Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Fotonotizia  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  13 ekaina 2018 17:06

2018an ere, Teatro Paraíso taldeak  Beñat Etxepare sariak banatu ditu, ikusleak, ikastetxeak, irudi grafikoa eta antzerki-kritikarik onena aitortzearren; publikoak sortu eta prestatzeko proiektu horretan bat egiten dute sorkuntzak, hezkuntzak eta familiak, eta aurten 20.000tik gora ikasle bildu ditu.

Ekitaldian hauek izan dira: Estíbaliz Canto, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia;  Marta Monfort, Udal Antzoki Sarearen arduraduna; Pilar López, Teatro Paraísoko zuzendaria; beste zinegotziak, eta denboraldi honetan parte hartu duten beste batzuk (artistak, babesleak, etab.).

Antzerki taldearen web-orrian kontsultatu daiteke nortzuk izan diren sarituak.

 

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Mendizorrotzako futbol zelaia berriztatzea

Parte hartzaileak: Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Arabako ahaldun nagusi Ramiro González; Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria; eta Deportivo Alaveseko presidente Alfonso Fernández de Trocóniz

Eguna: Osteguna, ekainak 14

Ordua. 11:00

Tokia: Mendizorrotza futbol zelaiko prentsa aretoa

*Prentsaurrekoa amaitu eta gero parte hartzaileak zelaira aterako dira kazetari grafikoek irudiak har ditzaten.

————————————–

Harrera ekitaldia Aktibatu programan parte hartu duten neska mutikoei

Parte hartzaileak. Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munain

Eguna. Osteguna, ekainak 14

Ordua. 11:00

Tokia. Goiuri jauregia, Martin de Salinas aretoa

———————————-

Vitoria-Gasteizen hondakinen birziklatzea handitzeko kanpaina aurkeztea

Parte hartzaileak. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusilla; Ecoembes-Euskadiko ordezkari José Arrancudiaga

Eguna. Osteguna, ekainak 14

Ordua. 12:00

Tokia. Urrezko Zeledonen plaza

————————————–

ARAEXen 25. urteurrena ospatzeko gala

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Osteguna, ekainak 14

Ordua. 20:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia – Maria de Maeztu entzunaretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:29

Aurkeztu diren 72 lanen artetik aukeratu dira, 2018ko irailetik 2019ko ekainera bitartean erakusteko asmoz, eta 4.000-6.000 euro jasoko dute

Montehermoso kulturuneak lau lan hautatu ditu 2018ko proiektu artistikoetarako deialdian, hiru lan plastiko eta ikus-entzunezko bat, 2018ko irailetik 2019ko ekainera bitartean erakusteko asmoz.

Programaren xedea da tokiko artisten proiektuak landu, erakutsi eta zabaltzea, horien bitartez jardun artistiko garaikidearen alorrean lantzen ari diren lengoaia eta diskurtso berriak ezagutarazi eta horietaz hausnartzearren. Deialdi irekia egiten da horretarako, eta adituen epaimahai batek aukeratzen ditu lanak; horiek gutxienez 4.000 € jasotzen dute laguntza ekonomiko gisa, eta gehienez, 6.000 €.

Aurten 72 proiektu aurkeztu dira guztira, eta epaimahaiak lau hautatu ditu. Hauek osatu dute hautaketa batzordea: Juan Zapater, zinema kritikaria eta BilbaoArte fundazioaren zuzendaria; Enrique Martínez, kontserbatzailea eta ARTIUMen bilduma iraunkorraren arduraduna, eta Araceli de la Horra, Kultur Zentroetako burua, Kultura eta Kirol Arloko zinegotziaren ordezkotzaz. Proiektu hauek aukeratu dituzte:

 

– Proiektua: “Modelo y Práctica”, Iñaki Gracenea Zapirain.

Kontrol egiturek ekoizten dituzten irudiak zalantzan jartzea da gai nagusia; hain zuzen ere, egilearen azken proiektuen ardatza kontrolaren arkitektura eta espetxeen arkitekturaren historia izan dira.  Sailkapenaren ideian oinarritutako lan multzo batek osatuko du “Modelo y práctica” lana. Montehermoso kulturunean instalatu nahi da proiektua, bildumaren ideian oinarrituz garatzen diren lanen artean erlazio ezberdinak ahalbidetzeko eta aurkezten den testuingurua kontuan hartuz. Horren haritik, proiektua Gasteizko garai bateko kartzelatik abiatuko da, estatuan eraikitako lehen kartzela zelularra izan baitzen.

