Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 maiatza 2018 17:00

Gasteizko Autobús Elektriko Adimendunaren hitzarmen osagarria sinatzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia

Eguna. Osteguna, maiatzak 10

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

———————————-

Prentsaurrekoa. 2018ko FotoArte aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Osteguna, maiatzak 10

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————————–

Gutxiegitasun kardiakoari buruzko manifestua sinatzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Corazón sin fronteras elkarteko presidente Maite San Saturnino

Eguna. Osteguna, maiatzak 10

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————————–

Harrera ekitaldia Martin Fiz atletari

Udalak harrera egingo Martin Fiz atletari. Munduko maratoi txapelduna izan zen 1995. urtean eta duela gutxi sei ‘Majors’ lasterketak irabazi ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Udalbatzako ordezkariak

Eguna. Osteguna, maiatzak 10

Ordua. 13:30

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:40

Duela urtebete, Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak “Es-Kale-an” proiektua jarri zuen abian, kalean limosna eske ari diren pertsonen egoera ezagutu eta egoera horretatik ateratzeko alternatiba bat eskaintzearren. Diagnostiko fasearen ondoren, ekintza multzo bat  garatzen hasi da pertsona horiei “duintasuna eta ikusgarritasuna emateko“.

Horietako lehena “Txanponaren beste aldea” izeneko kontzientziazio eta informazio kanpaina da. Peio López de Munain zinegotziak azaldu duenez, “eskatzearen benetako ikuspegia eman nahi dugu horren bitartez, eta pertsona horien ahuldadea desagerrarazteko lanean ari diren gizarte zerbitzuak ezagutarazi“.

Horren haritik, dagoeneko lehen ekintza egin da, ‘world kafe’ bat, zeinean 25 pertsonak hartu baitzuten parte: kalean eske ari diren pertsonak, hirugarren sektoreko langileak, herritarrak, supermerkatuetako langileak —horietan ohikoa baita eskaleak ikustea— eta udal langileak. Eztabaida taldeetan ondorio hauek atera zituzten:

  • Kaleko eskaleen kopurua ez da handia. Azterlanean 45 pertsona zenbatu ziren.
  • Gehienek uste dute kalean eske ari direnek edo edukiontzietan arakatzen dabiltzanek behar ekonomikoagatik egiten dutela.
  • Ez dute uste kaleko eskaleen profil zehatzik dagoenik.
  • Herritarren zati batek betebehartzat du limosna ematea, balio kontutzat, eta enpatia keinutzat.
  • Herritar gehienek uste dute limosna emateak eskalearen egoera iraunarazten laguntzen duela.
  • Gizarte zerbitzuen ekintza eta baliabideetako asko ez direla ongi ezagutzen iruditzen zaie, eta horietaz baliatzeko nekez bete daitezkeen baldintzak daudela .

López de Munainen adierazi duenez,  “talde horiei esker ikuspuntu ezberdinak ikusi ahal izan ditugu. Eskean ari direnek enplegutzat jotzen dute jardun hori; herritarrak, berriz, iraunaraztearen kontra daude. Aldi berean, herritarrek baldintza onak dituen benetako enplegua sustatzeko ekintza gehiago eskatzen dituzte, pertsona horiek erabakitzeko gaitasuna eta askatasuna izan dezaten”.

Horrekin lotuta, Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Saila enplegu-planak garatzea aztertzen ari da, pertsona horiei kaletik ateratzen laguntzeko, “duindu eta ahalduntzen dituen lan batekin. Trebetasunak eta gaitasunak garatzeko aukera ematen dieten proposamenak egin behar zaizkie, lan-merkatuaren bidea irekiko dien prestakuntza eskaini”.

Erakunde agenteekin eta hirugarren sektoreko gizarte entitateekin batera ari dira lanean helburu hori lortzearren.

Argazki-lehiaketa

Era berean, argazki sozialen lehiaketa bat egingo da informazio eta sentsibilizazio kanpainaren barruan; López de Munainen hitzetan, “eskaleen benetako irudia emateko, eta pertsona horien ikusezintasunari aurka egiteko; izan ere, limosna ematea ekintza normalizatua da gehienetan, oharkabean geratzen dena, eta ez ditugu ezagutzen horren atzean dauden giza historiak”.

18 urtetik gorakoek hartu ahalko dute parte. Horretarako, ezinbestekoa izango da agiri bat irakurri eta onartzea, zeinean hainbat jarraibide ematen baitira kalean eskean ari denarengana hurbiltzeko, baita berdinen arteko begirunean oinarritutako komunikazioaren gakoak ere.

