Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 ekaina 2018 14:02

 

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa Santiago de Compostelako garapen ekonomiko eta turismo arloko zinegotzi Marta Loisekin bildu da gaur goizean, udal estrategiak koordinatu eta partekatzeko. Aenkomereko zuzendari kudeatzaile Edurne Parro ere bertan izan da.

“Garrantzitsua da merkataritza-politikaren arloko sinergiak sortzea, eta horretarako ezinbestekoa da sarean lan egitea. Gasteizek eta Santiago de Compostelak antzeko erronkei egiten diegu aurre, tokiko merkataritza babesteko beharrari eta turismo eredu iraunkorra garatzeari dagokienez. Hori dela eta, oso aberasgarriak dira honelako topaketak” adierazi du Melgosa andreak. Halaber, bilera hau antolatzeko egindako kudeaketak eskertu dizkio Aenkomerri.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:44

Uztailaren 1etik urriaren 27ra bitartean tokiko eta estatuko 14 taldek joko dute Montehermoso kulturuneko lorategian, eguneko ordutegian

 PROGRAMA BELAR SOUNDS

Kultura Sailak Montehermoso kulturuneko Falerina lorategiaren kudeaketa publikoa berreskuratu zuen iaz, eta aurten  “Belar Sounds” izeneko zikloa antolatu du bertan, uztailaren 1etik urriaren 27ra bitartean; gainera, taberna ere uztailaren erdialdera irekitzea aurreikusi da.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok aurkeztu du zikloa. Haren hitzetan, “tokiko eta estatuko panoraman urrats sendoak egiten ari diren taldeen lana erakustea da” asmoa: “beren lanak guztiz eraberritutako ingurune batean aurkeztu ahalko dituzte, Falerina lorategian, gure hiriko hirigune historikoaren erdian“.

 

Gogoan izan behar da —azpimarratu du Cantok— lorategiaren kudeaketa berreskuratzea erabaki genuela kultur eduki zabalagoak lantzeko eta sailaren irizpideen arabera kontrolatzeko, hartara beste espazio publiko bat berreskuratu eta programazioa kultur eragileekin berekin koordinatzearren”.

BELAR SOUNDS-en PROGRAMAZIOA

  • JIMMY BARNATÁN & THE COCOONERS. Uztailak 1. Sustrai amerikarreko musika, rythm & blues, soul eta funk bideetatik dabiltzan soinuak: instrumentazio ezin hobea eta Jimmy Barnatán-en ahots lakar baino melodikoa.
  • JAM PAK IN PURPLE. Uztailak 7. Jam Pak in Purple-ren kontzertuak jazz, soul, bossa, blues eta rock nahasketa bat dira. Musikariak, tresna askotarikotasuna eta inprobisazio dosi handiak.
  • JAZZ REUNION. Uztailak 14. Didi Jazz-en saioa, laukote baten eskutik: Manu Gómez Álvarez (narratzailea), Raúl Sáinz de Rozas (gitarra), Fredi Peláez (organoa) eta Pais Acebedo (bateria).
  • STARBLUES.  Uztailak 28. Blues banda gaztea, hamabi konpasen topikotik aldendutako kantu propioak eskaintzen dituena, euskaraz.
  • NOA VOLL DAM & THE HELL DRINKERS. Abuztuak 8. Agertokietarako sortutako banda, helburu argi batekin: “zuzenean ahalik eta gehien jotzea, jendeari bluesaren magia transmititzeko”.
  • THE BARDULIANS. Abuztuak 18. Bizkaiko boskote horrek 50eko urteen bukaerako eta 60ko hamarkadaren hasierako dantza musikan bilatzen du inspirazioa. Pieza propioak eta ahots eta instrumentu moldaketak.
  • LAZY DAISY TRÍO. Abuztuak 25. Lazy Daisy Bandaren bertsio txikitu eta akustikoa, haiek “Napar-Country” deritzotena lantzen duena: country-rock eta bluegrass-etik blues, folk eta rockabilly-ra.
  • STILL RIVER BAND. Irailak 8. Austin, Memphis edo New Orleans-tik zuzenean ekarritako soinuak. Bilbon bat egin duten ibilbide sendoko musikariek osatu dute  Still River Band.
  • LAST INFUSION. Irailak 15. Neosoula lantzen du taldeak, musika beltzeko beste mota batzuen ñabardurez eta keinuz, elektronika atmosferekin ere esperimentatuz.
  • STEAMBOAT JAZZ BAND. Irailak 22. Steamboat Jazz Bandak bere egiten du klasikoen errepertorio zabala, jazzeko aitzindarien jatorrizko espiritua freskotasunez eta aldi berean errespetuz interpretatuz.
  • SWINGARAIA. Urriak 6. Swing klasikoa hasiera-hasierako rock and roll-arekin nahasten du taldeak: jazz klasikoa, jump & jive, boogie-woogie, blues eta rythm & blues.
  • MISSISSIPPI QUEEN. Urriak 13. Funk, rock & soul taldea; hirukoteak zuzeneko zirraragarria eskaintzen du, eta soularen erregina peto batek publikoa hunkituko du kantu guztien hitzekin.
  • DADDY´S FUNCLUB. Urriak 20. Bigarren diskoan rocka, funka eta hegoaldeko soinuak nahasten dituzte. Oraingoan haize atalik gabe etorriko dira, baina ahots hirukote bikainarekin.
  • INFRAGANTI BAND. Urriak 27. Boskote bat da (ahotsa, gitarra, baxua, saxoa eta bateria) askotariko estiloak lantzen dituena eta agertokian nortasun alai eta iradokitzailea erakusten duena.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Lorategiko bestelako jarduerak