Iñaki Gracenea Arte Ederretan lizentziaduna da, Euskal Herriko Unibertsitatetik, Pintura espezialitatean. Hainbat arte zentrotan jarraitu zuen prestakuntza: Arteleku (Donostia), Kunsthauss Essen, ISCP (New York), CCA (Andratx) eta John Jay College (New York). Azken urteetan, proeiktu hauetan hartu du parte: Lloyd Sealy Library John Jay College/CUNY (New York), Erromako Espainiaren Akademia, Modelos (Sistema y traducción), BBVA fundazioa; Cahier de Fleurs espetxe-arkitekturari buruzko liburua ere argitaratu du. Leku hauetan dute haren lanen bat, besteak beste: Gasteizko ARTIUM museoa, Unión Fenosa (A Coruña), Wurth arte garaikideko bilduma, Valentziako CAM, Caja Madrid, MUSAC, AENA, Espainiako Bankua eta Iruñeko Udala.

– Proiektua: “Metrópolis” Jon Gorospe Mauleon (www.jongorospe.com).

Proiektu honetarako funtsean bi ikuspegi hartu dira: espazio publikoen erabilera ludikoa —eta horrek unibertso digitalean duen proiekzioa— eta irudien birziklatzea eta ekonomia. Jon Gorosperen proposamenaren emaitza materiala hiri handiak erretratatzen duten ikusizko piezen bilduma izango da. Irudiak “Streetview” (Google-rena) eta “Total View” (Baindu baliokide txinatarrarena) aplikazioak baliatuz hartu dira.

Irudiek mosaiko handiak osatzeko balioko dute: lauki-sarean jarritako irudien bilbadura trinkoak. Azkenik, hainbat liburuki —diseinu eta koadernatze berdinekoak— editatuko dira, artxiboaren, dokumentu antropologikoaren irudia indartuko dutenak.

Jon Gorospe, Gasteizko  Arte eta Diseinuko goi mailako Eskolan graduatua, Artean, eta Vilnius Faculty of Arts-en (Vilnius, Lituania). Azken proiektua Maltan egin zuen. Prestakuntza artistikoa hainbat egilerekin argazkigintza/artea ikasiz osatu zuen: Pep Bonet, Juan Valbuena, José Muñoz, Matías Costa, David Jiménez eta Xavier Rivas, besteak beste. Zenbait sari eta beka lortu ditu.

– Proiektua: “Lúcu Lúcu”, Ainhoa Akutain.

Proiektua TIDAL terminotik abiatzen da, mareekin lotutako ingeles kontzeptua; hebreerazko jatorrizko hitzak konnotazio bibliko argia du, eta gaur egun pertsona paganoa aipatzen du.  Alegia, fedegabea, bataiatuta ez dagoena. Paganoa (gaztelaniaz) besteren kontuak edo erruak jasan behar dituena ere bada. “Lúcu_lúcu” deritzon proiektuak espazioak izendatzea, konplexutasuna sortzea ahalbidetzen du, itsasoarekin zerikusia duten kulturen artean lotura morfologikoak eginez, hau da, Kubako pidgin-aren eta euskaratik sortutako pidgin-en artean, kultur leku inkontzienteetatik edo agerian geratzeko uzkur diren sedukzio mekanismoen bidez egiten diren loturak.

Artistak leku bakoitzean aurkitzen dituen baliabideek elikatzen dute proiektua, eskultura, argazkia, bideoa eta idatzizko lanak zein grafikoak txertatuz, eta hizkuntzaren, zeinuaren eta gizarte errepresentazioen artean tartekatzen den distantziari erreparatuz.

Ainhoa Akutain, Eskultura Saileko doktore Cum Laude.

Arte Ederretako Fakultatea, EHU, “Détournement: una posible realidad desde la praxis artística” tesiarekin. Arte jarduna akademiako irakaskuntza eta ikerkuntzarekin bateratzen du. Gaur egun EHUren Arte Ederretako Fakultateko Eskultura Sailari lotutako “Creación en arte y estéticas aplicadas para la ciudad, el paisaje y la comunidad. Jorge Oteiza y las Síntesis de las Artes como Metodología para el reconocimiento de la función y uso de la producción del Arte en el fin de la (Post)Modernidad” ikerkuntza taldean hartzen du parte.

– Proiektua: “Blue: contact line:Red ”, Irati Inoriza.

