Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  16 azaroa 2018 17:00

2018ko Euskararen Nazioarteko Egunaren Adierazpena irakurtzea

Parte hartzaileak: Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustapeneko zuzendari Estibaliz Alkorta; Gasteizko Udalaren Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusilla; Koldo Iturbe, Eudel; Pilar Garcia de Salazar, Arabako Foru Aldundia; Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundia; Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundia;Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritza; Mari José Arrieta, Bilboko Udala; Edurne Otamendi, Donostiako Udala; eta Jose Labaka, UEMA

Eguna. Astelehena, azaroak 19

Ordua. 10.30

Tokia: Lakua II prentsa aretoa

—————————————

Prentsaurrekoa. Beñat Etxepare aretoaren 2018-2019 denboraldi berezia aurkeztea,  25. urteurrena betetzen duela eta

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Ander Elorza, Teklak taldea; eta Pilar López, Teatro Paraíso

Eguna. Astelehena, azaroak 19

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:59
  • A&B Laboratorios de Biotecnología enpresak ohorezko saria jaso du

Gaur arratsaldean, Gasteizko enpresek abian jarritako ingurumen-jardunbide egokiak aitortzeko IV. Itun Berdea sariak banatu ditu Gorka Urtaran alkateak. Aurten Iñaki Eceiza abeltzainak eta EGA Master zein Michelin enpresek jaso dituzte sariak. Bestetik, A&B Laboratorios enpresari ohorezko saria ematea erabaki du epaimahaiak aho batez, atzo 2018ko Ingurumenaren Europako Saria jaso baitzuen Vienan.

 

Urtaranek Itun Berdearen Komunitateari atxikitako enpresen konpromisoa nabarmendu du. “Funtsezkoa da Gasteizko gizarte, ekonomia eta ingurumen garapena ahalbidetzen duen enpresen sarea izatea, eta enpresa horien lana ondoen definitzen duena gizarte hobea lortzeko konpromisoa da, enplegua eta aberastasun ekonomikoa sortuz eta, bereziki, gure natur ingurunea errespetatzen duten jarraibideak kontuan hartuz eguneroko zereginetan.  Oraingo Gasteizekin konprometitutako enpresak dira, baina bereziki etorkizuneko hiriarekin konprometituak”, azpimarratu du alkateak.

Iñaki Eceizak irabazi du Itun Berdea saria mikroenpresen kategorian, bere abeltzaintza-gaztagintza ustiapenean jarri duen eguzki, haize eta ur instalazioari esker. Neurri horrekin, nabarmen gutxitu du karbono-aztarna, energia alternatiboak erabiliz; beste ingurumen ekintza batzuk ere jarri ditu martxan, hala nola bertako hornitzaileekin lan egitea eta gaztagintzan lortutako gazura aprobetxatzea. Hori guztia dela eta, ustiapen jasangarrien alorrean jarraitzeko moduko eredutzat jo du epaimahaiak.

Enpresa txikien kategorian (10-49 langile), lanabes industrialen alorreko EGA Master enpresak lortu du saria, merkatuan jarritako ontzi eta bilgarrien kopurua gutxitzeko planarengatik. Izan ere, enpresak paketatzearen diseinu ekologikoa egin du, ingurumenaren gaineko eragina gutxitzeko. Horretaz gain, hornitzaile sarea eratu du gertuko ingurunean, garraioen eragina murrizteko, eta ontziak berrerabiltzeko metodo bat ere koordinatu du. Orobat, paketatze prozesua eraldatu du, kutxak berrerabili ahal izateko. Epaimahaiak neurri horiek ingurumenean zein gizartean duten eragin positiboa hartu du aintzat.

 

Enpresa  ertain eta handien kategoriari dagokionez, Michelin enpresa izan da garaile, ur-kontsumoa eta isurketa murrizteko ekimen batengatik. Enpresak uraren kudeaketa integralerako sistema bat ezarri du, etengabeko monitorizazioa baliatuz, kontsumoa mapeatuz eta puntu bakoitzean hori murrizteko neurriak ezarriz. Horri esker, milaka m3 ur aurreztu ahal izan dituzte, eta Krispiñako araztegiaren karga gutxitu.

