Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  8 maiatza 2018 17:00

‘Las nuevas economías y la innovación social ante el reto del cambio climático en el ámbito local’ foroari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Nerea Melgosa, Ekonomía Sustapenaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa

Eguna. Asteazkena, maiatzak 9

Ordua. 9:30

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, Francisco de Vitoria aretoa

———————————-

Enpresen ardura sozialari buruzko biltzarrari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Arabako diputatu nagusi Ramiro González; eta Foarseko presidente Vega León

Eguna. Asteazkena, maiatzak 9

Ordua. 10:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, Florida aretoa

————————————

Prentsaurrekoa. 2018ko Arte Eszeniko Inklusiboen proiektua aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Mikel Arrikagoitia eta Julio Roca (Zuzenak taldea); Amaia González Ruiz de Apodaka (Talur taldea); eta Zilipurdi Zirku Elkarteko Iker Arrue

Eguna. Asteazkena, maiatzak 9

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————————-

Prentsaurrekoa. Vitoria-Gasteizko beira ontzien bilketaren datuak aurkeztea

Parte hartzaileak. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusilla; eta  Ecovidrio enpresako lurralde gerente Oscar Acedo

Eguna. Asteazkena, maiatzak 9

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————————

Prentsaurrekoa. Kaleko eskaletasun inguruko Es-kale-an programako ekintzak aurkeztea

Parte hartzaileak. Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munain

Eguna. Asteazkena, maiatzak 9

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————-

Harrera ekitaldia Badaiotz nesken sokatira taldeari

Udalak harrera egingo dio Badaiotz nesken sokatira taldeari, duela gutxi munduko txapeldunorde atera eta gero.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteazkena, maiatzak 9

Ordua. 19:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:22

Clermont Ferrandeko alkate Olivier Bianchi eta Gasteizko alkate Gorka Urtaran

 

  • Gorka Urtaran alkatea pozik agertu da izendapen hori dela eta, Euskadiko hiriburua industria erreferentetzat sendotzen baitu

 

Gasteizek Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Konferentziaren egoitza hautatua izatea lortu du; 2019ko martxoan egingo da hori. Euskadiko hiriburuaren lehiakidea Guarulhos zen, Sao Paulo (Brasil) estatuko udalerria; azken bozketan mundu osoko 30 Michelin hirik parte hartu dute, eta Gasteizek botoen % 67 lortu ditu. Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Konferentziaren egoitzaren lekukoa alkateen batzar nagusian emango diote Gasteizi, zeina Montrealen egitekoa baita, maiatzaren bukaeran, Movin’On mugikortasun iraunkorraren munduko gailurrarekin batera.

Gorka Urtaran alkatea pozik agertu da izendapen hori dela eta, Gasteiz nazioarteko erreferentetzat sendotzen baitu. “Gasteiz zorionekoa da. Datorren urteko martxoan aukera izango dugu gure potentziala munduko hiri garrantzitsuei erakusteko. Gure indarguneak erakutsiko dizkiegu, automobilgintzaren arloan ez ezik, baita mugikortasunean, iraunkortasunean, berrikuntzan eta abarretan ere. Hamarnaka herrialdeetako ordezkarien aurrean industriaren aldeko apustua egiten duen hiria garela azaltzeko aukera izango dugu, eta iraunkortasun politiken eta klima aldaketaren kontrako borrokaren aldeko konpromisoan buru garela”, alkatearen ustez. “Hiri modernoa eta adimentsua garela erakutsiko dugu”, erantsi du.

Topaketan mundu zabalean Michelin enpresaren lantegiak edo ikerguneak dituzten udalerrietako ordezkariek parte hartuko dute; iaz egin zen lehenengo topaketa, Clermont Ferrand (Frantzia) hirian, eta bertan izan zen Gorka Urtaran alkatea. Berrogeita hamar hiri inguruk hartzen dute parte Michelin Hirien Nazioarteko Sarean, enpresa horren fabrika edo zentro teknologikoen egoitzak zein hiri antolatzailearekin senidetuta daudenak batuta.

Sareak lankidetza-proiektuak sustatu nahi ditu hiri horien artean, abiapuntu hartuta arlo publiko eta pribatuaren arteko lankidetza, eta esperientziak eta jardunbide egokiak trukatuz.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:05

Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak antolatutako paseoa Zadorrako zelaitik abiatuko da, 10:00etan

“Elkarrekin bizitzen ikasi”  programaren baitan, maiatzaren 12an Janeren ibilaldien beste edizio bat egingo da, oraingoan, Abetxukun.

