Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  6 ekaina 2018 17:15

Neska Txikik badu izena: Edurne. Hori erabaki dute Haur eta Nerabeen Elkarguneko kideek, partaidetza-organoak gaur egindako bileran. Duela aste batzuk hasi zen izena aukeratzeko prozesua, elkarguneak ikastetxe hauetan osatutako lau foroetan: Zabalgana BHI,  Hogar San José (bi foro) eta Santa Maria.

Gaur arratsaldean egindako saioan ikastetxe horietan jasotako botoak eta elkargunean banako gisa parte hartu duten 8 eta 14 urte bitarteko neska-mutilek emandakoak batu dira.

Hiru izenen artean aukeratu behar zuten: Zuriñe, Edurne eta Blanca. Edurne izenak lortu du boto gehien (29); ondoren, Zuriñe aukeratu dute (24), eta azkenik, Blanca (23).

Horrela bukatu da haur eta nerabeak protagonista nagusitzat izan  dituen partaidetza-prozesua; izan  ere, Peio López de Munain zinegotziak azaldu duenez, “Udalaren erabakietan gero eta presentzia handiagoa izan dezaten nahi dugu. Haien iritziak eta ekarpenak kontuan izan nahi ditugu”.

Aldi berean, bozketa eta izendapenaren bidez Neska Txikik izenik izan ez duen 18 urteko aldiari eman zaio amaiera. “Gure hiriko umeek ikusezintasun egoera bat zuzendu dute. Jaiaren sinbolo bat, Neska Txiki, ezin zuen bizi osoan jarraitu izenik gabeko laguntzaile izaten”, esan du Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Edurne eta Zeledon Txiki abuztuaren 7an jaitsiko dira San Migeleko dorretik, Andre Maria Zuriaren jaietan umeei eskainitako eguna baita. Hain zuzen ere, Andre Maria Zuriaren plazara jaistea da aurtengo jaietako berrikuntzetako bat.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Prentsaurrekoa. Koroatze auzoko SmartEnCity proiektua zertan den azaltzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Visesako zuzendari nagusi Carlos Quindós; EVEko zuzendari nagusi Iñigo Ansola; eta Giroa-Veoliako zuzendari nagusi Juan Manuel Taracena

Eguna. Osteguna, ekainak 7

Ordua. 9:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————

Prentsaurrekoa. Kaldearte aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Irantzu Lekue, ‘Txoriak ikuskizuneko arduraduna; Aurélien Prost, Cirque Rouages taldeko zuzendari artistikoa; José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioko zuzendaria; eta Mariona Moya eta Jordi Montmany aktoreak

Eguna. Osteguna, ekainak 7

Ordua. 10:30

Tokia. Montehermoso

——————————–

Prentsaurrekoa. ONCEren Asteko programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Osasun Publikoaren eta Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munain; Gizarte Zerbitzuen foru diputatu Marian Olabarrieta; Enplegua eta Gizarte Politiken kontseilariorde Lide Amilibia; Euskadiko ONCEren lurralde delegatu Juan Carlos Andueza; eta Euskadiko ONCEren lurralde presidente Javier Domínguez

Eguna. Osteguna, ekainak 7

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————-

Harrera ekitaldia Alemaniako ikasleei

Udalak harrera egingo die Alemaniako Hanburgo hiriko Gimnasium Ohmoor institutuko ikasle eta irakasleei; Vitoria-Gasteizera etorri dira Kultur Trukeak direla-eta, San Viator ikastetxeak gonbidatuta.

Parte hartzaileak. Hezkuntza, Kultura eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto

Eguna. Osteguna, ekainak 7

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

—————————————-

Euskadi-Erdialdeko Amerika Uraren eta Saneamenduaren arloko lankidetza erakunde-programa aurkeztea

Parte hartzaileak. AMVISAKO presidente eta Lankidetza zinegotzi Jaione Aguirre; Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendari Paul Ortega; eta Euskal Fondoak ordezkari Nekane Zeberio

Eguna. Osteguna, ekainak 7

Ordua. 11:30

Tokia. Lehendakaritza, agerraldien aretoa (Nafarroa kalea, 2)

