Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  8 azaroa 2018 17:00

–  Zuzenbide Kolaboratiboko Zuzenbide Elkartearen IV. biltzarraren inaugurazioa

Parte-hartzailea: Nerea Melgosa

Eguna: azaroak 9, ostirala.

Ordua: 9:00

Lekua: Goiuri jauregiko Martín de Salinas aretoa.

—————————————————-

– Alkatearen prentsaurrekoa

Alkatea, Gorka Urtaranek Tokiko Gobernu Batzarrean onetsitako gaien eta Udalarekin lotutako beste gai batzuen berri emango du.

Parte-hartzailea: Alkatea, Gorka Urtaran.

Eguna: azaroak 9, ostirala.

Ordua: 11:00

Lekua: Udaletxeko prentsa-aretoa.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   16:14

Aho batez onetsi du Eledunen Batzarrak Eusko Legebiltzarrak larunbaterako, azaroak 10, antolatuko duen deialdiarekin bat egitea

 

Eledunen Batzarrean bildurik, Eusko Legebiltzarrak larunbaterako, hilak 10, Oroimenaren Eguna dela eta antolatuko duen deialdiarekin bat egitea onartu dute udal talde guztiek.

Gainera, EAJ-PNV, PSE-EE, Podemos eta Irabazi talde politikoek egun horren inguruko deklarazio bat onartu dute, Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak proposatutako testua.

 

2018ko Memoria Eguna dela eta adierazpena

 

Oraintsuko Memoria deritzon aldian, hau da, azken 60 urteetan Euskadik izan duen rolari buruzko azterketa kritikoa egitea da 2018ko Memoriaren Egunean bereziki jorratu nahi den gaia. Gure herriak terrorismoaren biktimen gainean eta biolentziaren biktimen gainean izan zituen begirada eta jarrera izan behar dira azterketa honen funtsezko erreferentziak. Hala bada, argi-ilunez hitz egin ahal eta behar dugu.

Ilunak

Alderdi ilunen artean, biktimek jasandako abandonua nabarmendu behar da, batez ere hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetan.

Hamarkada horietan, eta, batez ere 80ko hamarkadaren hasieran, ETAk bere etaparik odoltsuena bizi izan zuen. 1987aren amaierarako, 586 biktima mortal eragin zituen. Euskal gizarteak eta erakunde eta instituzioek eman zuten erantzuna, hala ere, ez zen indarkeria horrek eragin zuen eta biktimek merezi zuten adinakoa izan.

Trantsizio-garaian, euskal gizarteak errepresio frankistaren astinduak jasan zituen, bai eta erakunde parapolizialen edo eskuin-muturreko erakundeen atentatuak ere, inpunitatea gailentzen zen testuinguru batean. Tortura salaketak ohikoak izan dira. 80ko hamarkadan, halaber, GALek (1983 eta 1987 artean aritu zenak) 29 biktima mortal eragin zituen. Biktima horiek diskriminatu egin ziren, eta ofizialki ukatu zen beren existentzia, eta are errealitatea  ere.

Garai hartan, euskal gizartea harrapatuta, bortxatuta, astinduta, isilik eta isilduta… bizi izan zen, erreferentziarik eta erantzuteko lider argirik aurkitu gabe. Nolanahi ere, biktimek ez zituzten jaso behar zituzten arreta, babesa eta elkartasuna.

Ez herritarren eskutik, ez eta erakunde, alderdi politiko, komunikabide edo agente sozialen eskutik ere. Ilun hori garrantzitsua da, eta modu kritiko eta autokritikoan jorratu behar da.

Berariaz aitortzen dugu 90eko hamarkadaren hasierara arte Euskadin berandu iritsi ginela biktimen kausara, merezi zuten sentikortasun eta erantzunera, eta berariaz aitortzen dugu biktima guztiek ez zutela gizartean eta erakundeetan aintzatespen berdina izan, biktima zein zen edo biktima non kokatzen zen. Kritikoki aitortu behar dugu, halaber, hurrengo urteetan, bateraezintasun politikoak zirela-eta, sarritan ez ginela gai izan elkar hartuta denok biktimekin solidario izateko eta denok batera indarkeria errefusatzeko.

