Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 maiatza 2018 17:00

Prentsaurrekoa. ‘Sherezade’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Antzezlaneko zuzendari Ana Pimienta; eta Principal Antzokiko zuzendari Marta Monfort

Eguna. Asteartea, maiatzak 29

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:07

 

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaran alkatea ONCEren ondoan izan da Gasteizko ordezkaritza berriro irekitzeko ekitaldian, San Prudentzio kalean. Inauguratu zenetik 30 urtera, eta entitatearen 80. urteurrenarekin bat, jendearentzako instalazio moderno eta inklusiboagoak ireki dituzte. Egin dituzten irisgarritasun hobekuntzek mesede egingo diete erakundeak Araban dituen ehun langileei zein 570 kideei.

Alkateak zorionak eman dizkie egindako lanagatik, eta aurrera jarraitzera animatu ditu. “Beti saiatzen zarete hainbat balio etiko praktikan jartzen, hala nola zintzotasuna, elkartasuna eta dibertsitatearekiko arreta. Eskerrik asko egunero aukera-berdintasunaren alde lan egiteagatik. Zuei eta erakundeen laguntzari esker, hiria gero eta hobea da”, esan du alkateak instalazio berriak bisitatu aurretik.
 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:32

Aste honetan bizikletak kontrolatzeko kanpaina berezia egingo da

Gaur hasiko dira berriro Gasteizko Udaltzaingoko ‘bizipoliak’ zerbitzu ematen, udako denboraldiaren hasierarekin eta bizikletak kontrolatzeko kanpainarekin batera. Irailaren amaierara arte, udaltzainek pedalei eraginez zainduko dituzte herritarren segurtasuna eta trafikoa. Lau talde izango dira, eguneko lau txandetan banatuta. Orotara, 12 agente.

Mugikortasun iraunkorrarekin duen konpromisoari jarraituz, Udaltzaingoak berriro ere espazio publikoak zainduko ditu bereziki: parkeak, lorategiak, oinezkoen alderdiak, kirol esparruak eta bidegorriak. Helburuen artean bereziki nabarmentzen dira espazio publikoak zuzen erabiltzen irakastea; oinezko, txirrindulari eta gidarien arteko begirunea sustatzea, eta horien guztien jarrera arduragabeak eragoztea.

‘Bizipoliek’ arreta bereziz zainduko dute bizikletek gabezia larririk ez izatea, txirrindularien beren segurtasunari zein gainerako erabiltzaileei eragin baitiezaieke horrek. Informazio eta aholkularitza lan garrantzitsua egingo dute, jabeek behar diren betekizunak bete ditzaten.

Horrekin lotuta, ekainaren 3ra arte (igandea) bizikletak kontrolatzeko kanpaina berezia egingo da, horiek gidatzearekin lotutako arau-hausteak bereziki kontuan hartuz: oinezkoen alderdietatik zirkulatzea, alderdi horietako ordutegia errespetatzea, 16 urtetik beherakoek nahitaez kaskoa erabiltzea, mugikorra eta entzungailuak erabiltzea eta, oro har, ezarritako arauak betetzea. Bidegorriak oztopatuz gelditzen edo aparkatzen diren motordun ibilgailuak ere zainduko dituzte.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:33

Aurrerantzean, Neska Txikik izenik gabeko pertsonaia izateari utziko dio; 2008an hasi zen Zeledon Txikiri laguntzen Andre Maria Zuriaren jaietan umeei eskaintzen zaien egunean. Partaidetza-prozesu bat egingo da izen propioa aukeratzeko, ekainaren 6an Haur eta Nerabeen Elkargunean amaituko dena.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok eta Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek plazaratu dute gaur berrikuntza, “baztertzerik ez genuen eskaera bihurtzen ari baitzen”. Gainera, Zeledon eta Neska Txikien jaitsiera tokiz aldatuko da, Andra Maria Zuriaren plazara, zabalagoa, seguruagoa eta erosoagoa baita. Jaitsieraren ondoren, San Migeleko balkoian agertuko dira bi pertsonaiak, Zeledonek abuztuaren 4an egiten duten ibilbidea egin ondoren.