Argazki-lehiaketaren bidez pertsona horien inguruko elementuak islatzea proposatzen da. Lekuak, objektuak eta animaliak ere erretratatzeak errealitate horren irudia sortzen laguntzen du, haiekin identifikatzen baititugu.

Asmoa da pertsonen erretraturik ez egitea, baina horretarako aukera ere ematen da, baldin eta baimen bat sinatzen badute.

Ekainaren 4ra arte aurkeztu ahalko dira argazkiak; udalaren web-orrian kontsultatu daitezke oinarriak.

Peio López de Munain

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:43

-Instagrameko “Salimos hoy!” arabar profilarekin batera antolatutako jarduera hiri inguruko parkeen 25. urteurrena ospatzeko ekintzetako bat da; 7.000 jarraitzailetik gora ditu profil horrek.

-Lehiaketa martxoaren 1ean abiatu zen, eta apirilaren 30era arte aurkeztu ahal ziren argazkiak. Saritutako 9 argazkiak, eta epaimahaiak hautatutako bilduma bat, “#EraztunBerdeak25urte ospatzeko begiradak” erakusketan ikusi ahalko dira, zeina maiatzaren 29an inauguratuko baita Atarian.

Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI) argazki-lehiaketa bat antolatu du bertako zein kanpoko instagramerrentzat, sare sozial horretan hiriko Eraztun Berdea osatzen duten parke eta espazioetako txokoen irudiak partekatu ditzaten. Eraztun Berdearen 25. urteurrena ospatzeko Udalak antolatutako ekintzetako bat da hori, eta dagoeneko badakigu zeintzuk diren irabazleak. Lehen saria @kukita16 erabiltzaileak irabazki du, ‘Todo el camino es tuyo y sólo tuyo. Porque todo el mundo podrá caminar contigo, pero nadie podrá hacer el camino por ti’ izeneko lanagatik. Bigarrena, @jesusgordalizaphoto-rentzat izan da, ‘Tarde de caballos’ argazkiagatik. Hirugarren saria, berriz, @alvaroah_93 erabiltzaileari egokitu zaio, ‘Una hora ganada al amanecer es un tesoro por la tarde’ irudiarengatik. Beste erabiltzaile hauei akzesit bana eman zaie: @anderochoa, @txitxe20132, @parusmajor_mendian, @andreayrazu, @sonia_lo_ay eta @m.v.p._oficial. Lehiaketan 167 argazkigilek hartu dute parte, eta 1.168 lan aurkeztu dira guztira.

Egunero hiri inguruko parkeetara hurbiltzen direnen askotariko begiradak agerian utzi nahi zituen lehiaketak. Hautatutako argazkiak “#EraztunBerdeak25urte ospatzeko begiradak” erakusketan ikusi ahalko dira, zeina maiatzean inauguratuko baita Ataria interpretazio zentroan. Gasteiz eta Arabari buruzko Salimos hoy! plataformarekin batera antolatu da lehiaketa, zeinaren Instragameko profilak 7.000 jarraitzailetik gora baititu.

Otsailaren bukaeraz geroztik, parte hartu nahi zutenek Instagramen sartu ahal izan dituzte argazkiak edo fotomuntaketak, traola hauek erabiliz: #anilloverde+25, #vg_ataria eta #SalimosHoy. Gasteizko Eraztun Berdeko gune naturalak, edo izadiaren babesarekin bateragarriak diren jardueretan gune horiez gozatzen ari den jendearen argazkiak onartu dira.

300 euro eta ibilaldia Salburuko hezegunean barrena

Hauxe izango da lehen saria: 300 euro, eskudirutan; bale bat IGIren agendako hiru jardueratan parte hartzeko; 5 pertsonentzako ibilaldia Arkautiko hezegunean barrena, eta tokiko elikagaien kaxa bat. Bigarren irabazleak sari hauek jasoko ditu: 200 euro, eskudirutan; bale bat IGIren agendako bi jardueratan parte hartzeko, eta tokiko elikagaien kaxa bat. Hirugarrenak, berriz, sari hauek irabaziko ditu: 100 euro eskudirutan; bale bat IGIren agendako jarduera batean parte hartzeko, eta tokiko elikagaien kaxa bat. Sei akzesiten irabazleek (Eraztun Berdeko parke bakoitzeko bat)  IGIren agendako jarduera batean parte hartzeko bale bana jasoko dute.