Hiru sari horiek ez ezik, aparteko sari bat ere eman da,  A&B Laboratorios de Biotecnología enpresarentzako ohorezko saria. Epaimahaiak aho batez erabaki du enpresaren aitzindaritza saritzea, ingurumen-iraunkortasunean ibilbide bikaina egin baitu, eta Gasteizen enbaxadore bihurtu baita Europan, atzo bertan Ingurumenaren Europako Saria jaso baitzuen Vienan.

Itun Berdea sarien laugarren edizioan 31 jardunbide egoki (iaz baino sei gehiago) aurkeztu dituzte 25 enpresak. Edizioz edizio haziz joan da hautagaitzen kopurua. Goiuri jauregian banatu dira sariak, Itun Berdeko Enpresen Topaketaren barruan; enpresen arloko 70 profesionaletik gora bildu ditu ekitaldiak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:53

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaranek proposatu du etxebizitza gehiago eraikitzeari uko egitea, lurzoru gutxiago kontsumitzearren, eta inbertsio berarekin etxebizitza gehiago eskaintzea Gasteizen horren premia duten familiei  

Gazteek eta pertsona ahulenek dituzten etxebizitza premiei erantzun nahi die neurriak, eta legez kanpoko okupazioari aurre egin

Aste honetan Aretxabaletako auzokoei aurreratu dien bezala, Gorka Urtaran alkatea Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuarekin bilduko da abenduaren 3an, hiriko hainbat lekutan hutsik dauden udal etxebizitzetarako irtenbide integrala proposatzeko.

Neurriak gazteek eta pertsona ahulenek dituzten etxebizitza premiei erantzungo die, lurzoru gehiago kontsumitu gabe eta etxebizitza horiek erabilita legez kanpoko okupatzea eragotziz.

 

Bost abantaila

 

Alkateak azaldu duenez, proposamen horrek bost abantaila ditu: ekimen arduratsu eta iraunkorragoa da, lurzoru gehiago kontsumitzea eragozten duelako; proposamen ekonomikoagoa da, eta errentagarritasun sozial handiagokoa, inbertsio berarekin etxebizitza gehiago egokitu daitekeelako; planteamendu integratzaileagoa da, ez duelako bizilagun profil jakineko etxebizitza-blokerik sortzen; herentzian jasotako arazo bati —hirian erabiltzen ez diren hainbat etxebizitza izatearena— erantzuten dio behingoz, eta legez kanpoko okupazio posibleak eragozten ditu.

Udalak, 21 Zabalgunearen bitartez, bostehun etxebizitza baino gehiago ditu (hainbat egoeratan), eta horiek sartuko lirateke orain hutsik dauden udal etxebizitzak gazteei eta familia ahulei eskaintzeko udal gobernuak sustatu duen Etxebizitza Planean. Planak aurreikusten du epe laburrean etxebizitza hutsak eraberritzea, eta bizi ahal izateko hainbat esku-hartze behar duten ehun etxebizitza inguru egokitzen joatea. Dagoeneko abian jarri da deialdi bat Hirigune Historikoan gazteentzako 10 etxebizitza eskaintzeko.

Udalak etxebizitza hutsen zati bati erabilera emateaz gain, Gorka Urtaranek proposatu du Eusko Jaurlaritzari erabiltzen ez diren etxebizitzetako batzuk eskaintzea, haren etxebizitza programetarako baliatu ditzan.

Alkateak uda aurretik aurkeztu zuen udal etxebizitzen egoerari buruzko diagnostikoa; Udalak, orotara —21 Zabalgunearen eta Ogasun-Ondare Sailaren jabetzako etxebizitzak kontuan hartuta— 99 etxebizitza huts ditu, gehi aurreko hamarkadan 21 Zabalguneak Errekaleor, Olarizu eta Aretxabaletan sustatu zituen berritze planekin lotutakoak.

Azterlan horren arabera, hiriko hainbat lekutan banatuta dauden etxebizitza huts horietatik, 29 egoera onargarrian daude, eta bizitzeko modukoak izan daitezke etxebizitza bakoitzeko 6.000 € baino gutxiagoko inbertsioarekin. Beste 24k 6.000 eurotik gorako inbertsioa beharko lukete, eta 40k, eraberritze integrala; azkenik, 6 etxebizitza okupatuta zeuden.