Partaidetzazko arte-ikerkuntza egitea da helburua, joera postheroikoen eta gure identitateak osatzen dituzten mito epikoen artean dauden tentsioez. Erreferentziatzat borroka aske olinpiarra hartzen du, tapiz gainean markatuta dagoen 9 metroko diametroko zirkulu baten barruan egiten baita borroka. Forma plastikoen bidez, borroka heroikoaren ekintzak desegituratuko ditugu, bereziki emakumeenak, identitateek oraindik epikarako indarra duten aztertzeko.

Irati Inorizak zatikatzea, errepika eta jolasa erabiltzen ditu lanerako estrategia gisa, bideoa eta performancea baliatzen duten piezak sortzeko, errealitatearen ertzean kokatuz, eta forma poetikoa hartuta. Oraingoan 3D-ko bideoetan islatuko  da proiektua.

Irati Inoriza. Ikerketa eta Sormena Artean masterra, EHUn; ikasketa osagarriak Tomas Rullerren zuzendutako Performance Estudioan (Brno 2013-2014). Proiektu hauetan hartu du parte, besteak beste: Tabakalerako Komisario Berriak programa (Donostia, 2015), INTRANSIT (2016), eta WHITE FARM (Sizilia, 2014).

Proiektuak hautatu ondoren, Montehermosoko taldeak eta artistak elkarrekin lan egiteari ekingo diote, lanak jendaurrean aurkeztu arte.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:21

 

 

 

 

 

 

 

  • Esparru berrian jarriko da ekitaldi horretako gastronomia eta kultur eskaintza, eta Integrazioaren plaza deiturikoa

Askotariko musika ikuskizunak, nazioarteko gastronomia eta Errusiako Munduko Txapelketako partiden emanaldiak (pantaila erraldoian) nabarmentzen dira Herrialdeen Jaialdiaren hamabigarren edizioan, zeina Konstituzio plaza berrituan egingo baita, ekainaren 14tik uztailaren 8ra arte.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok aurkeztu dute ekitaldia, Sergio Frenkel zuzendariarekin eta Serafín Zubiri kantariarekin batera; azken horrek hilaren 22an (ostirala) abestuko du eta “X una causa justa” diskoa ezagutaraziko. Musikari nafarra da izen nabarmenetako bat musika eskaintzan; besteak beste, La Edad de Oro del Pop Español (ekainak 29) eta Raúl Fuentes gasteiztarra (uztailak 6) arituko dira Gasteizen.

Mulixka, Indarra eta Eguzki Lore taldeek ere ordezkatuko dute bertako talentua. Horretaz gain, bestelako dantzen erakustaldiak antolatu dira: arabiarra eta Bollywoodekoa, Giselarekin, Andaluziako koloreak, Al compás del alma taldearekin, eta swinga, Dame Swing & Lindy Hopen eskutik.

Herrialdeen Jaialdiaren aurtengo berrikuntzetako bat espazioen berrantolaketa da, Konstituzio plaza berritura egokitzeko. Herritarren partaidetzaren bidez hautatu zen plaza eraberritzeko proiektua, eta 350.000 euro inbertitu dira horretan. Plazak itxura moderno, funtzional eta irisgarriagoa du orain, eta horrek agertokia eta ostalaritza eskaintza beste modu batez antolatzea ahalbidetu du. Esparru koloretsua diseinatu da, eta erdiko guneari Integrazioaren plaza izena eman zaio. Handik aterako dira Elkartasunaren, Itxaropenaren eta Elkartzearen kaleak eta Emozioen plaza, agertoki nagusiaren ondoan.

“Ziur gaude plazaren banaketa berriak Herrialdeen Jaialdia sustatuko duela, ingurua dinamizatzeko, kultur trukerako eta bizikidetza ospatzeko balioko baitu”, adierazi du Nerea Melgosak.

Igandeetan, 12.30ean eta 17.30ean, umeentzako jarduerak izango dira, Prakidsek antolaturik. Bestetik, ekainaren 16an eta 30ean (larunbatak) familientzako topaketa gastronomikoak programatu dira, Gora Project tabernako Pablo Pauostalariaren eta Gorka Barredo gastronomo eta youtuber gasteiztar ezagunaren laguntzarekin.

Musikaren Egunak, ekainaren 21ean, osagai solidarioa izango du, Mugarik gabeko Musikariak GKEaren eskutik. Elkarteak Siriako musika-eskolen aldeko kanpaina egiten jarraituko du, kontzertua emanez; Ausartak, Lautada eta Erkametza abesbatzek hartuko dute parte horretan.