“Andre Maria Zuriaren jaietan umeei eskaintzen zaien eguna oso ekitaldi garrantzitsua da, eta hobetzeko xedea genuen. Jaiak mugitzen diren ikurrak dira, urtez urte tradizioa eta berritasunak uztartzen dituztenak, eta beraz, urtetik urtera ere tradiziozko elementu batzuk desagertu egiten dira beste berritasun batzuei tokia egiteko“, azaldu du Estíbaliz Cantok.

Kultura Zerbitzuak proposatutako hiru izenen artean aukeratu beharko da Neska Txikiren izena: Blanca, Edurne eta Zuriñe. Haur eta Nerabeen Elkargunea osatzen duten foroak hasiak dira izenaz eztabaidatzen. Gasteizko Hogar San José, Zabalgana eta Santa Maria ikastetxeetako DBHko umeak ari dira izena aukeratzen, eta ekainaren 6an Elkargunera eramango dituzte botoak; banako umeek ere parte hartu ahalko dute, iritzia azaldu eta botoa eman.

Peio López de Munainek esan duenez, “izena haiek aukeratzea nahi izan dugu, jaien protagonista nagusiak direlako, eta Udalaren erabakietan gero eta inplikatuago egon daitezen nahi dugulako. Bidezkoa da entzutea eta haien  eskaerak kontuan izatea. Bidezkoa da gizartean duten papera eta protagonismoa ematea. Gainera, filosofia hori bat dator erakundearen izaera eta pentsaerarekin, eta Haurren Lagun den Hiria bihurtzeko asmoa duenarekin”.

 Bestetik, ostegunean jakingo da zein den 2018ko jaiak iragartzeko kartela; lehiaketara berrogeita bi proposamen aurkeztu dira.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak, Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:29

 

 

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaran alkateak eta Carlos Zapatero Herritarren Segurtasuneko zinegotziak astebete barru Gasteizko kaleetara praktikaldia egitera aterako diren hogeita hamar udaltzain berri inguru bisitatu dituzte

Gorka Urtaran alkateak eta Carlos Zapatero Herritarren Segurtasuneko zinegotziak ongi etorria eman diete udaltzain berriei, zeinek datorren astelehenean (ekainak 4) praktikaldia egitera aterako diren Gasteizko kaletara, karrerako funtzionario bihurtzeko prestakuntza-aldiko azken fasearen baitan.

Duela astebete lortu zuten 6 emakume eta 23 gizonezkoek Arkautiko akademiako egiaztagiriak. Jarraian, Agirrelandan hasi ziren, Udaltzaingoaren, Herritarren Segurtasuneko Sailaren eta Udalaren antolaketa eta egitura ezagutzeko.

Ongi etorria eman die alkateak, baina zorte on opatu ere. Gorka Urtaranek Udaltzaingoan jende gaztea sartzearen garrantzia azpimarratu du. “Hiri segurua da Gasteiz, estatistikek erakusten dutenez. Une honetan lehentasuna dute Udalngoarentzat genero-indarkeriak eta adingabeen unitateak”, esan du, adierazita bi horiek indartu egingo direla.

 

 

 

 

 

 

 

Urtaranek gogorarazi due “hiri moderno guztiak bezala, Gasteiz anitza eta plurala dela. Guztion ardura da bizikidetza eta beste jatorri batzuetatik datozenen integrazio bideratzea, betiere aniztasunean. Azkenik, alkateak eskatu die ez inoiz ahazteko “Gasteizko izenean arituko direla”.

Herritarren segurtasuneko zinegotzi Carlos Zapaterok ere ongi etorria eman die, bere ustean zalantza gabe “zirraragarria” den lanbide batera.