“Belar Sounds” zikloa Falerinako musika programazioa besterik ez da. Horretaz gain, ekainaren 27tik irailaren 30era arte era guztietako 14 jarduera izango dira, beste programazio batzuekin lotuta: Oihaneder, Luis Aranburu musika eskola, Txotxongilo txoroak, Gauekoak eta Andre Maria Zuriaren jaiak: “gainera, antolatzaileek, kultur mundukoek, Elkarguneak berak, tabernaren kudeatzaileek eta abarrek ere beste jarduera batzuk antolatu ditzakete egun libreetan, hitz eman genuen bezala”, amaitu du Cantok.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:34

 

Gorka Urtaranek Gasteizen ‘Mobility Lab’ edo mugikortasunaren laborategi urbano bat sortzea proposatu du

 

 

Alkatearen audioa

Alkateak gaur goizean iragarri duenez, datozen asteetan abiaraziko da TUVISAko geltokietan markesina adimentsuak jartzeko plana. “European Green Capital gara, eta ‘green’ izateaz gain, ‘smart city’ ere izan nahi dugu”, esan du Gasteizko alkateak. Hiri berde eta adimentsua, teknologia modernoetan oinarritua, hiru helburu lortzeko: bizi-kalitatea hobetzea, enplegu aukerak handitzea, eta ingurumenarekiko errespetu handiagoa lortzea.

Hain zuzen ere, Udala baldintza-agiri teknikoa azkentzen ari da markesinen eta beste hiri-altzari batzuen publizitate-ustiapenerako kontratu berrirako. Gobernu-taldeak datozen asteetan jarriko du martxan hori, markesinak berritu eta modernizatzeko eta Vitoria-Gasteiz Smart Green City Plana garatzeko. Horrelako kontratuetan ohikoa denez, enpresa esleipendunak inbertsio handia egingo du hiri-altzarietan, eta kanon bat ordainduko du. Horren truke, markesinetako publizitatea ustiatuko du.

Gasteizen gehien erabiltzen diren markesinetako batzuetan tamaina eta kalitate handiko pantaila digitalak jarri beharko ditu enpresak, eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan funtzionatuko dutenak. Herritarrentzako informazioa edo interes orokorreko udal publizitatea jarri ahalko du horietan Udalak. Datozen asteetan emango da elementu “adimentsu” horien xehetasunen berri. Oraingo egiturak eguneratzea eta hobetzea ere barne hartuko du kontratuak, eta TUVISAren sarean markesina berriak jartzea.

Horretaz gain, Gorka Urtaranek berrikuntza gehiago iragarri ditu mugikortasunaren alorrean, agintaldi honetako ardatz estrategikoetako bat baita. Izan ere, Gasteizko alkateak iragarri du 2025 baino lehen ‘Mobility Lab’ edo mugikortasunaren laborategi urbano bat sortuko dela. “Elkarrekin lan egin dezagun 2025ean Mobility Lab bat izateko gure hirian, etorkizuneko mugikortasuna sustatzeko laborategi urbanoa: automatikoa, konektatua, elektrikoa eta partekatua”, proposatu du agintariak.

Alkateak gogoratu du hiriak “ekosistema ezin hobea” duela horrelako proiektu bat martxan jartzeko, “mugikortasunaren alorrean erreferentziazko hiria” baita. Gasteizek automobilgintzan eta mugikortasunean puntako diren enpresak ditu, automobilgintzan espezializatutako unibertsitate gradua, eta lehen mailako lanbide heziketa. Ezaugarri horiek berebiziko aukera ematen dute ekimena garatzeko.

Hain zuzen ere, hiri mugikortasun iraunkor eta osasungarria lortzea da 2015-2019erako udal planaren ildo estrategikoetako bat. Horregatik, alkatearen helburua da Gasteizen garraio publikoaren sistema moderno, eraginkor eta elektrikoan oinarritutako hiri mugikortasunaren eredua garatzea, bizikletaren aldeko apustua eginez eta ibilgailu pribatuen trafikoa murriztuz. Horrekin lotuta, azken urteetan abian jarritako zenbait proiektu aipatu ditu Gorka Urtaranek udal politikari buruzko eztabaida orokorrean. Besteak beste, tranbia San Kristobal, Adurtza eta EHUra luzatzeko lanak —“erritmo onean egiten ari direnak” haren hitzetan—, eta tranbia Salburura hedatzea. Bi ekintzek 36 milioi euroko inbertsioa eskatuko dute. Bestetik, Gorka Urtaranek azaldu du tranbia Zalbaganera eramateko informazio-txostena lantzen ari dela, eta “agintaldi hau bukatu aurretik aurkeztuko” dela. Mugikortasunaren alorreko beste mugarri bat TUVISAko linea periferikoan autobus elektriko adimentsua ezartzea izango da. Une honetan lehiaketa egiten ari da BEA garatzeko, zeina eskaintzak aurkezteko fasean baitago; horretarako aurrekontua 44,6 milioi eurotik gorakoa da, eta Udalak % 17,5 jarriko du.

