Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  8 ekaina 2018 17:00

ONCEk antolatutako ‘Garraio Tour’

ONCEren Astea Euskadin ekimena dela eta, mugikortasun alorreko hainbat arduradunek garraio publikoa erabiliko dute mozorroak edo ikusteko urritasuna duten itxurako betaurrekoak erabiliz, itsuen lekuan jartze aldera.

Parte hartzaileak. Iñaki Prusilla, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusilla; TUVISAKO gerente Marijo Ajuriaguerra; Mugikortasun eta Bide-azpiegituren foru diputatu Josu López Uriberna; Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietarako zuzendari Aitor Etxeberria; Euskadiko ONCEren lurralde delegatu Juan Carlos Andueza; eta ONCEren lurralde presidente Javier Domínguez.

Eguna. Astelehena, ekainak 11

Ordua. 9:30

Tokia. Vitoria-Gasteizko autobus geltokia

————————————-

Prentsaurrekoa. Dantzaldiak Florida parkean eta Titereando aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; eta Panta Rhei taldeko Idoia Ayestaran

Eguna. Astelehena, ekainak 11

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:30

Ostirala, ekainak 8

  • Alkateorde Peio López de Munain FEDER dastatze solidario ekitaldian izango da 19:00etan, ARTIUM museoan.
  • Partaidetzaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínez Fernando Buesa Fundazioak antolatu duen ‘Viaje al fin de la noche’ antzerkia ikusten izango da 19:30ean, Ibaiondo gizarte etxeko Felix Petite antzokian.
  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Kaldearteren inaugurazio ekitaldiko ikuskizuna ikusten izango da 20:30ean, Andre Maria Zuriaren plazan.

 

Larunbata, ekainak 9

  • Gasteizko Batailaren antzezpena dela eta, Turismo zinegotzi Nerea Melgosak parte hartuko du Gasteizko hainbat tokitara egingo duten bisita gidatuan; 10:00etan aterako dira Luis Heinz kaletik eta honako ibilbidea egingo dute: Arganzongo Lapuebla, Jundiz mendia, Zuazo, Gamarra, Durana eta Santa Luzia auzoa
  • Alkate Gorka Urtaran eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Ying-Yang klubaren denboraldiko amaiera galan izango dira 11:00etan, Mendizorrotza kiroldegian.
  • Alkateorde Peio López de Munainek eta Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Nerea Melgosak 2018ko Erremonte Profesionalaren Nazioarteko Zirkuitua ikusten izango dira 12:00etan, Mendizorrotza Beti Jai pilotalekuan.
  • Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa (Euskelec) FP Zentroetako Ibilgailu Elektrikoen I. Txapelketako sari-banaketan izango da 14:00etan, Mendizabalan.
  • Zuzenak taldeak antolatzen duen gurpil aulkietako eskolentzako Saski Baloi VII. Txapelketaren sari banaketan izango da alkateorde Peio López de Munain 19:00etan, Ariznabarra kiroldegian.

 

Igandea, ekainak 10

  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok parte hartuko du Emakumeen Lasterketaren sari-banaketan 11:45ean, Mendizorrotzan.
  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Beti Jai Aurrera taldeak antolatzen duen Gimnasia Txapelketa Nazionala ikusten izango da 14:30ean, Abetxuko kiroldegian.

 

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:37

Ostiral honetan, Aktiba(tu) Planeta jaia egiten ari da Judimendiko gizarte etxean, haur eta gazteentzako udal partaidetza-programaren ikasturteari amaiera emateko. Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munain ekitaldira hurbildu da. Askotariko jarduerak antolatu dituzte: lantegiak, jolasak, lankidetzazko grafitia, batukada, etab. Goizean ikastetxeentzako jarduerak egin dira, eta arratsaldean, 17:00etatik 20:00etara, herritar orok gozatu ahalko dituzte.

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:15

 

 

 

 

 

 

 

Alkatea, Gorka Urtaran; Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia, Estíbaliz Canto, eta Emakumeen Lasterketaren lehendakaria, Martín Fiz, Feria irekitzeko ekitaldi ofizialean. Lasterketa igandean izango da, 11:00etatik aurrera, Mendizorrotzean hasi eta bukatzen delarik. Ferian eman behar da izena, eta dortsalak jaso; orobat, kirola eta elkartasuna batzen dituen probaren xedearekin bat egin duten gizarte elkarte eta erakundeak daude bertan.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:23

 

 

 

 

 

 

 

Musika Eskolak eta Mugarik gabeko Musikariak elkarteak sortutako Instrumentuen I. Bankuak aurreikuspenak gainditu ditu

Luis Aranburu Musika Eskolako lehendakari eta zinegotzi Estíbaliz Cantok,  Mugarik gabeko Musikariak elkarteko lehendakari Jesús María Alegría “Pintu”-k eta beste boluntario batzuek agur esaten diote gaur Siriarantz atera den furgonetari, zeinak 200 musika-tresnatik gora eta musikarekin lotutako beste 100 material baitaramatza.

