

Gasteizko udaletxean harrera egin zaio “Elorriagako Kapareen Biltzarra” kontzejuen elkarteari, San Isidro Nekazariaren eguna dela eta. Alkateak, Udalbatzako eta beste erakunde batzuetako kideekin batera, Gasteizko udalerria osatzen duten kontzejuek eta menpeko toki erakundeek nekazaritza ingurunea zaintzeko egiten duten lana goraipatu du.

Gorka Urtaranek azpimarratu du “herrietan urte osoan egiten den lana, Gasteiz hiri bat baino gehiago izan dadin. Nekazaritza-eremu handia duen udalerria gara, eta zuek egunero egiten duzuen lanak hori zaintzea ahalbidetzen du”. Gasteizko alkateak bereziki azpimarratu du administrazio-batzarrek eta herriek Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenean izango duten protagonismoa, nekazaritza inguruneari babes berezia eman nahi baitzaio horretan.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:48

Sektore artistiko guztiek, udal teknikariek eta udal ordezkariek osatutako dute

 

Partaidetza, Gardentasun, Gizarte Etxe, Berdintasun eta Lankidetza Batzordeak aho batez onetsi du Kultura elkargunea sortzea, Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak proposaturik; izan ere, 2017. urtearen bukaeran onetsitako Kultura Plan Estrategikoa garatzeko lehen urratsetako bat da.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok adierazi duenez, “moldea emango dio Planak aipatzen zuen Kulturaren Tokiko Kontseiluari, zeina hura planifikatu, egituratu eta artikulatzeaz eta, bereziki, betetzen den ebaluatzeaz arduratuko baita”.

Cantoren hitzetan, “plana hiri-analisi eta -planeamendurako tresna bihurtuko da, aukera ematen duena kultura sustatzeko ikuspegi bateratuaz hornitzeko, baita kultura udalerriaren garapen ekonomiko eta sozialerako bitarteko bikaina dela aitortzeko eta legitimatzeko“; bestetik, “tokiko sorkuntzaren aldeko apustuaz, kultura guztion eskura jartzeaz eta kulturaren itzulkin sozialaz gain, gobernantzaren demokraziaren aldeko apustua egiten du, eta horri erantzuten dio elkargunea sortzeko eskaera, udal eskumeneko gaietan proposamenak eztabaidatu eta lantzeko gunea izan dadin“. 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:48

 

Musika komunitarioko ekintza horrek emango dio amaiera Música, Arte y Proceso institutuarekin urtebetez egindako lanari

 

 

Hilaren 20an, 18:00etan, Udal Musika Bandak “Creando y recreando Peter Pan” lana eskainiko du Principal antzokian, “Familientzako musika” zikloaren barruan.  Autismo Araba elkarteko kideek eta Música, Arte y Proceso institutuko musikoterapeutek landu dute.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok, Musika Bandaren zuzendariorde Iker Olazabalek, Música, Arte y Proceso (MAP) institutuko musikoterapeuta Jaione Oribek eta Autismo Araba elkarteko lehendakari Marta Martín Freirek aurkeztu dute gaur, prentsaurrekoan.

Autismo espektroa duten 11 pertsonak gidatuko dituzte ikusleak Sekula Betiko Lurralderako bidaian,  Iker Olazabal zuzendariaren, Bandaren eta Puri Santamaría kontalariaren laguntzarekin.

Hainbat hilabete eman dituzte gizarte-inklusioko proiektua prestatzen, “pertsonak batzea eta bizikidetza erraztuz gizarte hesiak ezabatzea” helburu zutelarik, Cantok azaldu duenez.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:29

Maiatzaren 17tik 20ra arte, zenbait kazetari italiar Gasteizera eta Arabara etorriko dira bisitan. Gasteiz eta Araba turismo-helmuga gisa promozionatu  ditzaten antolatu da prentsa bidaia, Milan-Bergamo konexioa baliatuz.

Lehenengo Arabako Errioxara joango dira kazetariak. Upeltegi tradizionalak zein modernoetako batzuk ezagutuko dituzte, mahastien paisaiak, hiribildu harresidun ederrak eta beste bidaia proposamen batzuk.

Gasteizen, hirigune historikoa, zabalgunea, Azoka plaza eta Eraztun Berdea bisitatuko dituzte, artea, ondarea, natura eta —nola ez— gastronomiaren alderdi guztiak ardatz dituen programa baten barruan.

Amaitzeko, Gatz Haranera joango dira: bisita gidatua eta gatz dastatzea egingo dituzte han.

2018an gure hiria nazioartean ezagutarazteko programaren barruko promozio-ekintza da, eta Turespañaren laguntzaren emaitza.

