Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  23 maiatza 2018 17:00

Udalak eta Europar Batasunak antolatutako herritar elkarrizketa: ‘Europa eta hiri iraunkorragoak: Etorkizun berdeago baten alde’

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Europar Batasuneko ingurumen zuzendari nagusi Daniel Calleja

Eguna. Osteguna, maiatzak 24

Ordua. 10:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, Gasteiz aretoa

———————————-

Emakumeen Jabekuntzarako eta Berdintasunerako Eskolaren 2017/2018 ikasturtearen amaiera. Christina Rosenvingeren kontzertua

Parte hartzaileak. Berdintasun zinegotzi Jaione Agirre

Eguna. Osteguna, maiatzak 24

Ordua. 18:30

Tokia. Aldabe gizarte etxea

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:51

 

 

 

 

 

 

Gasteizko 19 ikastetxetako 18.000tik gora ikasleren ordezkaritza batek parte hartu du gaur goizean ikasturtean zehar 21 Eskola Agendaren bitartez egindako lanaren emaitzen aurkezpenean. Kontsumo arduratsuaren alderdi guztiak jorratu dira ikasturte honetan ikasgeletan: elikadura, turismoa, berdeguneak, erosketa iraunkorrak eta ur- eta energia-kontsumoa, besteak beste.

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaran alkateak parte hartu du Goiuri jauregian egin den ekitaldian, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren arloko zinegotzi Iñaki Prusillarekin batera. Ikasleak zoriondu eta egindako lana eskertzeaz gain, egiten dituzten proposamenen garrantzia azpimarratu du Gorka Urtaranek. Izan ere, aztertu egingo ditugu, eta martxan jarri ahal izango ditugu Gasteizko Udaletik. Orobat gogorarazi die alkateak beste hau ere: “hiria erreferentea dela ingurumenaren arloan egiten duen lanagatik, eta zuek berebiziko garrantzia duzue azken urteotan urratzen ari garen bidetik jarraitzeko orduan”.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Programan parte hartu duten gazteek beren gogoetak, konpromisoak eta eskaerak aurkeztu dizkiote Udalari. Besteak beste, erosten den janaria ondo kalkulatzea, soberako elikagaiak birziklatzea, alferrik galtzea ekiditea, elikagai lokalak edo zero kilometrokoak kontsumitzen ahalegintzea, turismo iraunkorragoa egitea —bisitatzen diren lekuekiko interesa erakutsiz—, berdeguneak garbi mantentzea, kontsumo- eta erosketa-modu iraunkorragoak baliatzea —papera edo liburuak birziklatuz—, etxeko argien kontu egitea edo ur-kontsumoak murriztea. Ikasleek beren gain hartutako konpromisoez gain, irakasleen eta familien lana ere azpimarratu nahi izan dute udal ordezkariek, Gasteizek hiri berdea izaten jarraitu dezan jokatzen duten papera.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:13

Pablo Zamoraren argazkia

 

Bihar izango da kontzertua, ostegunez, 18:30ean, Aldabeko gizarte-etxean —sarrera dohainik, lekua bete arte—.

Christina Rosenvinge kantariak emango dio amaiera Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako Eskolaren 2017-2018ko ikasturteari, hitzaldi eta kontzertu banarekin. Bihar izango da ekitaldia, 18:30ean, Aldabeko gizarte-etxean —sarrera dohainik, lekua bete arte—.

Zazpigarren edizioa izan du aurtengoa eskolak, eta hainbat eratako eta hainbat gairen inguruko ia 70 jarduera hartu ditu, era guztietako pertsona eta kolektiboei zuzendurik, Jaione Aguirre Berdintasuneko zinegotziak gogorarazi duenez. “Programatzeko orduan, ikuspegi intersekzionala baliatu dugu. Ahaleginak egin ditugu eskola gero eta inklusiboagoa izan dadin, eta prestakuntza-eskaintza gero eta eskurago izan dezaten emakumeek, dibertsitatea kontuan izanik. Datorren ikasturteko jarduerak diseinatzekotan gara dagoeneko, berrikuntza handi batekin: lehenengo aldiz, 16 urtera arteko neskentzako jarduerak eskainiko ditu eskolak. Emakumeen erreferentzietara hurbildu nahi ditugu horrela, eta praktika askatzaileetara, beren bizitzetan berdintasuna erreibindikatu eta indarkeria matxista gaitzetsi dezaten”, nabarmendu du Aguirrek.