Hori guztia dela eta, autokritika egiten dugu. Barkamena eskatzen diegu indarkeriaren eta terrorismo ororen biktima izan diren guzti-guztiei, egindakoengatik eta egin gabe utzitakoengatik; batez ere, 70eko eta 80ko hamarkadan ez genielako konturik egin, batere. Bereziki azpimarratu behar dugu errekonozimendu hau ETAk eragindako biktimen aurrean, erakunde horrek gizartearen babesa izan zuelako. Biktima guztien aurrean aitortzen dugu lehenago erreakzionatu behar genuela, bai eta hobeto eta elkartuago ere.

Argiak

80ko hamarkadaren amaieraz geroztik, gizartearen erantzuna apurka-apurka hazi egin zen Euskadin. Gizarte-mugimenduak ugaritu egin ziren; mobilizazio ugari egon ziren, bai masiboak, bai testigantzazkoak; ekimen sozial, mediatiko, politiko eta instituzionalak ere, adibidez Ajuria Eneako ituna, asko izan ziren euskal gizarteko eremu guztietan.

90eko hamarkadan apurka-apurka areagotu egin zen biktimen gaineko sentsibilizazioa eta, 2000. urtetik aurrera, biktimen giza eskubideen babes aktiboa araudi-mailan, erakundeetan nahiz gizartean estaltzeko egindako urratsak nagusitu ziren.

Horiexek dira gure gizartean azpimarratu nahi eta behar ditugun argiak. 1990etik aurrera, terrorismoaren eta indarkeriaren aurka, biktimen eta giza eskubide, elkarrizketa eta bizikidetzaren defentsaren alde geroz eta gehiago inplikatzen eta antolatzen zen gizartea genuen.

Argien artean, noski, gorabeherak daude, ilunetan ere gertatzen den bezala. Baina errealitate hori da gure iraganaren balio esanguratsu bihurtuta oroitu eta sustatu behar dena, orainera eta etorkizunera begira.

Une honetan, beharrezkoa da hainbat pertsonak, gizarte-erakundek, bake mugimenduk, biktimen elkartek zein fundaziok eta alderdi politiko eta instituzionalek egindako ahalegina gogoratzea; batez ere azken 30 urteetakoa. Luzaroan aritu behar izan ziren guztiz aurka zeuzkaten baldintzetan, eta, are, batzuetan, beldurraren edo mehatxuaren aurka borrokatuz eta itxaropen ororen aurka itxaropenari eutsiz ere. Gaur, aintzatespen berezia merezi dute.

Ondorio bat

Gure oraintsuko iraganera begiratzen badugu, gure gizartearen historiako alderdirik txarrena biktimek jasan zuten abandonua eta terrorismoaren eta indarkeriaren aurkako erreakzio urria dira, batez ere 70eko eta 80ko hamarkadetan. Gure oraintsuko iraganera begiratzen badugu, gure gizartearen historiako alderdirik onena inplikazio eta erreakzio sozial eta politikoa da, biktimen alde eta indarkeriaren aurka gorpuztu baitzen, batez ere 90eko hamarkadatik aurrera.

Esperientzia honetatik memoriaren gainean ondorioztatu dezakegun pedagogia honako hau da, beraz: terrorismoaren eta indarkeriaren aurrean, biktimekiko elkartasuna eta pertsona guztien giza duintasunaren, bizitzeko eskubidearen eta giza eskubideen balio gorenarekiko konpromiso argi, inplikatu eta partekatua gailendu behar dira beste edozein jardunbideren aurrean, etorkizunera begira erantzun arrakastatsurik lortu nahi bada.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:27

Datorren urterako aurrekontu-proiektuak Ogasun sailerako dituen aurreikuspenak aurkeztu ditu Itziar Gonzalo Ogasuneko zinegotziak. Kopuru handiei dagokienez, udal arlo honek % 1,43ko zuzkidura ekonomiko handiagoa izango du (50,6 milioi euro), eta gehien bat, mailegu-amortizazioaren kontzeptuari dagozkio, 18.232.050 euro.

Aurtengo ekitaldian baino zor gehiago amortizatzea da 2019ko ekitaldirako aurreikuspena. Bestalde, 10.750.000 euroko balioko maileguak eskatuko dira eta horrek udal zorra murrizten jarraitzen lagunduko du. 2019ko aurrekontuen aurkezpen orokorrean adierazi zen bezala, kontuen proiektu honek aurrera eginez gero, ia 90 milioi euro  jaitsiko da Gasteizko udalaren finantza-karga legegintzaldi honetan.