Gorka Urtaranek gogorarazi du planak premia garbi batzuk betetzeko helburua duela:

  • Udalak erantzuteko ahalmen handiagoa izatea  gizarte larrialdietako egoeretan, esaterako genero-indarkeria,  etxegabetzeak, adingabeak dituzten familien bizitegi-bazterketa larria…, edo ostatu emateko edo ostatu berria emateko etxebizitzak behar diren beste egoera batzuk.
  • Udalak bizileku bitartekoak eduki ahal izatea gazteen eskaerei erantzuteko, haien ahalmen ekonomikoariegokitutako alokairuak behar baitituzte.
  • Eusko Jaurlaritzari etxebizitza multzo bat eskaintzea haren etxebizitza planen beharrei erantzuteko.

Proiektuak bat egiten du 3 B-en filosofiarekin —espazio publikoak berpiztea, eraikinak berrerabiltzea, eta bizitza ekonomiko eta soziala biziberritzea—, zeina agintaldiaren hasieratik garatu baitu Urtaran alkateak, eta beste plan batzuetan ere kontuan hartu baita, Erdigunerako Masterplanean, esaterako.

 

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:18

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak produktu ekologikoen, bizitza osasuntsuaren eta kontsumo arduratsuaren Bioaraba azokaren bosgarren edizioa inauguratu du. Hainbat arlotako 70 erakusketari baino gehiago izango da azokan, datorren igandera bitartean, 11:00etatik 21:00etara: elikagai ekologikoak, bioeraikuntza, energia berriztagarriak, oihal eta kosmetika naturala eta bidezko merkataritza.

Erakusketa guneko proposamen anitzez gain, hitzaldiak, lantegiak eta sukaldaritzara erakustaldi programa zabala ere izango da. Kontsumo ekologikoaren arloan erreferentziako ekitaldi bihurtu da Bioaraba; dinamizatu egingo du Iradier Arenaren inguruko merkataritza- eta ostalaritza-jarduera, eta asteburu honetarako hotel erreserben kopurua igo du.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:06

Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi egin du Plan Orokorraren egiturazko xedapen-aldaketa bat, Dato kaleko 11.eko lursailaren eta Cadena y Eleta kaleko 2.eko Goya eraikineko lursailaren kalifikazioak aldatzeko, eta, horrenbestez, konpentsatu egiten dira hiri planeamenduan jasotako erabilerak. Talde politikoek Hirigintza Batzordean balioetsiko dute aldaketa hori.

Bi proiektuen aurkezpenean aurreikusita zegoen aldaketa. Dato kaleko lursailaren kalifikazio-aldaketari dagokionez, administrazio-ekipamendutik egoitzetakoa izatera pasako da, etxebizitzak eta merkataritzako eta ostalaritzako aretoak hartu ahal izateko, alkatearen eta Kutxabankeko zuzendari nagusiaren arteko hitzarmena izenpetzean iragarri zen bezala.

Administrazio-ekipamendu kalifikazioa izanik, eraikina erabilerarik gabe egotera kondenatuta zegoen, baina, aldiz, leku horretan etxebizitzak sustatzea bideragarri litzateke. Horrenbestez,  bertan inguruko eraikinekin bat etorriko diren bizilekuak egin ahal izateko bideratu beharreko jarduerak jasotzen dira hitzarmenean. “Pausoak ematen jarraitzen dugu, erdialdeak bere pultsua berreskuratzeko eta hiri-egiturari jarraitasuna eta homogeneotasuna emateko helburua lortzeko  Izan ere, erabili gabeko eraikinak birgaitu, hiriko espazioak berpiztu eta merkataritza- eta ostalaritza biziberritzeko sustatzen ari garen Erdigunerako Masterplanean aurreikusitako ekintzetako bat da ekimen hau. Hiriaren erdialdeak protagonismoa berreskuratzea nahi dugu, eta, zentzu horretan, alderdi urbanistikotik hiria hobetzeko egiten den proposamen oro aztertu eta laguntzen dugu, hutsik dauden eraikinei bizia emateko.”- adierazi du alkateak.

Lursailaren kalifikazioa hiri-zerbitzu handi sistema izatetik ekipamendu generikoa izatera aldatuta, erabilera kulturalak eman ahalko zaizkio eta, hartara, Alberto Schommer argazkilari gasteiztarrari eskainitako argazkigintza-zentroko proiektua garatu eta turismo-informaziorako gunea jarri ahalko da.