—————————————

Gasteizen egingo den Euroligaren Final Fourraren inguruko prentsaurrekoa

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Arabako diputatu nagusi Ramiro González; Hizkuntza Politika eta Kultura kontseilari Bingen Zupiria; Euroligaren CEO eta presidente Jordi Bertomeu; eta Saski Baskoniako presidente Josean Querejeta

Eguna. Osteguna, ekainak 7

Ordua. 12:00

Tokia. Fernado Buesa Arena Pabilioia

—————————————-

SECPAL, Sociedad Española de Cuidados Paliativos elkartearen Nazioarteko Biltzarra

Parte hartzaileak. Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munain

Eguna. Osteguna, ekainak 7

Ordua. 16:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, Maria de Maeztu auditorioa

———————————

Vitoria-Gasteizko X. Telebista Jaialdiaren aurkezpena

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa

Eguna. Osteguna, ekainak 7

Ordua. 20:00

Tokia. Puertasol by Chicote jatetxea ( Puerta del Sol plaza, 10. Madril)

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:31

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

  • Gorka Urtaranek, Juan Mari Aburtok, Eneko Goiak eta Joseba Asironek aldarrikatu dutenez, hiriek protagonista izan behar dute hiztunen aktibazioan.
  • Donostiako Miramar Jauregian izandako ekitaldian nabarmendu dutenez, Euskaraldia ekimena lagungarria izango da helburu hori lortzeko.

Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruñeko alkateek Euskaraldia: 11 Egun Euskaraz ekimenaren aldeko beren hiriburuen atxikimendua agertu dute eta, era berean, haien apustua nabarmendu dute hiriburuak protagonista izan daitezen euskararen erabilera sustatzeko bidean. Donostiako Miramar Jauregian izandako ekitaldi batean, Juan Mari Aburtok, Eneko Goiak, Gorka Urtaranek eta Joseba Asironek azpimarratu dute Euskaraldia lagungarria izango dela hiriburuek erabilera sustatzeko eta hiztunak aktibatzeko egiten duten lana irmotzeko. “Hiriburuek, euskararen lurraldeetako hirigune nagusiek, gune eroso eta abegikorrak izan behar dute euskararen erabilera bultzatzeko bidean. Euskaraldia ekimena oso lagungarria izango da norabide horretan”, adierazi dute.

Euskaraldia abian jartzeko bost hilabete baino zertxobait gehiago falta denean, alkateek azpimarratu nahi izan dute hiriburuen garrantzia euskara sustatzeko bide horretan, “daukaten garrantziagatik eta lurralde osoan duten eraginagatik”. Haiekin batera izan dira gaurko aurkezpenean Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidentea. Ekitaldia Arrate Illarok, Euskaraldiko koordinatzaileak, gidatu du, eta ingurune handien Euskaraldiaren aldeko apustua txalotu du.

“Euskararen erabileran urratsak eman nahi baditugu ezinbestekoa da hiriak praktika berrietarako eremu eroso bilakatzea. Izan ere, Euskal Herriko populazio gehiena hirietan bizi da edo hirietara mugitzen da. Hortaz, eguneroko ohiko harremanak zein harreman berriak hirietan gertatzen dira. Gaur esan dezakegu 10.000 biztanletik gorako udalerri guztiek egingo dutela bat Euskaraldiarekin, horietan guztietan daude Euskaraldia antolatzeko lan-taldeak”, adierazi du Illarok.

Bilakaera Gasteizen

Gorka Urtaranek azaldu du Gasteizek lan egiten duela “herritar bakoitza Arabako hiriburuan bere hizkuntzan bizi ahal izateko; Udalak hizkuntzaren erabilera eremu pertsonalean, sozialean eta ofizialean sustatzen du”. Alkateak Gasteizen euskarak izan duen bilakaera ere azpimarratu du. 1981ean euskaldunen ehunekoa hirian % 3koa zen, eta ‘ia euskaldunena’ (hiztun pasiboak) % 11koa. Eustaten azken datuen arabera, 2016an ehuneko horiek % 27ra eta % 20ra igo ziren, hurrenez hurren. Denbora-tarte horretan euskaldunak eta ‘ia-euskaldunak’ 26.000tik 110.000ra igo dira. “Datua ikusgarria da”, adierazi du Gorka Urtaranek. 20-24 urtekoen artean, erdiak euskaldunak dira; 15 urtetik 19 urtera artekoen artean, aldiz, lautik hiru dira euskaldunak.

