Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 azaroa 2018 17:00

– ‘BTI Day’ 18 jardunaldiaren inaugurazioa

Parte-hartzailea: Alkatea, Gorka Urtaran.

Eguna: azaroak 10, larunbata.

Ordua: 11:00.

Lekua: Europa biltzar-jauregiko Maria de Maeztu aretoa

——————————————————————-

– Araberriren harrobiko taldeen aurkezpena

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran  alkatea eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto.

Eguna: azaroak 10, larunbata.

Ordua: 16:15

Lekua: Mendizorrotzeko pabilioia

 

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:30

Azaroak 9, ostirala

 

Gorka Urtaran alkatea, Peio López de Munain alkateordea eta Jaione Aguirre Berdintasuneko zinegotzia, AECC-Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartearen ongintzazko afarian izango dira, 21:00etan, Andere jatetxean.

 

Azaroak 10, larunbata

 

Gorka Urtaran alkatea BTI Day Vitoria 2018 ekimenaren inaugurazioan izango da, Europa biltzar-jauregian, 11:00etan.

 

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek parte hartuko du III Erizaintza Integratzailearen III. jardunaldien inaugurazio ekitaldian, Europa biltzar-jauregian, 09:30ean.

 

Gorka Urtaran alkatea eta Jaione Aguirre eta Isabel Martínez gobernu-zinegotziak Oroimenaren Egunaren ospakizunetan izango dira, Eusko Legebiltzarrean, 10:30ean.

Gorka Urtaran alkatea eta Estibaliz Canto zinegotzia Araberri taldeak ospatuko duen cantera egunean izango dira 16:45 etan Mendizorrotzan.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto Gernika eta Araski taldeen arteko emakumeen saskibaloi ligako partidan izango da, Gernikako Maloste pabilioian, 18:30ean hasita.

 

Azaroak 11, igandea

 

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek parte hartuko du Arabako Diabetikoen Elkarteak Diabetesaren Nazioarteko Egunaren harira antolatu dituen jardueretan. 12:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:13

Arabako Crohn gaitzak eta kolitis ultzeradunak eragindako gaixoen elkarteak sustatutako ‘Beharra daukat!’ proiektuari atxikitzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean. Crohn gaitza, kolitis ultzeraduna eta digestio-aparatuko beste patologia ez kutsakorren bat dutenek komuna publikoetara sartzeko premia dutelarik hori erraztea du helburu ekimenak.

1000 lagunetik gora dira Araban era horretako patologiaren bat dutenak, eta horren ondorioz komunera joateko behar handiagoa, eta bizi-kalitate baldintzatzen die horrek. Behar duten lekuan komuna publikoak erabiltzeko aukera eskaintzea da horien jarduera sozialaren garapen normala errazteko modu bat, hots, horien kokalekuari buruzko informazio zehatza ematea, behar bezala identifikatuz.

Gasteizko Udalak ‘Beharra daukat!’ proiektuari emango dion laguntza honetan datza: adinekoentzako 15 zentro soziokulturaletara eta 14 gizarte-etxeetara sarbidea erraztuko zaie txartel pertsonal batekin beren burua identifikatzen duten gaixoei. Instalazio horietan, ‘Beharra daukat!’ txartela duten gaixoentzat zabalik dauden espazioak identifikatuko dituen pegatina jarriko da ageriko lekuan, Arabako Crohn gaitzak eta kolitis ultzeradunak eragindako gaixoen elkarteak emana. Era berean, proiektuaren webgunean kontsultatu ahal izango da komuna duten lokalen zerrenda, baita propio sortutako aplikazio mugikorraren bitartez ere, bertan geolokalizatuta agertuko baitira.

Hona ‘Beharra daukat’ proiektuari atxiki zaizkion instalazioak:

  • Abetxukuko Adinekoentzako Zentro Soziokulturala
  • Aranbizkarreko adinekoentzako zentro soziokulturala
  • Araneko adinekoentzako zentro soziokulturala
  • Ariznabarreko adinekoentzako zentro soziokulturala
  • Herrandarren kaleko adinekoentzako zentro soziokulturala
  • Judimendiko adinekoentzako zentro soziokulturala
  • Koroatzeko adinekoentzako zentro soziokulturala
  • Lakua-Arriagako adinekoentzako zentro soziokulturala
  • Landazuriko adinekoentzako zentro soziokulturala
  • Pilarreko adinekoentzako zentro soziokulturala
  • San Kristobaleko adinekoentzako zentro soziokulturala
  • San Prudentzio adinekoentzako zentro soziokulturala
  • Sansomendiko adinekoentzako zentro soziokulturala
  • Txagorritxuko adinekoentzako zentro soziokulturala
  • Zaramagako adinekoentzako zentro soziokulturala
  • Abetxukuko gizarte-etxea
  • Aldabeko gizarte-etxea
  • Araneko gizarte-etxea
  • Ariznabarreko gizarte-etxea
  • Arriagako gizarte-etxea
  • Hegoalde gizarte-etxea
  • Ibaiondoko gizarte-etxea
  • Iparralde gizarte-etxea
  • Judimendiko gizarte-etxea
  • Lakuako gizarte-etxea
  • Landatxoko gizarte-etxea
  • Pilarreko gizarte-etxea
  • Salburuko gizarte-etxea
  • Zabalganeko gizarte-etxea

