Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 maiatza 2018 17:00

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, maiatzak 11

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:38

 

 

 

 

 

Gasteizko Udalak aitorpena erakutsi nahi izan dio Martín Fiz maratoi lasterkariari, duela gutxi sekula inork lortu gabeko mugarri historikoa bete baitu: sei maratoi handietan (New York, Tokio, Boston, Berlin, Chicago eta Londres) irabaztea; hain zuzen ere, apirilean irabazi zuen Londresko proba, balentria osatuz.

 

 

 

 

 

 

 

Bide batez, ibilbide osoan lortu dituen ohore, sari eta arrakasten zerrenda luzea omendu eta aitortzeko balio du aitorpen honek. Izan ere, maratoia estatu osoan ezugutarazten lagundu du, eta atleta askorentzako bidea irekitzen.

Ekitaldian Gorka Urtaran alkatea, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia, Estíbaliz Canto, eta korporazioko beste kide batzuk izan dira.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:55

 

  • Ostiralean “The Singular Store” pop up denda jarriko da bertan, herritarrek tokiko saltokien abantailak ezagut ditzaten.

 

Joan den astelehenetik, haurren minbiziaren aurkako astea burutzen ari dira San Prudentzio kaleko merkataritza eta ostalaritzako 20 establezimendu. Hori dela eta, elkartasuneko itsulapikoak jarri dira ASPANAFOAk -minbizia duten haurren gurasoen Arabako elkarteak- egiten duen lanerako dirua biltzeko. Asteari amaiera emateko, datorren larunbatean, maiatzak 12, doako komikiaren eguna ospatuko da, eta Spanish Garrison 501 Legioaren tropen bisita izango da 18:00etatik 20:00etara.

Spanish Garrison, 2004an sortua, 501 Legioaren Espainiako dibisioa da. Irabazi-asmorik gabekoa mundu elkartea da, custuming arlokoa, eta kideek Star Warseko pertsonaiak irudikatzen dituzte. Hasierako asmoa pelikula horien unibertsoa sustatzea bazen ere, orain ongintza arloa eta gizarte helburuak dituzte xede. San Prudentzio kalean egingo den desfilean, interesdunek aukera izango dute gustukoen duten pertsonaiarekin argazkia ateratzeko.

Aldi berean, Caracola dendak doako komikiaren eguna ospatuko du. 600 manga argitalpen banatuko dira doan (amerikarra zein europarra), eta aurten haurrentzako komikiak izango dira berrikuntza. 18:00etan, Caracolan, “El fotógrafo de Mauthausen” liburuaren aleak izenpetuko ditu Pedro J.Colombo idazleak berak. 18:00etatik 20:00etara aurpegiak margotzeko lantegia eta ipuin kontalariak izango dira.

“Free Comic Book Day” 2002tik ospatzen da maiatzeko lehen larunbatean komikietan espezializatutako liburu-denda amerikarretan. Espainian maiatzeko bigarren larunbata aukeratzen da beti eta 2010etik hona, hainbat komiki editatzen dituzte editorial eta egile laguntzaileek, herritarrek aukeratu eta etxera doan eraman ditzaten, beti ere aleak agortu arte.

Aurtengoa bederatzigarren edizioa izango da, eta Espainiako 100 denda baino gehiagok hartuko du parte.

Azkenik, gogoan izan, ostiralean, maiatzaren 11n, “The Singular Store” pop up denda ibiltaria  izango dela San Prudentzio kalean.  Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak tokiko saltokien abantailak ezagutzera eman nahi dizkiete honen bidez herritarrei. Arlequín, Confecciones Pinedo, Goya Floristas, Jose Luis Ópticos, Ríos Moda, Zazpiak Bat, Cosas de Chocolate, La casa de las fiestas, Tribal Área eta Viñaspre Taller de Arte saltokiek beren lanak erakutsiko dituzte kontsumitzaileak, bisitariak eta txikizkako merkatariak biltzeko gune honetan.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:40