Aipatu duenez, “Gasteizen erronka, une hauetan, kalean erabiltzea da”. Kaleko azken neurketen arabera, elkarrizketen % 3,7tan erabiltzen da euskara. Gainera, bilakaera etengabea da; izan ere, 1993an datu hori 2,5ekoa zen. “Gure ahaleginak une hauetan bideratzen dira gure kaleetan euskara gehiago erabiltzera. Eta, alde horretatik, Euskaraldia bezalako ekimenak alferrik galdu ezin diren aukerak dira. Espero dut Euskadiko hiriburua ‘ahobiziz’ eta ‘belarriprestez’ beteta egotea”, azpimarratu du Gorka Urtaranek.

‘Euskararen hiria’

Eneko Goia Donostiako alkateak nabarmendu du “errealitate sendoa” duela euskarak Gipuzkoako hiriburuan, nahiz eta erabilerari dagokienez oraindik ere pauso berriak eman behar diren: “Donostia Euskararen Hiria da. Aspaldi eman zitzaion izendapen hori, eta orain berresteko moduan gaude. Gainera, indarrez azpimarratu nahi dugu. Ezagueraz ari garela, errealitate sendoa daukagu; alabaina, erabileran dago gure erronka. Donostiako kaleetan euskarak badu lekua, baina beste esparru, leku eta eremu guztietara hurbiltzea da gure erronka: lantokira, jolas-parkera, gazteen lokaletara, kirolera… Bizitzaren harreman-sare guztietara, alegia”.

Ikuspegi horretatik, alkate donostiarrak Euskaraldiak egingo duen ekarpena azpimarratu du: “11 egun euskaraz. 11 zenbakia, gure hizkuntzan, ez da 10 + 1 bakarrik. Zenbaki mugagabe bat ere bada, asko, ugari adierazi nahi duena. Hori da gure helburua. 10 + 1etik abiatu eta 11 mugagabera heltzea. Gora Euskaraldia!”.

Hiriak, ezinbesteko

Juan Mari Aburto alkateak azpimarratu du Bilbok euskararen alde egin duen apustua, bai eta hirigune nagusien garrantzia ere. “Hiriak funtsezko espazioak gara euskararen erabilera sustatzeko eta hiztunak aktibatzeko. Horregatik, Euskara Sustatzeko Ekintza Planean buru-belarri ari gara lanean Bilboko Udalean. Eta hiru helburu estrategiko hauek ditugu: euskararen transmisioa, erabilera soziala eta hizkuntzaren kalitatea”, adierazi du.

Alkateak, halaber, nabarmendu du hiria “gero eta leku egokiagoa” izango dela euskara erabiltzeko: “Bilbo eta euskara lotu-loturik daude. Neure konpromisoa agertu gura dut hemen, herritar guztiekiko konpromisoa, Bilbo euskara erabiltzeko gero eta leku egokiagoa izan dadin… Eta Euskaraldia, ildo horretatik, konpromiso argia da”.

 Gune erosoak sortuz

Azkenik, Iruñeko alkate Joseba Asironek azpimarratu du hirian egiten ari diren lana euskaraz hitz egitea aldats behera izan dadin, gero eta arnasgune gehiago egon daitezen eta horrek erabilera ahalbidetu dezan: “Hiriburuak ezinbesteko protagonista dira euskararen erabileraren sustapenean, eta horregatik Iruñeak ere euskararen erabilerarako gune eroso eta abegikorra izateko konpromisoa irmoa adierazi nahi du”. Alkateak nabarmendu du historikoki Iruñeak euskararen historian izan duen “garrantzia” eta itxaropentsu hitz egin du etorkizunaz.

“Euskara Iruñearen parte izan da bere sorreratik, eta XXI. mendeak itxaropentsu begiratzen dio euskararen etorkizunari Iruñean. Nafar erakundeek euskara babesteko eta haren erabilera sustatzeko apustua egin dute, eta Iruñeko Udalak hiriaren bi hizkuntza ofizialen elkarbizitza osasuntsua bermatzeko eta euskararentzako gune erosoak ahalbidetzeko neurriak hartzen ari da. Euskaraldia ekimen lagungarria izango da bide luze eta emankor horretan”, amaitu du.

