Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 maiatza 2018 11:57

 

Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak berriro eskaintza egin die oraindik xaflak kentzea eskatu ez duten erkidegoei

 Udalak bukatu ditu hiriko 62 ataritan ikur frankistak kentzeko lanak, etxe horietako etxejabeen erkidegoek Udalak Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak sustatutako Memoria Historikoaren Planaren barruan egindako proposamena onartu baitzuten.

Duela hilabete batzuk iragarri zuen Udalak hainbat etxebizitzatan dauden xafla frankistak kentzeko asmoa, horretarako egindako errolda kontuan hartuz, aldez aurretik jabeen erkidegoei jakinarazita eta udal aurrekontuaren kontura. Orotara 62 atarik eman diote baiezkoa Udalaren proposamenari.

Udalak egindako azterketaren arabera, oraindik 149 lekutan agertzen da sinbologia hori fatxadetan.  Eskatu zuten erkidegoetan xaflak kendu direlarik, Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak berriro eskaintza egin die oraindik xaflak kentzea eskatu ez duten erkidegoei.

“Gasteiz oroimena duen hiria da, eta iraganean gertatutakoa ezagutu eta aitortzeko konpromisoa dugu, etorkizunean berriro gerta ez dadin, eta biktima guztiek merezi baitituzte justizia eta erreparazioa. Aurreikusitako ekintzak garatzen ari gara, baina garbi dugu erreparazioak ez duela inola ere gorrotorik, mendekurik edo errebantxa orokorrik adierazi nahi”, nabarmendu du Nerea Melgosa zinegotziak.

Memoria historikoa berreskuratzearekin lotuta alkateak emandako dekretuaren arabera 2018an garatzekoak ziren ekintzetako bat da aipatutakoa, Gasteizen frankismoaren biktimekin justizia egitearren.  Besteak beste, oroimenerako lau gune inauguratu dira, martxoaren 31 ezarri da errepresio frankistaren biktima izandako gasteiztar oro aitortzeko, eta eskultura bat jarri da horien omenez.

Orobat, Plaza Berrian gertatutako hegazkin istripuan hildako bi zibilak oroitzeko xafla bat jarriko da, eta frankismoaren biktimen errolda ofiziala landuko da. Gainera, xafla bat jarriko da Andre Maria Sortzez Garbiaren katedralean, barruan dagoen armarri frankistaren esanahia azaltzeko, une historikoa eta sinbologia hori mantentzearen zergatia testuinguruan jartzeko. Era berean, beste xafla bat ipiniko da Olagibel kaleko Gobernu Ordezkariordetzan, horrelako eraikin publikoetan ageri den armarri frankista testuinguruan jartzeko.

Azkenik, beste xafla bat jarriko da Olarizu mendiko gurutzean, Gasteizko udalerriko leku esanguratsuenetako bat baita, monumentua seinaleztatu eta testuinguruan jartzeko, duen benetako esanahi historikoa ezagutu dadin, eta diktadurak ondoren egindako erabilera politikoa.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:37

 

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok eta Udal Bandaren zuzendariondoko Iker Olazabalek “Aire zabaleko musika” zikloaren bigarren edizioa aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan; orotara 12 emanaldi izango dira, ekainaren 1eko 19:00etan Arka plazan hasita eta urriaren 12an Pilar auzoan bukatuta.

 

“Aire zabaleko musika” zikloaren programa

Cantok nabarmendu duenez, “Bandaren helburu kolektiboetako bat musika kalera eta hiriko txoko guztietara zabaltzea da, herritarrak zaletu daitezen, haien adina edozein delarik; horregatik, gure ustez asmatu egin da emanaldi guztiak, tradizionalak zein berrikuntzak, zikloa batean bilduta, batasun zentzua ematen baitio”.

