Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  21 maiatza 2018 17:00

Prentsaurrekoa. Arabako Pintxoaren V. Aste Nagusia aurkeztea

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa; Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioko diputatu Cristina González; Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo zuzendari Maider Echevarría; eta Miniature Experienceko Rubén González

Eguna. Asteartea, maiatzak 22

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:58

 

 

 

 

 

 

Gaur goizean, egiaztagutunak banatu zaizkie ekainaren 4tik aurrera Gasteizko kaleetan zerbitzu emango duten 29 udaltzain berriei, Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian. 32 lanpostu betetzeko udal gobernuak iaz deitu zuen LEParen barruan sartu dira horiek; laster 28 leku betetzeko beste deialdi bat egingo da.

Segurtasunaren sailburu Estefanía Beltrán de Heredia izan da buru diplomen banaketan, eta bertan izan dira Itziar Gonzalo alkateordea eta Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapatero, baita beste udal batzuetako ordezkariak ere, haien zerbitzuko udaltzainek ere prestakuntza burutu baitute.

Itziar Gonzalok zorionak eman dizkie agente berriei, “prestakuntza-prozesua arrakastaz gainditu dutelako”, eta “Gasteiz hiri segurua” dela azpimarratu du. “Azken estatistiken arabera, poliziaren eraginkortasuna hobetu egin da, baina badugu zer hobetu, besteak beste, delinkuentzia era berrien kontrako borroka”.

Langile berriekin, Herritarren Segurtasunaren Sailak “aurerra egin ahalko du Udaltzaingoaren Zerbitzua modernizatzen eta hobetzen, hori baita agintaldi honetarako ezarritako helburua. Agente gehiago edukita, hainbat arlo indartzen jarraitu ahalko dugu, Genero Indarkeriaren Atala, esaterako, eta beste batzuk martxan jarri, Adingabeen Taldea, kasu”, esan du Carlos Zapatero zinegotziak.

Udaltzaingoaren promozio berria bihar hasiko da lanean Agirrelandan, eta bi astez harrera plana beteko dute. Fase horretan, Udaltzaingoaren, Herritarren Segurtasunaren Sailaren eta Udalaren egitura eta antolakuntza ezagutuko dituzte.

Agenteei destino berrian egoki integratzen laguntzea da helburua, hainbat alderdi azalduz: Polizia Judizialaren arloak egiten duen lana, genero-indarkeriaren eta familia barruko indarkeriaren atalak eta atestatu atala barne; Herritarren Segurtasunaren arloa, txanden eta komunikazio sistemen funtzionamenduarekin batera, eta Komunikazio eta Kudeaketa arloa.

Patruilatzen hasi aurretik, Herritarren Segurtasunaren Sailaren funtzionamendua ezagutuko dute, eta Suhiltzaileen Zerbitzuarekiko ezinbestekoa lankidetza. Beste udal zerbitzu eta sailen prestakuntza ere jasoko dute. Esate baterako, Sindikoak Poliziaren eta herritarren harremanen berri emango die, Berdintasun Zerbitzuko teknikariek delitu homofoboen eta gorroto delituen tratamendua azpimarratuko dute, eta Herritarren Postontziaren arduradunek Datuak Babesteko Lege berria aztertuko dute.

Harrera planak hamabost egun irauten du; bitartean, agente berrien akreditazio pertsonalak tramitatuko dira, dagokien arma banatuko zaie, lizentzia eta gidez lagundurik, eta txandatan banatuko dituzte, ekainaren 4tik aurrera kalera irten daitezen. Orduan karrerako funtzionario bihurtu aurreko azken fasea hasiko da: praktika aldia, urtebetez, zeina tutore batek ebaluatuko baitu.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:34

 

 

  • Nerea Melgosa eta Marian Olabarrietak aurkeztu dute doako prestakuntza programa, azken hiru urtean 86 zaintzaile profesionali arreta soziosanitarioko ziurtagiri ofiziala eskuratzeko bide eman diena

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak ondoz ondoko laugarren urtez bultzatuko dute mendetasuna dutenei beren etxean arreta eman diezaieketen laguntzaile pertsonal profesionalak prestatzeko programa. Bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmenaren helburua da arlo hau dinamizatzea eta profesionalizatzea, lan aukera eta lanpostu berriak sortzea Arabako Lurralde Historikoan, eta  mendetasuna dutenen familiei asistentzia egokia eman ahal izatea. Hitzarmenaren ondorioz, aurten eremu honetako prestakuntza lortzea ahalbideratuko zaie 30 pertsonari.