350 udal, momentuz

Bestalde, Arrate Illarok adierazi du momentu honetan 350 udalerrik egin dutela bat Euskaraldiarekin. Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñearekin batera, Euskaraldian izango dira Iparraldeko hiriburuak ere: Baiona, Donibane Garazi eta Maule. Orobat, Euskal Herri osoko 10.000 biztanletik gorako udalerri guztietan Euskaraldia antolatzeko lan-taldeak daude.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte izango da abian Euskaraldia Euskal Herri osoko ehunka udalerritan. Ekimen honen helburua da hizkuntza ohituretan eragitea euskararen erabilera eta hiztunen aktibazioa bultzatzeko. Funtsean, Euskaraldiaren xedea da 11 egunez euskara era aktiboagoan erabiltzea ariketa horrek 12. egunetik aurrera eragina izan dezan. Proiektuaren oinarrian azken urteotan hainbat herritan izandako aktibazio esperientzia arrakastatsuak daude.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:47

 

22 milioi erabiltzailek baino gehiagok baliatu zituzten autobusa eta tranbia

Orobat, hobekuntzak erregistratu dira energia-eraginkortasunaren, herritarrek jasaten duten zarataren eta ur-kontsumoaren alorretan

 

Gasteizko Udalak Arabako hiriburuaren 21 Tokiko Agendaren 2018ko buletina aurkeztu du gaur goizean, zeinean 2017. urtean jasotako hainbat ingurumen parametro ebaluatzen baitira. Udalak urtero egiten du lan hori, munduan garapen iraunkorra sustatzeko asmoz sortutako programa baten barruan, eta Ingurumenaren Mundu Egunarekin batera aurkeztu ohi da —atzo izan zen—. “Garrantzitsua da hiriek urtero ‘txekeo’ moduko hori egitea, zertan gabiltzan ondo eta zer hobetu behar dugun jakitearren. Horretaz gain, agiri honen helburu nagusia da Gasteizko Udalak egiten duen lana ezagutaraztea”, nabarmendu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak. “Hiriok erantzukizun handia dugu ingurumenaren alorrean etorkizunerako erronkei heltzeko garaian“, azpimarratu du.

Iñaki Prusillak eta Udaleko Ingurumen Plangintza eta Kudeaketa Zerbitzuko buru Andrés Alonsok aurkeztu dute agiria, zeina udalaren web-orrian baitago herritarren eskura, eta alderdi esanguratsuenetako batzuk azaldu dituzte. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak zenbait emaitza nabarmendu ditu. Horien artean, Gasteizek Udalsarea21en “Euskadiko 2017ko Udalerri Jasangarriaren Saria” jaso izana, ingurumenaren alde egindako apustu sendoagatik.

Sari garrantzitsu horretaz gain, 2017an izan zen azpimarratzeko moduko beste jarduerarik. Esate baterako, zarataren mapa estrategikoa landu zen, zeinak agerian jarri baitu Gasteizko herritarrek jasaten duten zarata-maila murriztu egin dela. Gehiegizko zarata-maila jasaten duten pertsonen kopurua % 23tik % 10era jaitsi da, bereziki trafikoa lasaitzeko neurriei eta garraiobide iraunkor eta osasungarriaren sustapenari esker.

 

Hain zuzen ere, nabarmentzekoa da hiri autobusen bidaiari kopuruan beste errekor bat lortu dela: 14,5 miloi erabiltzaile. Aurreko ekitaldiaren aldean % 2,1 hazi da, eta TUVISAren maximo historikoa da. Tranbiak ere bere errekorra gainditu du, zortzi milioi bidaiaritik gora zenbatu baitzituen. Horrenbestez, garraio publikoaren erabiltzaileak, orotara, 22.664.395 izan ziren. Aurreko ekitaldiaren aldean, % 3,2 gehiago.

Urari dagokionez, etxeetako kontsumoa biztanleko eta eguneko 107 litro ingurura murriztea lortu da dagoeneko. Eguneko eta biztanleko ur-eskari osoa, berriz, 200 litro baino gutxiagora murriztu da. Energiari gagozkiolarik, Udalak argiteria publikoan eta udal instalazioetan energia-aurrezpena eta -eraginkortasuna lortzeko sustatu dituen politikek izan dute fruiturik, led teknologia baliatuta, esaterako. Horri esker, urteko kontsumoa orduko milioi bat kilowatt murriztu da.