Furgoneta Düsseldorferaino (Alemania) joango da, eta han Iraken barrena Siriaraino joatekoa den kamioi konboi baten esku utziko dira materialak.

Espainian ezaugarri horiek dituen lehenengoa da Instrumentuen Bankua, eta aurreikuspenak gainditu ditu. Bilketa abenduan amaitu zen ofizialki, eta orduan 50 instrumentu jaso ziren, baina garraio merke bat bilatu beharrak bidaia atzeratu egin du; bitartean, instrumentu eta material gehiago iritsi dira, 200tik gora izateraino.

Horietako batzuk banakoek bidalitakoak dira, Valentziatik esaterako. Horiei gehitu behar zaizkie ekimenaren berri izan ondoren harekin bat egin zuten beste eskola batzuek bildutakoak ere:  Bilbo, Donostia eta Iruñeko eskolak, eta Musika Eskolen Elkartea (Bermeo, Erandio, Udaberria, Santurtzi, Ermua, Berriatua, Tobera, Zarautz, Galdakao, Lekeitio).

Herritarrok askotan pentsatzen dugu arlo lokaletik ezin dela nazioarteko elkartasunerako tresnarik baliatu —hala ere, Lankidetzarako Zerbitzuak jartzen ditu—, baina arrakasta lortuko bazuen gasteiztarrak inplikatzea eskatzen zuen ekimen honen bidez argi erakutsi dugu arlo lokaletik ere zuzenean egin daitekeela lan elkartasunaren alde eta bizikidetza arazoak dituzten gizarteen garapenaren alde, horri esker musika munduko txoko guztietara iritsi ahalko baita”, nabarmendu du Estíbaliz Cantok; haren hitzetan, “arrakastak gure aurreikuspenak gainditu ditu”.

Dohaintzan emandako instrumentu guztiak Siriako musika eskoletara bidaliko dira zuzenean; herrialdea gatazka zibil betean bizi da, eta horiei esker “musikak ordeztuko du balen soinua“, Jesús María Alegría azpimarratu duenez.

Canto harro agertu da Gasteiztik kanpora ere zabaldu den proiektua garatzeagatik: “200 musika-tresna baino askoz gehiago dira: musika arimaren adierazpena da, poza, tristezia eta sentipenak adierazten laguntzen baitigu, entzuten ari denaren arimarekin ere konektatzen duen aparteko lengoaia batean; orain, instrumentu horiek Siriako umeen bidaide bihurtuko dira, zeinek zailtasunak baitituzte musika hezkuntza jasotzeko, eta are handiagoak tresna bat erosteko. Poz horregatik merezi du emaileontzat instrumentuari uko egiteak izan dezakeen zailtasuna”.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:51

 

 

Gasteizko Batailaren IV. Nazioarteko Antzezpen Historikoa, Santa Isabel hilerrian Alaba Jeneralari egingo zaion omenaldia eta Batailaren heroien omenez eta, bereziki, Andre Maria Zuriaren plazako eskulturan ageri diren erregimentu eskoziarren omenez eskainitako kontzertua izango dira jarduera nagusiak ekaineko programan. 

Ekainean programa erakargarria izango da Gasteizko Batailaren inguruan, eta Arabako hiriburuan eta inguruko herrietan 1813an bizitako gertaera historikoak gogoratuko dira, hainbat jarduera tarteko: bisita gidatuak, kanpamenduen antzezpenak, Napoleonen garaiko gudu eta desfileak eta hainbat omenaldi. Vitoria 2013 Elkarte Historikoak eta “Batalla de Vitoria 1813” Antzezpen Historikoaren Elkarteak antolatu dute programa, eta Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Vital Fundazioaren laguntza izan du.

