Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 maiatza 2018 17:00

– Samaniego eskolaniaren 50. urteurrena

Urteurren hori ospatzeko programatutako ekitaldiez informatzeko prentsaurrekoa.
Parte-hartzaileak: Cristina Arguijo, zuzendaria; Joseba Itzal, guraso elkartearen arduraduna; Enrike Ruiz de Gordoa, ekitaldiaren aurkezlea; Clara Perea, Marta Larreina, Joseba Piérola eta María Piérola, abesbatzako kideak.

Eguna: Maiatzak 7, astelehena.

Ordua: 11.00.

Lekua: Principal antzokia.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

– Luis Álava Sautu jaunaren fusilamenduaren 75. urteurrena: “Araba Sarea, In Memoriam”

Parte-hartzaileak: alkatea, Gorka Urtaran; lehendakaria, Iñigo Urkullu; Eusko Legebiltzarraren lehendakaria, Bakartxo Tejería; diputatu nagusia, Ramiro González; Arabako Batzar Nagusien lehendakaria, Pedro Elosegi.

– “Araba Sarea, In Memoriam” erakunde ekitaldia.

Eguna: larunbata, maiatzak 5.

Ordua: 10.00.

Lekua: Senda ibilbidea, Zulueta jauregiaren aurrean.

– “Red Álava. La red de mujeres invisibles, 1936-1947” dokumentalaren aurkezpena eta  erakusketaren inaugurazioa.

Eguna: larunbata, maiatzak 5.

Ordua: 11.00.

Lekua: Dendaraba: Araba aretoa (Bake kalea, 5-1).

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:30

Maiatzak 4, ostirala

Gorka Urtaran alkatea eta Isabel Martínez zinegotzia “Seneca” Andaluziako zentroaren Udaberriko XIX. Feriara joango dira, 20:30ean.

Maiatzak 6, igandea

  • Gorka Urtaran alkatea boluntarioa izango da, hiriko kaleetan barrena egitekoa den Martín Fiz maratoi erdian.
  • Estíbaliz Canto, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia, Martín Fiz XVI. maratoiaren sari banaketan izango da, 13:00etan, Espainia plazan.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:22

Gorka Urtaranek Gasteizera abiadura handiaren etorrera zehazteko erakundeen arteko lankidetza azpimarratu du, proiektu estrategikoa baita

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek azaldu duenez, lurpeko tren-korridorea 3,6 kilometrora luzatzea eskatu diete euskal erakundeek —Udala, Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta ETS— ADIFi eta Sustapen Ministerioari. Zehazki, lurpeko bidea Pedro Asua kalean (“Kontxak”) kanporatzea proposatu dute, Gaztelako atean atera beharrean, hasieran hori aurreikusi arren.  Lurpetik doan zatia 700 metro inguru luzatuko litzateke.

Izan ere, Gaztelako ateko zubiaren inguruan egin diren azterlan teknikoek erakutsi dute azaleko akuifero bat dagoela bertan, eta horrek lurperatzeko gunea lekuz aldatzera behartzen du. Lurperatutako zatiak sakonago egon beharko luke akuifero hori saihesteko, eta sarrera eta irteerako arrapalek luzeagoak izan beharko lukete, gehienezko aldapa errespetatzeko. “Udalaren aldetik beti garbi izan dugu aldaketarik eginez gero lurpetik doan zatia luzatzeko beharko lukeela. Horrenbestez, albiste ona da”, azaldu du alkateak.  Datozen asteetan aurkeztekoa den informazio-azterlanak zehaztu beharko du irtenbide hori.

Gorka Urtaranek gogora ekarri du trenbidea lurperatzea eta abiadura handia iristea “Gasteizen datozen urteetan egitekoa den proiektu funtsezkoena” dela. “Hain zuzen ere, 2025 Estrategiaren ardatza dira, zeinak datozen zazpi urteetarako udal jardueraren bidea markatzen baitu”. Alkateak erantsi du abiadura handiaren etorrerarekin aldatu egingo  dela Euskadiko hiriburuaren etorkizuna, “bai hirigintzari bai inguruko hiriekiko harremanari dagokienez”. Hori dela eta, Gasteizko alkateak apustu egin du “erakundeen arteko lankidetzaren eta erakundeen arteko harreman onaren alde”, proiektua garatzen jarraitzeari begira.