Bertako auzokoek, gizarte-eragileek eta zenbait entitatek diseinatu eta prestatu dute paseoa, historia, komunitate-ehuna eta hirigintza berezitasunak ezagutarazi eta auzokideen aniztasuna agerian jartzeko.

Paseoa Zadorrako zelaitik abiatuko da, 10:00etan; auzoan hamabi geldialdi egin ondoren, 13:30 aldera amaituko da, Urarteko baratzeetan.

Geldialdietan, auzokoek beren errealitatearen berri emango dute, eta auzoak duen potentziala zein hobetu daitezkeen alderdiak izango dituzte hizpide. Esku-hartze artistiko eta ludikoak ere izango dira.

Abetxukuko auzokoek zein auzo hori sakonago ezagutu nahi duten gasteiztarrek har dezakete parte.

Informazio osagarria, udalaren web-orrian.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:53

Artistak eta haren taldeak partaidetza-prozesu bat egingo dute, auzoaren historia kolektiboa, gizarte inplikazioa eta parte-hartzea islatzen dituen horma-irudi bat lantzeko

Gaur aurkeztu da Partaidetza eta Gizarte Etxeen Sailak deitutako lehiaketari esker 2018an Gasteizko fatxadetan margotzekoak diren hiru paisaia-muraletako lehena. Isabel Martínez zinegotziak, proiektuaren zuzendari Verónica Werckmeister artistak, Ramón Bajoko muralaren zuzendarikide Alexandre Fernández ilustratzaileak, eta Ramón Bajoko guraso elkarteko kide Bakarne Saez de Asteasuk aurkeztu dute.

Martínezen hitzetan, “lehiaketaren bidez kultura-ondare garaikide eta gizatiartua sortu nahi da, lehendik dagoen hiri paisaia edertuko duena. Gainera, diseinatzeko eta gauzatzeko prozesuan taldeek eta herritarrek oro har parte hartzea eskatzen duenez, gizarte kohesioa eta arte adierazpen kolektiboa sustatzen dira, eta turismoarentzako erakargune garrantzitsua ere sortzen da, jakina, hemendik kanpo aitortua eta ezagutzeko modukoa”.

Maiatzean diseinuari ekingo diogu —adierazi du Verónica Werckmeister artistak—, eta ekain eta uztailean, brotxek, aldamioek, lantegiko kideek eta auzokoek kolorez eta historiaz beteko dituzte Ramón Bajo ikastetxeko Santa Ana kantoiko fatxadak, Alde Zaharrean. Ikastetxeak auzoa omenduko du, bertako fatxadan “kontakizun partekatu” baten aztarna utziz, historia kolektiboa, gizarte inplikazioa eta bizilagunen parte hartzea islatzeko” nabarmendu du.

Ramón Bajoko guraso elkarteaz gain, haiek sustatu baitute proiektua, beste talde hauek hartu dute parte: GOIAN, Gasteiz Txiki, Gaztetxea, Halabedi, Sareak josten: Radix, Caritas, CEAR, ADSIS, Saregune, Zaharraz Harro eta TedX V-G.

Alexandre Fernández —Alex Efa izenez ezagunagoa— marrazkilari, ilustratzaile eta artistak zuzenduko ditu lanak. Diseinu grafikoa ikasi zuen Sabadelleko ILLA arte eta lanbide eskolan, eta ilustrazioa Gasteizko Goi mailako Arte eta Diseinu Eskolan. Gasteizko Alde Zaharrean bizi da, eta bertan lan egiten du; gizarte eta kultura arloan ere aktiboki parte hartzen du, “Ilustrapados en Araba” elkartearen bidez, besteak beste.

Hauxe da egutegia:

  • Diseinuaren prozesua: maiatzaren 28tik ekainaren 9ra.
  • Diseinuaren aurkezpena: ekainaren 20an.
  • Margotzea: ekainaren 18tik uztailaren 21era.
  • Inaugurazioa: uztailaren 21ean.

Ariznabarra auzoa

Verónica Werckmeister artista da Gasteizko “HIRI MARGOTUA” muralen ibilbidearen zuzendaria; 2018an bi horma-irudi gehituko zaizkie Erdi Aroko hirigunean eta Zaramagan (www. muralismopublico.com) dagoeneko mirets daitezkeen 16 lan handiei.

Ariznabarreko proiektua ere Werckmeister SLri esleitu zion Partaidetza Sailak. Izan ere, “uztailean muralen ibilbidea Ariznabarra “auzo piratara” iritsiko da lehen aldiz; berrogeita hamarreko hamarkadaren amaieran Gasteizek bizi izandako industrializazioarekin sortu zen auzoa, eta gaur egun 8.000 bizilagun ditu, eta esperientzia luzea borrokan zein auzo elkarteen alorrean, hainbat kolektibo ari baitira auzoarekin eta auzoarentzat lan egiten, eta haien laguntza izango baitugu mural berria egiteko”, esan du artistak.