Ogasun Sailak datorren urterako dituen ildo estrategikoei dagokienez, nabarmentzekoa da udalak ibilgailuak erosteko duen politikaren aldaketa: orain arte gehien bat erabili izan den errenta-kontratuaren formularen ordez, ibilgailuak erosi eta jabetzan hartzera pasa nahi da, aukera onuragarriagoa baita. Dena dela, mantendu egingo da ibilgailu elektrikoen errenta, ibilgailu hauen kasuan sistema hori onuragarriagoa baita.

Nabarmentzekoa da ondare-erantzukizunengatiko kalte-ordainen aurreikuspena 576.000 euroan jaistea, izan ere aurtengo ekitaldian aurrekontu-partida honen zati handia hartzen zuten bi dosier ebatziko dira eta. Bestalde, 2019an amaitu egingo da San Martineko udal bulegoen eraikin berriaren BEZ zatikatuaren ordainketa, eta horretarako 1,29 milioi euro gorde dira.

2019ko aurrekontuari esker, Ogasun Sailak proiektu berriak hartuko ditu bere gain, eta horien arten udalaren ondasun-inbentarioa digitalizatzen hastea nabarmendu behar da, horrek kudeaketa eraginkorragoa izatea ekarriko baitu berekin.

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:24

Hiru pertsona (52 urteko emakume bat eta 28 eta 35 urteko bi gizonezko) zauritu ziren atzo Mariturri Bulebarrean jazotako istripu anizkun batean, non hiru autok elkar jo zuten.

Lehenengo autoko gidaria eta bigarren autoko gidaria eta bidaiaria anbulantziaz eraman zituzten Txagorritxu ospitalera. Emakumeari alkoholemia-probak egin zizkioten, eta emaitza positiboa eman zuen; beraz, Guardiako Epaitegira bideratzeko izapideak egin ziren.

Beste hiru pertsona zauritu ziren hiru istriputan. Lehengoan, Santa Ana kantoitik Aiztogile kalera jaisten ari zen bizikleta batek izan zuen istripua. 27 urteko gidariak kontrola galdu, lurrera erori, eta zauritu egin zen. Larrialdietako zerbitzuetako talde batek artatu zuen, eta Txagorritxu ospitalera eraman.

42 urteko motor-gidari bat zauritu zen atzo, Magdalena eta Prado kaleen elkargunean. Gidariak motorraren kontrola galdu zuen, eta lurrera erori zen. Ospitale batean artatu zuten.

Donostia eta Blas de Otero kaleen arteko bidegurutzean, auto batek eta bidegorritik lehentasunez zihoan bizikleta batek elkar jo zuten. Talkaren ondorioz, 12 urteko bizikletaria zauritu zen, eta Txagorritxu ospitalera eraman zuten anbulantziaz.

Positibo alkoholean eta drogetan

Udaltzaingoa 35 urteko gizonezko bat ari da ikertzen, alkoholdun edarien eta drogen eraginpean gidatzeagatik. 21:30ak aldera gertatu zen, Jose Uruñuela kalean, alkoholemiaren eta substantzia estupefazienteen probak egin zizkiotenean. Probetan, 0.66-0.62 miligramoko alkohol-tasa eman zuen botatako aire litro bakoitzeko, eta, gainera, positibo eman zuen kalamuan, kokainan eta anfetaminetan. Hortaz, Guardiako Epaitegian bideratzeko izapideak egin ziren.

Udaltzaingoak beste 8 trafiko-istriputan hartu zuen esku atzo; haietan, ez zen zauriturik egon. Bestetik, 27 salaketa izapidetu zituen, eta 14 kasutan jardun zuen polizia judizial gisa.

 

Share

Sustapen bideoak emango dituzte 15 herrialdetako 39 kiroldegitan

 

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak Europako 15 herrialdetako kiroldegi nagusietan sustapen bideoak erakutsiz zabalduko dute lurralde historikoak eta hiriburuak turismo leku eta inbertsioak egiteko gune pribilegiatu izateko dituzten erakargarrien berri, Euroligako eta Eurocupeko partidak jokatu bitartean. Emanaldi bakoitza 365.000 lagun baino gehiagok ikusi ahal izango dute.

