Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  5 maiatza 2018 12:15

Aurreko bost deialdiak oroitzeko katalogoa plazaratu zen atzo

BasesMontehermoso-BellasArtes2018cas
Montehermosok eta Arte Ederretako Fakultateak proiektu artistikoak bideratzeko egiten duten deialdia seigarren ediziora iritsi da; deialdiaren oinarrien arabera, lau-sei proiektu aukeratuko dira, 2018ko urritik 2019ko apirila bitartean erakusteko.

Deialdia graduondoa edo masterra egiten ari diren ikasleentzat da, proiektu profesional baten fase guztietan parte hartzeko aukera emanez: komisariotza, lanaren produkzioa, muntatzea eta hedabideen zein jendearen aurrean aurkeztea.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantoren arabera, deialdiak “mundu profesionalera hurbiltzeko lan plataforma bat eskaintzen du, eta gizartearekin lotura zuzena izateko aukera”.

600 euroko laguntza jasotzen dute aukeratutako proiektuek ekoizteko, baita erakusketa egiteko eta zabalkunderako, komisario baten laguntzaz.

“Aukeratutako proiektuak Montehermoso kulturunearen erakusketa-egitarauan txertatuz, profesional bihurtzeko bidean diren sortzaileen lanak ikustarazteko aukera sortzen da, eta gure lurraldean arte plastikoak eta ikusizkoak garatzeko egokierak eskaintzen”, esan du Cantok.

Eskabideak administración@montehermoso.net helbidera bidali behar dira; epea ekainaren 17an amaituko da.

Oroitzapenezko katalogoaren argitalpena
Oinarriak argitaratzearekin batera, aurreko bost urteetako erakusketa deialdiak oroitzeko katalogoa plazaratu zen atzo Montehermoson. Estibaliz Canto, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia; Arantza Lauzirika, Arte Ederretako fakultateko dekanoa; argitalpenaren koordinatzaileak, eta aurreko edizioetako zenbait komisario izan ziren ekitaldian.

Cantoren hitzetan, deialdi horri “maitasun berezia diogu, konplizitateak eta aukerak batzen baititu: konplizitateak, Udalak eta EHUk batera lan egiten dutelako; aukerak, ikasleei zuzentzen zaielako. Sinergia horien emaitzak ekarri gaitu liburu hau argitaratzera, betiko iraun dezan”.

Ondoren, gaiari buruzko mahai-ingurua egin zen, parte-hartzaile hauekin: Sonia Fernández Pan, Aimar Arriola, Alberto Díez eta Munts Brunet (moderatzailea).

 

Catálogo

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:02

Sarearen ordezkari Luis Álava Sauturen fusilamenduaren 75. urteurrenarekin bat eginez, oroitzapen eta aintzatespen ekitaldi instituzionala egin da Gasteizen, lehendakaria buru zela

Iñigo Urkulluk azpimarratu du Luis Álava Sautuk eta sarea osatu zuten “emakume ikusezinek” izan zuten konpromisoa “indarkeriari indarkeriarik gabe aurre egiteko, adimenaren armak bakarrik erabilita; eredua da, eta indarra ematen digu gizartea elkartzearen eta bizikidetzaren alde lanean jarraitzeko

Ramiro Gonzalezek adierazi duenez, “frankismoaren kontrako borrokatik jardun zuten emakume ikusezinek idatzi zuten gure iragana, eta eraikitzen dute gure etorkizuna

Gasteiz batzen zaio memoriako tokien sareari, zeinen bidez, gure hirian, aintzatespena, elkartasuna eta txera agertzen baitiegu frankismoaren biktima guztiei”, erantsi du Gorka Urtaranek

Alkatearen audioa 1

Alkatearen audioa 2

Alkatearen audioa 3

EAEko erakundeek Álava Sarearekin elkarlanean aritu ziren pertsonak hartu dituzte gogoan gaur, Gasteizen. Álava Sarea frankismoaren kontrako talde klandestinoa izan zen, presoekiko elkartasunezko eta II. Mundu Gerrako aliatuen aldeko espioitza sarea, hain zuzen. Sare horren ordezkari arduradun Luis Álava Sautu gasteiztarra Madrilen fusilatu zuten, eta fusilamendu haren 75. urteurrenean egin da oroitzapen eta aintzatespen ekitaldi hori. Erakunde ekitaldia gaur goizean egin da, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela, eta bertan parte hartu dute Ramiro González Arabako diputatu nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak. Ekitaldian izan dira, orobat, hainbat erakunde ordezkari eta politikari, bai eta frankismoaren biktimen elkarteak eta senideak ere.