Udalaren Turismo Zerbitzua, VIA eta Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidea elkarlanean aritu dira bidaia diseinatu eta antolatzen. Orobat, Gatz Harana, Santa Maria Katedrala Fundazioa, Azoka plaza eta Arabako Foru Aldundia izan dituzte lankide.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:08


Gasteiz, Galdakao eta Arrigorriagako alkateek eta desagertutako gazte gasteiztarraren amak Desagertutako Pertsonei buruzko VI. Topaketa Teknikoaren jarduerak aurkeztu dituzte

 

Gasteizen eta Euskadiko hainbat lekutan egingo da Ageriko Arrazoirik gabe Desagertutako Pertsonei buruzko VI. Topaketa Teknikoa, maiatzean. Gasteiz, Galdakao eta Arrigorriagako alkateek —Gorka Urtaran, Ibon Uribe eta Asier Albizua, hurrenez hurren—, jardunaldien antolatzaile Marisol Ibarrolak eta Borja Lázaro gazte gasteiztarraren ama Ana Herrerok aurkeztu dituzte antolatutako jarduerak, itxaropenaren argia pizturik mantentzeko. Zaila da desagertzeak dakarren larridura eta ezintasuna irudikatzea. Gasteizen eta Euskadin badakigu zer den hori. Oso gertutik ukitu gaitu, Borja, Emilio eta Hodei bizilagunekin. Gure maitasun osoa haien familia eta lagunei”, adierazi du Gorka Urtaranek.

Hain zuzen ere, desagertu aurretik Borja Lázarok egindako azken lanak jasotzen dituen erakusketa egingo da Gasteizen. Ahalegin handia egin behar izan da erakusketako argazkiak berreskuratzeko, jatorrizkoak, baita haren kamera eta ordenagailu pertsonala ere, desagertuta baitaude. Hori dela kausa, irudietako batzuek ur markak dituzte, edo desfokuratu samar daude; akats horiek ez dira Borjaren trebetasun faltari egoztekoak, baizik eta bereizmen gutxiko kopiak erabiltzeak dakartzan arazo teknikoei.

Borjaren azken erreportajeari buruzko erakusketarekin batera, Rafael Reina soziologo eta prentsa-argazkilariaren “Sociología visual de las desapariciones” lana jarriko da ikusgai. Proiektu bakana da hori, desagertutako pertsonen bila ari diren familien egoera eta Espainiako estatuan desagertutako pertsonen benetako egoera aztertzen dituena.

Aldi berean, azterlan soziologiko bat egin da, Espainian benetan zenbat desagertu dagoen zenbatzeko, orain arte ezin izan baitira eman gutxi gorabeherako zenbakiak baino —zeinak administrazioek gezurtatu egin baitituzte—: 14.000 desagertu eta identifikatu gabeko 3.000 gorpu.

Desagertuen bila ari diren familiei elkarrizketa sakonak egin zaizkie, eta jasotako datuei irudiak erantsi zaizkie. Desagertutako senide baten bila ari diren pertsonen egoera ezagutzeko eta horren berri emateko jaso da ikusizko informazio hori.

Maiatzaren 18tik 27ra arte ikusi ahalko da erakusketa, Montehermoso kulturunean. Maiatzaren 18ko 19:00etan inauguratuko da erakusketa; Borja Lázaroren lagun Igor García Beitia abeslari eta konpositoreak joko du.

Mahai-inguru batek emango dio amaiera ofiziala erakusketari, hilaren 25ean; Borja Lázaroren kasuaren  egoera eta familien eta polizia kidegoen arteko harremana izango dituzte hizpide. Marisol Ibarrola arituko da moderatzaile, eta  Borja Lázaroren ama Ana Herrerok zein Ertzaintzako Pertsonen kontrako Delituen Arloko buru Hugo Prietok hartuko dute parte.

Gorka Urtaran alkateak berriro adierazi du “Borjaren hiriaren, Gasteizen, laguntza eta elkartasuna”.

Borja Lázaro gasteiztarra 2014ko urtarrilaren 7tik 8ra arteko gauean desagertu zen, Cabo de Velan (Kolonbia). Igarotako lau urteetan, haren familiak ez du aurkitzeko itxaropena galdu, eta etengabe mobilizatu da ikertzen jarrai dezaten, zer gertatu zen argitu eta Borja non dagoen jakitearren. Familiak ekimen ugari sustatu ditu, kasuak tiradera batean buka ez dezan. Behin baino  gehiagotan, isiltasuna, axolagabekeria edo luzamenduak jaso dituzte erantzun gisa. Beste askotan, ordea, pertsona eta erakundeen sostengua ere izan dute.

 

 

 

 

 

Share