Gasteiz eraberritzea

Agintaldiaren lehen egunetik bertatik, Gasteiz modernizatzea izan da alkatearen helburu nagusietako bat. Horrekin lotuta TUVISAren flota berritzeko ahalegina nabarmendu behar da. “Irailean izango ditugu erabilgarri lehenengo bost autobus hibridoak. Eta beste bost jasoko ditugu 2019ko lehen hiruhilekoan”, zehaztu du Gasteizko alkateak: “autobus flota zaharkitua eta hondatua genuen agintaldiaren hasieran, 85 autobus inguruk osatua, eta 33 berrituko ditugu. Horietako 10 hibridoak izango dira, eta 13 elektrikoak”.

Dena dela, beste lan-ildo batzuk ere jorratzen ari dira Gasteiz modernizatu eta hobetzeko.  Besteren artean, auzoetako inbertsioak. Gorka Urtaranek espazio publikoko esku-hartzeak ekarri ditu gogora, Arabako hiriburuan orain egiten ari direnak zein dagoeneko amaituak direnak. “Horietako gehienak auzokoekin adostu dira”, nabarmendu du.

Zerrenda horren lan hauek ditugu: Aragon kalea, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, Laudio plaza, San Anton plaza, Ignazio Loiolakoaren kalea, Konstituzio plaza, Zabalganeko txakurrentzako gunea, Lakuako parkourra, Lakuabizkarreko hiri-baratzeak, bizikletentzako aparkaleku seguruak, bidegorri berriak (San Viator, Honduras, Txile eta Lasarteko atean), Santa Barbara plaza eraberritzea, Errota kalea, Borinbizkarra eta Elexaldeko haur jolasak, Aranzabal eta Pascual Andagoiako haurrentzako guneak, AUOko aparkalekua, Araneko siloko aparkalekua, Lakuako futbol eta errugbi zelaia, Ariznabarreko zelaiko aldagelak, Adurtzako pilotalekua, hainbat auzotako saneamendua eraberritzeko lanak (San Martin, Lakua-Arriaga, Elorriaga eta Salburua), Larreingo igarobidea, Abetxuku eta Adurtzan airetiko kableak kentzea, eta hiriko hainbat kaletako zorua sendotzeko lanak.

GORKA URTARAN ALKATEAREN DISKUTSOA

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:13

Gorka Urtaranek aurreratu du Udalak udazkenean lizitatuko duela Berpizkundearen plazako eguneko arreta-zentroa eta San Martineko adinekoen zentroa

 

 

Gasteizek Bizikidetzaren Behatoki Iraunkorra abiaraziko du, horren bitartez hiriko bizikidetzari buruzko ezagutza iraunkorra, eta horren bidez garapen komunitarioko proiektu eta ekintzak proposatu, sustatu, diseinatu eta burutu ahal izateko. Behatokiak bi zeregin nagusi izango ditu: Gasteizko bizikidetzari buruzko txostenak osatzea, eta gizarte-bitartekaritza komunitarioaren bitartez gatazkak konpontzea.

Gorka Urtaran alkateak azaldu du ekimen hau gaur goizean, Udal politikaren inguruko eztabaida orokorrean: “Aniztasunari dagokionez, gure diskurtso ofizialak sustatzen du elkarren ulermena eta onarpena, biktimekiko eta giza eskubideekiko errespetua, askatasuna eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna. Udal Ekintza Planak ditugu, nahi ditugun helburuetara jotzeko tresnak jartzen dizkigutenak eskura. Eta uste dut, bene-benetan uste dut, aurrerapauso esanguratsuak eman ditugula. Alabaina, horrek ez du bermatzen gure hiriak batere gatazkarik ez izatea. Gaur eguin, oraindik ere, badira bake kulturaren aurkako jarrerak, biktimen duintasunaren aurkakoak, aniztasunaren, gizon eta emakumeen berdintasunaren, sexu-askatasunaren aurkakoak, oro har giza eskubideen arkako jarrerak.  Lanean jarraitu behar dugu arlo horretan, epe luzeko zeregina baita”. Horregatik, udal gobernuak abian jarriko du Behatokia, zein Bizikidetza Planean aurreikusita zegoen.

Baliabide gehiago adinekoentzako

 Bestalde, Gorka Urtaranek iragarri du Udalak udazkenean lizitatuko duela Berpizkundearen plazako eguneko arreta-zentroko eta San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturaleko lanak.

Udalak kontratatu du dagoeneko Berpizkundearen plazako eguneko arreta-zentroa egiteko eraikuntza-proiektuaren erredakzioa, zein irailean hartuko duen Udalak.

Horrez gain, Hirigintza eta Gizarte Politiken sailek San martin auzoan Adinekoentzako zentro soziokultural berria egokitzeko proiektuaren prestaketa amaitzen ari dira. Aurelio Vera-Fajardo Margolariaren kalean egingo da, auzoak duela zenbait urtetik zuen eskaera bati erantzunez.