Bestetik, Gorka Urtaranek iragarri du datozen asteetan aterako dela lizitaziora lurperatzeak libre uzten duen zatiaren erabilerak definitzeko alternatiben azterketa.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:33

 

 

 

 

 

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek tokiko saltokietan kontsumitzearen garrantzia azpimarratu du, Andre Maria Zuriaren plazan “The Singular Store” pop up denda ibiltaria aurkeztu dela baliatuz; herritarrak, bisitariak eta txikizkako merkatariak biltzeko gunea izan nahi  du dendak. Egunero, hiriko hamar saltokik aparteko eta bikain bihurtzen dituena erakutsiko dute leku horretan. Gaur eta bihar, Andre Maria Zuriaren plazan irekiko da “The Singular Store”, 11.00etatik  21.00etara. Maiatzaren 11n, larunbata, Arka plazan egongo da, ordutegi berean, eta maiatzaren 12an, igandea, Antso Jakitunaren kaleko pergolan. Maiatz osoan, Laudio, Agurain, Amurrio eta Guardian errepikatuko da esperientzia.

“Gaur Gasteizen abiarazten den eskaintzarekin tokiko merkataritzaz harro gaudela erakutsi nahi dugu, haren kalitatea, eskaintza bereizia, hurbiltasuna eta hiriko espazioari bizitasuna emateko duen garrantzia kontuan izanik. Hiriaren erdigunean irekitzen dugun espazio ibiltari hau Gasteizko merkataritzaren bikaintasunaren erakusleiho ezin hobea izango da, eta egunero beren onena emateko pertsiana altxatzen dutenen ahalegina, ilusioa eta profesionaltasuna agerian jartzeko modu ona”, adierazi du Gorka Urtaranek aurkezpenean; harekin batera izan dira Cristina González, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren diputatua; Juan Emilio Andrades, Eusko Jaurlaritzako Merkataritzako zuzendaria, eta  José González, Rios Moda dendakoa, ekimenean parte hartzen duten dendak ordezkatuz.

“The Singular Store” ekimenaren helburua da tokiko merkataritza herritarrei hurbiltzea; establezimenduen presentziaz eta horien arduradunekiko kontaktuaz gain, bertaratzen direnek girotzeko zenbait jardueratan hartu ahalko dute parte: Singular photocalla, lehiaketak, zozketak eta beste.

Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen dute ekimen hori, txikizkako merkataritza suspertzeko “Pentsa ezazu pluralean, eros ezazu singularrean” kanpainaren barruan; orain arte Gasteizko eta Arabako 165 dendak egin dute bat.

“The Singular Store” aurkezteko ekitaldia bukatzeko, “Singularra naiz. Plurala naiz” izeneko manifestua sinatu dute alkate Gorka Urtaranek eta Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak, baita Arabako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta tokiko merkataritzako ordezkariek ere.

 

+INFO: https://www.arabahemengoshopping.eus/eu/

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:10

Hainbat arlotan euskara sustatzeko proiektuak lantzeko diru-laguntzetarako deialdia abian jartzea onetsi du gaur goizean Gasteizko Udalak. Tokiko Gobernu Batzarrak horretara 96.000 euro bideratzea onetsi du gaur goizean. Hiru eremurekin lotutako laguntzak dira: orokorrean euskararen erabilera sustatzea, aisialdiko begiraleak eta zuzendariak izateko ikastaroak egitea, eta Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotutako astea antolatzea, eta horren barruan, Euskaraldia ekimena.

“Udalaren helburuetako bat da hizkuntza-politikaren alorrean behar diren neurriak sustatzea, hirian euskaraz bizi ahal izatea bermatzearren. Euskararen aldeko urratsak areagotzea da asmoa, maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean normalizazio osoa lortzeko“, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Deialdiak sei arlo barne hartzen ditu:

-A TALDEA: HABEk homologatutako euskaltegiek hirian antolatutako jarduerak, ikaskuntzarekin lotuta.

-B TALDEA: gurasoen elkarteek antolatutako jarduerak, ikasleen hizkuntza ohituretan eragin nahi dutenak edo sentsibilizatzea helburu dutenak.

– C TALDEA: kirolaren eta aisialdiaren arloan euskararen erabilera orokorrean sustatzeko proiektuak.

-D TALDEA: tokiko euskarazko hedabideentzako laguntzak. Euskara hutsezko hedabideei emango zaie diru-laguntza, eta gizarte ekimenekoak lehenetsiko dira.

-E TALDEA: Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotuta garatzekoak diren proiektuak.

-F TALDEA: haur eta gazteen aisialdirako hezitzaileak trebatzeko eskolentzako laguntzak.

Honela banatuko da dirua: 12.000 euro A taldearentzat, 21.000 euro B taldearentzat, 18.000 euro C taldearentzat, 20.000 euro D taldearentzat, 19.000 euro E taldearentzat, eta 6.000 euro F taldearentzat.