Munduko Futbol Txapelketarekin bat egiten duenez denboran, Herrialdeen Jaialdiak bereizmen handiko azken teknologia duen led pantaila instalatu du, partida interesgarrienak emateko. Azkenik, Konstituzio plazan egindako eraberritzea espazio “berdea” jartzeko baliatuko da, Gitma eta Gometxa euskal enpresen laguntzarekin. Iraunkortasuna kontuan hartuko da ekitaldian, kontsumo txikiko argiztapena jarriko baita, eta birziklatzeko hainbat ekintza sustatuko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:25

Ekonomia berrietan, teknologia-plataforma berrietan eta kultur aniztasun berrietan adituak elkartuko dira jardunaldian, eta Gasteizek ere ordezkaria bidaliko du.

 

Kaleidos.red fundazioak partaidetzarako eta herritarrak inplikatzeko moduen diseinu berri iraunkorrei buruzko jardunaldia antolatu du Zaragozan ekainaren 13rako, eta Gasteizko Udalak bertan parte hartuko du, sare horretako kide den aldetik. Ekonomia berrietan, teknologia-plataforma berrietan eta kultur aniztasun berrietan adituek –Aitor Silván, Diego Isabel La Moneda, Marta Pérez, Dirk Gebhardt, Dani Toro eta Michael Weatherhead, besteak beste– izango dira lan-jardunaldietan, eta horiekin batera lurraldeko hainbat hiritako arduradun politiko eta udal teknikari. Gasteizek ere ordezkariak bidaliko ditu, Herritarren Partaidetza Sailaren zuzendari Jose Luis Pérez “Kotelo” buru delarik.  

Jardunaldi honen xedea da administrazio lokaletik, – eta gobernantzaren eta partaidetza eta herritarrak inplikatzeko modu berrien esparruan–,  gure gizartean ekonomia, teknologia eta aniztasun berrien alorretan izaten diren beharrei erantzun egokia emateko moduaz hausnarketa egitea.

Kudeaketa lokalerako hiru gida prestatzen ari dira. Lehenak, teknologia berriak demokrazia zuzenarekin lotzea proposatzen du;  partaidetzarako ohiko mekanismoen eta informazio-eta komunikazio-teknologiek sustatutako joera berrien artean lortu beharreko oreka, botoetara mugatu gabeko herritarren partaidetza ahalbidetuko delarik, eta erabakiak hartzeko, garatzeko eta konponbideak aurkitzea zikloan zehar gertatuko den partaidetza izaten saiatu.

Bigarren gidak Ekonomia Berriek eskaintzen duten aukera nola baliatu aztertzen du. “Mugimendu Ekonomiko Berriak” direlakoak dagoeneko ari dira eredu alternatiboek – esaterako Ekonomia Sozial eta Solidarioak, eta Guztien Onurarako Ekonomia eta Ekonomia Zirkularrak, besteak beste– dituzten aukerak erakusten. Europar Batasuna bera ari da prozesu hau bultzatzen, bai garapen iraunkorraren ikuspegitik bai negozio-aukeren ikuspegitik.

Hirugarren gidak gizartean partaidetza inklusiboa sortzeko modua aztertzen du, aniztasunaren ikuspegitik. Integrazio partekaturako prozesuen arrakastarako irizpide eta estrategia praktikoak zehaztu nahi dira.  Horretarako ezinbestekoa da  tresna eta prozesuak eraikitzea, horiek baliatuta erakunde lokalek gero eta kultura gehiago dituzten gizarteak bultzatu, moldatu eta kudeatu ahal izan ditzaten, berdintasuna ardatz.   

Kaleidos fundazioak eta Zaragozako udalak antolatutako jardunaldi honek Kaleidoseko kide diren udaletako arduradun teknikoak 2018an adituekin batera egiten ari diren lanari jarraipena emateko eta alderatzeko balio du;  eta landutako agiriak udal administrazioarentzat praktikoak izango diren lantresna eta gida bihurtuko dira.

Horrenbestez, Kaleidos sareko kide diren udaletako hainbat arlotako arduradun politiko eta teknikariek (Alacant, Bilbo, Burgos, Getafe –lehendaritza-, Logroño, Málaga, Sant Boi de Llobregat, Vitoria-Gasteiz eta Zaragoza)  Zaragozan elkartuko dira ekainaren 13an, ezagutza eta esperientziak partekatzeko, herritarren bizi-kalitatea ardatz.

Kaleidos.red erakundeak Espainiako udalak hartzen ditu bere baitan, eta 2000 urteaz geroztik dihardu arlo honetan lanean. Egun, bere hausnarketa europar eremura bideratu nahi du Building up Europe from Local Authorities (Europa eraikitzen administrazio lokaletik) proiektuaren barruan.

 

Share