Berdintasuneko zinegotziak eskerrak eman dizkie Berdintasun Zerbitzuarekin elkarlanean aritu diren elkarte eta kolektibo feministei, kontzientzia feminista hartzera eta jabekuntzara zuzendutako prestakuntza-saiak gero eta estrategikoagoak izan daitezen egindako lanagatik.  “Eguneroko lana aitortu nahi dut, eta hogei elkarte horiek eskolari eman dioten laguntza, proposatu eta eskaini dituzten ikastaro eta lantegiak, moderatu dituzten hitzaldiak, eskolako bazkideen artean bozgorailuarena egin izana.”

+info

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:44

Europar Batasunak sari hori emango duen lehenengo aldia da, eta Dormund, Ghent, Lyon, Madril, Malmö, Saarbrücken eta Gasteiz dira hautagaiak

 

Bidezko merkataritza etikoa sustatzen duten Europako hirien sarirako zazpi finalisten artean dago Gasteiz. Europar Batasunak sari hori emango duen lehenengo aldia da, hirien lorpenak eta horiek nazioarteko merkataritzaren iraunkortasunean, ingurumenean, ekonomian eta oro har arlo sozialean duten eragin positiboa aitortu eta ospatzeko asmoarekin.

Gainera, ekoizle txikien garapen iraunkorra eta inklusiboa sustatu nahi du sariak, herritarrak, ordezkari politikoak eta enpresariak merkataritza-programa iraunkor, etiko eta bidezkoen gainean kontzientziatuz. Orobat bultzatu nahi ditu hiriak elkarrengandik ikastera, eta jardunbiderik onenak partekatzera, merkataritza-jarduera bidezko eta etikoak nabarmenduz.

Hiri irabazlea zein izango den jakitera eman den eta saria banatzeko zeremonia ekainaren 27an izango da, Bruselan. “Potentzial handia dugu hiriek, merkataritza iraunkor eta inklusiborako aldaketa positiboak bultzatzeko orduan. Udalean argi dugu pausuak eman behar direla, eta administrazio publikoak etsenplu emanez predikatu behar duela. Beste sei hirirekin batera aukeratua izatea bera, hirian Nazio Batuen garapen iraunkorreko helburuak lortzeko egindako lanaren eta hartutako konpromisoaren aitortza da jada. Aitorpen horrek, gainera, aldezten dugun hiri iraunkorraren eredua azpimarratzen du, Gasteizen ezaugarri den hori”, nabarmendu du Garapenean Laguntzeko zinegotzi Jaione Aguirrek.

Gasteizek konpromiso argia hartua du, plan operatiboaren bitartez, bidezko merkataritza sustatzeko hiriko gobernuz kanpoko hainbat erakunderekin batera, baina, gainera, agintaldi honetan Erosketa eta Kontratazio Gizartearekiko Arduratsua eta Iraunkorra Egiteko Plana bultzatu da, zeinen barruan aurreikusita baitago horrelako produktu gehiago sartzea Udalaren zerbitzu eta hornikuntzetan, hala nola gizarte-etxeetako eta udal-instalazioetako kafetegietan, eta Udalaren ekitaldietan nahiz biltzar- edo turismo-ekitaldietan eskaintzen diren elikadura eta catering zerbitzuetan.

Akreditutako hornitzaileen zerrenda eguneratu eta ezagutaraztea da Udalaren beste ekintzetako bat, eta bidezko merkataritzako produktuen katalogoa eguneratzea, alorreko erakunde ezagunen laguntzarekin. Gainera, bidezko merkataritzaren arloko ekintzak bultzatzen ditu Gasteizko Udalak garapen-bidean dagoen herrialdeetarako proiektuetarako diru-laguntza deialdiaren bitartez, bidezko merkataritzaren printzipioetan oinarritutako sistemak bermatzeko.

Bideo

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:00

 

Doako wifi-zerbitzua dute dagoeneko Atariak eta Principal antzokiak, erabiltzaileek internetera sarbidea izan dezaten. Teknologia hori ezartzeko lanak bukatu berri ditu Udal Administrazioaren Sailak.