Irabazten duten argazkien erakusketaren inaugurazioa Eraztun Berdearen 25. urteurrena ospatzeko jarduera nagusietako bat izango da; izan ere, urteurrenean herritarrek naturgune horietaz duten ikuspegia eta horiei egiten dieten ekarpena oso presente egotea nahi da, duten gizarte dimentsioa eta lurraldea eta biztanleak kohesionatzeko balioa agerian uzteko. Gainera, lehiaketako irudiak partekatzeko Instagram plataforma erabiltzeak lehiaketaren zabalkundea biderkatzen lagunduko du, tokiko mailan zein estatuan eta nazioartean. Interesdunek Udalaren web-orrian kontsultatu ditzakete oinarriak.

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:41

 

Ehun pertsonatik gora ari dira parte hartzen NESI Klima foroan, Europa biltzar jauregian, ekonomia berriaren eta berrikuntza sozialaren ikuspegitik klima-aldaketari maila lokalean aurre egiteko irtenbideak hizpide dituztelarik.

Nazioartean ospea duten hizlariek hartzen dute parte: besteak beste, Nicola Cerantola Ecologing-en fundatzailea eta ekonomia zirkularrean aditua, eta Albert Cañigueral, Ouishare-ren nazioarteko konektorea eta kolaborazioaren ekonomian aditua. Global Hub for the Common Good fundazioak eta NESI foroak landutako “Ekonomia berriak eta berrikuntza soziala klima-aldaketari egokitzeko tresna gisa” gaitzat duen azterlanaren emaitzak ere aurkeztuko dira.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak inauguratu du foroa, eta azaldu du zergatik den Gasteiz leku ezin hobea horrelako biltzar bat hartzeko. “Europako Hiriburu Berdea gara, eta duela zenbait hamarkadatik erreferentea gara ingurumena herritarren bizi-kalitatearen funtsezko osagaitzat duten hirien artean. Mugitzeko moduan iraultza egin dugu, garraio publikoaren eta bizikletaren alde eginez. Kohesio politikak ere lantzen ari gara, iraunkortasun sozialaren oinarria baitira, pertsonak tokiko ekintzaren ardatz bihurtuta. Aitzindariak gara gizarte berrikuntzaren alorrean, baita kopartaidetzako eta kosorkuntzako proiektuetan ere. Horrek guztiak ongi bai ongi justifikatzen du zergatik garen lekurik onena jardunaldi hau egiteko”, adierazi du Melgosak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:17

 

 

 

 

 

 

Maiatzaren 26an zirku inklusiboari buruzko lantegia egingo da Principal Antzokian, dibertsitateak dituztenentzat, Arte Eszeniko Inklusiboen programaren barruan

Maiatzaren 25ean “Mur” lana estreinatuko da Gasteizen, lehen “Antzerkia gizarte integraziorako tresna gisa” deitzen zen eta orain “Arte Eszeniko Inklusiboak” izendatutako programaren barruan; aurtengoa zazpigarren edizioa izango da, eta berritasun gisa, zirku inklusiboari buruzko lantegia egingo da Principal Antzokiko agertokian, dibertsitateak dituztenentzat, hilaren 26an familientzako pieza bat antzezteko xedez.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok eta Zuzenak eta Talur elkarteetako kide eta programaren antolatzaile Mikel Arrikagoitia eta Julio Rocak aurkeztu dute gaur prentsaren aurrean, Bapatean zirku taldearen ordezkari batek lagunduta.

Kulturako arduradunaren hitzetan, “arte eszeniko inklusiboak zabaltzen jarraitu behar dugulakoan gaude, horregatik, Antzoki Saretik eta Talur eta Zuzenak elkarteen laguntzarekin zazpigarren urtez antolatu dugu jarduera hau, Espainian une honetan garatzen ari diren antzezte eta musika proiektu inklusiboak erakunde eta arte ikuspuntutik nabarmenarazteko eta, aldi berean, horrelako programazioak gure publikoaren artean normalizatzeko”.

