Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  3 maiatza 2018 17:00

– The Singular Store denda ibiltariaren proiektua aurkeztea, tokiko merkataritzari laguntzeko kanpainaren barruan.

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea; Cristina González, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren diputatua; Juan Emilio Andrades, Eusko Jaurlaritzako Merkataritzako zuzendaria, eta tokiko merkataritzaren ordezkariak.

Eguna: ostirala, maiatzak 4.

Ordua: 10:00.

Lekua: Andre Maria Zuriaren plaza.

———————————————————-

– Alkatearen prentsaurrekoa

Alkateak Tokiko Gobernu Batzarrean landutako gaien eta Udalarekin lotutako beste gai batzuen berri emango du.

Parte-hartzailea: Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea.

Eguna: ostirala, maiatzak 4.

Ordua: 11.00.

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoa.

————————————————————

– “Residentes IRUDIKA 18” erakusketaren inaugurazioa.

Parte-hartzailea: Nerea Melgosa, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzia.

Eguna: ostirala, maiatzak 4.

Ordua: 18:30

Lekua: Montehermoso kulturunea.

———————————————————-

– EHUko Arte Ederretako fakultateak eta Montehermosok erakusketak antolatzeko egiten duten deialdiaren bost urteak oroitzeko katalogoaren aurkezpena, eta mahai-ingurua.

Parte-hartzaileak: Estibaliz Canto, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia; Arantza Lauzirika, Arte Ederretako fakultateko dekanoa, eta argitalpenaren koordinatzaileak eta aurreko edizioetako komisarioak.

Eguna: ostirala, maiatzak 4.

Ordua: 18.30.

Lekua: Montehermoso kulturunea.

*19:00etan gaiari buruzko mahai-ingurua egingo da, parte-hartzaile hauekin: Sonia Fernández Pan, Aimar Arriola, Alberto Díez eta Munts Brunet (moderatzailea).

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:58

AUDIOA

2018ko urtarrilean luzamendua eskatu zuen, araudi berriaren zirriborroaz baliatu litezkeen kasuetara mugatuta

Gasteizen erregistratutako apartamentu turistikoei aplikatzekoak diren neurriak geroratzeko eskatu dio Udalak Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza Sailari, hirirako araudi berria tramitatzen den arte.

“Fenomeno berria arautzeko beharra beste hiriburu batzuetan premiazkoagoa  den egoera bati erantzuteko sortu zen, zeinak Gasteizi ez baitio neurri berean eragiten. Hala ere, Udalean jarduera hori hirian arautzeko konpromisoa partekatu genuen, eta geure gain hartu, 2017ko irailean sinatutako lankidetza-protokoloaren bidez. Horrekin bat eginez, otsailaren 2an jarri genuen martxan araudi berriaren tramitazioa, eta orain lantzen ari da. Dena dela, beti defendatu dugu prozesuak ez diela erregistratutako etxebizitzei eragin behar, araudi berria onesten ez den bitartean”, gogorarazi du Hirigintzako zinegotzi Itziar Gonzalok.

Horrekin lotuta, gogora ekarri du 2018ko urtarrilaren 22an Hirigintzako zuzendariak luzamendua eskatu ziola Eusko Jaurlaritzako Turismoko zuzendariari, zehazki, Gasteizko bizitegietako eraikinetako lehen solairuetan erregistratutako etxebizitza turistikoei aplikagarri zaizkien neurriak geroratzeko, kasu horiek jasota baitaude orain izapidetzen ari den Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeko proposamenean. Eskaera hori ez zen aintzat hartu, beraz, Udalak berritu egin du, baina kasu guztietara zabalduta, araudi berriak zein eragin izan dezakeen ikusi arte.

Udalek dute fenomeno berria Euskadin arautzeko eskumena. Gasteizen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak arautzen ditu alderdi horiek, eta oraingo idazketaren arabera, apartamentu turistikoak debekatuta daude aspalditik. Hain zuzen ere, 2003tik indarrean dagoen HAPOak (une honetan berrikusten ari da) hau dio hitzez hitz: “Erabilera honetatik [ostatu-erabilera] kanpo geldituko dira berariaz apartamentu turistikoak edo antzekoak, eta debekatua dago erabilera hori Gasteizko udalerrian”.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:34

 

Gainera, gogorarazten du dagoeneko eman daitekeela izena 2018-2019 ikasturterako, maiatzaren 20ra arte

Dantza plazan 2018

Udal Folklore Akademiak Dantza Plazan programaren berri eman du gaur, zeinaren bidez aldez aurretik landutakoa hiriko zenbait plazatan erakusten baitu Akademiak.  Bihar hasiko da, Espainia plazan, 20:00etan, eta irailaren 7ra arte iraungo du; orotara 15 saio izango dira.