 

Argibide gehiago: www.vitoria-gasteiz.org/masterplan

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:44

Nazioarteko prentsa-argazkilaritzaren erakusketa hilaren 18ra arte egongo da zabalik Montehermosoko ur-biltegian, Gasteizen hilabete eman ondoren.

Urriaren 19an ireki zituen ateak prentsa-argazkilaritzaren alorreko ekitaldi garrantzitsuenaren XVI. edizioak, ur-biltegian.

Hiru egun (ostirala, larunbata eta igandea) geratzen dira oraindik ikusteko, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara.

42 argazkilariren tamaina handiko 152 lanek osatzen dute erakusketa; beti bezala, milaka ikusle igaro dira bertatik. Aurtengo edizioan hainbat jarduera paralelo antolatu dira:  Javier Arcenillasen eta lehen sariaren irabazle Ronaldo Schemidten maisu eskolak eta hitzaldiak (urriaren 27an eta azaroaren 9an, hurrenez hurren), eta prentsa-argazkilarien topaketa (azaroaren 14an), tokiko lau profesionali (Alex Larretxi, Blanca Castillo, Rafa Gutiérrez eta Pilar Barco) omenaldi egiteko balio izan zuena; Eusko Jaurlaritzak eta Udalak World Press Photoren Gasteizko ordezkari Paco Valderramari omenaldi egiteko ere baliatu zuten aukera.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:03

TAO arautzen duen ordenantza aldatzeko proiektua onetsi du gaur udal gobernuak, telefono mugikorraren eta udalaren web-orriaren bidez ordaintzeko sistema berrira egokitzeko; Herritarren Segurtasunaren Sailak 2019an abiarazi nahi du berrikuntza hori.

“Aldakuntza beharrezkoa da laster ezartzekoak garen sistema berriaren aplikazioari babes juridikoa emateko, zeinaren bidez TAO modernizatu eta erabiltzaileei zerbitzu erosoagoa emango baitiegu. Arau-erreferentziak eguneratzeko eta zalantzak sor ditzaketen artikulu batzuk argitzeko ere baliatuko dugu aldaketa”, azaldu du Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok.

Horri dagokionez, seinaleztapen horizontalik ez duten TAO lekuak “barrarik egoiliarrentzat” direla argi utziko da aldatzeko proiektuan. Gainera, leku horiek mugatzeko marrak gorri-berdeak izango dira aurrerantzean —eta ez berdeak, orain arte bezala—, egoiliarrentzat diren lekuetatik bereizteko —berde izaten jarraituko dute—.

Azkenik, behin-behineko txartelak sortuko dira TAO txartelaren titularra izanik istripu edo matxuraren baten ondorioz ohiko ibilgailua erabiltzerik ez dutenentzat. Ohiko ibilgailua konpontzen dieten bitartean erabiltzen duten ordezkoa dagokien eremuan aparkatzen jarraitzea ahalbidetuko die behin-behineko txartelak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:01

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak 86.000 eurotik gora bideratuko ditu hiru hitzarmenetara, talderik ahulenen gizarte-inklusioaren alde lan egiteko eta droga-kontsumoarekin lotutako jokabide arazotsuak dituzten pertsonei laguntzeko.

Batetik, Udalak hitzarmena sinatuko du Jeiki Fundazioarekin, zeinak droga-mendekotasunaren alorrean baitihardu, Hazgarri programa gauzatzeko; droga-kontsumoarekin lotutako jokabide arazotsuak agertzea, irautea edo kroniko bihurtzea prebenitzeko helburua du horrek.

Gizarte Politiken Sailak 47.097 euroz finantzatuko du programa, komunitatean esku hartzeko eta gazte, nerabe zein gurasoei arreta emateko proiektuak garatzeko.

 

Gizarte-inklusioa

Gizarte-inklusioari dagokionez, Peio López de Munainek zuzentzen duen sailak hitzarmen bana sinatuko ditu IRSE-EBI eta Prestaturik elkarteekin.