Fotoarte 2018 Jarduerak

Sariak hilaren 17an banatuko dira, Ibaiondoko gizarte etxean; aurtengo edizioan, 168 argazkilarik 323 lan aurkeztu dituzte orotara, eta horietako 34 hautatu dira gizarte etxeetan erakusteko

FotoArteren XIV. edizioan Diego Pedra Benzalen “De otros tiempos” lanak irabazi du 1000 euroko lehen saria. 168 egilek 323 lan aurkeztu dituzte orotara.  Halaxe iragarri du gaurko prentsaurrekoan Kultura, Hezkuntza eta Kiroleko zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Bigarren saria (700 €) Ana María García Hermosok irabazi du, “Desierto Urbano” lanagatik, eta hirugarrena (400 €) Jose Ramón Luna de la Ossarentzat izan da, “Nature” izenburuko irudiagatik. Horretaz gain, 150 euroko akzesit bana eman zaie Marian Lázaro Martín eta Joaquín Pedro Gómezi, “Giros Inversos” eta “Eeyore” lanengatik, hurrenez hurren.

Aurtengo edizioan 323 lan aurkeztu dituzte 168 egilek. Edizio honetako lanen  % 63 Arabako artistek aurkeztu dituzte;  % 11,30, Euskadiko  gainontzeko lurraldeetakoek, eta % 24,4, Espainiako beste lurralde batzuetakoek. Atzerritik (Kolonbia eta Mozambike) iritsitako lanak % 1,19 izan dira. Emakumeek aurkeztu dituzte lanen % 30,35, eta  30 urtetik beherako gazteek, % 19,04.

Aurkeztutako 323 argazkietatik 32 egileren 34 lan hautatu dira gizarte etxeetan erakusteko, maiatzaren 17tik aurrera.

Hauek osatzen zuten epaimahaia: Amaia Ibarra (50mm fotografas), Jennifer Custodio (polaroid bitartezko argazkigintzan espezializatuko ikusizko artista) eta Mary Zurbano (FotoArte 2016-ren irabazlea eta diziplina anitzeko artista); joan den apirilaren 10ean eman zuten azken epaia.

Jarduera programa

Urtero bezala, epaimahaiaren epaiak argazkigintzarekin lotutako jarduera multzo bati ematen dio hasiera. Aurtengo jarduerak hauek izango dira:

  • Maiatzaren 17an, 19:00etan. Hegoalde gizarte etxeko erakusketa aretoan. Sarien banaketa eta erakusketa ibiltariaren inaugurazioa. Josune Vélez de Mendizabalen esku-hartze artistikoa izango da. POLLOBARBAren bi jarduera ere antolatu dira. Haren definizioaren arabera, “argazkilari sumergentea, community managerra, Sare Sozialetako irakaslea, eta 2035eko Argazkigintzako Sari Nazionala” da.
  • Maiatzaren 17an, 19:00etan. Ibaiondoko gizarte etxeko askotarako gelan. HItzaldia: Sare sozialak argazkilarientzat, zergatik dira beharrezkoak?  Facebook, Twiter, Instagram, Linkedin sareek zer ekarri ahal digute?, zeinetan egon behar dut?, benetan behar dira?  Gaur egun, sare sozialak argazkilariontzat medio oso boteretsu eta garrantzitsua da, gure markaren irudia sortzeko, konpetentziatik desberdintzeko, gure produktu edo edo zerbitzuak iragartzeko eta gure elkartearekin komunikatzeko.
  • Maiatzaren 23an, 17:00etarik 20:30era. Ibaiondoko gizarte etxeko askotarako gelan. “Argazkilarientzako Instagram lantegia”. Gure Instagram kontua hobeto kudeatzeko lantegia, gure helburuak lortzen laguntzeko. Lan estrategiak eta fluxua, argitaratze mota desberdinak, traolak, istorioak, sekretuak eta trikimailuak, neurtzeko eta automatizatzeko tresnak…
  • Maiatzaren 17tik abuztuaren 31ra. FotoArteren hamalaugarren edizioan hautatutako eta saritutako lanen erakusketa ibiltaria, zenbait gizarte etxetan
    • Maiatzaren 17tik 27ra, Ibaiondoko gizarte etxean
    • Maiatzaren 28tik ekainaren 6ra, Zabalganeko gizarte etxean
    • Ekainaren 7tik 17ra, Judimendiko gizarte etxean
    • Ekainaren 18tik ekainaren 26ra, Lakuako gizarte etxean
    • Ekainaren 27tik uztailaren 3ra, Iparralde gizarte etxean
    • Uztailaren 4tik 11ra, Pilarreko gizarte etxean
    • Uztailaren 12tik 19ra, Hegoalde gizarte etxean
    • Uztailaren 20tik 31ra, Salburuko gizarte etxean
    • Uztailaren 31tik abuztuaren 31ra, Ibaiondoko gizarte etxean