 

Udalaren web-orria

Bestetik, zinegotziak jakinarazi du Udal Musika Bandak atal berria izango duela gaurtik aurrera udalaren web-orrian; bertan kontsultatu ahalko dira jarduera guztiak, emanaldien egutegia, nortzuk diren kideak, nola jar daitekeen harremanetan, etab.

www.vitoria-gasteiz.org/banda

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:24

 

Ekainaren 1ean eta 2an egingo da Gasteizko Big Band Festival jaialdiaren XV. edizioa. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok, Gasteiz Big Bandeko kide Jimmy Bidaurreta eta Eneko Espinok eta Big Band Berriaren zuzendari Guillermo Lauzirikak aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan.

 

Big Band Festival jaialdiak ezaugarri propioak ditu, irisgarria eta parte-hartzailea da, eta gure hiriko kultura giroan sendotuta dago; gainera, jazzarekin lotura duten musiken udako denboraldiari ematen dio hasiera.

Antolatutako proposamen artistikoak eta partaidetza aktiboa direla kausa, arrakastaz konektatzen du era guztietako publikoarekin, haur, gazte zein heldu izan.

 

Egitaraua:

Ostirala, hilak 1

  • 21:00 Balkan Paradise Orchestra. Bartzelonako taldea da, emakumeek bakarrik osatua.

Larunbata, hilak 2

  • 13:00 Big Band Berri. Luis Aranburu Musika Eskolako taldea, GBBrekin batera jaialdia antolatzen duena.
  • 20:00 Gasteiz Big Band.
  • 22:00 Puerto Candelaria. Kolonbiatik datorren soinu eztanda, mugak zeharkatu dituena.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 maiatza 2018 17:00

Prentsaurrekoa. Big Band Festival jaialdia aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Guillermo Lauzirica (Big Band Berri); eta Jymmy Bidaurreta eta Eneko Espino (Gasteiz Big Band)

Eguna. Asteazkena, maiatzak 30

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————-

‘2050 ikuspegia – hiria naturarekin berriz lotzen’ paisaiari buruzko jardunaldiei hasiera ematea

Parte hartzaileak. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusilla; eta Ingurumen kontseilari Iñaki Arriola; eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko zuzendari Luis Andrés Orive

Eguna. Asteazkena, maiatzak 30

Ordua. 10:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, Francisco de Vitoria aretoa

* Bertan, ‘Eraztun Berdea 35 urte’ sariak banatuko dituzte

——————————————-

Prentsaurrekoa. Udal Musika Bandaren ‘Musika aire librean’ zikloa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto;  eta Udal Musika Bandako zuzendariorde Iker Olazabal

Eguna. Asteazkena, maiatzak 30

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————————

Harrera ekitaldia Legez osatutako familia bati

Udalak harrera egingo dio Elías Holgadok eta Justina Celadak osatzen duten ordezko familiari, 25 urtez Haurtzaroa eta Senitarte Zerbitzuarekin lanean jardun eta gero.

Parte hartzaileak. Lehen alkateorde Peio Lopez de Munain

Eguna. Asteazkena, maiatzak 30

Ordua. 19:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:45

 

Partaideek jatorri geografiko desberdinetako landare jangarriak trukatuko dituzte 

 

Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak sustatzen duen Elkarrekin bizitzen ikasi programak hiriko hiru baratze komunitariotan barrena ibilbidea egitera gonbidatzen du, hartara ezagutzeko “baratze horien espazio fisikoa, bai eta horietan gauzatzen den kultur arteko esperientzia. baratzeetan diharduten kolektiboek lehen eskutik kontatuko dute beren esperientzia”, azpimarratu du Nerea Melgosa zinegotziak.

Horrenbestez, Ekimen Etxeak Abetxukuko Urarteko baratzeen proiektua azalduko du, Gasteizko Caritasek Brigidatarren baratzearena, eta Zabalganeko bizilagunek Zabalortuko baratzeena.

Ibilbidea 10:00retan hasiko da, Abetxukuko Urarteko baratzeetan. Ibilbideko puntu batetik hurrengora joateko garraio publikoa baliatuko da; horrenbestez, antolatzaileek gomendatzen dute partaide guztiek BAT txartela edo baliokidea eraman dezatela.