Kalera atera aurretiko fase horren xedea da udaltzainei lantoki berrian integratzen laguntzea, Polizia Judizialaren arloaren lanera hurbilaraziz (hortxe kokatzen dira Genero-Indarkeriaren eta Familia Barruko indarkeriaren Atala, eta baita Argiketa Atala ere), Herritarren Segurtasunaren Arloa (txanden edo komunikazio-sistemen funtzionamendua), eta Komunikazio eta Kudeaketa Arloa.

Patruilatzera atera aurretik, udaltzain berriak Herritarren Segurtasuneko Sailaren funtzionamendua eta suhiltzaileen zerbitzuarekin nahitaez izan beharreko koordinazioa ezagutzen ari dira. Egun hauetan prestakuntza jasotzen ari dira beste udal sail eta zerbitzuen eskuetatik; esaterako, gaur goizean datuen babesaren inguruan ari dira ikasten. Sindikoarekin, berriz, Udaltzaingoaren eta herritarren arteko harremanei buruzko prestakuntza jorratuko dute; Berdintasun Zerbitzuko langileekin, aldiz, berebiziko garrantzia egingo diete delitu homofoboei eta gorroto-delituei; eta Herritarren postontziko arduradunekin Datuak babesteko Lege Berriari buruz arituko dira.

Horrez gain, datozen bi asteetan udaltzain berrien akreditazio pertsonala izapidetuko da, armak eta horien baimen eta gidak banatuko zaizkie, eta txandak prestatuko dira, ekainaren 4ean kalean egon ahal izan daitezen. Orduan hasiko da karrerako funtzionario bihurtu aurretiko azken fasea, praktikaldia, zeinak, tutore batek ebaluatuko duelarik, urtebeteko iraupena izango duen.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:43

 

 

 

 

 

 

Sistemak hamahiru autobus elektriko izango ditu, edukiera handikoak (12 eta 18 metro), “abangoardistak eta berritzaileak, barrutik zein kanpotik”, Gorka Urtaran alkateak iragarri duenaren arabera

BEAk 10 kilometro eta 24 geltoki izango ditu noranzko bakoitzean

Espazio publikoan egitekoak diren esku-hartzeen barruan Esmaltazioen inguruan biribilgune handi bat aurreikusi da

Alkateak Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren inplikazioa nabarmendu du, lanen % 65 eta % 17,5 finantzatuko baitute, hurrenez hurren

Dossierra

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean iragarri duenez, Arabako hiriburuan autobus elektriko adimentsua (BEA) ezartzeko proiektua lehiaketara ateratzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, aparteko bilkuran. Garraio elektrikorako sistema moderno eta berritzaile hori hirian garatzeko aurrekontua 44.691.341,71 euro da, BEZa barne, eta honela finantzatuko da: Udalak % 17,5 jarriko du; Eusko Jaurlaritzak, % 65, eta Arabako Foru Aldundiak, % 17,5. Gasteizko alkateak eskertu egin du “erakundeen apustua“, Gasteizek “mugikortasun elektrikora eta 0 emisio izatera igarotzeko lanean jarrai dezan“, garraio publikoaren sistema eraginkor eta edukiera handiko baten bidez, zeinak hiriko auzo guztiak hobeto konektatuko dituen eta mugikortasun iraunkor eta osasungarria sustatuko duen. Proiektu osoa ezartzeko epea 65 aste izango da, kontratua esleitzen denez geroztik. Horren barruan sartzen dira proiektuen idazketa, behar den azpiegitura eraikitzea, BEAren errei esklusiboak urbanizatzeko espazio publikoan egin beharreko lanak, geltokiak eta dagokien ekipamendua jartzea, eta ibilgailuak ekoitzi eta martxan jartzea, baita mantentzea ere. Laburbilduz, autobus elektriko adimentsuaren sistema osoa ezartzea eta ondorengo funtzionamendu egokia bermatuko dira.