Pilar García de Salazar Ekonomia Garapenaren Saileko diputatuak, Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko diputatuak eta Nerea Melgosa Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotziak prentsaurrekoan aurkeztu dituzte gaur sustapen bideo horiek, zeinak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez, alemanez, grezieraz, italieraz, errusieraz eta turkieraz ekoitzi baitituzte, Europako 15 herrialdetako 39 kiroldegitan emateko.

Bideoen bidez, Araba eta Gasteiz turismo leku gisa sustatzen dira; irudi ikusgarriak erakusten dituzte, Gatz Haranarenak, Alaitza eta Gazeoko eliza margotuenak, Nerbioi ibaiaren ur jauziarenak, Arabako Errioxa eta hango upeltegienak, Landa eta Garaioko hondartzenak, Erdi Aroko Arbendolarenak eta Eraztun Berdearenak, eta bestelakoak ere aipatzen dituzte, hala nola gastronomia, turismo jasangarria, lurraldeak eta hiriburuak biltzarrak eta ekitaldiak antolatzeko duten gaitasuna eta jendearen jatortasuna.

Halaber, inbertsioak egiteko eta enpresa proiektuak garatzeko gune erakargarri gisa Arabak eta Gasteizek duten balioa nabarmentzen dute. Arabako hiriburuaren eta lurraldearen lehiarako abantailetako batzuk ere azaltzen dira, besteak beste, lurraldearen balio logistikoa, Europa hego-ekialdeko konektagarritasunik onena baitu; munduan punta-puntan dabiltzan enpresen presentzia; eta zenbait sektore estrategikok eskaintzen dituzten aukerak, hala nola 4.0 Industriak, biozientziek eta energiak.

39 kiroldegi eta 15 herrialde

Pilar García de Salazar Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saileko diputatuak azaldu duenez, sustapen bideoek “nabarmentzen dituzte ekonomiaren eta logistikaren arloetan ditugun indarguneak Araba den bezala aurkezteko, alegia, punta-puntako lurraldea, Europako eskualde eta hiri nagusien parekoa, arlo horietan. Bidaltzen dugun mezua da leku aproposa garela enpresek inbertsioak egin ditzaten”.

Bestalde, Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko diputatuak adierazi duenaren arabera, Final Four lehiaketa “oso aukera ona da Arabaren erakargarri turistikoen berri Europan zabaltzeko, eta espainiarrak, alemaniarrak, greziarrak, italiarrak, errusiarrak eta turkiarrak bisita gaitzaten bultzatzeko, baina ez maiatzeko final handiaren aitzakiarekin bakarrik, urteko beste garai batzuetan ere bai. Eta gure naturaren, ondarearen eta ekitaldien irudi ikusgarrien bidez egingo dugu hori”.

Nerea Melgosa Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotziak nabarmendu duenez, Final Four-a “hirian ekitaldi garrantzitsua izango da, ahalbidetuko digulako Basket Capital izatea nazioartera begira, baina maila goreneko kirol helmuga ere bai. Mundu osoa Gasteizi begira egongo dela baliatu nahi dugu kirol turismoa gehitzeko hiriak dagoeneko duen irudi sendoari, eta bideoak hori egiteko modu ona dira”.

Era berean, hiru erakunde ordezkariek nabarmendu dute Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak koordinatuta egin duten lana sustapen kanpaina hori prestatzeko.

Saskibaloiko Euroligako 2019ko Final Four lehiaketa datorren maiatzean Buesa Arenan jokatzeko egindako akordioari esker, Arabako erakundeek aukera dute datozen hilabeteetan erabiltzeko kontinenteko bi saskibaloi lehiaketa garrantzitsuenak —Euroliga eta Eurocup-a— jokatuko diren Europako kiroldegi nagusietako bereizmen handiko pantailetako eta markagailuetako publizitate espazioak.