Erakunde ekitaldi horrekin, gogora ekarri da Gerra Zibilean zehar eta diktadura frankistaren hasieran, 1936tik eta 1940ra bitartean, Luis Álavaren deitura izentzat eman zitzaion sareak presoen, iheslarien eta haien familien aldeko ezin konta ahala elkartasun eta laguntza ekintza gauzatu zituela. Sare horretako kideek mandatari lanak ere egin zituzten burukide preso eta iheslarien artean, eta espioitza lanak ere bai Bigarren Mundu Gerrako Aliatuentzat.

Beren ekintzak gauzatzeko, Álava Sareak ia berrogeita hamar kide izan zituen. Sare horretan parte hartu zuten Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako klase sozial guztietako gizon eta emakumeek.

Erakunde ekitaldian, zeina Senda ibilbidean egin baita, Luis Álavaren bizileku izandako Manuel Iradier kaletik oso gertu, oroipen plaka bat desestali da, Álava Sarearekin elkarlanean aritutakoak gogorarazi eta aintzatesteko; baina, bereziki, “emakume ikusezinak”, haiek izan baitziren 1936tik aurrera Barruko Informazio Zerbitzua, Jose Antonio Agirre lehendakaria buru zuen Eusko Jaurlaritzaren mendekoa, abian jarri eta dinamizatu zutenak. Euskal erakundeek, era berean, adierazi dute euren nahia dela oroipen plakak lagundu dezala nolabait erreparatzen “103.590 kausa sumarisimoan auzipetu eta kondenatuek askatasunaren defentsan jasandako atxiloketak, zigorrak, fusilamenduak eta kartzela urteak”.

Iñigo Urkullu lehendakariak bere hitzaldian nabarmendu du Luis Álava Sautuk eta emakume ikusezinen sareak une zailetan emandako “elkartasun etsenplua”; “Konpromiso ausart, azkar eta eraginkorraren adibidea. Indarkeriari indarkeriarik gabe, adimenaren armak bakarrik erabiliz, aurre egiteko konpromisoa. Álava Sarearen eta emakume ikusezinen ikasbideak indarra ematen digu gizartea elkartzearen eta bizikidetzaren alde lanean jarraitzeko”, adierazi du.

Bestalde, Ramiro González Arabako diputatu nagusiak nabarmendu duenez, Álava Sareak gertaera historiko bat eratu zuen, “protagonista pertsona konprometituak, uste etiko eta demokratiko sendodunak, izan zituena; eta, hain zuzen, pertsona horiexei egin diete gaur EAEko eta Arabako erakundeek merezitako aintzatespena eta omenaldia. Haien balentria eta ausardia gogora ekarriz, Arabako eta euskal gizarte osoaren pertsona haiekiko errespetua eta aintzatespena agertu nahi ditugu. Gainera –erantsi du–, nahiko nuke gaurko ekitaldiek ausardiaz era aktiboan borrokatu ziren emakume haientzako guztientzako omenaldi berezitzat balio izatea. Emakume haiek eta historiak ikusezin bihurtu, zokoratu eta isilarazi dituen emakume guztiak berreskuratu eta omendu nahi ditugu. Emakume horien ahotsak entzun eta bizipenak ezagutu nahi ditugu, haiek ere, bereziki haiek, idatzi zutelako gure iragana, eta eraikitzen dutelako gure etorkizuna”.

Azkenik, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak adierazi duenez, “gaur, Gasteizek errepresioaren biktima izan diren guztiak omentzen ditu, Luis Álava Sauturen pertsonan eta, bereziki, frankismoaren kontrako erresistentzia sarea antolatu zuten emakume ausart haien guztien ahotsetan. Aintzatespen eta oroitzapen gune berri hau batzen zaio memoriako tokien sareari, zeinen bidez gure hirian aintzatespena, elkartasuna eta txera agertzen baitiegu frankismoaren biktima guztiei. Haien memoria bermatu nahi dugu, eta duintasuna eman eta justizia egin”, azaldu du.