Autobus elektrikoak hiri autobusen oraingo 2. linean —2017an 3 milioi bidaiari izan zituen— emango du zerbitzu, eta TUVISA udal enpresak ustiatuko du. BEAk 10 kilometro eta zertxobait gehiago eta 24 geltoki izango ditu noranzko bakoitzean. Ibilgailuek diseinu abangoardista eta puntako teknologia izango dute, 8 minutuko maiztasunez ibiliko dira, ibilbidearen zati handi batean errei esklusiboetatik joango dira, bidegurutzeetako semaforoetan lehentasuna izango dute, eta hiriko leku garrantzitsuenetan emango dute zerbitzu: Txagorritxu ospitalea, Eusko Jaurlaritza eta Mendizorrotzeko futbol-zelaia.

Gasteizen 18 metroko luzera duten 7 autobus eta 12 metroko 6 ibiliko dira. Ibilgailuak  % 100 elektrikoak izango dira, eta teknologia berritzailekoak hainbat arlotan: erabiltzailearen esperientzia, informazioa, segurtasun-sistemak eta gidatzeko laguntza. Onetsitako baldintza-agiriak irekiak dira, lehiatzaileek irtenbide teknologiko eta estetika propioak aurkez ditzaten. “Ibilgailuen itxura berritzailea eta estetika modernoa balioetsiko dugu, baita puntako teknologia erabiltzea ere. BEAko ibilgailuak abangoardistak izatea nahi dugu, barrutik zein kanpotik”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak. Enpresa esleipendunak bi prototipo aurkeztu beharko ditu, bata modelo handiarena eta bestea txikiarena, eta Udalak horiek onartu beharko ditu ibilgailu guztiak egiten hasi aurretik.

Ibilgailu txikiek gutxienez 65 pertsona (21 eserita) hartzeko lekua izango dute, eta artikulatuek, berriz, gutxienez 100 pertsona (30 eserita). Gurpil aulkietarako hiru espazio ere eduki beharko dute, eta artikulatuek, haur-kotxeentzako aparteko lekua. Irisgarriagoak izan daitezen, autobus artikulatuek lau ate edukiko dituzte: bi aurrealdeko zatian, eta beste bi atzealdean. Oraingo autobus artikulatuek hiru ate dauzkate. Ateak labainkorrak izango dira, eta barrutik zein kanpotik irekitzeko botoia izango dute, tranbiak bezala. Denek balioko dute sartu zein irteteko, txartelak markesinetan balidatuko baitira.

Orobat, hiru led pantaila eramango dute, erabiltzaileek ibilbideei, aldaketei, itxarote-denborei, geltokiei eta abarri buruzko informazioa izan dezaten. USB kargagailuak ere jarriko dira erabiltzaileentzat, eta artikulatuek maletentzako kaiola ere izango dute. Gidarien kontsolak, berriz, ibilbideei buruzko informazioa denbora errealean emango dute, baita autobusaren alderdi teknikoei edo gerta daitezkeen gorabeherei buruzkoa ere, eta autobusaren kontrola erosoagoa izango da. Gidarien lan-baldintzak hobetzearren, ibilgailuek ekintza bandalikoen aurkako manpara eramango dute. Gidariari laguntzeko sistemaz hornitutako joango dira, gidatze automatikoz eta geltokira hurbiltzeko asistentziaz, zintarriaren eta ibilgailuaren distantzia txikiena izan dadin. Atzerako ispiluen ordez, kamerak izango dituzte.

Geltokiei dagokionez, alkateak azpimarratu du markesinak tranbiak dituenen antzekoak izango direla, estetika modernokoak; txartelak erosteko eta balidatzeko makinez gain, informazio multimedia eta denbora errealean eskainiko da. Hiru markesina mota izango dira: txikiak, arruntak eta handiak; azken horiek aurrez aurreko nasak izango dituzte, irisgarriagoak izango dira eta bi aldeetatik sartu ahalko da. Boulevard merkataritza guneko, autobus-geltokiko eta Mendizorrotzeko geltokietan BAT txartelak erosi ahalko dira txartelak saltzeko makinetan. Ibilgailuek karga azkarra lau minutuan egin ahal izateko sistema bat baliatuko dute, pantografo teknologiaren bidez, eta linea bakoitzean kargatzeko bi leku izango dira: Boulevardean eta Mendizorrotzean. Horretaz gain, karga nagusia kotxetegietan egingo da, gauez.