 

Jarduera guztiak doakoak eta libreak dira, lekuak bete arte.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:13

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaran eta Maite San Saturninok arrisku-faktoreak kontrolatzeak duen garrantzia nabarmendu dute

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta “Corazón sin fronteras” elkarteko lehendakari Maite San Saturninok “Gutxiegitasun kardiakoari buruzko adierazpena” sinatu dute; agiri horrek arrisku kardiobaskularra kontrolatzeak duen garrantzia nabarmentzen du eta, zehazki, gutxiegitasun kardiakoarenak.

Maiatzaren 7tik 11ra bitartean, Gutxiegitasun Kardiakoaren Europako Astea egiten ari da, “Mugi zaitez gutxiegitasun kardiakoagatik”  kanpainaren barruan. Adierazpenaz gain, “Corazón sin fronteras” elkarteak beste zenbait  ekintza sustatu ditu egun hauetan, informazio materiala eta prestakuntza saioak barne.

Alkateak azpimarratu duenez, “ herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko lana oso garrantzitsua da, gutxiegitasun kardiakoak ia 1,5 milioi pertsonari eragiten baitie Espainiar estatuan. Herritarrak sentsibilizatzeak eta gaixoei sintomak identifikatzen irakasteak heriotza kopurua murrizten lagunduko du, eta gaixoen bizi-kalitatea hobetzen”.

Udalak —Osasun PublikoarenSailak, zehazkiago— “Corazón sin fronteras” elkarteari eta osasuna sustatzearen alorrean diharduten beste talde batzuei laguntzen die, herritarren osasuna hobetzeko ohitura osasungarriak bultzatzearren.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:48

Trans_Foko Programa

Datozen bi hilabeteetan zehar 14 parte hartzailek haien garapen profesionalerako ikasbideak jasoko dituzte

Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udaletxeak antolatutako Arabako Kultur eta sormen eragileentzako prestakuntza programa gaur jarri da abian Artiumen. Datozen bi hilabeteetan zehar eskaini diren 14 tokiak hartu dituzten pertsonek, haien garapen profesionalerako, haiek beren produktuak diseinatzeko eta kudeatzeko behar dituzten tresna eta baliabideez hornitzeko ikasbideak jasoko dituzte.

Ikastaro hau kulturaren edo sormenaren sektorean lan egiten duten profesionalei edota profesionalizatzeko bidean diren pertsonei zuzentzen zaie, edozein dela ere bere forma juridikoa, baldin eta proiektu ideia bat edo proiektu bat badaukate abian.

Programak helburu bikoitza du: kultur proiektu profesional bat edo antolakunde bat sortzeko/definitzeko beharrezkoak diren edukiak lantzea, eta parte hartzen duten pertsonei laguntzea proiektu dosier bat lantzen era bateko eta besteko foroetan aurkeztu ahal izateko modukoa.

Programa horrek 4 modulu ditu. Horietako bakoitzak bertatik berarako prestakuntzako 10 ordu izango ditu, enborreko irakasleek eta gonbidatutako bi adituk emanik, zeinek interesekotzat jotzen diren proiektuak aurkeztuko baitituzte gai bloke bakoitzean. Gainera, parte hartzaile bakoitzak banan-banako tutoretzarako gune bat izango du, banakako lan bat egiten laguntzeko.