“Mur” lana Félix Petite antzokian estreinatuko da, Ikuskizuna Ibaiondon zikloaren barruan; zirku berriko lana da, Cameleònica Produccions konpainia valentziarrarena. “Mur” mugak gainditzen dituen obra da; ikuskizun bisual, poetiko eta integratzailea da, eta arkitektura iragankorra darabil muga fisikoen eta buruko mugen eta horiei aurre egiteko giza gaitasunaren inguruan hausnartzeko.  Agertokian bederatzi artista, kuboak, argiak eta talde-lana izango dira, baita esaldi bat ere: “Aurrera bakarrik eginez gero, bizkorrago joango gara; elkarrekin ibiliz gero, urrunago iritsiko gara”. Horiek dira “Mur” obraren esentzia gorde duten elementuak. Izan ere, zirku-ikuskizun bizia, poetikoa eta integratzailea da, non ezinezko eraikuntzek pertsonaiak elkarrekin lan egitera bultzatzen dituzten helburu komun baten alde: horma deseraiki mundu berri bat eraikitzeko.

Maiatzaren 26an, berriz, 10:00etan hasita, zirku inklusiboari buruzko lantegia egingo da Principal Antzokiko agertokian,  Talur eta Zuzenak taldeen eskariz eta Udalak babestuta. Dibertsitateak dituztenen taldeei zuzentzen zaie, eta egun horretan bertan familientzako lantxo bat jokatzea da helburua.  Mikel Gómez de Segurak koordinatuko du dramaturgia, eta Bapatean zirku taldea arduratuko da zirku lengoaiaz eta malabareez.

Oso asebetegarria da ikustea guztiok —artistak, kudeatzaileak, hezitzaileak, entitate publiko eta pribatuak— gero eta gehiagotan aktiboki lan egiten dugula arteen alor horretan, eta nola sartu diren dagoeneko inklusioaren aldeko diskurtso teorikoa eta praktika artistikoa antzerki eta musika programa ugaritan; horregatik, jarduera mantendu ez ezik, aurrekontu handiagoa (9.500 euro) esleitu baitiogu, iaz baino 3.000 euro gehiago, adierazi du Cantok; orobat, horrelako ekimenekiko “konpromisoa” berretsi du, “beharrezkoak baitira gure herritarrentzat, eta dibertsitateak ematen digun aberastasunari ahotsa eta bidea ematen baitiote”.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:41

2018 Gasteiz Dantzan

Jarduera horren bidez, “Jose Uruñuela” udal dantza kontserbatorioak Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatuko du

Igandean, maiatzak 13, “Gasteiz dantzan” ekitaldiaren XVII. edizioa egingo da Espainia plazan, 12:00etatik 14:30era. “Jose Uruñuela” udal dantza kontserbatorioak antolatu du ekitaldia, apirilaren 29an ospatu ohi den Dantzaren Nazioarteko Eguna dela eta.

Aurten, hamar taldek hartuko dute parte “Gasteiz dantzan” jardueran, eta espezialitate eta estilo ezberdinetako koreografiak eta fusioak dantzatuko dituzte: dantza klasikoa, euskal dantzak, dantza garaikidea, Kolonbiako folklorea, dantza arabiar eta tribala, Line Dance Country, dantza urbanoa, India eta Bollywoodekoa, flamenko-arabiar fusioa, indiar-ekialdekoa, eta abar. 7 eta 60 urte bitarteko dantzariek hartuko dute parte.

“Gasteiz dantzan” ekitaldiak Gasteizko zein inguruko dantza taldeak eta eskolak biltzea du helburutzat, bertan lantzen diren estiloak eta espezialitateak erakutsiz herritarrak dantzara hurbilarazteko, eta bereziki, “ikusle berriak, horrelako ikuskizunetara joan ohi ez direnak“.

Gazteentzako barra klasikoa osatzen duten ariketak Iker Murillok eta Vitali Safronkinek diseinatu dituzte, zeinak Lausanneko Béjart Balletean aritu baitziren eta, gaur egun, Uniqart dantza konpainiako zuzendari artistikoa eta koreografoa baitira.  “Jose Uruñuela” kontserbatorioko ikasleek dantzatuko dituzte. Aurkezlea Izaskun Prado izango da.

Aurten, bestetik, dantzarekin lotutako nazioarteko bost figurari mezu bat lantzeko eskatu zaie: Salia Sanou, Georgette Gebara, Willy Tsao, Ohad Naharin eta Marianela Boan.

1981ean Peter Gusev maisu errusiarrak apirilaren 29an, urtero, Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzea proposatu zuen, dantza klasikoaren berritzaile handitzat jotzen den Jean-Georges Noverre frantziar koreografoaren omenez. Hurrengo urtean proposamena onartu eta ofizial bihurtu zuen ITI-UNESCO erakundeak. Ordutik hona, munduan zehar egun hori ospatzeko mezu bat ibiltzen da munduan zehar.