Lankidetza hau 2015ean hasi zenetik gaur egun arte, 7 ikastaro osatu dira, 120 plaza eskaini dituztenak, eta guztira 86 pertsonak (emakumeak gehienak) lortu dute ziurtagiria, ofiziala eta Estatuaren lurralde osoan balioa duena.

Nerea Melgosak, Gasteizko Udaleko Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotziak eta Marian Olabarrietak, Gizarte Zerbitzuen Saileko foru diputatuak, gaur goizean aurkeztu dute programa. Horren helburua da, prestakuntza aldia bukatutakoan, zaintzaileek mendeko pertsonentzako etxeko arreta soziosanitarioko profesionaltasun ziurtagiria lortu ahal izatea, Lanbidek ematen duena.

Arabako Foru Aldundiaren laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa (LPPE) jasotzen duten mendeko pertsonen laguntzaile pertsonal moduan lan egitea ahalbideratzen duten tituluetako bat da. Laguntzaile pertsonalen kontratazioak eragiten dituen gastuak ordaintzen laguntzen du prestazio horrek. Laguntzaile horiek ikasketak egiten edo laneratzen laguntzen diete mendetasuna duten pertsonei, edo beraien eguneroko bizitzaren oinarrizko jarduerak egiteko autonomia handitzen.

Araban LPPE jasotzen duten pertsonen kopuruak gora egin du nabarmen. Azken hiru urteetan, Arabako Foru Aldundia LPPE motako 95 prestazio ematetik 170 ematera iritsi da. Aurreikusten da gero eta mendeko pertsona gehiagok eskatuko dutela laguntza mota hori eta, beraz, beharrezkoa izango da pertsona horiei etxean arreta ematen dieten profesionalek prestakuntza izatea eta ziurtagiria eskuratzea.

Zaintzaileek prestakuntza egiaztatu ahal izateko epea 2022an amaituko da eta, hortaz, profesional horien prestakuntza beharrizanei erantzuteko, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak doako trebakuntza eskaintzen dute, prestakuntza ikastegiek egiten dutenaren alternatiboa.

Arabako erakundeek ia 63.00 euro bideratuko dituzte programa honetara

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak erdi bana finantzaturik, aurten guztira 63.000 euro ematen baitute proiekturako, maiatz honetan hasiko dira ikastaroak. Horregatik, parte hartuko dutenak aukeratzeko prozesua dagoeneko amaituta dago.

Programaren aurkezpenean, Marian Olabarrieta foru diputatuak baieztatu du foru erakundearen iritzian oso garrantzitsua dela “prestakuntza proiektu hau, zeren eta lanbide gaitasun horiek eskuratzeari esker, gero eta mendeko pertsona eta familia gehiagok kontratatu ahal izango baitituzte beren etxean bizi diren bitartean bizi kalitatea hobetzen lagunduko dieten laguntzaile pertsonalak. Horixe da, hain zuzen ere, Arabako Foru Aldundi honek gizarte zerbitzuen arloan dituen gobernu ardatzetako bat –azaldu du–, erraztasunak ematea mendetasuna duten pertsonek, adintsuak nahiz desgaituak direla, beren etxean bizitzen jarraitu ahal izan dezaten ahalik eta denbora gehienaz eta kalitate hobereneko arretaz, nahi duten bezala.”

Nerea Melgosa zinegotziak, bere aldetik, azpimarratu du mendeko pertsona adintsuentzako arreta prestakuntza politikak espezializatu behar diren enplegu-hobietako bat dela. ”Begi bistakoa da adineko jendearen ugaritzeak lan eskari handia sortzen duela zaintzaren alorrean. Nahi dugu zeregin horretan lan egiten duten edo lan egin nahi duten pertsonen lanbide profila ahalik eta hoberena izatea, eta horregatik prestakuntza eta kontratazioa bateratzen dituzten ikastaroak eskaintzen ditugu, ikuspuntu praktikorik onenaren bila, eta haien lanaren helburua de gizataldearen beharrizanetara egokituz.”