recreación de la batalla de vitoria en olárizu. 29-6-14. blanca castillo

Programari hasiera emateko, bihar, ekainak 9, bisita gidatua izango da 1813ko ekainaren 21eko gertaerak izan ziren administrazio-batzarretako lehendakari eta alkateentzat. Agintariak Gasteiztik abiatuko dira Argantzun, Jundiz, Zuhatzu, Gamarra, Durana eta Santa Luziara, gertaerak  bataila-gunean bertan ezagutzeko,  eta ” historia propioa gogoratu, eta garai hartan hain gaizki pasa zuten bizilagunen historia ezagutzeko. Horretaz gain, bertako turismoa sustatzeko irekitako leihoa ere bada” adierazi du  jarduera hau antolatu duen Vitoria 2013 Elkarte Historikoaren lehendakari Emilio Larreinak.

Ekainaren 15ean, 16an eta 17an, Gasteizko Batailaren IV. Nazioarteko Antzezpen Historikoa egingo da, “Batalla de Vitoria 1813” Antzezpen Historikoaren Elkarteak antolatuta.  Antzezpen taldeak hilaren 15ean, ostirala, iritsiko dira eta bi kanpamendu jarriko dituzte Armentian, bata, frantses inperioarena eta bestea, aliatuena.

Larunbatean, bisitariek Napoleonen garaiko kanpamendu baten ohiko bizimodua ezagutu ahalko dute. Arratsaldean, Colek Ariniz eraso zueneko antzezpena ikusi ahalko da Armentia baselizako zelaietan.   Larunbat goizean, desfilea egingo da hiriaren erdialdean,  eta hainbat omenaldi izango dira  Gasteizko Batailaren eta Alaba Jeneralaren monumentuen aurrean.

Igande goizean, Napoleonen kanpamenduaren antzezpenaz gain, Longak Duranan egindako erasoaren antzezpena ikusi ahal izango da, Armentia hegoaldeko zelai batean. Programazioak San Joan egunaren inguruan, ekainaren 23an, jarraituko du, eta beste antzezpen bat izango da Argantzunen.

Antzezpena antolatzen duen elkarteko lehendakari José Ramón Gilek adierazi duenez, “gure historiaren hirian eta identitatean oinarritutako antzezpen hau bezalako ekintza bitxi eta bakarrek kanpora duten proiekzioa nabarmendu behar da; Napoleonen Hirien Sarean eta Europako Biltzarrak duela hiru urte onetsitako Europar Kultur Ibilbideen barruan sartuta dago“.

2018ko ekainaren 30ean emango zaie amaiera jarduerei, Santa Isabel hilerrian, 12:00etan, Alaba Jeneralari egingo zaion omenaldiarekin (Vitoria 2013 Elkarte Historikoak antolatuta) Bertatik gaita-jotzaileen kalejira abiatuko da Andre Maria Zuriaren plazaraino eta han kontzertua izango da, eta “Heroes of Vittoria” pieza joko dute,, besteak beste, Heroes of Vittoria” pieza joko dute; John McLellan “Dunoon” musikagile ospetsuak konposatu zuen, Gasteizko Batailaren heroien omenez eta, bereziki, guduan parte hartu zuen erregimentu eskoziarren omenez. Bitxikeria gisa, aipatzekoa da Andre Maria Zuriaren plazako monumentuan Highlanderrak islatzen dituen irudi bat dagoela: kilt edo eskoziar gona daraman soldadu bat.

Nerea Melgosa Turismo zinegotziak jarduera-mota honek gure hiria sustatzeko duen interes berezia nabarmendu du, eta ez hiriaren inguruan bakarrik. “Gasteizko Udalak Gasteiz hiri Napoleoniko gisa sustatzeko estuki lan egiten du Europako sarea osatzen duten gainerako udal eta herriekin. Gure ustez historia oso garrantzitsua da turismorako, eta aprobetxatu egin behar dugu. Gasteizek badu zer esan eta zer erakutsi. Hala jasotzen du berriki onetsi dugun Turismoko Gida-planak, zeinek kultur eta ondare turismoan egiten baitu indar, hiriak bere irudia eta xarma proiektatzeko dituen aukera onenen artean”.