Parte hartzen duten taldeak eta eskolak

  • “Gisela” dantza ikastegia (Gasteiz)
  • Indarra Kultur Elkartea (Gasteiz)
  • Victory (VTR) (Gasteiz)
  • Urkide ikastetxea (Gasteiz)
  • Txagorribidea Gazalbide (Gasteiz)
  • Arabesco elkartea (Gasteiz)
  • “Yee Haw Country Taldea” (Gasteiz)
  • “Así es Colombia” folklore taldea (Gasteiz)
  • Anezka konpainia (Gasteiz)
  • Gasteizko “Jose Uruñuela” udal dantza kontserbatorioa

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:22

 

Udako hilabeteetako zenbait asteburutan, Europa jauregiak terraza eta lorategiak irekiko dizkie herritarrei. Jauregiko zati berdeena ikusteko gogoa duten pertsonek terraza eta lorategi bertikala ezagutu ahalko dituzte larunbatetan, goiz eta arratsaldez, aldez aurretik erreserbatu beharrik gabe.

Bisitek ordu erdi iraungo dute. Eraikinak Gasteiz hiribidean duen sarrera nagusitik aterako dira, 11:30etik aurrera goizez (azken bisita, 13:00etan) eta 17:30etik aurrera arratsaldez (azken bisita, 19:30ean).

Datak

Maiatzaren 12a eta 26a.

Ekainaren 16a.

Uztailaren 21a.

Irailaren 1a eta 8a.

Ordutegia

Goizez: 11:30 – 13:30 (azken bisita, 13:00etan).

Arratsaldez: 17:30 – 20:00 (azken bisita, 19:30ean).

Iraupena

20-30 minutu

Informazioa eta erreserbak

Doako bisitak, 30 minutuan behin.

Plaza-kopuru mugatua. Ez da beharrezkoa aldez aurretik erreserbatzea.

E-posta: turismo@vitoria-gasteiz.org

Telefonoa: 945 16 15 98 / 99

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:17

 

Gorka Urtaran alkateak ireki du Enpresen Gizarte Erantzukizunari buruzko XII. Biltzarra, Europa biltzar jauregian. Enpresen kudeaketarekin eta enpresen gizarte erantzukizunarekin lotutako laurogeita hamar profesional inguru bildu dira FOARSE-Enpresen Gizarte Erantzukizunerako Arabako Foroak antolatutako ekitaldian.  Francisco Heviak hitzaldia emango du jardunaldian;  enpresen gizarte erantzukizunaren arloko zuzendarien elkarte nagusiaren lehendakaria da, eta Honest Strategy mugimenduaren enbaxadorea. Gamesa, Eroski, Azolgas eta Ibai Sistemas euskal enpresek, berriz, negozioa erantzukidetasunez kudeatzearen esperientzia azalduko dute.

Bere hitzaldian, bertaratuek ikuspuntu ekonomikoarekin ez ezik, iraunkortasunaren gizarte eta ingurumen dimentsioarekin ere erakutsi duten sentiberatasuna aitortu du alkateak. “Enpresetan ikuspuntu soziala lehiakortasun faktore gisa txertatzeko duzuen ahalmena dela medio, Gasteizerako balio handiko giza kapitala zarete, hiriak ingurune ezin hobea eskaintzen baitu iraunkortasun-politikak garatzeko, enpresen gizarte erantzukizuna den bezala”, esan du Urtaranek; orobat, gogora ekarri du garapen ekonomiko iraunkorra dela agintaldi honetako udal erronka handietako bat, eta horren adibidea da Gasteizko Udalaren Erosketa eta Kontratazio Gizartearekiko Arduratsua eta Iraunkorra Egiteko Plana.

Diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek eta FOARSEko lehendakari Vega Leónek ere hartu dute parte inaugurazioan. Enpresen Gizarte Erantzukizunari buruzko XII. Biltzarraren helburua da gizarte erantzukizunaren alorraren eboluzioa eta joera berriak aztertzea, eta horrekin lotuta, kontzeptuaren bilakaera negozio arduratsuaren terminorantz.