Bi lehiaketetako aste honetako jardunaldietatik aurrera emango dira bideoak; hain zuzen, Espainiako 6 kiroldegitan, Alemaniako 4tan, Greziako 2tan, Italiako 4tan, Errusiako 5 kiroldegitan, Turkiako 6tan, Israelgo baten, Montenegroko 2tan, Lituaniako 2tan, Serbiako 2tan, Frantziako 2tan, Kroaziako baten, Poloniako baten eta Monakoko baten izango dira. Jardunaldi bakoitzean 365.000 lagun inguruk ikusi ahal izango dituzte bideoak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:37

 

 

 

 

 

 

 

 

  • 2,82 milioi euro Vitoria-Gasteiz 2018 Enplegu Planaren bitartez 338 enpleguren sorkuntza bultzatzeko izango dira
  • 1,13 milioi euro toki-erakundeek 70 gazte kontratatzera zuzendutako enplegu-sustapenaren arloko jardueretarako
  • Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa osatuko du Gasteizko Udalak, 752.000 eurorekin

Gorka Urtaran alkateak eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek aurkeztu dituzte gaur goizean, enpresa eta ekonomia-eragile lokalen aurrean, enplegu-sustapenaren eta gazteen kontratazioaren esparruetan —Vitoria-Gasteiz Enplegu Planaren eta Gazteen Enplegurako Programa Eragilearen bitartez— elkarrekin garatuko dituzten jarduerak, guztira 408 enplegu berriren sorkuntza ekarriko dutenak.

Azken lau urteetan bilakaera positiboa izan duen lan-merkatuaren testuinguruan kokatu ditu Urtaranek enplegu-plan horiek, 5276 pertsona gutxiago baitaude langabezian, 9356 afiliazio gehiago Gizarte Segurantzan, eta langabezia-tasa % 10etik behera baitago, 2015eko % 15,9aren aldean. “Hobetu egin da egoera, besteak beste enplegu egonkor eta kalitatekoaren sorkuntza bultzatzeko politikak garatzeko erakundeen arteko lankidetzari esker. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzaren konpromiso ekonomikoa erabakigarria ari da gertatzen, 12 milioi eurotik gorakoa izango baita agintaldi honetan”, azpimarratu du alkateak.

Enplegua sustatzeko tokiko ekintzen programaren barruan sartzen den Vitoria-Gasteiz 2018 Enplegu Planari dagokionez, Lanbideren aurrekontuko 2,82 milioi euro baliatuko ditu Eusko Jaurlaritzak, eta hartara 338 enpleguren sorkuntza bultzatuko. 92.000 euroko finantzaketa osagarria jarriko du Udalak.

Lan-merkatura sartzeko zailtasun gehien dituzten kolektiboekiko konpromisoa da plan horren ildo estrategikoetako bat. Honako hauek sartzen dira kolektibo horietan: diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak, 35 urtetik beherako gazteak, Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa gutxieneko denbora bat daramaten 45 urtetik gorakoak, 55 urtetik gorakoak, langabezian luzaroan daramatenak eta gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonak oro.

Kontratazio-kopuruan izango duten eragin handiagoagatik, hauek nabarmentzen dira: natura- eta hiri-espazioak birgaitzearekin zerikusia duten proiektuak, dibertsitate funtzionala duten pertsonak lanean txertatzeko laguntza, eta hondakinen kudeaketaren arloko hainbat jarduera.

Garapen ekonomikoaren aldeko apustua

“Eusko Jaurlaritzak garapen ekonomikoa sustatu eta enplegu lokala sortzeko egindako apustu estrategikoaren barruan sartzen da Vitoria-Gasteiz 2018 Enplegu Plana”, azpimarratu du Beatriz Artolazabalek. Enpresa-ehun lokalaren jarduera dinamizatzeko balio izango du, eta iraunkortasunari eta berrikuntzari lotutako sektoreetan enplegu-nitxo berriak sustatzeko”, adierazi du sailburuak.

Tokiko eta eskualdeko enplegu-planetarako nahiz autonomia-erkidego osoan enplegua sustatzeko ekintza lokaletarako diru-laguntzak emateko Lanbidek kudeatzen duen deialdia 22 milioi eurora iritsi da aurten.

Artolazabalen iritziz, “bai tokiko eta eskualdeko enplegu-planetako jarduerak, bai toki-erakundeek gazteak kontratatzeari dagozkionak —Gazteentzako Enplegu-Plana— oso baliagarriak dira langabeziak bereziki eragiten dien zonetan enplegua sustatzeko, eta enplegurako aktibatzeko politiken barruan sartzen dira.”