“Folklore tradizionalaren azaroetako bat praktikatu ahal izatea da, hain zuzen. Folklorearen bizipena berreskuratzeko eredu bat proposatu behar da; gure kasuan Dantza Plazan izeneko jardueraren bitartez gauzatzen da hori, non ikasleek eskoletan ikasitakoa praktikatu baitezakete“, adierazi du Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok.

Dantza Plazan jardueraren xedea dantzaren eta musikaren zentzu ludikoa berreskuratzea da, zeina naturaltasunez ulertu behar baita, ez jantzi eta ez koreografia bereziren beharrik gabe, hartara herriaren adierazpen folklorikoen jatorrizko espiritua berreskuratzeko.

Herritarrei irekitako ikuskizuna da, euskal dantza tradizionalen ikusle eta, aldi berean, partaide izateko aukera eskaini nahi baitzaie herritarrei. Nagusiki pedagogikoa da Dantza Plazan jarduera, Akademiako dantzako irakasleek aktiboki hartzen baitute parte, koreografien pausuak azalduz.

Kalean egiteko jarduera denez gero, udaberri-uda denboraldian programatzen da. Espainia plazan egingo da dantzaldia, hiru salbuespenekin: ekainaren 22an, Sefarad plazan izango da, Judimendiko jaiak direla eta; Andre Maria Zuriaren jaietan, Aihotz plazan, eta irailaren 7an, Atariaren ondoan, Salburuko hezeguneak interpretatzeko zentroarekiko lankidetzan.

2017-2018 ikasturterako izen ematea

Bestetik, maiatzaren 1etik 20ra bitartean egongo da zabalik Udalaren Folklore Akademian 2018-2019 ikasturterako izena aurretiaz emateko epea. Hauek dira onartuak izateko adinak: Dantza ikasteko, 2012ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoak; Musika Hastapenetarako, 2011n jaiotakoak, eta gainerako ikasgaietarako, 2010eko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoak. Eskolanian parte hartzeko, berriz, 2001eko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoak, eta Kantu Tradizionalean, 18 urtetik gorakoak.

Folklore Akademiako idazkaritzan eman daiteke izena (Musika Etxea, San Antonio kalea, 14), 10.30etik 13.30era eta 17.00etatik 19.30era, astelehenetik ostiralera (ostiral arratsaldetan izan ezik), edowww.vitoria-gasteiz.org web-orrian.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:28

 

 

 

 

 

 

Gaur arratsaldean feria egingo da Olarizu aretoan, eta 30 entitatek baino gehiagok informazioa, lantegiak eta jarduerak eskainiko dituzte

Gorka Urtaran alkateak “Construyendo Ciudades Jóvenes-Gasteiz Gaztea Eraikitzen” jardunaldiak inauguratu ditu gaur goizean; gaur eta bihar, estatu osoko gazteriaren arloko aditu, profesional eta eragileek gazteei hainbat esparrutatik ematen zaizkien erantzunak aztertuko dituzte.

Hitzaldi eta lantegiez gain, gaur arratsaldean feria egingo da Olarizu aretoan, eta 30 entitatek baino gehiagok informazioa, lantegiak eta jarduerak eskainiko dituzte.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:24

Urtarriletik martxora bitartean, sexu eraso eta abusuengatiko salaketak % 64,71 jaitsi dira

 2018ko urtarriletik martxora bitartean, Udaltzaingoak 1.548 delitu erregistratu ditu, hau da, iazko epe berean baino % 2,95 salaketa gutxiago. Nabarmendu beharra dago sexu-askatasunaren kontrako delituak % 64,71 jaitsi direla lehen hiru hilabete horietan, eta genero-indarkeria eta etxeko indarkeriatzat jotakoak, berriz, % 22,62.

Udaltzaingoaren balantzearen arabera, lehen hiruhilekoan sexu-askatasunaren kontrako 6 delitu erregistratu dira (iaz 17 izan ziren); etxeko indarkeriarekin lotutako 17 kasu (2017ko 22 kasuen aldean), eta genero-indarkeriagatiko 48 salaketa (iaz, 62).

Bizikleta-lapurreta nabarmen gutxitu da (-% 27,60), 2017an 221 bizikleta lapurtu baitziren, eta aurten, 160, Udaltzaingoak dakiela. Ondarearen kontrako  delituak, ordea, handitu egin dira, Agirrelandan 56 kasu gehiago erregistratu baitira.