ACOVIrekiko hitzarmena

Orobat, beste urte batez Gasteizko Udalaren eta ACOVI-“Elorriagako Kapareen Batzarra” Gasteizko udalerriko kontzejuen elkartearen arteko lankidetza-hitzarmena sinatzea onetsi du udal gobernuak. Administrazio batzarrek osatzen dute herrien interesak defendatzeko xedea duen elkarte hori. Elkarteari 115.000 euroko laguntza emango zaio, izapideak bete, beren interesak defendatu eta kontzejuetarako kirol eta kultur jardueren proiektu bat abian jartzeko.

“Gasteiz hiria baino gehiago da, 63 herrik osatutako udalerria baita. Eta gune horietan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzen saiatu behar dugu”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:06

Tokiko Gobernu Batzarrak merkataritzaren alorreko eragileekiko bost hitzarmen onetsi ditu gaur goizean, urtean zehar sektorea dinamizatzeko ekimenak aurrera eraman ditzaten. Hitzarmenei esker, orotara 390.000 euro jarriko dira 37 ekintza antolatzen laguntzeko, hainbat arlotan: tokiko saltokietako kontsumoa sustatzea, berrikuntza, irudia, hiriaren promozioa, ostalaritzarekiko sinergiak sortzea, eta beste.

Gaur onetsitako hitzarmenen helburua da elkarte hauen urteroko jarduera-planak garatzen laguntzea: Gasteiz On, FEDASOC-Erdi Aroko Hiriguneko Merkataritza eta Zerbitzu Elkarteen Federazioa, AENKOMER-Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresaburuak eta Gorbeia kaleko Merkatarien Elkartea. Horietaz gain, beste hitzarmen bat sinatuko da Arabako Merkataritza eta Industria Ganberarekin, Visual sariak antolatzeko.

Diru-laguntza handiena jasoko duen hitzarmena Gasteiz On elkartearen urteko programazioari dagokio, Udalak 228.000 euro emango baitio. Kopuru hori 15 jarduera antolatzen laguntzera bideratuko da, besteak beste, Ardoaraba azoka, bi moda-desfile, Eguberrietan tokiko kontsumoa sustatzeko kanpaina, merkataritza azokak (beherapenena, esaterako), eta hiria helmuga enogastronomiko gisa promozionatzearekin lotutako zenbait jarduera (“Egile mokaduak”, ostalaritza ibilbideak, etab.).

Kopuru handiena jasotzen dutenen arteko bigarrena FEDASOC da, zortzi ekimen garatuko baitu. Horien artean nabarmengarrienak Almendrako Azoka, Kandelen Gaua, merkataritza sustatzeko kale-izendegia eta erakusleihoak girotzeko “zinema-txokoa” lehiaketa ditugu, zeinak orotara 98.000 euroz lagunduko baititu Udalak.

AENKOMER elkartearekiko urteko hitzarmenari dagokionez, Gasteizko merkataritzaren eta zerbitzuen alorreko enpresen lehiakortasuna hobetzera zuzendutako jarduerak antolatzea izango da laguntza ekonomikoaren xedea. Lau ekintza aurreikusi dituzte: federazioak saltokiei ematen dizkien sariak, pertsonentzako ekipamenduen sektorean bi merkataritza ibilbide antolatzea, Bonodenda kanpaina eta zortzi establezimenduren bisita birtualak lantzeko proiektua. Udalak 41.000 euroko laguntza ekonomikoa emango du jarduera horietarako.

Gorbeia kaleko Merkatarien Elkartearekin ere egingo du lankidetza-hitzarmena Udalak, bederatzi jarduera antolatzeko, besteak beste, hiru merkataritza azoka, Eguberrietako kanpaina eta ostalaritza sustatzeko bi ekimen berezi. Udalaren diru-laguntza 15.000 euro izango da.

Azkenik, Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko Udalaren eta Arabako Merkataritza eta Industria Ganberaren arteko lankidetza-hitzarmena onetsi du, erakusleihoen apainketarako Visual sariak antolatzeko. Horri dagokion ekarpen ekonomikoa 8.000 euro da.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:47

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailaren eta ARENEren, Minbiziaren kontrako Elkartearen eta ARESBIren arteko lankidetza-hitzarmenak egitea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak; horien bitartez, Udalak 45.000 euro jarriko ditu gizarte eta osasun programak garatzeko.

Batetik, ARENE-Gaixo Neuromuskularren Arabako Elkartearekiko hitzarmena onetsi du gobernuak, gaixoen osasunerako programa bat garatzeko, “bizitza-kalitate hobea eta ongizate fisikoa eta psikologikoa izan ditzaten”, azaldu du Peio López de Munain zinegotziak. Programari 27.420 euro esleitu zaizkio.