Konektatzeko aukera eskaintzen duten beste hainbat udal espazio eta aretori gehitzen zaizkie horrela bi eraikin horiek. Zerrendako azkenak, joan den urtean, autobus-geltokia, Espainia plaza eta adinekoentzako 15 zentro soziokulturalak izan ziren.

Horietan bezala, Atarian eta Principal antzokian ere aurrerantzean erabiltzaileek aukera izango dute WIFI-VG-free sarearen bitartez internetera doan sartzeko, beren gailu mugikorretatik. Atari baten bitartez sartu ahalko da, erabiltzaile-kodea eta pasahitza idatziz —mugikor-zenbaki bat edo posta elektroniko bat eman beharko da horretarako—.

Beheko solairuan eta lehenengoan eskainiko du zerbitzu Principal antzokiak, eta Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentroan, berriz, beheko solairuko erakusketa-aretoan, auditoriumean, kafetegian eta eraikinaren kanpoaldeko estalpean, aintziraren ondoan.

Kasu batean nahiz bestean, doako sarbide-guneak dituzten gainerako udal eraikinetan bezala, 256 Kbp-ko banda-zabaleraren muga du sareak, Balore Merkatuaren eta Konpetentziaren Batzordeak —Espainian telekomunikazioen sektorea arautzen duen agintea— ezarritako betebeharrak betetzeko.

“Doako wifia ezarroz erraztu egin nahi dugu Interneterako sarbidea bisitari asko hartzen dituzten lekuetan, bai gasteiztarrentzat, bai bisitarientzat, nahi duten informazio guztia eskuratzerik izan dezaten. Gainera, teknologia herritarren eguneroko bizitzan txertatzen lagundu nahi dugu, harta iristeko aukera demokratizatuz. Eta hori guztia, jakina, lege- eta segurtasun betebehar guztiak betetzen ditugularik”, adierazi du Udal Administrazioaren Saileko zinegotzi Carlos Zapaterok.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:16

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak ekainaren 11ra arte luzatu du “Ikusezintasuna kaleetan” argazki sozialen lehen lehiaketara lanak aurkezteko epea; hainbat modutan —kalean, merkataritza-azaleretan, salmenta ibiltarian, kalean musika joz…—eskean aritzearekin lotutako egoerak agerian jartzea da lehiaketaren helburua.

Udalaren ES-KALE-an proiektuaren barruko ekintza da, zeinaren helburua baita horretan aritzen diren pertsonen errealitatea aztertzea eta egoera horretatik ateratzen lagunduko dieten ekintzak martxan jartzea.

Argazki-lehiaketaren bidez pertsona horiek inguratzen dituzten elementuak islatzea proposatzen da, fokua haiengandik aldenduta. Izan ere, lekuak, objektuak, baita haiekin daramatzaten animaliak ere, erretratatzeak errealitate horren irudikapena sortzen lagunduko du; bestetik, argazkiaren atzean benetan dauden pertsonez dugun ikuspegi partziala —ikusezin bihurtzeraino— islatzen da.

Argazkiak udalaren web-orrian dagoen formulario bati atxikita aurkeztu beharko dira, izenburua jarrita, eta argazkian ageri den pertsonaren edo hura hartzeko unearen historia laburra azaltzeko testu labur batez lagunduta.

18 urtetik gorakoek hartu ahalko dute parte, eta zenbait irizpideri jarraitu beharko diete, ikusarazi (fotografiatu) nahi diren pertsonak eta errealitatea begirunez tratatzeko.

Hauek osatuko dute irabazleak hautatzeaz arduratuko den epaimahaia: argazkilaritza eta komunikazioaren arloko bi profesional, “Gasteizko ES-KA-LEan” proiektuarekin lotutako pertsona bat, eta Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailaren ordezkari bat. Irudiaren sentiberatasuna, originaltasuna eta sormena, islatu nahi diren balioekiko gertutasuna, eta argazkiaren kalitatea balioetsiko dituzte.

Hiru irabazleek 180, 130 eta 80 euro jasoko dituzte hurrenez hurren, argazkilaritzako materialean.

Argazki sozialen I. lehiaketaren oinarriak

Udalaren web-orria

Share