Behin proiektuko azken xehetasunak amaitzen direlarik (klimatizazio-sistema eta beste kontu tekniko batzuk), lehiaketara aterako dira San Martineko instalazioak egokitzeko obrak; proiektu horren aurrekontua 300.000 euro ingurukoa da.

San Martineko adinekoen zentroak izango dituen 1.278 metro koadroek kafetegia, mediateka, lantegietarako ikasgelak, ariketa-aretoak, ile-apaindegia, podologia-zerbitzua eta bilera aretoak hartuko dituzte.

“Proiektu honi esker auzoaren eskaera bati erantzuten diogu, zeinarekin konpromisoa hartua baikenuen agintaldi honetan. Adinekoentzako Zentro Soziokulturalak zahartze aktiboa sustatzeko akuilu dira Gasteizen. Elkarrekin topo egiteko, elkarrekin harremanetan jartzeko, parte hartzeko eta aukerak bnilatzeko lekuak dira, ejardueraz gain daudenak”, azaldu du alkateak, eta jarraian azpimarratu du “bisitatu ditudan zentro guztietako adinekoek islatu didaten ilusioa. Eskertzeko asko diegu adinekoei, gaur egun dugun gizarteaz gozatzeko aukera, besteak beste. Eta ondo gogoan dugu hori”.

GORKA URTARAN ALKATEAREN DISKUTSOA

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:01

 

Gorka Urtaran Audioa

 

 

 

Epe laburrean zaharberrituko ditu 29 etxebizitza huts, eta aurrera jarraituko du bizitzeko zenbait lan eskatzen dituzten ehun etxebizitza inguru birgaitzeko planarekin

 Proiektua Urtaran alkateak agintaldiaren hasieratik garatu duen 3B-en (eraikinak berrerabiltzea, bizitza ekonomiko eta soziala biziberritzea, eta espazio publikoak birgaitzea) filosofiari lotzen zaio

Gorka Urtaran alkateak Udal politikaren inguruko eztabaida orokorrean iragarri duenaren haritik, Udalak gazteei eta egoera zaurgarrian dauden familiei une honetan hutsik dauden udal etxebizitzak eskaintzeko plan bat aktibatuko du. Alkateak aurkeztu duen eta 21 Zabalgunea erakundearen hurrengo kontseiluan aztertuko den planaren baitan, 29 etxebizitza huts zaharberrituko dira epe laburrean, eta aurrera jarraituko du bizitzeko zenbait lan eskatzen dituzten ehun etxebizitza inguru birgaitzeko planarekin.

Izan ere, eta azken hilabeteetan egin den udal eraikinen egoerari buruzko diagnostiko baten arabera (21 Zabalgunearen zein Ogasun eta Ondare Sailareneak), Udalak 99 etxebizitza huts ditu gaur egun, kontuan hartu gabe sin 21 Zabalguneak joan den hamarkadan Errekaleorren, Olarizun eta Aretxabaletan sustatu zituen Renove planei loturikoak.

Ikerlan horren arabera, hiriko zenbait lekutan dauden etxebizitza huts horien artetik 29 egoera onargarrian daude, eta bizigarri izan daitezke inbertsio txiki bat eginda, bakoitzeko 6.000 eurotik beherakoa. Beste 24k 6.000 eurotik gorako inbertsioa eskatuko lukete etxebizitza bakoitzeko, 40 zaharberritze lan integrala, eta beste 6 okupatuta daude. Aste honetan bertan lau etxebizitza hustu dira, eta Urtaran alkateak gogorarazi du horrela jarraituko duela Udalak, etxebizitza horiek berreskuratu arte.

Gorka Urtaranek iragarri duen planak hiru behar garbiri erantzun nahi die:

  • erantzun-ahalmen handiagoa izatea gizarte-larrialdiko kasuen aurrean (genero-indarkeria, etxebizitzetatik kaleratzeak, etxebizitzarik ezagko egoera larria haurdun familien artean),… eta ostatu eman beharra eskatzen duten beste egoera batzuen aurrean.
  • gazteen beharrei erantzun ahal izateko ostatu nahikoa izatea, beren ahalmen ekonomikoei egokitutako alokairuak eskaini ahal izateko.
  • Alokabideren esku etxebizitza-multzo bat jartzea, baliabide urriko pertsona edo familien alokairu sozialeko beharrei aurre egin ahal diezaion.

Proiektua Urtaran alkateak agintaldiaren hasieratik garatu duen –eta beste plan batzuetan ere, esaterako Masterplanean, agertzen den– 3B-en (eraikinak berrerabiltzea, bizitza ekonomiko eta soziala biziberritzea, eta espazio publikoak birgaitzea) filosofiari lotzen zaio.

GORKA URTARAN ALKATEAREN DISKUTSOA

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:01

 

  • Horretaz gain, web aplikazio bat jarriko da martxan laster, udalaren aurrekontua nola kudeatzen den modu grafiko, interaktibo eta ulergarrian ezagutzeko.