Muralak lantzen ari diren bitartean, “HIRI MARGOTUA” muralen ibilbidearen bisita gidatuek geldialdi berezia egingo dute, margotze lanak zuzenean jarraitzeko, artisten laguntzarekin.

Zer margotuko den eta nola erabakitzeko, hainbat saio egiten dira, ikerketa eta partaidetza ariketa eta dinamikak baliatuz. Aldez aurreko partaidetza-prozesuan oinarrituz, zuzendaritza daraman artistak azken zirriborroa lantzen du, eskalan.

“HIRI MARGOTUA” IMVGren barruko bi muralismo lantegietan parte hartzeko deialdia irekita dago une honetan; informazioa eskatzeko edo izena emateko info@muralismopublico.com postara idatzi behar da.

Duela urte batzuk hasi ginen hiriko fatxadetako paisaia-muralen lan-ildoa urratzen, eta orain berriro bultzatu nahi izan  dugu; horrek agerian jartzen du nolako garrantzia ematen diegun arte eta kulturaren bidezko partaidetza eta esku-hartze komunitarioko prozesuei”, amaitu du Partaidetzaren arduradunak.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:34

 

 

 

 

 

 

Ostegunetik hasita uztailaren 7ra arte, Gasteiz eta Arabako ehun dendak baino gehiagok hartuko dute parte Bono Denda kanpainaren laugarren edizioan; ekimen horren bidez, erosketetan % 20raino aurrezteko aukera ematen duten 1.800 deskontu-bonu jarriko dira zirkulazioan. AENKOMER federazioak Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin merkataritza dinamizatzeko sustatu duen kanpainak iazko arrakasta gainditu nahi du, jaulkitako 1.700 bonuak agortu baitziren, tokiko saltokietan  126.000 eurotik gorako erosketak eginda.

Bono Denda baliatuz, interesdunek 40 euroko bonua erosten dute, eta kanpainari atxikitako establezimenduetan 50 euroko erosketa egitea ahalbidetzen die horrek. Gainera, erosketa berean bi bonu metatu ahalko dira, 100 eurotik gorako erosketetarako ere erakargarria izan dadin.

Aurten Bono Denda kanpaina Gorbeialdera ere zabalduko da. Hango merkataritza eskaintzaren ezaugarrietara egokituko da kanpaina, gertuko merkataritzarekin eta elikadurarekin lotuagoa baita. Bonuak 20 eurokoak izango dira, eta kontsumitzaileek 25 euro izango dituzte atxikitako establezimenduetan erosteko.

“Tokiko merkataritzaren aldeko apustua egiten dugu, sektorearekin etengabe lankidetza eta elkarrizketa landuz, erakargarriago egingo duten ekimenak garatzeko. Ildo horretatik, kontsumoa sendotzeko kanpainak, Bono Dendaren hau, esaterako, dinamizatzeko oso tresna baliagarriak dira. Lehenengo eta behin, tokiko saltokiek bezero gehiago behar dituzte. Bonu hau bezalako pizgarriak gure establezimenduen eskaintza hurbil eta kalitatekoa osatzeko modu ona dira”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren foru zuzendari Juan Felipe García Miravallesek, berriz, Arabako Aldundiak horrelako ekimenei laguntzen jarraituko duela esan du, eta azpimarratu du merkataritzaren eta erakunde publikoen arteko lankidetza funtsezkoa dela “sektorearen lehiakortasuna sustatzeko. Elkar hartuta lan egin behar dugu, prestakuntza, espezializazioa, teknologia berriak eta gaur aurkezten dugunaren antzeko kanpaina bereziak baliatuz, salmenten —eta horrekin batera, lanpostuen— goraldia sendotzearren”.

AENKOMER-Arabako Merkataritza eta Zerbitzu Enpresaburuen Federazioko lehendakari Jon Andoni Aspuruk espero du egun hauetan handitu egingo dela Bono Denda kanpainari atxikitako saltokien kopurua —orain 100 baino gehiago dira—, eta gogoratu du ez dela federatutako merkataritzari mugatutako ekimena, sektore osoari irekitakoa baizik. “Ezinbestekoa da hiri merkataritza espezializatuari laguntzen dioten jarduerak egitea, beren bereizgarriak erakusterik izan dezaten. Horixe da Bono Dendaren eta beste proposamen batzuen xedea, Araban kontsumoa sustatzeko azken urteetan egin diren kanpainek arrakasta lortu baitute”, erantsi du.