Ekimenaren osagarri, Mostrenko Kolektiboak antzerki-saio bana eskainiko du hasieran eta amaieran. Partaideek jatorri geografiko desberdinetako landare jangarriak trukatuko dituzte

Interesa duen edonork har dezake parte jardueran.

Informazio gehiago, Udalaren web-orrian.

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:57

 

 

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

  • Gasteizek lekukoa jasoko du han, Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Konferentziaren egoitza izango baita
  • Movin’On mugikortasun iraunkorraren munduko gailurrean ere hartuko dute parte Gorka Urtaran eta Nerea Melgosak, Kanadako hiri hartan egingo baita

Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa Montrealera abiatuko dira gaur, non Euskadiko hiriburua 2019an Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Konferentziaren egoitzarako hautatu izana ofizialduko baita. Orobat, Gasteizko ordezkariek mugikortasun iraunkorrarekin lotutako ekitaldi handienetako batean hartuko dute parte: Movin’On munduko gailurra.

Kanadara joateko arrazoi nagusia Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen biltzarra da, zeina maiatzaren 31n (osteguna) egingo baita. Izan ere, lehen pausoak emango dira sarea datorren urteko martxoan Gasteizen egitekoa den II. biltzarra prestatzeko; duela hiru aste hautatu zuten egoitza gisa, kontsultan botoen % 67 jasota. Gorka Urtaranek hiri anfitrioia aurkezteko aukera izango du, eta lankidetzarako zenbait ekimen ere aztertuko dira; Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen estatutuak ere onetsiko dira.

Bestetik, maiatzaren 30ean (asteazkena), Gasteizko ordezkaritzak Movin’On mugikortasun iraunkorraren munduko gailurrean hartuko du parte; aurten garraio irtenbide global, adimentsu eta multimodalak dira aztergai nagusia.  Movin’On gailurra erreferentziazko ekitaldia da arloan. Iaz 4.000 parte-hartzailetik gora izan ziren, 31 herrialdetakoak, 80 hizlari eta 108 entitate bazkide (gobernuak, unibertsitateak, enpresak eta ikerkuntza zentroak).

“Datorren urtean Gasteizen egitekoa den munduko gailurra prestatzen hastera goaz Montrealera. Hiri moderno eta berritzaile baten erakusleiho onena izan dadin nahi dugu, zeinak erreferentziazko lekua baitu mugikortasunean, iraunkortasunean eta klima-aldaketaren kontrako borrokan. Europa, Amerika eta Asiako hamarnaka hirirekin sarean lan egiteak ate asko irekiko dizkigu, eta interes handiko ekimenetan lankide izatea ahalbidetuko digu”, adierazi du Gorka Urtaranek.

Berrogeita hamar hiri inguruk hartzen dute parte Michelin Hirien Nazioarteko Sarean, enpresa horren fabrika edo zentro teknologikoen egoitzak zein hiri antolatzailearekin senidetuta daudenak batuta. Hiri horietako udalek berek sortu eta gidatutako foroa da, eta iaz egin zen lehenengo topaketa, Clermont Ferrand (Frantzia) hirian, Gasteizko alkatea brtan zelarik.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:27

Adinekoentzako zentro soziokulturalek 55 urtetik gorakoentzako IV. duatloia antolatu dute ekainaren 7rako (osteguna) Txirrindularitza eta atletismo modalitateak biltzen duten proba honek Mendizorrotzeko kirol-esparruan izango ditu irteera eta helmuga.

Probak –ehunka partaide izan dira urtero– bost kategoria ditu, norberak bere egoera fisikora hobekien egokitzen dena aukeratu dezan. Horietako hirutan gainera, bizikleta estatikoa erabiliko da bideetakoaren ordez. Hauexek dira kategoriak:

 

 

  • Ofiziala: Korrika: 1,5 km / bizikletaz: 8 km / korrika: 1,5 km
  • Sprint: Korrika: 4,5 km / bizikletaz: 16 km / korrika: 3 km
  • Herrikoia (1): korrika: 1,5 km / bizikleta estatikoa: 15 minutu / korrika: 1,5 km
  • Herrikoia (2): korrika: 3 km / bizikleta estatikoa: 15 minutu / korrika: 1,5 km
  • Herrikoia (3): korrika: 4,5 km / bizikleta estatikoa: 15 minutu / korrika: 1,5 km

Modalitateetarako prestatutako bi ibilbideak Lasarteko atea, Armentia eta Mendizorrotzan zehar izango dira. IV. duatloia goizeko 11:00etan hasiko da. Interesdunek maiatzaren 31ra bitartean eman ahalko dute izena Adinekoentzako Zentro Soziokulturaletan. Izen-ematea doakoa da.