Biltzarraren barruan, Eusko Jaurlaritzak enpresen gizarte erantzukizunerako Euskadiko esparru-plana aurkeztuko du, zeinean garapen iraunkorreko helburuek zeregin funtsezkoa baitute.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:12

 

-2017an, 5.311 tona beira hondakin birziklatu zituen hiriak 

-Batez beste, biztanleko 21,5 kilo bildu ziren 2017an  

-Estatuan gehien birziklatzen duten hirien arteko bosgarrena da Arabako hiriburua

-Gasteizen birziklatutakoari esker, atmosferara 3.500 tona CO2 baino gehiago isurtzea eragotzi da, hau da, 873 ibilgailu urtebetez zirkulaziotik kentzea beste       

 

Edukiontzi berdearen bidez 5.311 tona beira-hondakin bildu ziren 2017an, hau da, aurreko urtean baino % 3,5 gehiago. Batez beste pertsona bakoitzak 21,5 kilo birziklatu zituen, hau da, beirazko 82 ontzi. Datu horiei esker, Estatuan gehien birziklatzen duten hirien arteko bosgarrena da Arabako hiriburua.

Gasteizko Udaleko Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak eta Ecovidrioko zonako kudeatzaile Oscar Acedok aurkeztu dituzte prentsaren aurrean beirazko ontzien birziklatzearen emaitzak.

Gaur egun, beirazko ontziak birziklatzeko 929 edukiontzi daude Gasteizen, bat 266 biztanleko, herritarren parte-hartzea sustatu eta birziklatzea erraztearren.

Merkatuan jartzen diren erabilera bakarreko beirazko ontzien % 50 ostalaritzara doaz, beraz, sektorearen laguntza ezinbestekoa da birziklatzearen emaitzak hobetzeko. Hori dela eta, Ecovidriok “atez ateko” bilketa zerbitzua du Gasteizko ostalarientzat. Zerbitzu horretaz 100 establezimendutik gora baliatzen dira, eta 2017an 413 tona beira-hondakin berreskuratzea ahalbidetu zuen. 2018an beste XX establezimenduk egingo dute bat atez ateko zerbitzuarekin.

 

Baliabideen gehiegizko ustiaketaren eta klima-aldaketaren kontrako borroka

Beirazko ontziak birziklatzea funtsezkoa da klima-aldaketaren kontrako borrokan.

2017an Gasteizen birziklatutako beirazko ontziei esker, hau lortu da:

 

Atmosferara 3.500 tona CO2 baino gehiago isurtzea eragoztea, hau da, 873 ibilgailu urtebetez zirkulaziotik kentzea beste.

Naturatik 6.373 tona lehengai erauztea eragoztea, Eiffel dorrearen pisuaren erdiaren baino gehiagoren baliokidea.

 

Beira birziklatzea Espainian

2017an 789.235 tona hondakin bildu ziren Espainian edukiontzi berdearen bidez, batez beste 16,9 kilogramo eta 64 ontzi pertsona bakoitzeko. Ecovidriok, beira birziklatzeaz arduratzen den irabazi-asmorik gabeko erakundeak, gaikako bilketa % 5 hazi zela erregistratu zuen, azken 5 urteetako hazkunderik handiena.

2017an 6.200 edukiontzi berri instalatu ziren; ondorioz, kopurua % 3 handitu zen, 218.146 iglu baitira orotara. Zifra horien arabera, edukiontziz ondoen hornitutako Europako herrialdeetako bat da Espainia,  iglu berde bat baitu 213 biztanleko. Ecovidrioren kalkuluen arabera, beirazko ontzien birziklatzea % 73ra iritsi zen 2017an.

MAPAMAk 2015ean argitaratutako datu ofizialaren arabera % 70,4 zen tasa. Bi kopuru horiek eta kalkulatzeko indarrean dauden metodoak kontuan izanik, Espainiak Europar Batasunak (% 60) ezarritakoa 10 puntuz baino gehiagoz gainditzen du.

 

 

20 urte beirazko ontziak birziklatzen

80ko hamarkadan hasi zen beirazko ontziak birziklatzen: lehen edukiontziak Madril eta Bartzelonan jarri ziren, 1982an. 1997an Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legea onetsi eta 1998an aplikatzen hasi zelarik, zerbitzu publiko, profesional eta herritar ororen eskurako baten kudeatzailea bihurtu zen Ecovidrio.

Ekonomia zirkularraren printzipioei jarraituz, beirazko ontziak birziklatzea funtsezko elementua da garapen iraunkorrari laguntzeko.

Ecovidrio irabazi-asmorik gabeko entitatea da, Espainian beirazko ontzien hondakinen birziklatzea kudeatzeaz arduratzen dena. Puntu berdearen bidez egiten duten ekarpenaz, ontziratzeko 8.000 konpainiak ahalbidetzen dute birziklatze sistema.

 

Share