 

Obra zibila

Autobus elektriko adimentsua ezartzearekin batera, hainbat esku-hartze egin beharko dira espazio publikoan. Autobusek errei erreserbatuta batetik zirkulatuko dute, zeina 3,5 metro zabal izango baita, zatirik handienean, oraingo 2. linea periferikoa doan bidetik. Batzuetan, biribilguneak zeharkatuko dituzte, orain lorategi itxura duten lekuetatik. Esku-hartze handiagoak ere aurreikusi dira, esate baterako, Esmaltazioen inguruan, bi biribilgune batu eta biribilgune handi bat sortuko baita.

Gaingiroki, bederatzi tarte handi egin daitezke, ibilbidearen erlojuaren orratzen noranzkoan eta Esmaltazioak ingurutik abiatuta. BEA trafiko beste errailekin joango da Telefonikako rotondatik Jacinto Benaventera, baina preferentzia izango du. Beste ibilbidean, karril propioa izango du, bai Hegoaldean eta baita Mendebaldean ere.

  1. tartea. Esmaltazioetako biribilgunetik Unibertsitateetako geltokiraino. 1,3 kilometro. Leku horretan egingo da obra deigarrienetako bat. Oraingo bi biribilguneak itxura obalatuko batean elkartuko dira, eta BEA bertatik igaroko da. Geltokia ere biribilgunean jarriko da. Hortik Unibertsitateetako geltokiraino, BEAren bi erreiak elkarren ondoan joango dira, eta gainerako trafikoa errei bakarrera mugatuko da, batzuetan noranzkoa batean eta besteetan kontrakoan.
  1. tartea. Unibertsitateetatik Mendizorrotzeraino. 1,29 kilometro. BEAren erreiak batera joango dira erditik Lasarteko ateraino, eta gainerako trafikoa, bi alboetatik. Lasarteko ateko biribilgunetik Cervantes ibilbideko biribilguneraino, BEAren erreiak batera joango dira iparraldetik, eta gainerako erreiak hegoaldean utziko dira.
  2. tartea. Mendizorrotzetik Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearekiko bidegurutzeraino. 1,61 kilometro. Orain noranzko bakoitzeko bi errei dago, eta erdibitzaile bat ia zati osoan. Erdibitzailearen ondoko bi erreiak BEAren bi noranzkoetarako erabiliko dira, eta beste biak gainerako trafikorako utziko. Rosalia de Castro kalean izan ezik, BEA kanpoaldeko erreietatik joango da, hau da, mendebaldetik.
  3. tartea. Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaletik AUHko biribilguneraino. 0,67 kilometro. Bi erreiak batera joango dira Txagorritxuko biribilguneraino, eta han banatuko dira. Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalean hegoaldetik joango dira, espaloiaren ondotik. Geltokientzako erdibitzaile bat utziko da, eta iparraldeko zatian bi errei geratuko dira gainerako ibilgailuentzat, lerroko aparkalekuen ondoan. Leandro Viana kalean, BEAk kale osoa hartuko du, eta erdibitzaile margotu bat eta bizikletentzako bide bat ere jarriko dira. AUHaren aurrean, ekialderago dagoen erreia hartuko da —orain lerroko aparkalekuak daude— BEAren bi erreiak jartzeko.
  1. tartea. AUHko biribilgunetik Latinoamerikako biribilguneraino. 1,2 kilometro. AUHko biribilgunetik aurrera, BEAren erreiak oraingo galtzadaren albo banatan joango dira. Alegia, erdibitzailearen alboetan bi errei izango dira noranzko bakoitzean, eta hirugarren erreia kanpoaldean, BEAren bi noranzkoetarako. Donostia kalearekiko biribilgunetik aurrera, gainerako trafikoarentzako erreiak hiru izango dira Latinoamerika plazaraino. Txagorritxuko biribilgunean, berriz, trafiko arrunta barruko bi erreietatik joango da, eta kanpoaldeko hirugarrena BEArentzat izango da. Latinoamerikan, barruko hiru erreiak trafiko arruntarentzat izango dira, eta laugarren bat, kanpoaldetik, BEArentzat. Oraingo zebra-bideak eta bidegorriak ere berrantolatuko dira.
  1. tartea. Latinoamerikatik Kantabrikoaren hiribidearen eta Zaramaga kalearen arteko bidegurutzeraino. 0,84 kilometro. Erreien oraingo konfigurazioa utziko da. Izan ere, zati horretan badira autobusentzako errei esklusiboak.
  1. tartea. Kantabriko/Zaramaga bidegurutzetik Madril kalearen eta Jacinto Benavente kalearen arteko biribilguneraino. 2,41 kilometro. Erdibitzailearen zati bat kenduko da, eta zati batean BEArentzat errei esklusiboa seinaleztatuko da.
  1. tartea. Madril kalearen eta Jacinto Benavente kalearen arteko biribilgunetik Florida kalearekiko bidegurutzeraino. 0,57 kilometro. Gaur egun bi errei dago zirkulazioaren noranzko bakoitzean, erdibitzaile bat eta lerroko aparkalekuak bi ertzetan. Mendebaldeko erreiak trafiko arrunterako utziko dira, noranzko bakoitzean errei bakarra dutelarik, eta lerroko aparkalekuak ere utziko dira. Ekialdean, aparkalekuak kenduko dira, zabalera osoa BEAren bi erreientzat uzteko. Aragoi kalearen eta Jacinto Benavente kalearen arteko biribilgunearen erditik igaroko da BEA. Florida kaleko biribilgunean ere erditik igaroko da. Tartean dauden beste bi biribilgune mendebaldera aldatuko dira, eta eite obalatuko txikiagoak osatuko dira.
  1. tartea. Jacinto Benavente kalearen eta Florida kalearen arteko biribilgunetik Esmaltazioetaraino. 0,60 kilometro. Gaur egun noranzko bakoitzean bi errei daude, erdibitzaile batek banatuta, eta ertzetan, lerroko aparkalekuak. Barneko bi erreiak BEArentzat erabiliko dira.