Honetaz gain astero gonbidatutako profesional batek parte hartuko du moduluan. Saioak ostegun arratsaldeetan izango dira,eta irekiak izango dira jendearentzat, eta ez da izenik eman beharko aldez aurretik

TRANS_FOKO prestakuntza programaren lehenengo hitzaldi irekia

Eguna: 2018ko maiatzaren 10a.

Modulua: Identitatea eta esparru estrategikoa.

Tokia: Artium (emanaldi aretoa)

16.00-18.00

Aitor Tejada-ren ponentzia, El Pavón Teatro Kamikaze

Hitzaldiaren izenburua: Un teatro más allá de la función.

18.00-20.00

Adriana Pedret-en ponentzia, Expo Iberoamericana de Música

Hitzaldiaren izenburua: EXIB música una experiencia de gestión: Ciudad + Música + Identidad

Share

  • Arantxa Tapia sailburuak eta Gorka Urtaran alkateak, milioi euro inguruko kostua izango duen Bus Elektriko Adimendunaren garapenerako hitzarmen osagarria sinatu dute gaur goizean

  • Udalak aurreikusten duenez, lanak datozen asteetan lizitatuko dira

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizko hiriarekin duen konpromisoa berretsi du, Udalarekin hitzarmena sinatuz. Hitzarmen horren bitartez, Jaurlaritzak BEAren, Bus Elektriko Adimendunaren, kotxetegiak eraikitzeko eta Amerika Latinako biribilguneko proiektuak finantzatzeko eta egiteko konpromisoa hartzen du. Bi proiektuek 960.000 euroko aurrekontua dute (BEZ barne).

Tapiak eta Gorka Urtaran alkateak gaur goizean sinatu dute akordioa, Udaletxeko harreren aretoan egin den ekitaldian. Udalak aurreikusten duenez, BEAren lanak datozen asteetan lizitatuko dira.

Hitzarmenaren xedea bi erakundeen arteko lankidetza egituratzea da, etorkizunean BEAk hiriaren egungo 2. linea periferikoan eskainiko duen zerbitzuaren kalitatea are gehiago hobetzeko. “Jaurlaritzaren konpromisoa argia da”, gogorarazi du Tapiak.

Sailburuak adierazi duenez, helburua “Tuvisako kotxetegi berrien eraikuntza proiektua idaztea da, eta bertan egongo da Autobus Elektriko Adimendun sistemaren karga geldo sistema. Sistema horrek zerbitzuaren operatibitatea eta unitateen autonomia bermatuko ditu, ibilbidean Mendizorrotzan eta Bulebarrean egongo diren karga azkarrekin osatuz”.

Baina, horrez gain, –azpimarratu du–, Amerika Latina plaza inguruko errepide sistemaren hobekuntzarekin eta egokitzapenarekin dugun konpromisoa adierazi nahi dugu. Gaur egun dagoeneko trafiko dentsitate handia jasaten duen puntuan ohiko ibilgailuak, autobus eta tranbia garraio publikoa eta autobus geltokirako sarrerak elkartzen dira. Eta etorkizunean BEA gehitu beharko zaie. Bat egiten dugu Udalak duen ardurarekin, eta beharrezkotzat ikusten dugu errepide sistemari hainbat kota izango dituen soluzioa ematea, inguru horretako garraio publiko sistemari erabateko arintasuna emateko”.

Helburu hori lortzeko, Eusko Jaurlaritzak Amerika Latinako biribilgunea askoz ere agertoki atseginagora egokitzea lortuko duen eraikuntza proiektua finantzatu eta gauzatuko du, garraio modu guztiek beharrezkoa den arintasunarekin zirkula dezaten Arabako hiriburuko trafiko dentsitate handieneko puntuetako batean.

Vitoria-Gasteizko Udalak, bere aldetik, eraikuntza proiektuen idazketan Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskal Trenbide Sarea-Red Ferroviaria Vasca (ETS) Erakunde Publikoarekin lankidetza teknikoa izateko konpromisoa erakutsi du.