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren diputatu Cristina Gonzalezek “Gasteizko Bataila bezalako gertaera historiko handiak bere horretan dira turismo erakargarri, eta munduan milaka pertsona mugiarazten dute” azpimarratu du . Bataila hau Gasteizen ez ezik inguruko beste hainbat herritan ere gertatu zen, eta Aldundia lanean ari da herri horiek ere gertakari hori baliatzerik izan dezaten, ezagutzera emateko eta bisitariak erakartzeko”.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo kontseilari Alfredo Retortillok dioenez, “Gasteizko Batailak Napoleonen Batailen Europako mapan jartzen ditu Gasteiz eta Euskadi, beste leku garrantzitsu batzuekin,  Waterloo eta Borodinó esaterako. Europako ondare komunaren elementu dira, eta sustatu beharreko  turismo erakarle handia”.

Bestalde, Vital Fundazioko zuzendari Josune Albizuk azpimarratu egin du jarduera-mota honek historia ezagutzera emateko duen garrantzia. “Gertakari historikoetan oinarritutako antzezpen hauei esker, belaunaldi berriek gure ondarea ezagutu eta babestu dezakete (materiala zein materiagabea), eta hori da Vital Fundazioak Gasteiztarrekin duen konpromisoetako bat.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:37

Tokiko Gobernu Batzarrak Etxean Laguntzeko Zerbitzua emateko kontratua esleitu du gaur; iaz 1.100 pertsonari eman zien arreta, eta Gizarte Politiken Sailak bi urtetan 8,6 milioi euro jarriko ditu horretarako. Aztertzen Servicios Asistenciales enpresa arduratuko da zerbitzuaz.

Etxeko laguntza eguneroko oinarrizko jarduerak betetzeko arazoak dituzten familiei zuzenduta dago, etxean bertan ohiko zereginetan eta norberaren zainketan sostengu emateko, eta lagun egiteko.

urtean, 1.112 pertsona baliatu ziren Etxean Laguntzeko Zerbitzuaz: 750 pertsona autonomo, 1. graduko mendekotasuna duten 298 pertsona, eta zaintzaile nagusiarentzako atseden modalitateaz baliatu ziren 64 pertsona.

“Etxeko asistentziaren bidez, ahuldade edo mendekotasun egoeran zein mendekotasun arriskuan dauden pertsonak etxean geratzea ahalbidetzen dugu. Etxeko lanak egiteko laguntza, arreta eta akonpainamendua eskaintzen diegu, etxean moldatu ahal izan daitezen eta bertatik joan beharrik izan ez dezaten”, azaldu du Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek.

Zerbitzuaren barruan “Etxean ikasten” programa ere eskaintzen da, zaintzeko eta nork bere burua zaintzeko ezagutzak, jarrerak eta trebetasunak lantzeko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:31

Udal gobernuak hiriko lau elkarterekin beste horrenbeste hitzarmen sinatzea onetsi du, haur eta nerabeen eskubideak babesteko eta haien ongizatea lortzeko helburua duten programak garatu ditzaten.

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak UNICEF, Intolerantziaren kontrako Mugimendua, Garenok eta AVAIM entitateak finantzatuko ditu, bakoitzari 11.780 euro emanez, gizartea sentsibilizatzea eta haur eta nerabeen eskubideak zabaltzea xede duten ekintzak egiteko.

Orobat, Banandutako Gurasoak biltzen dituen AMAPASE elkartearekiko hitzarmena berrituko da, gurasotasun positiboari eta doluari buruzko programa bat garatzeko.

“Gurasoen banaketak sekulako aldaketa eragiten du seme-alaben bizitzan. Orduan, bizikidetza ingurune egokia sortu beharra dago, familiako kide guztien premiei erantzungo diena”, azaldu du Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek.

AMAPASErekiko hitzarmenak alor horretan orientabideak emateko, prebentzioa lantzeko eta esku hartzeko balioko du. Udal aurrekontutik 15.000 euro jasoko dute programa garatzeko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:42

  • Irabazten duenak ardoaren inguruko zabalkundea, promozioa eta prestakuntza arloetako jarduera-programa proposatu beharko du
  • Jauregiaren emakida lortzeko urtean 34.532 euroko kanona ezarri da

Urtaranen gobernuak Zulueta jauregian mahastizaintzaren eta ardogintzaren zentroa ezartzeko lehiaketa onetsi du gaur goizean, Gasteiz Arabako Errioxako sarrerako atea bihurtu dadin, “Gasteiz hiriaren eta Arabako Errioxako eskualdearen artean sinergiak sortzearren, eskaintzeko asko baitute biek ere”, adierazi du alkateak. Lehiaketaren helburua da jauregia enogastronomiaren promozio eta zabalkunderako zentroa bihurtzea, Arabako Errioxako ardoak eta Arabako txakolina ardatz nagusiak direlarik. Higiezina hamabost urtez emakidan uztea pentsatu da, hiru jarduera-ildo nagusi garatzeko bertan: zabalkundea, promozioa eta prestakuntza.