Ostegunean, maiatzak 10, jarriko dira zirkulazioan Bono Denda kanpainaren 1.800 bonuak. Leku hauetan erosi ahalko dira: Caja Rural de Navarra kutxak Gasteizen dituen bulegoetan, AENKOMER elkarteak Gasteizen dituen bulegoetan (Aiztogile kalea, 61), eta Gorbeialdea Kuadrillako establezimendu batzuetan.

Kanpainan parte hartzen duten establezimendu guztien zerrenda  AEnkomerren web-orrian kontsultatu ahalko da, bihartik aurrera: www.aenkomer.com. Askotariko produktuen saltokiek egin dute bat Bono Denda kanpainarekin: janaria, jantziak, oinetakoak, osagarriak, aisialdia eta kultura, kirolak, bitxiak, etxeko gauzak, loreak, botikak eta zerbitzuak; horrenbestez, kontsumitzaileentzako eskaintza benetan erakargarria da.

Informazio gehiago: www.aenkomer.com

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:05

Udako ikastaroak eta tailerrak

Adinekoentzako zentro soziokulturalek udako programazioa aurkeztu dute gaur; zentroen 33.000 kideentzako 1.122 leku ireki eskaintzen dira —izena emanda— 72 lantegi eta ikastarotan banatuta. Horretaz gain, publiko orokorrari irekitako beste jarduera batzuk egingo dira. Ekainaren 18tik irailaren 28ra arte garatuko dira.

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak bigarrenez antolatu du adinekoentzako udako programazioa. Iazkoak emaitza onak izan zituen. Horregatik errepikatu dute. “Adinekoak udan ere aktibo izatea da gure asmoa. Jarduera funtsezkoa da beren autonomia garatzerik izan dezaten eta urteak osasuntsu bete ditzaten, sare soziala zabaltzeaz gain. Horrek guztiak ongi sentitzen laguntzen die, eta bizi-kalitatea hobetzen”, azaldu du Peio López de Munain zinegotzi ordezkariak.

Gizarte Politiken Sailak agintaldi osoan bultzatu duen zahartze aktiboaren ereduari jarraitzen diote lantegi eta ikastaro horiek, esaterako:

  • Belaunaldien arteko lantegiak: sukaldaritza, muralak, koadernatzea…; adinekoak beste belaunaldi batzuekin harremanetan jartzen dira, “eta horrek elkar aberastea dakar”.
  • Ikasketa-gela irekiak: harria lantzea, zura lantzea, pintura, altzarien zaharberritzea…
  • Informatika gela: besteak beste, argazkiak mugikorretik ordenagailura sartzen, edukiak “hodeira” igotzen edo bidaiak internetez planifikatzen ikas daiteke.
  • Musika eta dantzarekin lotutako jarduerak: swing, euskal dantzak, opera, etab.
  • 75 urtetik gorakoentzako jarduerak: burua eta gorputza freskatzeko eta osasuna eta ongizatea lantzeko ariketak egiten dira.
  • Bestelako lantegiak: jendaurrean hitz egiten ikasteko, Gasteiz paseatuz ezagutzeko, janaria mikrouhin-labeaz prestatzen ikasteko…

Zentro soziokulturalen txartela duten adinekoentzat erreserbatutako jarduera horiei herritar orori zuzendutako beste zazpi jarduera gehitzen zaizkie: irakurketa, musika, dantza aire zabalean; swing, gimnasia emozionala, eta abar.

López de Munainek esan duenez, “lantegi hauekin adinekoek zahartze aktiboa izan dezaten laguntzen dugu. Gizarteak zahartzaroa geldotasun, hauskortasun eta bakardade egoerekin lotu ohi du; irudi horrek bazterkeria sortzen du, baina ez da benetakoa. Halaxe erakutsiko dute adinekoek, udako programazioan parte hartuz, beren gaitasun eta interesekin bat datorren jarduera aukeratzerik izango baitute, ezagutzak, ohiturak eta gaitasunak eskuratzeko eta, aldi berean, lagun berriak egiteko”.

 Jarduera guztietan aldez aurretik izena eman beharko da, eta dagokion kuota ordaindu; osasun-parkeak eta erorketen prebentziorako lantegiak, aldiz, doakoak dira, eta sarrera librekoak.

Izena emateko epea maiatzaren 14an (astelehena) hasiko da, eta ekainaren 3an amaituko. Bide hauetatik eman daiteke izena: Gasteizko adinekoentzako 15 zentro soziokulturaletako batean, gizarte etxeetako eta udal kiroldegietako informazio-zerbitzuetan, herritarrei laguntzeko bulegoetan, udalaren web-orrian, edo 010 telefonora deituz.

 

Share