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek adierazi duenez, “probaren helburua ez da lehia, baizik eta kirola eginez egun osasungarria pasatzea, dibertitzea eta sasoian egotea gustuko dutenekin uneak partekatzea”.

 Apiriletik hona hainbat jarduera antolatu dira proba prestatzen laguntzeko: berariazko entrenamendu saioak, duatloia prestatzeko moduari buruzko solasaldiak eta elikadura eta bizitza osasungarriaren inguruko hitzaldiak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:15

Hirigintza Sailak falta zen eraikuntza lizentzia eman berri du Alaba Jeneralaren kaleak, Dato kaleak eta San Prudentzio kaleak osatzen duen etxadi barruko espazioak berrantolatzeko proiekturako.  Urtarrilean beste lizentzia bat eman zen, eraikinak eraisteko.

Horri esker, behin betiko aktibatu da etxadi horren barruko espazioak —aparkalekua lehen eta bigarren solairuetan— berrantolatzeko proiektua, beheko solairuan erabilera tertziarioko espazioak elkartuta, handiagoak eta oraingo beharretarako erakargarriagoak izan daitezen.

Gasteizko erdialdeko bizitza soziala eta merkataritza berpizteko Erdigunerako Masterplanean jasotzen diren hogeitik gora ekintzetako bat da proiektua.  “Krisi ekonomikoa, enpresak eta erakundeak beste leku batzuetara aldatzea, bizitegietarako gune berriak sortzea eta beste faktore batzuk direla eta, hiri sendotuak erritmoa galdu du lehen zuen jarduera ekonomikoaren eta okupazioaren aldean. Hiriguneak beste garai batzuetako pultsua berreskuratu nahi du, eta behar du. Erdialdeko Masterplanaren bitartez erabiltzen ez diren eraikinak eta lokalak berreskuratu nahi dira, hiriko bizitza kolektiboa dinamizatzeko aktiboak izan daitezen, eta ekimen publikoak eta pribatuak batuz egingo da, epe motz eta ertainera neurri eraginkorrak hartzeko, etxadi honen kasuan bezala”, nabarmendu du Hirigintzako zinegotzi Itziar Gonzalok.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 maiatza 2018 17:00

Prentsaurrekoa. ‘Sherezade’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Antzezlaneko zuzendari Ana Pimienta; eta Principal Antzokiko zuzendari Marta Monfort

Eguna. Asteartea, maiatzak 29

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:07

 

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaran alkatea ONCEren ondoan izan da Gasteizko ordezkaritza berriro irekitzeko ekitaldian, San Prudentzio kalean. Inauguratu zenetik 30 urtera, eta entitatearen 80. urteurrenarekin bat, jendearentzako instalazio moderno eta inklusiboagoak ireki dituzte. Egin dituzten irisgarritasun hobekuntzek mesede egingo diete erakundeak Araban dituen ehun langileei zein 570 kideei.

Alkateak zorionak eman dizkie egindako lanagatik, eta aurrera jarraitzera animatu ditu. “Beti saiatzen zarete hainbat balio etiko praktikan jartzen, hala nola zintzotasuna, elkartasuna eta dibertsitatearekiko arreta. Eskerrik asko egunero aukera-berdintasunaren alde lan egiteagatik. Zuei eta erakundeen laguntzari esker, hiria gero eta hobea da”, esan du alkateak instalazio berriak bisitatu aurretik.
 

Share

« HurrengoakAurrekoak »