Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 ekaina 2018 17:00

Prentsaurrekoa. Herrialdeen Jaialdiko XII. edizioa aurkeztea

Parte hartzaileak. Enplegua eta Garapen Ekonomikoaren zinegotzi Nerea Melgosa; Serafín Zubiri musikaria; eta Herrialdeen Jaialdiko zuzendari Sergio Frenkel.

Eguna. Asteazkena, ekainak 13

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————–

Ekitaldia. 2017-2018 ikasturteko Haur eta Gazteentzako Beñat Etxepare Antzokiko sariak banatzea

Parte hartzaileak. Hezkuntza, Kultura eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Udal Antzoki Sareko zuzendari Marta Monfort; Teatro Paraisoko zuzendari Pilar López; Mikel Pérez, Vital Fundazioa; El Correoko Marketing arduradun Miriam Atxaerandio; Radio Vitoriako Komunikazio eta Marketing arduradun Elena Balaguer; eta beste udal taldeko ordezkariak

Eguna. Asteazkena, ekainak 13

Ordua. 12:00

Tokia. Iparralde gizarte etxeko Beñat Etxepare Antzokia

———————————

Arabako Pintxoaren V. Aste Nagusiaren sari-banaketa

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteazkena, ekainak 13

Ordua. 12:30

Tokia. Iradier Arena

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   16:16

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatu eta Ataria interpretazio zentroak gidatzen duen Herritarren Zientzian Parte Hartzeko Sareak oso emaitza onak izaten jarraitzen du, bai parte-hartzeari bai lortutako datuei dagokienez. Orotara sei kontserbazio-programa daude martxan —azkena, lurzoru-kontserbazioari buruzkoa, maiatzean abiatu zen— eta IGIren teknikarien ustez, balioespena “bikaina” da.  2017an guztira 77 pertsonak hartu zuten parte taxon biologiko hauen laginak hartzen: orkideak, odonatuak, hegaztiak, eguneko tximeletak eta tximeleta gautarrak. Aipatzekoa da parte-hartzaileen fideltasuna, batez beste % 94koa baita. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Prusillaren hitzetan,Herritarren Zientzian Parte Hartzeko Sarean dabiltzanen konpromisoa oso handia da”.

  • Odonatuen Kontserbazio Programan 17 pertsona aritu dira, eta 159 lagin hartu dituzte, 26 lekutan. Olarizuko lorategi botanikoan antzeman da espezie gehien, 21, zehazki. Salburuan eta Gasteiz hiribideko errekan ere gero eta espezie gehiago dago. Anax imperator eta Sympetrum fonscolombii dira espezie ohikoenak; orobat, nabarmentzekoa da Trithemis annulata eta Trithemis kirbyi espezieen presentzia, berez Afrikakoak baitira.
  •  Orkideak Kontserbatzeko Programari dagokionez, aipatu beharra dago lehen aldiz Himathoglossum hircinum bat antzeman dela Salburuan, Mehatxatutako Espezieen EAEko Katalogoan sartutako orkidea babestua baita. Orain arte, udalerriko 15 herritan aurkitu da, eta Eraztun Berdeko parke guztietan. Aurten topatutako beste espezie arraro batzuk Ophrys riojana eta Epipactis campeadori dira; horretaz gain, Orchis italica (kalteberatzat jotakoa) eta Orchis provincialis espezieen populazio berriak aurkitu dira.
  • 2017an, herritarrek 94 taxon identifikatu dituzte Eguneko Tximeleten Kontserbazio Programan, eta leku hauetan antzeman da aberastasun handiena: Armentia (75 taxon), Zabalgana (54), Mendizabala-Batan (26) eta Alegriaren korridorea (26). Orain arte, Euskal Herrian identifikatutako 152 espezieen % 65,1 identifikatu da, eta Gasteizko udalerrian inbentarioan jasotako 135 espezieen % 73,3. Espezieei dagokienez, aurten hainbat gehitu dizkiogu zerrendari: Erynnis tages, Hamearis lucina, Lasiommata maera, Pyrgus armoricanus, Pyrgus carthami eta Satyrium acaciae. Pararge aegeria, Pieris brassicae eta Polyommatus icarus dira ugarienak.
  • Tximeleta Gautarren Kontserbazio Programa: Kuantitatiboki programak oso kopuru handiak izan ohi ditu, parte-hartzaileen ahalegin etengabeari esker (% 100eko fideltasuna duten 9 pertsona). 415 taxon zenbatu dira, eta 4524 ale identifikatu. Nabarmengarriena Proserpinus proserpina tximeletaren bi ikustaldiak dira, Espainian Babes Erregimen Berezia duten Espezie Basatien Zerrendan baitago, Habitat zuzentarauaren II. eranskinean eta Bernako hitzarmenaren IV. eranskinean. Hiru espezie hauek dira ohikoenak: Agrotis exclamationis, Xestia xanthographa eta Mythimna albipuncta.
  • Hiri hegaztien Kontserbazio Programa: 2017an 18 pertsonak hartu dute parte, eta 120 lekutan hartu dira laginak. Orotara 60 hegazti espezie antzeman dira. Ugarienak txolarreak, sorbeltzak eta usoak dira. Horien populazioek, baita amilotx urdinarenak eta arabazozoarenak ere, hazteko joera handia erakusten dute.
Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:26

2018ko Andre Mari Zuriaren jaietan parte hartzen duten blusa eta neska taldeei diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onetsi ditu gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok araudia azaltzeko prentsaurrekoa eman du: “beharrak hartaratuta sortu da, baina behin sortuta, irauteko asmoa du, positiboa baita”.