Gasteizko alkateak iragarri du 2019an zerga-tarifa laua ezarriko dela, udalaren zerga eta tasak erosoago ordaintzerik izan dadin. Gorka Urtaranek udal politikaren inguruko eztabaida orokorrean aurreratu duen ekimen hau herritarrekiko harremanen etengabeko hobekuntzarako konpromisoaren baitakoa da, eta Vitoria-Gasteiz Smart Green City planeko zerbitzuak modernizatzeko 17 proiektuetako bat dugu.

Zerga-tarifa lauak nabarmen hobetuko du zergak zatikatzeko egungo sistema, eta zergak ordaintzeko modu berria izango da, 10 kuota berdinetan, hilero, martxotik abendura bitartean. Hauexek dira tarifa laua izango duten bederatzi zerga eta tasak:

  • Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga.
  • Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ).
  • Ekonomi Jardueren gaineko Zerga.
  • Zabor-tasa.
  • Urteko eta seihileko emakidak.
  • Ibilgailuen pasabideen tasa.
  • Mahaitxoen tasa.
  • Bide publikoko lurzorua eta lurpea okupatzeagatiko tasa.
  • Hilerrien tasa.

Zerga kudeaketako berrikuntza honek berekin dakar gobernuaren konpromisoetako bat betetzea, eta zerga prozesuen digitalizatzea hobetzeari esker egingo da, hartara herritarrei zerbitzu hobea emango baitzaie eta zerga-betebeharrak betetzea erraztuko.

Herritarrei ordaintzeko moduak errazteaz gain, udalaren diru-sarrerak urtean zehar banatzeko aukera emango du tarifa lauak, eta diruzaintzaren kontrola zehatzagoa izango da, hilen arteko desorekak saihestuta.

 

Aurrekontuen informaziorako aplikazio berria

Horrekin batera, gardentasun aktiboaren arloan aurrera eginez eta gobernu irekiaren estrategiak ezarriz, alkateak datozen astetan “aurrekontuak” izeneko web aplikazio berri bat abian jarriko dela jakinarazi die batzarkideei. Aplikazio honek udalaren kontu guztiei buruzko informazio grafikoa, interaktiboa eta ulergarria eskainiko die herritarrei, 2012ko ekitaldi ekonomikotik gaur egunera arteko informazioa, hain zuzen ere.

Tresna berri honekin open data sistemetan oinarrituta dagoen modu erraz baten bidez erakutsi nahi da nola banatzen den aurrekontua, modu orokorretan zein sailka banatuta. Diru-sarrerak nondik datozen eta gastua zertara bideratzen den zehaztuko da, adibide argiak jarrita. Halaber, simulatzaile baten bitartez, interesdunek jakin ahalko dute norberaren zergen zein ehuneko bideratzen den udal politika bakoitzera.

 

Balantze ekonomiko positiboa

Berrikuntza hauekin batera, udalak azpimarratu egin du gobernuaren 3 urte hauetan udalaren kudeaketa ekonomikoaren adierazle nagusietan izandako bilakaera positiboa. Urtaranek egiaztatu du Udalak 2015ean baino zor eta defizit txikiagoa duela. Zehazki, 2015eko abenduaren 31n 123 milioiko udal zorra izatetik 118koa izatera pasa da, eta 112koa izango da ekitaldi hau amaitzen denean. Horretaz gain, agintaldiaren hasieran antzemandako zulo ekonomikoak txikitzen jarraitzen du, hasieran 68 milioikoa izatetik 35,5ekoa izatera igaro baitzen 2017aren amaieran. Urte hau amaitzean 27 milioikoa izatea espero da.

“Gaur zerga eta defizit txikiagoak ditugu, biztanle bakoitzak zerga ahalegin txikiagoa du, eta hori guztia hiriarentzat beharrezko eta estrategiko diren inbertsioak egiteari utzi gabe lortu dugu“, azpimarratu du alkateak.

GORKA URTARAN ALKATEAREN DISKURTSOA

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:47

 

Gorka Urtaranek azpimarratu du ekimenak adostu beharra dagoela datozen hamarkadei bermeekin aurre egiteko

 

 

Agintaldi honetan udal politikari buruz egiten den laugarren eztabaidaren hasieran, Gorka Urtaran alkateak Gobernu Planaren betetze-maila laburtu du: gaur egun konpromisoen % 80 bete da, eta krisia gainditzearekin eta kalitateko enplegua sortzearekin lotutako ardatza dagoeneko % 90era iritsi da. Orobat, etorkizunari begiratu dio. Hain zuzen ere, 2025eko Gasteiz eraikitzeko 12 ekintza barne hartzen dituen ituna eskaini die talde politiko guztiei.

Urtaranek azaldu duenez, “une erabakigarria bizi dugu, proiektu ugarik bat egin baitute, erakundeeen lankidetzari esker eta ekimen pribatuaren parte hartzearekin. Egonkortasun-egoera dugu, ekonomia berpizten ari da eta aukera berriak  sortzen ari dira. Administrazio publiko guztiak erakusten ari dira hiriarekin hartua duten konpromisoa, eta hainbat ehuneko milioi euroko inbertsioak izango ditugu, Gasteiz eraldatu eta modernizatzeko. Guztioi dagokigu elkarrekin lan egitea emaitza onena izan dadin eta estrategia partekatu bat diseinatzen laguntzeko”.