Álava Sarearen erortzea, epaiketa sumarisimoa eta Luis Álavaren exekuzioa

Luis Álava Sautu Gasteizen jaio zen, 1890eko azaroaren 18an. Gaztetatik izan zuen harremana mundu abertzalearekin: Espainiako Gorteetarako diputatugai izan zen, eta 1936ko uztailean matxinada militarra piztu zelarik, Gasteizko EAJren Udal Batzarreko burua zen. Frantzia okupatu zutelarik, 1940ko ekainean, espainiar eta alemaniar poliziek informazioa bildu zuten Eusko Jaurlaritzaren Parisko ordezkaritzan, eta horrek eragin zuen sarea erortzea. Sareko kideak 1940-1941eko neguan atxilotu zituzten, eta epaiketa guztiz sumarioan epaitu zituzten. Horren ondorioz, Luis Álava 1943ko maiatzaren 6an exekutatu zuten, Madrilgo Ekialdeko hilerrian, eta beste 19 kideri espetxe zigor luzeak ezarri zitzaizkien.

Erakunde ekitaldiaz gain, omenaldia osatzeko, erakusketa bat inauguratu da, eta dokumental bat aurkeztu da Dendarabako Araba aretoan, Gasteizen hori ere, biak ala biak funtsean Álava Sarea antolatu eta osatu zuten emakumeei buruzkoak.

Eurak izan ziren, lehenik, Eusko Gudarostea garaiturik eta Frankismoa jazarpen betean ari zela haren kideen kontra, espetxeetara joan zirenak, eta, presoei elkartasuna eramateaz landara, mezulari lanak egin zituzten burukide abertzale espetxeratu eta erbesteratuen artean. Álava Sareak lortutako informazioei esker iraun zuten bizirik eta libratu ziren fusilamenduetatik hainbat pertsona.

Baina Álava Sareak ez zituen eginkizun horiek bakarrik bete. Bigarren Mundu Gerraren bezperan eta lehenbiziko hilabeteetan, aliatuei informazioa eman zien espainiar baliabide militarrei buruz, Pirinioetako defentsa lanei buruz, armei buruz edo alemaniarrek eta italiarrek Espainian gauzatzen zituzten jarduerei buruz, eta, hala, munduko gatazka hartan potentzia demokratikoentzat euskal laguntza eman zuen.

Eta, horrela, “Álava Sarea. Emakume ikusezinak, elkartasuna eta espioitza (1936-1947)” izeneko erakusketak, Josu Chueca EHUko historialari eta irakaslea duela komisario, argitara ekartzen ditu emakume eta gizon haiek gauzatu zituzten ekintzak, sarea sortzea eragin zuten arrazoi humanitario eta politikoak, eta, batez ere, emakumeen zeregina nabarmendu nahi du, anonimotasunetik frankismoaren kontrako erresistentzian eta faxismoaren kontrako borrokan jardun ziren subjektu aktibo gisa. Sabino Arana Fundazioak sustatu du erakusketa, eta Eusko Jaurlaritza, memoriaren, elkarbizitzaren eta giza eskubideen Gogora Institutua eta Vital Fundazioa izan ditu laguntzaile.

Ibilbidean zehar, Sabino Arana Fundazioaren Artxiboan gordetako jatorrizko lekukotzak ezagutzeko aukera izango da, Álava Sarea antolatu zuten lau protagonistetatik hirurenak: Bittori Etxeberria, Itziar Mugika, Delia Lauroba eta Tere Verdes.

Orobat, “Álava Sarea, emakume ikusezinen sarea” izeneko dokumentalak, zeina Baleukok produzitu baitu, erakunde horretan parte hartu zuten emakumeen jatorrizko ahotsak jasotzen ditu, Iñaki Madariagak marrazturik haien irudiak, eta hainbat senide, kazetari, idazle eta ikerlarik ere parte hartzen dute.

BIDEOA

Share