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:02

 

Herritar elkarrizketa V_G

 

-Gasteizen egiten den horrelako lehen hitzordua izango da, eta maiatzaren 24an egingo da, Europa jauregian, Aste Berdearen barruan

– Hiri iraunkorrak, etorkizuna berdeagoa izan dadin, eta Europaren etorkizuna dira herritarrei irekitako elkarrizketaren gaiak, zeina Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendariak moderatuko baitu

Ostegunean, maiatzak 24, Europako Batzordeak hirian antolatzen duen lehen herritar elkarrizketa egingo da Gasteizen, kontinente osoan egitekoa den Aste Berdearen barruan. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta EBko Ingurumeneko zuzendari nagusi Daniel Callejak hartuko dute parte herritarrei irekitako eztabaidan, eta Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendari Mikel Antón moderatzaile arituko da. Hiri iraunkorrak, etorkizuna berdeagoa izan dadin, eta Europaren etorkizuna bera dira elkarrizketaren gaiak; goizeko 10etatik 12etara izango da, eta parte hartu nahi dutenek izena emateko formulario erraz bat bete beharko dute. Esteka honetan egin dezakete: https://www.vitoria-gasteiz.org/j31-01w/formularioViewer/create?lang=es&locale=es&idioma=es&formularioId=259

Gasteizen herritar elkarrizketa egiten den lehenengo aldia da. Juncker presidentearen gobernuak sortu zuen topaketa formatu berri hori, europar erakundeak herritarrei hurbiltzeko eta Batzordeak abiarazten dituen politikak haiekin partekatzeko. Oraingo honetan Gasteiz aukeratu dute, Europako Aste Berdearen beste edizio baten karietara.

Udalak elkarrizketan aktiboki parte hartzera animatzen ditu herritarrak, zuzentarau berriak eta europar erakundeek kontinente zaharraren etorkizun berdeaz duten ikuspuntua gertuagotik ezagutzeko bide emango baitu. 2015ean sortu zirenetik 90.000 europarrek baino gehiagok hartu dute parte zuzenean herritar elkarrizketaren batean; 500etik gora egin dira dagoeneko. Espainian iaz hasi ziren horrelako ekitaldiak egiten.

Herritar elkarrizketa Europako Aste Berdearen barruan hirian antolatutako jardueren barruan sartzen da, baita Eraztun Berdearen 25. urteurrena ospatzeko jardueren barruan ere. “Luxua da Ingurumeneko zuzendari nagusia gurekin izatea, eta alkateak harekin eta herritarrekin hitz egin ahal izatea Europak aurre egin behar dien ingurumen aurrerapen eta erronkei buruz. Hori dela eta, herritarrei aktiboki parte hartzeko eskatzen diegu”, azaldu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:20


 

Gasteizko Udalak Elxeko udaleko ordezkariak hartu ditu gaur goizean. Elxek Green Capital izan nahi du. Itziar Gonzalo alkateordeak, Ingurumen eta Espazio Publikoko zinegotzi Iñaki Prusillak eta udaleko teknikariek hartu dute parte Alacanteko udalekoei, Carlos Gonzalez alkatea buru zutela, egindako harreran. Udaletxeko bileraz gain, bisitariek Eraztun Berdea ezagutuko dute – Ataria-Salburuko Hezeguneak Interpretatzeko Zentrotik abiatuta–, eta hiriko plan estrategikoei buruzko bilera teknikoa izango dute, ingurumenaren arloko plangintzarekin zerikusia duten planei buruz,  bereziki.

Izan ere, Gasteizek 2012ko European Green Capital gisa izan duen esperientzia izan da topaketako gai nagusietako bat. Elxeko udalak hainbat hilabete daramatza lanean, datozen urteetan Alacanteko hiria Europako Hiriburu Berdea izan dadin, eta hori dela eta, bertatik bertara ezagutu nahi izan dituzte hautagaitza aurkezteko eta herritarren laguntzarako prozesuarekin lotutako alderdiak.

Share