 Abiadura handiaren etorrera eta lurpetik integratzea dira 2025eko Estrategiaren ardatz nagusia, “etorkizunerako plana, hiri gisa ditugun alde indartsuetan eta aukeretan oinarritzen dena, guztiok horrekin identifikatu eta partekatu ahal izateko modukoa. Estrategia ez da postulatu politiko, alderdikoi edo ideologiko zehatz batetik abiatzen, hiri gisa garenetik baizik”. Gasteizek dituen alderdi indartsuekin lotuta 12 ekintza zehaztu dira.

Horietako bat, oso garrantzitsua, garraio publikoaren sistema moderno, eraginkor, elektriko eta edukiera handikoa osatzea da. Denbora epe horretan, bukatuak egon behar dute tranbia San Kristobal, Adurtza eta campusera luzatzeko eta ekialdera (Salburua) zein mendebaldera (Zabalgana) hedatzeko proiektuek. Horrekin batera, linea periferikoan autobus elektriko adimentsuko linea ezarriko da, dagoeneko lehiaketara atera baita. TUVISAren flota autobus hibrido edo elektrikoez berritzea ere planaren barruan sartzen da.

Bigarren ekintza hiriko ekialdearen eta mendebaldearen arteko komunikazioak hobetzean datza, bai iparraldetik bai hegoaldetik. Alor horretan dagoeneko bi ekintza daude mahai gainean: Latinoamerikako biribilgunea lurperatzea —horren eraikuntza-proiektua Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du, Udalarekin sinatutako lankidetza akordioaren bidez—, eta erdigunean lurpeko bide bat eraikitzeko proiektua, abiadura handia ezartzeko lana baliatuz.

Abiadura handiaren etorrera eta trenbidea zein tren-geltokia lurperatzea ere kontuan hartu dira 2025eko Estrategian jasotako ekintzen artean. “Abiadura handiko trena hiriaren erdialdera nola iritsiko den diseinatzen ari gara. Aukera hori mugarria da gure historian. Inflexio-puntu bat, hiriko espazioa hobetzeko eta kanpoko konektagarritasuna biderkatzeko. Abiadura handiaren etorrerak aukera ekonomikoak irekiko dizkie sektore guztiei: industria, merkataritza, turismoa eta zerbitzuak”, zehaztu du alkateak.

Laugarren ekintzak Forondako aireportuarekin du zerikusia. Azken hiru urteetan bidaiariak berreskuratu ditu, eta zama jarduera ere hobetu da, Eusko Jaurlaritzak, Aldundiak, Udalak eta Merkataritza eta Industria Ganberak elkarrekin egindako lanari esker. Gaur egun hegaldi erregularrak ditu, baita mugako ikuskaritza gunea ere, H24 berreskuratzekotan da, eta zama jardueran errekorrak gainditzen ari da. “Elkarrekin lortu dugu Foronda hegaldatzea. Elkarrekin jardun dezagun, Foronda industria aireportua eta  logistika-gunea bihurtzeko“, esan du alkateak.

Bosgarren ekintza mugikortasunaren laborategi urbanoa (Mobility Lab Vitoria-Gasteiz) dugu. Etorkizuneko mugikortasuna sustatzeko laborategia izango da: automatikoa, konektatua, elektrikoa eta partekatua. “Iraunkortasunaren alorrean erreferentziazko hiria izanik, ingurune urbano ezin hobea dugu.  Automobilgintzan eta mugikortasunean puntako enpresak ditugu, automobilgintzan espezializatutako unibertsitate gradua dugu, eta lehen mailako lanbide heziketa”, nabarmendu du alkateak.

Seigarren ekintza Erdigunerako Masterplanarekin lotutakoa da: hiriaren erdialdeko bizitza soziala eta ekonomikoa biziberritzeko xedea duten hogei ekintza biltzen ditu horrek, eta horietako % 40 abian dira. Planaren ekintzak 2023ra arte garatuko dira, oso lotua baitago abiadura handiaren etorrerari.

Koroatzearako eta urrezko auzoetarako Smartencity europar programa ere lehen mailako ekintza da. Smartencity programak 30 milioi euroko aurrekontua du, eta % 54an diru-laguntza publikoa du. “Aukera bat da auzoarentzat eta hiriarentzat. Abian jarriko dela egiaztatu delarik, lanean jarraitzen dugu, bertako auzokideen komunitate gehiagoren atxikipena lortzeko”. Gainerako urrezko auzoak ere —Adurtza, Ariznabarra, Abetxuku, Erdi Aroko hirigunea eta Zaramaga— aintzat hartuko dira.

Hurrengo ekintza Eraztun Berdeari dagokio: Larragorri parkea, Lasarteko legar-hobien inguruan. “Urtarrilean diziplina anitzeko partzuergo bat sortu genuen, ingurumenaren eta iraunkortasunaren arloko gure proiektuaren indarra agerian jartzeko. Parke horrek irtenbide naturala emango die inguruko ingurumen arazoei. Hegoaldeko ibaiak hazten direlarik gertatzen diren uholdeak galarazi nahi dira, laminazio-baltsak sortuz, Salburuko hezegunean egindakoaren antzera, eta bioerremediazioa-sistema bat ere proposatzen da, lurren kutsaduraren arazoa konpontzeko“. Aisialdi- eta turismo-parke bat sortuko da halaber, estropada leku naturala barne.