338 enplegu berrietatik, 175 enpresa lokalek egingo dituzten kontratazioak izango dira, eta gainerako 163 kontratazioak, berriz, Gasteizko Udalak hartuko ditu bere gain.

Vitoria-Gasteiz 2018 Enplegu Planean sartzea

Vitoria-Gasteiz Enplegu Planaren barruan kontratatzen diren pertsonek Gasteizko bizilagunak izan beharko dute, langabezian egon eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egon.

Hartara, tokiko eta eskualdeko enplegu-planekin zerikusia duten enplegu-eskaintzak aurkezten zaizkio Lanbideri, eta Euskal Enplegu Zerbitzu hori arduratzen da lehenengo hautaketa egiteaz, eskainitako enpleguak oinarritzat harturik, eskatzen diren profiletara egokitzen direnen artetik.

Vitoria-Gasteiz 2018 Enplegu Planaren bitartez sinatzen diren kontratu guztiek gutxienez sei hilabeteko iraupena izango dute.

Gazteei laguntzea

Gazteen Enplegurako Programa Eragileari dagokio Lanbideren bigarren ildoak, eta 1,13 milioi euro bideratuko dira horretara, hots, gazteak 12 hilabeterako kontratatzera. Kasu honetan, 600.000 eurorekin osatuko du Udalak  programaren finantzaketa.

Eusko Jaurlaritzaren laguntza, esparru honetan, 70 pertsonaren kontratazioan gauzatuko da —beren kalifikazio-mailetarako egoki diren lanpostuetan— Gazte horiek azaroan bertan lanean hastea aurreikusten da.

Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten 30 urtetik beherakoei lehenengo lan-esperientzia eskuratzera zuzenduta dago programa hori, nahiz eta errenta hori jasotzea ez den nahitaezko betebeharra.

Horrela, hiri-proiektuetan lan egingo duten gutxienez 70 gazte kontratatzeko konpromisoa hartzen du Udalak bere gain, hala nola ikastetxeetako patioen hobekuntza estetikoan, hiriko lorategien zaintzan eta Olarizuko lorategi botanikoan, udal baratzeetan konposta egiteko lanetan eta bide publikoko hondamenak konpontzen, besteak beste.

Horrela, enplegu-aukera bat emango zaie gazteei, lan-merkatura sartzerik izan dezaten. % 48tik % 17,4ra jaitsi da gazteen langabezia-tasa agintaldiaren hiru urte hauetan, eta bilakaera hori sendotu nahi da gaur aurkeztu denaren gisako ekimenen bitartez.

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:33

Udaltzaingoa 19 urteko gazte bat ari da ikertzen, bide-segurtasunaren kontrako delitua egiteagatik; izan ere, abiadura handian eta alkoholdun edarien eraginpean gidatu zuen.

Atzo gertatu zen, 20:00ak aldera, patruila batek ibilgailu bat abiadura handian zirkulatzen ikusi zuenean Buesa Arena pabiloiaren aparkalekuan. Gidariak alkoholaren edo substantzia estupefazienteen eraginpean zegoelako zantzu nabariak zituen. Probetan, positibo eman zuen kalamuan eta anfetaminetan; beraz, Guardiako Epaitegira bideratu ziren izapideak.

Udaltzaingoa, halaber, 34 urteko gizonezko bat ari da ikertzen, Pepe Ubis plazan alkoholdun edarien eraginpean eta gidabaimenik gabe gidatzeagatik. Bere dokumentazioa eta ibilgailuarena aztertzean, gidabaimenik ez zuela egiaztatu zuten; izan ere, Gasteizko epaitegi batek aldi baterako eten zion. Gainera, alkoholdun edariak edan izanaren zantzuak zituen. Hortaz, alkoholemia-probak egin zizkioten, eta positibo eman zuen. Bada, Guardiako Epaitegira bideratu ziren izapideak.

Udaltzaingoak beste 12 trafiko-istriputan hartu zuen esku atzo; haietan, ez zen zauriturik egon. Bestetik, 29 salaketa izapidetu zituen, eta 9 kasutan jardun zuen polizia judizial gisa.

 

Share