Salaketen kopurua jaitsi egin da 17 auzotan, eta 13tan, igo. Lehenengoan artean Ariznabarra nabarmentzen da, 16 salaketa gutxiago jarri baitira, eta ondoren, Lovaina (-15), Salburua (-15) eta Alde Zaharra (-14). Beste hauetan handitu egin da kopurua: Koroatzea (+27), Babesgabetuak (+20) eta Zabalgana (+19)

Delitu horiekin lotuta, Udaltzaingoak 58 pertsona atxilotu zituen, eta 390 ikertu.

Bide-segurtasunaren arloko delituei dagokienez, 2017an baino 19 gehiago zenbatu dira: 2017an, 96 izan ziren, eta aurten, 115.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:45

 

 

 

 

 

 

 

 

  • Udalak eta Arabako Foru Aldundiak indarrak batu dituzte, lurraldea filmaketen agertoki gisa promozionatzeko
  • Vitoria-Gasteiz Film Office-k ikus-entzunezko 34 proiekturi eman zien zerbitzu iaz, eta horien artean nabarmenenak “Errementari” eta “Vitoria 3 de marzo” film luzeak izan ziren
  • 2017an, hainbat lekutako enpresek (Madril, Bartzelonako, Erresuma Batua, Estatu Batuak eta Argentina) agertu zuten Araban filmatzeko interesa

Ikus-entzunezkoen industria indarra hartzen ari da Gasteizen eta Araban,  eta horren froga da Film Office-ren 2017ko jardueraren balantzea, zeina Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak eta Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren diputatu Pilar García de Salazarrek aurkeztu baitute gaur goizean. Kopuru nabarmengarrienen artean aipa daiteke bulegoak ikus-entzunezko 34 proiekturekin  egin zuela lan iaz. Horietako 19rekin, filmaketen kudeaketa osoa eta ekoizpenean laguntzeko lanak egin ziren. Gainerako 15 proiektuetan, bestelako lanak egin dira: aholkularitza, informazioa, kokalekuen bilaketa eta bertako profesionalen bilaketa.

Urte handia bertan ekoitzitako zinemarentzat

2017an Film Office-ren zerbitzuez baliatu ziren ekoizpenen artean “Errementari (El herrero y el diablo)” eta “Vitoria 3 de Marzo” film luzeak ditugu. Paul Urkijok zuzenduriko “Errementari” Araban filmatzen eman zuten hilabetean 700.000 euroko inbertsioa egin zuten langile-gastuak, zerbitzuen kontratazioa, publizitatea, zergak eta ostatu eta mantenu gastuak kontuan hartuta. Sektorean izan duen inpaktuari lurraldea lehen mailako ekoizpen baten agertokia izateagatik ezagutzeak dakarren itzulera ekonomikoa gehitu beharko litzaioke, proiektuak oihartzuna lortu baitu komunikabide ugaritan, eta 15 jaialditan aurkeztu baita. Tokiko ekoizpen hori —oraindik proiektatzen ari da— 190 herrialdetan saldu da, eta merkataritza zirkuitua amaitzen duenerako milioika pertsonak ikusia izango dutela jotzen da. Bestetik, “Errementari” erronka teknologikoa izan da fantasiazko pertsonaiak sortzeko garaian, eta horretarako, besteak beste, Arabako Teknologia Parkeko baliabideak erabili dira.

Victor Cabacorenl ehen film luzea, “Vitoria 3 de marzo”, urrian eta azaroan grabatu zen, eta ia mila gasteiztarrek parte hartu zuten estra gisa. Proiektu horrek tokiko ekoiztetxeei, ekipo teknikoei eta aktoreei eman die lan.

Gogoan izan behar da, halaber, bertako zinemaren beste arrakastetako batek, “Handia” filmak, zeinak 10 Goya sari eta beste batzuk ere irabazi baititu, Film Office-ren laguntza izan zuela 2016an, Errementari kalea, Jesusen Zerbitzarien Fundatzailearen kalea eta Doña Otxanda dorrea kokapen historikotzat erabiltzeko.

Askotariko ekoizpenentzako laguntza

Film luzeak egiten laguntzeaz gain, Vitoria-Gasteiz Film Office-k bestelako lanak egiteko sostengua eman zuen 2017an: sei iragarki, hiru dokumental, lau film labur, eta hainbat telebista saio, bideoklip eta erreportaje. Tokiko ekoiztetxeekin ez ezik, beste leku batzuetako enpresekin ere egin dute lan: Madril, Bartzelona, Erresuma Batua, Belgika, Polonia, Brasil, Estatu Batuak eta Argentina.

“Hauxe azpimarratu nahi dugu: Araba eta Gasteiz pisua hartzen ari dira ikus-entzunezkoen produkzioak egiteko agertoki erakargarri gisa. Film Office berriro abiaraztean ezarritako helburu nagusietako bat izan zen hori, eta gure lurraldeak gero eta interes handiagoa sortzen duela esan dezakegu”, adierazi du Nerea Melgosak.