Berrikuntza Sozialerako Zentroa beharrezkoa da, gaur egungo fenomeno sozialei erantzuteko: biztanleriaren zahartzea, aniztasunaren kudeaketa zein haurtzaro eta nerabezaro berriak. “Gurea bezalako gizarte modernoek berezko dituzten fenomeno horiei irtenbide eraginkorrak ematea da asmoa”.

Hamargarren ekintzak Zulueta jauregiko mahastizaintzaren eta ardogintzaren zentroa hartzen du kontuan. “Gure hiria Arabako Errioxako sarrerako atea izatea nahi dugu. Gure lurraren promozio kultural, enologiko eta gastronomikoarekin lotutako zentroa sortu nahi dugu, enoturismoa eta ardoaren kultura eta industriarekin lotutako turismoa sustatzearren“. 2019an, hain zuzen, Nazioarteko Enoturismo Biltzarraren egoitza izango da Gasteiz, Arabako Errioxarekin batera. “Turismo mota hori gorantz doa, eta proiekzio handia du”.

Gure hiriaren kultur bizitasuna sendotzeko beste ekintza garrantzitsuetako bat Principal Antzokiaren eraberritzea da. Gainera, industria sortzaile eta kulturalak bultzatzen laguntzen ari da Udala, kultura barrurantz eta kanporantz hedatzearren.

Hamabigarren ekintza Mendizorrotzeko futbol-zelaia eraberritu eta handitzea da. “Kirola-hiria bikoteak oso ondo funtzionatzen du hemen.  Urtero kirol ekitaldi bikainen egoitza gara. 2017an saskibaloiko ACB Errege Koparen egoitza izan ginen, eta 2019an Final Four hartuko dugu. Gure hiria mota orotako kirolarekin lotuta egotea nahi dut”. Hori dela eta, Udalak obra egiten lagunduko du. Udalaren ekarpen garbia inbertsio osoaren % 10 izango da gehienez. “Obra hori aukera bat da hiri osoarentzat, eta haren eragina kiroletik baino askoz haratago doa”, adierazi du alkateak.

“Ideiak, inbertsioak, proiektuak eta baliabideak ditugu. Gure hiritarren parera iristen den hiria gauzatzea dagokigu: bizi-kalitatea eta aukerak, hazkundea eta enplegua, aurrerapena eta ongizatea. Batzea eta elkarlanean aritzea dagokigu”, esan du Gorka Urtaranek, eta etorkizunari bermeekin aurre egiteko ekimenak adosteko beharra azpimarratu.

GORKA URTARAN ALKATEAREN DISKURTSOA

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 ekaina 2018 19:40

Gaur Kultura Elkargunea eratu da, Kultura Plan Estrategikoari lotuta; Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok, Kultura eta Partaidetza zerbitzuetako langileek, artearen komunitateko hainbat sektorek, eta talde politikoen udal ordezkariek hartu dute parte.

Cantoren hitzetan, “plana hiri-analisi eta -planeamendurako tresna bihurtuko da, aukera ematen duena kultura sustatzeko ikuspegi bateratuaz hornitzeko, baita kultura udalerriaren garapen ekonomiko eta sozialerako bitarteko bikaina dela aitortzeko eta legitimatzeko“; bestetik, “tokiko sorkuntzaren aldeko apustuaz, kultura guztion eskura jartzeaz eta kulturaren itzulkin sozialaz gain, gobernantzaren demokraziaren aldeko apustua egiten du, eta horri erantzuten dio elkargunea sortzeko eskaera, udal eskumeneko gaietan proposamenak eztabaidatu eta lantzeko gunea izan dadin“.  

 

 

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Prentsaurrekoa. ‘Belar Sounds’ Jardin de Falerinaren kanpoaldeko musikaldia aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; eta hainbat artista

Eguna. Osteguna, ekainak 28

Ordua. 12:00

Tokia. Montehermoso Kulturunea, Ortuño aretoa

* Prentsaurrekoa hasi baino lehen irudiak hartu ahal izango dira Falerinako lorategian

——————————————

San Prudencio Fundazioaren Familiarentzako Sariak banatzea

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa

Eguna. Osteguna, ekainak 28

Ordua. 18:30

Tokia. Europa Biltzar Jauregia

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   16:18

Gizartearen eta udal-administrazioaren arloko koordinatzaile nagusi Victor García Hidalgok eta Herritarren Segurtasunaren arloko zinegotzi Carlos Zapaterok gaur iragarri dutenez, Adingabeen Taldea eratu da udaltzaingoan, eta handitu egin da hainbat ataletako agente kopurua. Berrikuntza hauek agente berriak sartzearen, destino deialdiaren eta Agirrelandan agenteak banatzeko egiten ari prozesuaren ondorio dira, eta polizia zerbitzua hobetzea eta herritarren beharrei hobeto erantzutea dute xede.

Garcia Hidalgok gogora ekarri du “udal gobernuak udaltzaingoa hobetzeko barne-prozesua bultzatzeko duen konpromisoa, honakoak xede: herritarren segurtasunaren arloko erronka berriei aurre egitea, zerbitzua ematean eraginkorragoak izatea eta sortzen ari diren delitu mota berriei aurre egitea“.