Tarte horiek osatzeko behar diren esku-hartzeez gain, markesinak aldatzeko obrak egingo dira. Komunikazioei dagokienez, zuntz optikoko eraztun bat eraikiko da, BEAren geltoki guztiak TUVISAren kontrol-zentroarekin, Trafikoko kontrol-zentroarekin (semaforo lehentasuna kontrolatzeko) eta San Martineko udal bulegoekin lotzeko. Elektrizitate eta hornikuntza sareei ere eragingo die.

 

Hitzarmen berria

Alkateak gogorarazi du Udalak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatu dutela, Jaurlaritzak autobus elektriko adimentsuaren kotxetegien eta Latinoamerikako biribilgunearen eraikuntza-proiektuak finantzatu eta gauzatu ditzan. Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiarekin hilabete honetan sinatu den hitzarmenaren bidez, Eusko Jaurlaritzak 960.000 euro jartzeko konpromisoa hartu du.

“Esku-hartze horiek ahalbidetuko dute BEAren proiektua are hobea izatea. Erakundeen arteko koordinazioa funtsezkoa da lantzen ari garen mugikortasun-proiektuak bultzatzeko. Hala tranbia hegoalderantz eta Salbururantz luzatzeko nola autobus elektriko adimentsua ezartzeko. Hain zuzen ere, mugikortasun iraunkor, osasungarri eta elektrifikatuaren aldeko apustua da Udalak 2025erako sustatutako estrategiaren ildo nagusietako bat. Lehentasunezkoa da barruko zein kanpoko konexioak hobetzea, Gasteiz ongi konektatuta egon dadin barrurantz zein kanporantz. Helburu horixe dute aipatutako proiektuek, baita abiadura handiaren etorrerak, trenbidearen lurperatzeak, TUVISAren flota berritzeak edo Forondako aireportua sustatzeak ere”, nabarmendu du Gorka Urtaranek.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:47