Amerika Latinari dagokion azterlana, Salvador Rueda Hiri Ekologia Ikasgelaren eskutik bultzatu dugun Mugikortasun Iraunkorrerako eta Espazio Publikorako Planaren berrikuspenean lortu behar ditugun aurretiazko datuak eskuetan ditugunean hasiko da. Horrek ingurune horretako trafiko soluziorik hoberena zehazteko aukera emango digu, dagozkion xehetasunak, epeak eta kostuak barne direla”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Gasteizko alkateak “erakundeen arteko koordinazioa” ere azpimarratu du, “lantzen ari garen mugikortasun proiektuak bultzatzeko beharrezko tresna” gisa. “Hori gertatzen da tranbia Hegoaldera eta Salburuara luzatzean, eta baita BEAren ezarpenean ere”. Mugikortasun iraunkorraren, osasungarriaren eta elektrifikatuaren aldeko apustua da, hain zuzen ere, Udalak bultzatu duen 2025 udal estrategiaren ildo nagusietakoa. “Lehentasuna du barruko eta kanpoko komunikazioak hobetzeak, Vitoria-Gasteiz ondo konektatuta egon dadin, barrura eta kanpora begira. Hortik sortzen dira aipatutako proiektuak, eta baita Abiadura Handiko trenaren iritsiera eta trenbideak lur azpian sartzea, Tuvisaren autobusak berriztatzea eta Forondako aireportua indartzea ere”, azpimarratu du Gorka Urtaranek.

Hasieran aurreikusitako kostua 960.000 eurokoa izango da (BEZ barne), eta 2018 eta 2019 ekitaldietan gauzatuko da. Aurten, partida 500.000 €-koa da, eta datorren urtean, 2019an, 460.000 eurokoa.

2. linearen elektrifikazio integrala

BEAk, gaur egun Tuvisaren ohiko autobusek egiten duten 2. lineako ibilbidea egingo du. Linea horrek Gasteiz inguratzen du, eta trazatuak gasteiztarren eguneroko bizitzan oso enblematikoak eta garrantzitsuak diren lekuak hartzen ditu, autobus geltokia, Txagorritxuko ospitalea, Eusko Jaurlaritza edo Mendizorrotza estadioa, besteak beste.

BEAk 10 kilometroko trazatua izango du, eta bertan 24 geraleku berri integratuko dira noranzko bakoitzean, gaur egun “ohiko” geralekuak dauden tokietan. Geralekuei dagokienez, markesinen estetika tranbiaren markesinen antzekoa izango da, baina 29”ko LCD pantaila handiagoa instalatu da OPIan, denbora errealean eskainiko den multimedia informazioa hobetzeko, itxaron beharreko denborari edo beste linea batzuekin dauden loturei buruzko datuak emanez.

Ibilgailuek aukerako karga sistema izango dute, goialdetik pantografoa ukituz, eta bi kargagailu daude proiektatuta linea bakoitzean, hau da zirkulazioaren noranzko bakoitzerako bi: Bulebarrean eta Mendizorrotzan. Erabaki hori, karga sistemaren batek huts egiten badu ere zerbitzua ziurtatzeko xedez hartu da. Laburbilduz, etorkizuneko garraioaren eskakizunetara egokituz garapen teknologiko berritzaileak izango dituzten autobus %100 elektrikoek zirkulatuko dute Vitoria-Gasteizko kaleetatik.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:38

Antolakunde antolatzaileek nabarmendu dute kontsumo arduratsuago batek berdintasunik eza eta pobrezia gutxitzen dituela    

 “Bidezko merkataritza gara” goiburuarekin, Vitoria-Gasteizek ere Bidezko Merkataritzaren Mundu eguna ospatuko du maiatzaren 12an, larunbata. Egun horrekin, bidezko merkataritzaren mugimenduak gogorarazi egiten du posible dela bizitza duin bat bermatzea planetako biztanle guztientzat, eta ingurumen-narriadura gelditzea. Ospakizun honetarako, Arabako hiriburuan hainbat jarduera daude programaturik, maiatzaren 10etik 19ra bitarte. Araian (maiatzaren 20a) eta Laudion (maiatzaren 27a) ere egongo dira jarduerak.