AECC-Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartearekiko hitzarmena ere onetsi da, Gasteizko biztanleen artean minbizia prebenitzeko programa bat garatzeko; Udalak 13.890 euro jarriko ditu horretarako.

Besteak beste, helburu hauek ditu hitzarmenak:

  • Minbizia ezagutaraztea eta desmitifikatzea.
  • Minbiziak biztanlerian duen eragina gutxitzea.
  • Bizi-ohitura osasungarriak izateak eta minbiziarekin lotutako jokabide arriskutsuak saihesteak duten garrantziaz sentsibilizatzea.
  • Tabakoaren kontsumoa prebenitzea.
  • Kirolaren praktika sustatzea.

Azkenik, ARESBI-Arantza Bifidoa eta Hidrozefalia dutenen Arabako Elkartearekiko hitzarmena onetsi da, arreta, laguntza psikologikoa eta sentsibilizazio arloko programa burutzeko; 3.750 euro emango dira horretarako.

Zainpeko apartamentuen kontratua

Bestetik, Tokiko Gobernu Batzarraren bilera berean udalaren zainpeko apartamentuetan –Hedegile kalea, Ramiro Maeztu kalea, San Antonio kalea, Bizia eta Olarizuko Santa Maria– adineko pertsonei laguntza emateko kontratua esleitu da; orotara 65 urtetik gorakoentzako 132 leku eskaintzen dira horietan.

López de Munainek azaldu duenez, familia langileek ematen duten zerbitzu horren helburuak dira “erabiltzaileen autonomia mailari eustea edo hura hobetzea; apartamentuetan ahalik eta denbora gehien egoterik izan dezaten ahalbidetzea; haien segurtasuna, lasaitasuna eta ongizatea sendotzea; premia egoerak antzematea, eta barruko zein kanpoko girotze jardueretan parte har dezaten erraztu  eta sustatzea, bakartzea saihesteko”.

Eulen Servicios Sanitarios enpresari esleitu zaio urtebeterako kontratua, 360.575 euroan.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:34

Memoria historikoa berreskuratu, zabaldu eta ezagutzeko jarduerak eta proiektuak egiteko deialdia ere onetsi du udal gobernuak, 15.000 euroko zuzkiduraz

 Udal gobernuak bizikidetzaren, aniztasunaren eta giza eskubideen arloko jarduerak eta proiektuak egiteko diru-laguntzen deialdia eta oinarriak onetsi ditu; aurten bada berrikuntzarik: Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak bat egingo du deialdiarekin, 15.000 euro jarrita. Orotara 80.000 euro bideratuko dira bizikidetza eraikitzeko ekimenetara.

Memoria historikoa berreskuratu, zabaldu eta ezagutzeko jarduerak eta proiektuak egiteko deialdia ere abiarazi du Udalak, 15.000 euroko zuzkiduraz.

Azken urteotan, Gasteizko Udala memoria historikoa ondare kolektibo gisa ezagutu eta gordetzearen aldeko konpromisoa erakusten ari da. Konpromiso hori dela eta, memoria historikoa berreskuratu eta gordetzeko politika aurrera eramaten ari da, eta Gerra Zibilean zein diktadura frankistan (1936tik 1977ra bitartean) bidegabekeriak eta irainak jasan zituzten pertsonei aitorpena adierazteko eta haien izen ona berreskuratzeko behar diren erakunde-ekimenak abian jartzen.  Ekimen horiek giza eskubideen gaineko nazioarteko legedian oinarritzen dira, eta egia, justizia, erreparazio eta errepikapenik ez izateko bermeen printzipioetan.

Izan ere, Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuaren bitartez, eta bizikidetza eta pertsona ororentzako bakearen alde egin duen erronkaren bidetik, Gasteizko Udalaren nahia da hiriko taldeek aitortu ez den edo nahikoa bistaratu ez den memoria historikoa berreskuratzen laguntzeko proiektuak garatu ditzaten sustatzea.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:17

Estíbaliz Canto zinegotziak gidatzen duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak proposaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko ikastetxeetako ikasleen guraso elkarteei diru-laguntzak emateko oinarriak onetsi ditu gaur, udako opor programak antolatu ditzaten.

Ikasturte honetan guraso elkarteei opor jarduerak antolatzen laguntzea da deialdiaren helburua. Izan ere, guraso elkarteei lagunduta, haiek hezkuntza esparruan duten esku-hartzea sustatu nahi da, jarduera horiek eragin garrantzitsua baitute ikasleen prestakuntza osoan eta, beraz, haien eskola arrakastan, eta gurasoen elkarteen eta sistemaren beraren sostengurik gabe ezin bailitezke bideratu.

Deialdiaren aurrekontua 54.000 euro izango da.

Share

Aurrekoak »