IRSE-EBIk 30.000 euro jasoko ditu logistikari buruzko lan-aurreko prestakuntza-ikastaro bat emateko, ahultasun-egoeran dauden edo gizartetik baztertuak izateko arriskua duten pertsonei zuzendua. Gizarteratu programako lantegietan egindako produktuen erakusketa solidarioak ere antolatuko dira hitzarmenaren bitartez.

Azkenik, Prestaturik-Arabako profesional atzerritarren elkarteak 9.543 euroko udal laguntza jasoko du lan-aurreko prestakuntza-ikastaro bat emateko, mahai gaineko ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, tabletak eta mugikorrak mantendu eta konpontzeaz; halaber, praktikak egingo dira sektoreko enpresetan.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:59

Arriagako gizarte etxerako eta Adurtzako zentro sozialerako garbiketa integralerako kontratuaren esleipena onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak. RAEP enpresa arduratuko da horretaz urtebetez, 129.468 euroko aurrekontuarekin.

Gizarte-ekimeneko enplegu zentro bereziei erreserbatutako kontratua da, beraz, desgaitasuna duten pertsonek emango dituzte zerbitzu horiek; horrela, “lan-merkatuan txertatzen laguntzen diegu“, azaldu du Udal administrazioaren zinegotzi Carlos Zapaterok.

Bestetik, Vasco Gallega de Construcciones enpresa arduratuko da Judimendiko gizarte etxeko langileentzako bi aldagela egiteko lanez. Konketak, dutxak eta komun-ontziak jarriko dira bertan, baita armairutxoak eta eserlekuak ere.

Lana 81.948 euroan esleitu da; eraikineko estalkiko sabai-leihoak aldatzeko ere baliatuko da aukera, igerilekuak sortzen duen kondentsazioa eragozteko.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:55

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur iragarri duenez, osoko bilkura bat hasi eta buka euskaraz egitea proposatuko die udal taldeei. Talde euskaltzaleak ere gonbidatu dituzte bilkurara, Euskara Elkargunearen bitartez, Udalbatzak eta hiriak euskarari ematen dioten sostengua berresteko ekintza sinboliko gisa.

“Euskaraldia ekimenean murgildurik gaudelarik, Euskararen Eguna dela baliatuz eta euskara kalean erabiltzearen alde lanean jarraitu behar dugula jakitun, uste dugu aparteko udalbatza osorik euskaraz egitea mugarri garrantzitsua izango dela Udalean eta hirian”, nabarmendu du Gorka Urtaranek. Alkateak azaldu duenez, “eztabaidatzen den mozioak positiboa izan beharko du, adostasuna lortze aldera, baina mamia ere izan beharko du. Izan ere, Gasteizek euskararen hiriburua izan behar du. Hori lortzeko, funtsezkoa da guztiok azken urteetan egiten ari garen lanak aurrera jarraitzea. Une honetan, datu hauek ditugu: gasteiztarren % 47 euskaldunen eta ia euskaldunen multzoan daude. Kaleko azken neurketen arabera, ordea, erabilera % 3,7 da. Beraz, erronka bistakoa da. Erabilera handitu behar dugu, gure hiriko kaleetan gure hizkuntza entzun dadin”, adierazi du Gasteizko alkateak.

 

13.600 euro euskararekin lotutako ekimenetan

Hain zuzen ere, euskararekin lotutako bi ekimen onetsi ditu gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrak, eta horietan 13.600 eurotik gora inbertituko dira.  Batetik, Merkataritza Ganberarekiko hitzarmena onetsi da, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen arloko langileentzako euskara ikastaroak diruz laguntzeko. Bestetik, ontzat eman da merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan euskararen presentzia sustatzeko laguntza-deialdiaren ebazpena.

Udalak 10.500 euro jarriko  ditu Ganberarekiko hitzarmenerako; horri esker, 2017-2018 ikasturtean 54 diru-laguntza onetsi ziren.  Ikastaroen kostu osoaren % 28,70 finantzatzeko aukera eman zuten laguntza ekonomikoek.

Merkataritza arloan euskararen erabilera sustatzeko diru-laguntzak emateko udal programaren bitartez, berriz, 3.147 euro jarriko dira 16 aretok ‘Bai Euskarari ziurtagiria’ lortu, web-orria itzuli edo errotuluak euskaraz jar ditzaten.

Share

Aurrekoak »