“Herritarrei dei egiten diegu, beren egiazko beharrizanetara hobeki egokitzen den kontsumo bat egin dezaten, eta giza eskubideak zein lan-eskubideak eta ingurumena errespetatzen dituzten ekoizpen-moduen alde egin dezaten”, nabarmendu du Mercedes García de Vinuesak, Bidezko Merkataritzako Estatuko Koordinakundeko presidenteak (CECJ). “Ohiturak norabide horretarantz aldatuko balira, guztion garapen eta ongizaterako lagungarria litzateke”, gehitu du.

Vitoria-Gasteizen, mundu-egunaren ospakizuna Loma Jeneralaren plazan izango da oraingo honetan, jarduerak eguerdiko 12:00etan hasita. Ordu horretan, kalejira bat abiatuko da, eta 16:30era arte bidezko merkataritzako pintxoen ibilbidea egingo du; ibilbide horretan, hain zuzen, 15 establezimendu engaiatu dira atzera ere. Horrez gain, egunean zehar, postu bat egongo da informazioa emateko eta bidezko merkataritzako produktuen salmentarako, eta lantegiak egingo dira, hala nola Turukutupa konpainiak egingo duena; haiek, hain zuzen, emango diote amaiera egunari, gauza birziklatuez eginiko musika-tresnak joz emango duten kontzertu batekin.

Egun berezirako antolaturiko jarduerei hilaren 10az geroztik egingo direnak gehitzen zaizkio; egun hartan bertan, kosmetika naturala egiteko lantegi bat egongo da eta, gure elikaduraren atzean zer ezkutatzen den jorratzeko, mahai-inguru bat egingo da, Slow Food Arabarekin, Tierra Papel Tijera arabar proiektu agroekologikoarekin, eta Maquita bidezko merkataritzako ekuadortar erakunde ekoizlearekin. Entitate berak izango ditugu berriz gurekin handik egun batzuetara, hilaren 15ean, asteartea, ekobidezko janariaren inguruko lantegi batekin.

Jarduera horietan zehar, herritarrak gonbidatu egingo dira sare sozialetako #BidezkoMerkataritzaGara kanpainan parte har dezaten eta, horrela, mugimendu honekin bat egin dezaten eta mundu bidezkoago baten aldeko konpromisoa erakutsi.

 

Konpromisoa Salburuan eta konpromiso instituzionala

Salburuko auzokideak dira elkartu eta bidezko merkataritzarekin konpromiso handia erakusten dutenak, han berriz ere bat egin baitute ospakizunarekin, zenbait jarduera bitarteko direla. 12an bertan, larunbatean, Pez Limbo taldearen “El gran mercado” antzezlanaren emanaldi bat antolatuta daukate, ironiaren eta umorearen bidez, geure kontsumo-ohiturei buruz gogoeta egin dezagun. Hurrengo egunetan ere jarduera gehiago antolatuko dituzte, hilaren 13an, igandean, egingo den alternatiba-azoka nabarmentzen dela. 

CECJ-Bidezko Merkataritzako Estatuko Antolakundeak sustatzen du Bidezko Merkataritzaren Mundu Eguna ospatzea, eta Araban Medicus Mundi Araba, Bide Bidean, SETEM Hego Haizea, Manos Unidas, eta Serso San Viator GGKek eta SalburuKoLore elkarteak antolatzen dute, eta Vitoria-Gasteizko Udalaren finantzaketa dauka, lankidetza-hitzarmen baten bidez bidezko merkataritza sustatzeko sostengua emanez. Arabako Foru Aldundiak ere laguntzen du. 

Bidezko merkataritzak antolakunde ekoizle txikien alde eta ingurumena zaintzearen alde egiten du, baldintza duinetan landutako haien produktuak merkaturatuz. Horrela, bidezko merkataritzak haien garapena sostengatzen du, eta lagundu egiten du elikadura-segurtasun handiago bat egoten eta tokiko zein munduko merkatuetan ekoizpen jasangarria bultzatzen.