Udalak aurreikusi gabeko aldaketa bati aurre egin behar izan dio, taldeek erakunde ezberdinetan biltzea erabaki zuten eta; horrenbestez, diru-laguntzak eta espazio publikoaren erabilera arautu behar izan ditugu”, adierazi du zinegotziak. Haren hitzetan, “ beharretik irabazia atera dugu, eta berrikuntza oro bezala, Andre Maria Zuriaren jaiak modernizatu eta eguneratzea da helburua, jai gardenagoak, parte-hartzaileagoak eta XXI. mendekoak izan daitezen”.

Hona hemen testuak dakartzan berrikuntza nagusiak:

  • Talde elkarte bakoitzari emango zaio dirua (gutxienez seik osatu beharko  dute elkartea) eta hark banatuko du kideen artean.
  • Orotara 75.000 euro izango dira:  60.000 euro taldeen artean banatuko dira, denei kopuru bera emanez, eta gainerako 15.000 euroak, programaren arabera. Egitaraua hartuko da kontuan, baita taldeek daramaten musika girotzea ere.
  • Taldeak, halakotzat jotzeko, gutxienez 60 kide izan beharko ditu. Disfuntzioak gertatzea eragozteko, araudiak  ezartzen du salbuespenez talderen bat kideen gutxieneko kopurura ez iristea onartuko dela, baldin eta historikoki jaietan parte hartu badu.
  • Jarduera-programa aurkeztu beharko dute, eta horiek nahitaez herritar orori zuzendutakoak izan. Bereziki balioetsiko dira genero-berdintasuna, emakumeen parte hartzea eta indarkeria matxistaren prebentzioa sustatzen duten jarduerak, ikuskizunak, kontzertuak edo bestelako jarduera-motak.
  • Taldeek ezingo dute kantu matxista eta homofoborik abestu. Debekatuta dago edonolako bazterkeria edo desberdintasuna (sexua, generoa, orientazio sexuala, identitate sexuala, arraza, klase soziala, erlijioa… direla kausa) sor dezakeen jarduera oro, musika girotzea barne.
  • Joan-etorrietan, blusa eta nesken taldeetako kideek jai giroko itxura eman beharko dute nahitaez, musikaz eta dantzaz, eta herritarrak jaira animatu; alkohol kontsumoaren erakustaldi orokor eta gehiegizkoak saihestu beharko dituzte, eta eraso eta portaera matxistekin zero tolerantzia izan beharko dute.
  • Joan-etorriei dagokionez, hauxe xedatzen du araudiak: Blusen eta Nesken Batzordeak antolatu ohi ditu 17:00etako joaneko desfilea eta 20:30eko itzulerakoa; beraz, deialdiaren 7. oinarriaren arabera, lehentasuna izango du, entitate eskatzailea izanez gero. Horrenbestez, gainerako entitate eskatzaileek entitate horrekin ados jarri beharko dute ordena eta parte hartzeko arauak ezartzeko. Adostasunik ez bada, gainerako entitateek aurreko paragrafoetan aipatutako joan-etorriak oztopatzen ez dituen beste alternatiba bat aurkeztu beharko diote Udalari, eta onetsiz gero, jai-programa ofizialean sartuko da, herritarrek horren berri izan dezaten.

Araudi ona da: eskaeren % 90 aintzat hartu dira, eta gainerakoan inpartzialak izaten saiatu gara; horrenbestez, aldeak pozik egon daitezkeela uste dut. Jende guztiak izandako pazientzia eskertu beharra dugu, eta Federazioko eta Batzordeko lehendakarien lana nabarmendu, ezadostasunak eta presioak kudeatzen jakin dutelako eztabaida giro batean; ziur nago araudiak lagunduko duela iazkoen antzeko jaiak izaten, hau da, arrakastatsuak, taldeek pozik eta normaltasunez parte hartu baitzuten”, amaitu du zinegotziak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:00

Herritarren Segurtasunaren eta Ingurumen Sailek areagotu egin dituzte hondakinak dagozkien lekuetatik kanpo uztea ekiditeko kontrolak. Gasteizko hainbat lekutan, zaborrak, hondakinak eta neurri handiko beste hainbat objektu edukiontzietatik eta bilketa pneumatikoko guneetatik kanpo uzten direla ikusi dute azken asteetan bi sailek.

Hori dela eta, azken hilabetean Udaltzaingoko Ingurumen Atalak, gaueko patruilen laguntzaz, 30 salaketatik gora jarri ditu Garbiketari eta hondakinen bilketa eta garraioari buruzko udal ordenantza ez betetzeagatik. Hamabi salaketa herritar partikularrei jarri zaizkie eta gainerakoak, hiriaren erdialdeko, zabalguneko eta hiriaren kanpoaldeko bizitegi- auzoetako merkataritza-establezimenduei.

Ordenantzak 147. eta 151. artikuluetan xedatzen duenez, zaborrak lekuz kanpo uzteak administrazio arau-hauste arina dira eta ohartarazi edo salatu egin daitezke. Ingurumen Sailak 90 eurotik 750 eurora bitarteko isuna jar lezake.

Udaltzaingoak gogorarazi egiten du FCCk hondakin handiak doan jaso eta ondoren tratatzeko doako zerbitzua duela. Horretarako aski da zerbitzuarekin harremanetan jartzea –945 286500 telefonoa– eta hondakinak uzteko lekua, eguna eta ordua zehaztea.

Udaltzaingoak eta Ingurumen Sailak azpimarratu egiten dute garbiketa arloan herritarren laguntzak duen garrantzia, eta birziklatzeko edukiontziak, bilketa pneumatikorako guneak, puntu berde mugikorra eta garbiguneak (Gardelegikoa eta Oto ibilbidekoa) ondo erabiltzeko beharra.

Share