Horren haritik sortu da Adingabeen Taldea. 9 pertsonek osatzen dute (lehen agente batek eta 8 agentek), eta haur eta nerabeekin izan daitezkeen arau-hauste penal zein administratibotan esku hartuko dute modu integralean, beti  ere prebentzioa, gizarte babesa eta asistentzia helburutzat hartuta.

Talde berria honakoez arduratuko da:

  • Arrisku-egoeretan dauden adingabekoak antzematea, prebentzioa egitea eta babestea: droga, alkohol edo tabako kontsumoa; legez kanpoko substantzien trafikoa; mehatxu eta jazarpenak; lapurretak; borrokak…
  • Bidegabeko jarrerak antzeman eta horiek saihesteko esku-hartzea: bandalismoa, hiri-altzarietako kaltea, bizikidetza oztopatzea, enbarazuak…
  • Espazio publikoetan, establezimenduetan edo gazteen lonjetan adingabeek alkohola eta sustantzia estupefazienteak kontsumitzen dituztela antzemanez gero ikuskatzeak egitea eta kontrolatzea.
  • Sare sozialen erabilera arduratsua sustatzea
  • Hezkuntza komunitatearekin batera, eskola absentismoari, eskola jazarpenari, eta gela barruko zein kanpoko indarkeriari aurre egitea.
  • Adingabekoen kontrako indarkeria zein seme-alaben gurasoekiko indarkeria  egoerak antzematea.
  • Gizarte-zerbitzuek antzemandako babesgabetasun kasuen banakako jarraipena egitea, eta adingabekoen fiskaltza eta epaitegiekin lankidetzan aritzea

Victor García Hidalgok adierazi duenez ” adingabekoak zaintzeaz arduratuko diren udaltzainez ari gara. Agenteek arrisku -eta babesgabetasun- egoeretan adingabekoen segurtasuna eta babesa bermatu nahi dute, baina aldi berean, horiek egin ditzaketen arau-hausteak saihesteaz ere arduratuko dira. Horrenbestez, bi arlotan esku-hartuko duen polizia talde batez ari gara: gizarte arloan eta segurtasunaren arloan.

Genero Indarkeriaren eta Etxeko Indarkeriaren Taldeko langile kopurua igotzea eta ordutegia zabaltzea dugu Udaltzaingoko agenteen banaketaren bigarren berrikuntza. Hiru pertsona gehiago izango dira, eta beraz, hiru urte eskasetan, bost agente gehiago izango ditu, hau da 4 izatetik 9 izatera pasata

Udaltzaingoak, orain arte, ez du horrenbeste giza baliabiderik izan emakumeen aurkako indarkeriaren gaitzari aurre egiteko” azpimarratu du Gizarte eta Udal Administrazioaren Arloko koordinatzaileak. Gogorazi duenez, talde honek, iaz, genero indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren  arloko 199 kasu izan zituen  eta 158 babes-agindu izapidetu zituen.

Genero eta Familia Indarkeriaren taldeak lan integrala egingo du:

  • Esku-hartze guztien analisia egitea, genero edo familia barruko indarkeria kasuak antzemateko.
  • Atestatuen instrukzioa egitea eta beldurra edo ezagutza eza dela kausa salaketarik jarri nahi duten biktimen defentsan parte hartzea.
  • Biktimei epaitegietara laguntzea eta biktimen segurtasuna bermatzea.
  • Urruntzeko aginduen jarraipena egitea, ea betetzen diren.

eta garrantzitsuena da talde honek ez duela esku-hartzea amaitutzat ematen biktimaren bizimodua erabat normaldu arte, prozesu judiziala gorabehera” azaldu du García Hidalgok.

Adingabeen talde berria sortzeaz eta Genero indarkeriaren eta Familia indarkeriaren taldeko agente kopurua handitzeaz gain, udaltzaingoa hobetzeko beste hainbat berrikuntza ere aurkeztu dira.

Segurtasun eta Trafiko Arloa

  • 4 agente gehiago motorzaleen  taldean. Sekzio bakoitzean lehen agente bat eta 7 agente izango dira. Guztira, 28 izango dira (orain arte 24).
  • Berehala erantzuteko patruilan 4 polizia gehiago.

Polizia judizial eta ikerketa arloa

  • Ikerketa taldean 3 agente gehiago izango dira, 12 izatetik 15era pasata. Horrenbestez, udalaren esparruko delitu telematikoei aurre egin ahalko zaie, besteak beste: txartelak erabilita egindako iruzurrak, datu pertsonalen iruzurrezko erabilera, sareko jazarpena eta mehatxuak..

Udal administrazioari eragiten dion iruzurra antzemateko eta horri aurre egiteko lanak indartzeko balioko du: gizarte laguntzetako iruzurrak, laguntzak jasotzeko agiriak eta nortasunak faltsutzea….

Berrikuntza eta agente berri horiek guztiek “hiri seguruagoa izaten eta herritarren beharrei hobeto erantzuten lagunduko dute“. Datozen asteetan ezarriko dira, pixkanaka.

Share

« HurrengoakAurrekoak »