Hondakinen bilketari erreparatuta, birziklatze portzentajea % 30 ingurukoa da gaur egun, baina Udala jakitun da kopuru hori handitu beharra dagoela 2025erako europar eskakizunak betetzeko.

Aipatzekoa da, halaber, egunen % 76an airearen kalitatea ona edo oso ona izan zela Arabako hiriburuan. Eta ez da kalitate txarreko egun bakar bat ere izan. Azkenik, 2017an ingurumen-hezkuntzan parte hartu duten ikasleen kopurua azpimarratu dute Ingurumen Sailetik: 35.392 guztira.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:14

Hainbat patinaje taldek antolatu dute, Udalaren laguntzarekin; ekainaren 8an egingo da lehenengoz, 15 kilometroko ibilbidea duela, Prado parketik Berpizkundearen plazaraino

 

Ekainaren 8an, 22:30ean, lehenengo “Patin-Gaua” abiatuko da Prado parketik. Patin ibilbide mota hori egiten duen Espainiako laugarren hiria izango da Gasteiz, Madril, Bartzelona eta Valentziaren atzetik, eta Udalaren laguntza duen lehena, Kirol Zerbitzuarena eta Udaltzaingoarena, zehazki.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok eta antolatzaile taldeko kide Cari Jorge eta Sara Sánchezek aurkeztu dute.

Gero eta jende gehiagok praktikatzen du patinajea eta, zehazkiago, hiriko patinajea, eta Patin-Gauak kirol hori praktikatzeko beste aukera bat eman nahi  die, horretarako diseinatutako ibilbide urbano batean eta Kirolaren Hiria bihurtzeko asmoa duen hiri batean, kirol instalazioetan egiten dena ez ezik, hiriko bazter guztiak ere instalaziotzat erabiltzen dituen kirola aintzat hartuta”, adierazi du Cantok.

Gasteizko Yumandy, Elurra, Street Jockey, Perezosos eta Gaubela patinaje taldeek eta Federazioak antolatu dute proba, Udalaren laguntzarekin.

Ibilbideak 15 kilometro izango du; Prado parkean hasiko da, 22:30ean, eta Berpizkundearen plazan amaituko, 23:45 aldera. Izen-emateak bi euro balio du, eta udalaren web-orrian eta gizarte etxeetan egin daiteke.

Informazio gehiago.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:00

 

 

 

 

 

 

 

  • Lehen aldiz egiten da Euskadin era horretako lehiaketa bat, eta 140 ikaslek baino gehiagok hartuko dute parte, Euskal Herri osoko LHko zentroetatik etorrita.

Mendizabalako aparkalekuak hartuko du datorren larunbatean, hilaren 9an, Euskelec, Lanbide Heziketako zentroen ibilgailu elektronikon lehiaketaren lehen edizioa. Bertan 140 ikasle baino gehiagok hartuko dute parte,Euskal Herriko lanbide Heziketako 11 ikastetxetik etorrita, zeinek ibilgailu elektrikoak diseinatu eta osatu dituzten, ikasleen artean talde-lana sustatzeko eta etorkizuneko mugikortasun-sistemen ezagutza teknikoaren oinarriak finkatzeko asmoz.

Lehiaketaren jarduerak garatu ahal izateko, Mendizabaleko aparkalekuan gune bat prestatuko da, bertan partaideek proba dinamikoak egin ditzaten. Ekipo bakoitzak lau probari egin beharko dio aurre (azelerazioa, gehienezko balazta, slaloma eta erresistentzia), eta lauen arteko orekaren arabera erabakiko da zein den ibilgailu elektriko eraginkorrena. Aurkeztuko diren ibilgailuak oinarri motriz bat eta denentzat berdin baten gainean eraiki dira (motor, motor kontrolatzaile eta bateriak), baina lantalde bakoitzak holako edo halako hobekuntzak gehituko dizkiote oinarri konpartitu horri. 11 ekipoen artean Arabako bat dago, Mendizabala institutukoa.