Gasteizko Udalak Eraztun Berdeko Bizikleta Biraren 14. edizioa aurkeztu du gaur goizean; Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta Goiena mendi taldeak antolatzen dute. Aurten ekainaren 17an egingo da lehia-asmorik gabeko martxa, zeina aukera paregabea baita Eraztun Berdean barrena ibiltzeko. Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentrotik abiatuko da, 9.30ean, eta 14 urtetik gorakoek hartu ahalko dute parte. Dagoeneko eman daiteke izena, udalaren web-orrian eta Aldabe, Pilar, Hegoalde, Ibaiondo, Iparralde, Judimendi, Lakua eta Salburuko gizarte etxeetan. Lekuak mugatuak dira: 300. Prezioa 3 eurokoa izango da.

Parte-hartzaileen eta Goiena taldearen lanari esker egiten den jarduera guztiz sendotuta dago Udalaren ingurumen eskaintzan.“Kontzientziazioaren alorrean, funtsezko ekitaldia da, herritarren artean izaera ‘berdea’ eta ingurumenarekiko errespetua sendotzen laguntzen baitu. Gainera, kirola egin eta gure hiria deskubritzeko aukera paregabea da”, azaldu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi eta IGIko lehendakari Iñaki Prusillak. Prentsaurrekoa Goienako Javier Antunez koordinatzailearekin egin du.

Lehia-asmorik gabeko martxa tropelean egiten da, eta aukera paregabea da Eraztun Berdearen 31 kilometroak osatzeko.  Hauxe da Goienak koordinatu duen ibilbidea: Ataria-Salburua-Nebera gaina-Zubigarai-Olarizu-Gardelegi-Lasarte-Armentia-Zabalgana-Gobeu-Atxa-Abetxuku-Gamarra-Eskalmendi-Alegria ibaia-Ataria. Antolakuntzako kideak joango dira tropelaren hasieran eta bukaeran, nahitaezkoa izango da kaskoa erabiltzea eta bitan banatuko dira jan-edanak.  Parte hartzaileei opari bana emango zaie eta segurua izango dute.

INFO +

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:23

 Datorren asteazkenean, Maiatzaren 30ean, mahai-ingurua egingo da Gasteizen ‘Emakumeen jarduera politikoa eta errepresioa Gerra Zibilean’ izenburupean, emakumeen egunerokotasuna, errepresioa eta jarduera politikoa aztertzeko.

Hizlariak Amaia Kowasch, ‘Sareak ehotzen’ liburuaren egilea, Maria Losada, EHUko ikerlaria, eta Josu Txueka dira, irakasle titularra EHUko Historia Garaikideko Departamentuan. Mahai-ingurua maiatzaren 30ean izango da, 19:00an, Dendarabako Vital Fundazioaren aretoan.

Álava Sarea. Emakume ikusezinak, elkartasuna eta espioitza. 1936-1947’

Emakumeak eta Gerra Zibila ardatz hartuta hil honetan Gasteizen egingo den bigarren mahai ingurua da hau, ‘Álava Sarea. Emakume ikusezinak, elkartasuna eta espioitza. 1936-1947’ erakusketaren harira, Eusko Jaurlaritzako Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Institutuak, Gogorak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak antolatuta, beste hainbat erakunderekin lankidetzan.

Lehenengo mahai-ingurua maiatzaren 15ean egin zen, Álava Sarea hizketa-gai hartuta, Begoña Bilbao Bilbao, Gurutze Ezkurdia Arteaga eta Karmele Perez Urraza EHUko irakasleak eta sare honetako protagonisten ikerlariak hizlari zirela.

Ekimen honen bitartez, emakumeek egoera beldurgarri hartan bizi izan zutena ezagutzera eman nahi da eta, batez ere, emakumeek gerran jokatu zuten paperaren balioa azpimarratu, ez bakarrik biktima bezala, baizik eta elementu aktibo bezala.

Share