Aurkezten diren proposamenak balioesteko irizpideen artean jardueren proposamenaren kalitateak izango du puntu gehien, 110 puntutik 60 puntu emango baitira alor horretan. Zabalkundea erakusketa eta ikus-entzunezkoen espazio baten bidez egingo da, doan. Arabako ardoak promozionatzeko, hainbat ekintza egin ahalko dira: dastatzeak, topaketa tematikoak, foroak eta era guztietako ekitaldi paraleloak. Prestakuntza ekintzen artean, berriz, ikastaroak, jardunaldiak, lantegiak eta adin orotakoentzako proposamen didaktikoak aurreikusi dira.

Jauregiaren emakida lortzen duen proposamenak jarduera-programa bat aurkeztu beharko du urtero, hartzaileak, erlazionatutako ekitaldiak eta aurreikusitako promozio eta zabalkunde kanpainak zehaztuta, eta Udalak onartu beharko du hori.

Lehiaketan balioetsiko den beste alderdi bat eskainitako kanona izango da, 50 punturekin gehienez. Urtean gutxienez 34.532 euroko kanona ezartzen da (2.877 euro hilean), gorantz hobetu daitekeena. Mahastizaintzaren eta ardogintzaren zentroa ustiatzeko lehen urtea bete ondoren, kontsumo-prezioen indizearen arabera eguneratuko da kanona.

Gainera, emakidadunak eraikina egokitzeko eta prestatzeko inbertsioak ordaindu beharko ditu; 85.000 euroko zenbatekoa ezarri da horretarako. Udalak nahitaezkotzat jotzen dituen inbertsioez gain beste batzuk proposatzen badira, horien kostua zati batean konpentsatu ahalko da urteko kanona gutxituz, baina beherapena ez da inola ere ekitaldiko kanonaren % 67 baino txikiagoa.

Mahastizaintzaren eta ardogintzaren zentroaren proiektua Erdigunerako Masterplanean zein Gasteizko 2025 Estrategian jasota dago, eta helburu nagusi hauek ditu: nazioartean onarpen handia duen tokiko produktu bat nabarmentzea, upategiak eta ostalaritza babestea, eta produktu horren eskutik hiria promozionatu eta Gasteizen dinamizazio turistiko eta ekonomikoan laguntzea.

“Gasteiz helmuga enoturistikoa bihurtzeko egiten ari garen apustu globalaren barruan mahastizaintzaren eta ardogintzaren zentroa pieza nagusietako bat izatea nahi dugu, beste ekitaldi garrantzitsu batzuekin batera, esaterako, datorren urteko martxoan hirian egitekoa den IWINETC nazioarteko biltzarra. Zirkuitu enoturistikoetan presentzia handia lortzen ari gara, ostalaritzaren jardun onari eta Arabako upategiei esker. Ekipamendu berri honekin, beste urrats bat egin nahi dugu sektorea eta hiria ezagutarazteko”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

Lehiaketaren iragarkia argitaratu ondoren, 45 eguneko epea emango da proposamenak aurkezteko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:35

Bestetik, 18/19 ikasturterako Gasteiztxo programaren antolakuntza esleitu du

Estíbaliz Canto zinegotziak gidatzen duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak proposaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak 2018ko Azkena Rock jaialdiaren babesa onetsi du.

Hiriko ekitaldi handienetako bat da jaialdia, eta aurten ekainaren 22 eta 23an egingo da. Udalak oso garrantzitsutzat jotzen du ARF jaialdiari sostengu  ematea, kultur ekitaldi horrek hiria estatuan zein nazioartean promozionatzeko bide ematen baitu; horrenbestez, 270.000 euroko babesa (BEZa barne) emango dio.

Gasteiztxo

Horretaz gain, Tokiko Gobernu Batzarrak komunikabideetan hezteko Gasteiztxo hezkuntza-programa antolatzeko asistentzia teknikoari dagokion kontratua  esleitzea onetsi du, aipatutako sailaren proposamenari jarraituz.

Zehazki, Mastaller SLri esleitu zaio, 140.928 euroan, 2018ko urriaren 1etik 2019ko ekainaren 30era arte gauzatzeko.

 

 

Share

Aurrekoak »