Vitoria-Gasteiz, The scene connection

Tokiko industriari laguntzeaz eta lurraldean filmaketak sustatzeaz gain, 2018an ere Gasteiz eta Arabara ikus-entzunezko ekoizpen berriak erakartzen saiatzen ari da Film Office, enplegua sortzeko eta eragin ekonomiko, turistiko eta mediatikoa lortzeko xedez. Horretarako, merkataritza misioak egiten ari dira zenbait merkatutara, esaterako, European Film Market-era (otsailean Berlinaleren barruan egin zen). Datozen egunetan, Canneseko jaialdiaren barruan europar industriak izaten duen hitzordu handietako batera ere joango dira: Marché International du Film. Aldi berean, alderantzizko merkataritza misioak jarri dira abian, adibidez, duela gutxi FesTValen eskutik egindako negozio bidaia, zeinaren bidez Madril eta Bartzelonako ekoiztetxe batzuek Arabako zenbait leku bisitatu baitituzte, etorkizuneko proiektuetarako agertokien bila.

Ildo horretatik, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak “Vitoria-Gasteiz, The scene connecion” proiektua jarri zuten martxan: Forondako aireportuarekin lotura duten helmugetan —eta Madrilen— lurraldea filmen edo publizitate lanen plato gisa sustatzeko zenbait ekintza hartzen ditu barne.

Helmugetako bakoitzean ekoiztetxe interesgarrienak aurkitu ondoren, lehen kontaktuak egin dira lurraldea filmatzeko erakargarri gerta dakiekeen ekoizpen edo publizitate enpresekin, bertako lekuen potentziala erakusten duen material erakargarriaren bitartez.

Gaur egun, Madril, Sevilla, Tenerife, Colonia eta Bergamoko enpresen direktorio xehea dugu, zeinei helmugaren aurkezpen orokorra helarazi baitzaie Newsletter formatuan, baita Vitoria-Gastez Film Office-ren berariazko informazioa eta bertako ikus-entzunezkoen sektoreari buruzko datu jakingarriak ere. Aldi berean, Tenerifeko Film Comission-ekiko lankidetza-hitzarmena landu da, Gasteiz eta Araba filmatzeko helmuga osagarritzat proposatu ditzaten.

“Garrantzitsua da ditugun sinergiak baliatzea Arabaren eta Gasteizen eskaintza munduan sustatzeko. Lehen urrats garrantzitsua da, gure mugak are gehiago irekitzeko zain gauden bitartean, edo gure merkataritza misioek emaitzak ematen hasi aurretik”, azpimarratu du Pilar García de Salazarrek.

Lurraldea promozionatzeko eduki digital berriak

Turismo promoziorako 360º-ko ikuspegiak digitalizatuta dituzten kokapenak oinarritzat hartuta, katalogo hori handitu egin da, ikus-entzunezkoen ekoizpenerako interesa izan dezaketen kokalekuak aintzat hartuz. Zehazki, Gasteizko 22 kokapenetako 360º-ko ikuspegiak txertatu dira Film Office-ren web-orrian, baita Arabako beste 13 lekutakoak ere, besteak beste, Gatz Harana, Arabako Errioxa eta Santa Katalina lorategiak.

Orobat, Gasteizko Erdi Aroko hirigunearen eta urtegien airetiko 360º-ko ikuspegiak sartu dira Film Office-ren web-orrian.

Ikus-entzunezkoen ekoizpenerako lehen laguntza-deialdia

Ikus-entzunezkoen industriari eskainitako laguntzaren mugarri garrantzitsua izan da Gasteizko Udalak sektoreari laguntza ekonomikoak emateko lehen deialdia, Film Officek kudeatu duena.

Orotara 32 eskabide jaso ziren, eta 11 laguntza ekonomiko eman: hiru, proiektuak garatzeko laguntzen modalitatean; hiru, film luzeak ekoizten laguntzeko; beste hiru, film laburrak ekoizteko, eta bi, film luzeen gidoiak idazteko.

Diruz lagundutako ekoizpenetako bi dagoeneko estreinatu dira zine-aretoetan, eta beste hiruren filmaketa dagoeneko bukatua da.

Garrantzitsua da ditugun sinergiak baliatzea Arabaren eta Gasteizen eskaintza munduan sustatzeko. Lehen urrats garrantzitsua da, gure mugak are gehiago irekitzeko zain gauden bitartean, edo gure merkataritza misioek emaitzak ematen hasi aurretik.

+INFO: web orrialdea

Share