Muisu fundazioak, lagun dituztela Tknika (LHri aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako EAEko Zentroa) eta ibilgailu elektrikoaren alorrean berrikuntza eta garapenean diharduten zenbait enpresa, proba hau sustatzen dute, Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren babesarekin.

“Ibilgailu elektrikoen lehen lehiaketa hau enpresek eta ikastetxeek etorkizuneko mugikortasunaren alde egiten ari diren apustua islatzeko modurik onena da, mugikortasun elektrikoaren alde, alegia, eta Gasteiz hiriak ere tinko eusten dio erronka horri. Mendizabalean burutuko den ekimena Lanbide Heziketako gure ikasleen talentuaren lagina izan dadin nahi dugu, eta baita iraunkortasunaren eta 4.0 industriaren alde dugun apustuaren isla ere”, esan du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Horrez gain, Arabako Foru aldundiko Ekonomia Garapeneko zuzendari Javier Hernandok Euskelec txapelketaren helburuak nabarmendu ditu. “Antolatzaileen asmoa ibilgailu iraunkorra gizartera hurbiltzea da; enpresak eta hezkuntza-erakundeak uztartzea, etorriko diren belaunaldietan ibilgailu iraunkorrari buruzko prestakuntza eta ezagutzak sortzeko. Foru Aldundian helburu hori gustatu egin zitzaigun, jakina delako Araba lurralde bereziki industriala dela, non automobilgintzak berebiziko indarra duen, eta baita Arabak prestakuntzaren alde egin duelako aspalditik, lehiakortasunerako faktore gisa.”, azpimarratu du Hernandok.

Musi fundazioko preidente Benjamín Ballesterosek azaldu duen bezala, Euskelec lehiaketaren jatorrian gure gizartea aldatzeko eta energiaren ikuspegitik iraunkorrago eta ingurumenarekiko konprometituago bihurtzeko gogoa dago, halako moduan non bizi-estilo horren eragin-eremua sektore guztietara (soziala, industriala, enpresariala eta hezkuntzarena) hedatuko den. Hezkuntzaren ikuspegitik ETHAZI metodologia jarraitu izan da, zein Tknikak abiarazi duen Euskal Herriko LHko zentroetan; metodologia berritzailea eta aitzindaria da Euskadin, eta erronkei erantzuteko ikaskuntza kolaboratiboa da haren oinarri pedagogikoa.

Larunbateko proigrama 07:00etan hasiko da Mendizabalean, ekipo partaideen harrerarekin. Ekipoak erregistratu eta bakoitzari dokumentazioa eman ostean, 08:00etatik 10:00etara, parte hartuko duten prototipoen egiaztapen teknikoak egingo dira (mekanikoak, elektrikoak eta dinamikoak). 10:00etan irekiko zaizkie ateak ikusleei , balazta, slalom eta azelerazio probak ikusteko. 12:00etan iritsiko da lehiaketaren une gorena, entrenamendu libreak egiteko ordu erdiko tartea eta gero, erresistentzia proba alegia, eta horren ostean, 13:00etan, sariak banatuko dira.

Euskelec lehiaketako ekipo irabazleak beka bat jasoko du sari, Formula Student Spain 2018 ekimenera joateko. Horrez gain, berrikuntzaren AIC saria emango da: bi beka AIC Campus murgiltze-programan parte hartzeko. Diseinu onenaren Irizar e-mobility sariaren irabazleek Adunako planta berriko instalazioak bisitatuko dute. Azkenik, Fabrikazioaren AIC sariak beste bi beka banatuko ditu AIC Campus murgiltze-programan parte hartzeko.

Mugikortasun iraunkorraren alorreko profesionalek eta berrikuntza teknologikoaren sustatzaileek osatzen dute MUISU (Mugikortasun Iraunkorra Sustatzeko Fundazio Teknologikoa), zein REBATTERY enpresa bizkaitarraren proiektua baiten, mugikortasunaren eta teknologia aurreratuaren arteko jauzia urritu asmoduna. Euskelecek aurrerantzean mugikortasun elektrikoan arituko diren teknikariak prestatzeko saioa da. Gainera, Euskelecen inplikatutako eragile guztiengan (ikasleak, gurasoak, irakasleak, enpresak eta erakundeak) mugikortasun iraunkorragoaren bidean aurrerapausoak eman beharra sustatzen da.

Share