Bidezko merkataritza printzipio batzuetan oinarritzen da, tartean direla ekoizleentzat lan-baldintza duin eta seguru batzuk bermatzea, soldata egoki bat ordaintzea, gizonentzat zein emakumeentzat soldata bera lan berdinak egiteagatik, haurren lan-esplotaziorik ez egotea, eta ingurune naturala errespetatzen dituzten teknikak eta prozedurak erabiliz ekoiztea.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:26

Ohiko agenteez gain, antolatu gabeko herritarrei ausaz deituko die, ahalik eta biztanleria sektore gehienengana iristeko

 Ume eta nerabeen ikuspuntua ere integratuko da, foro egokitu batean

Plan Orokorrari buruzko batzorde txostengileak herritarren parte hartzerako prozesua barne hartzen duen egutegi berria onetsi du

Udalak herritarren iritzia eskatuko du hiri plangintza berriaz,Plan Orokorra lantzean herritarren partaidetza eta inplikazioa lortzeko xedez, eta ikuspegia ahalik eta askotarikoena izan dadin” nabarmendu du Hirigintzako zinegotzi Itziar Gonzalok HAPOari buruzko lantaldearen bileraren ondoren; izan ere, herritarren parte hartzerako prozesua barne hartzen duen egutegi berria onetsi du taldeak.

Aurretiazko azterlan eta diagnostiko fasea burutu eta aurrerapenaren agiriaren oinarri liratekeen ildo estrategikoak hitzartu ondoren, udazkenean Udalak herritarren iritzia eskatuko du agiriaz, “zeinak udalerriaren etorkizunari begiratzen baitio; partaidetza-prozesua horren arabera diseinatu beharko da, eta horretara bideratu. Plana berrikusteko prozesua ez luzatzea komeni da, baina ezinbestekoa da beharrezko denbora hartzea lantzeko,  plan berriak Gasteizko udalerriko herritarren zati baten ikuspuntua barne hartzen duen plana lortu nahi badugu, eta abian edo proiektatuta dauden hiri proiektu handiak uztartu eta sinkronizatzen dituena. Gasteiz une erabakigarrian dago, hiri eredu berri horretan mugarri izango diren hainbat plan estrategiko baititu aurrean: trenbidea lurperatzea eta abiadura handiko trena, Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren berrikustea, hondakinen plan berria eta beste”, nabarmendu du Itziar Gonzalok.

Prozesua ahalik eta biztanleria sektore gehienengana iristea da asmoa, eta “Gasteiz, pertsona guztiona eta guztiontzat” helburu estrategikoarekin bat eginez, prozesua inklusiboa izatea, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua, adin ezberdinak eta udalerriaren dibertsitatea kontuan hartuko dituena.

Orobat, Haurren Planari jarraituz, ume eta nerabeen ikuspuntua ere integratzea proposatzen da, foro egokitu batean. Bereziki zainduko da hizkuntza dibertsitatea informazioari, komunikazioari eta agiri publikoen zabalkundeari dagokienez.

Ausaz deituko zaie herritarrei

  Prozesuan parte hartzen duen pertsona kopurua baino garrantzitsuagoa da gai ezberdinei buruzko ikuspegien kopurua, horien artean kontrastea izan dadin eta ondorioak partzialak izan ez daitezen. Bestetik, foro, elkarte eta kolektiboetan parte hartu ohi duten herritar antolatuez gain, antolatuta ez dauden herritarrek ere parte hartzea proposatzen da, ausaz aukeratutako askotariko taldeentzako foroak eginez, azaldu du Hirigintzako zinegotzia.

Udalak, beraz, hainbat lan saio antolatuko  ditu. Batetik, elkarte eta beste kolektibo batzuen bidez dagoeneko parte hartu ohi duten herritarrentzat, elkargune, auzogune eta herritarren partaidetzarako beste udal foro batzuetan ibiltzen diren pertsona eta entitateei dei berezia eginez.

Bestetik, ausaz aukeratutako 50-60 herritarren taldeentzat, Gasteizko biztanleriaren dibertsitatea ordezkatzen duten taldeak osatuz. Talde horietako bat udalerria osatzen duten herrietan bizi ohi diren pertsonek osatutako dute.

Azkenik, Haurtzaro Zerbitzuarekin batera, ume eta nerabeentzako saio berezia egingo da, berariazko diseinuarekin.

 

Share