Informazio gehiago: http://www.beharradaukat.eus/

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:11

Milioi bat euro bideratuko ditu Udalak Euroligaren Final Four txapelketara, gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrak hala onetsirik. Maiatzean izango da txapelketa, Buesa Arenan. Europako saskibaloi-ikuskizunik handiena da, eta, Udalaren laguntzaz gain, Arabako Foru Aldundiarena eta Eusko Jaurlaritzarena ere jasoko du. Txapelketa horrek Euskadin 50 milioi euroko eragin ekonomikoa izango duela aurreikusten da.

Udalerriaren sustapena, kultur eta kirol proiektuak bultzatzea eta Gasteiz kirolaren hiria izatearen aldeko apustua funtsezko alderdiak dira 2025 Estrategian, harro egoteko moduko hiriaren arloan. Maiatzeko saskibaloi-partidez gain, jarduera paraleloak ere antolatuko ditu Euroligak, zeinek Gasteiz, Araba eta Euskadi saskibaloiaren festa bihurtzeko balio izango baitute. “Erronka bat da Final Four txapelketa, baita aukera handi bat ere, gure hiriak, Basket Capital bihurturik, lehen mailako hiri gisa izan dezan aurkezterik bere burua munduari; munta horretako kirol ekitaldiak hartzeko leku perfektutzat, eta kirolarekin lotutako turismo-helmuga berdetzat”, azaldu du alkateak.

Atzo bertan aurkeztu ziren hiru erakundeek landutako promozio-bideoak, zein Europako hamabost herrialdetako 39 pabilioitan emango baitira, eta 365.000 lagunetik gorako audientzia izango baitute. Dagoeneko zabaltzen hasiak dira, eta aukera emango dute “Gasteiz nazioarte-mailan posizionatzeko eta hiriaren eta inguruaren turismo-erakargarriak erakusteko. Aldi berean, ditugun indargune ekonomikoak eta logistikoak ere nabarmentzen dituzte bideoek”.

Final Four txapelketaz gainera, hurrengo Erreginaren Koparen egoitza izango da Gasteiz, Espainiako Saskibaloi Federazioak berretsi zuenez. Otsailaren 28an eta martxoaren 1ean, 2an eta 3an izango da.

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:03

Atzo, udaltzainek 23 urteko gazte bat atxilotu zuten, marihuanarekin eta haxixarekin trafikatzeagatik osasun publikoaren aurkako delitua egitea leporatuta.

Gaueko bederatziak pasata gertatu zen, uniformerik gabeko patruila batek marihuana-salerosketa egiten harrapatu zuenean San Markos kantoian, Erdi Aroko hirigunean. Agenteek droga hori biltzen zuten plastikozko hainbat fardel harrapatu zizkioten, bai eta haxixa ere. Hortaz, atxilotu egin zuten, eta epaitegiaren esku jarriko dute gaur. Gainera, salaketa-orria idatzi zioten erosleari, Herritarren Segurtasuna Babesteko Legea urratzeagatik.

Gidari bat zaurituta

Atzo, 71 urteko gizonezko bat zauritu zen Kantabrikoaren hiribidean jazotako istripu anizkun batean. Istripuan, hiru autok jo zuten elkar.  Larrialdietako zerbitzuek artatu zuten, eta Txagorritxu ospitalera eraman zuten gero.

Udaltzaingoak beste 14 trafiko-istriputan hartu zuen esku atzo; haietan, ez zen zauriturik egon, eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren kontrako delituengatik. 22 salaketa izapidetu zituen, eta 14 kasutan jardun zuen polizia judizial gisa.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:38

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Saila eta Deustuko Unibertsitatea elkarlanean arituko dira familien eta seme-alaben inguruko egoeren arloko ikerkuntzan eta esku-hartzean. Helburu horrekin, Psikologia eta Hezkuntza Fakultatearekin lankidetza-hitzarmena sinatzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak.

Peio López de Munain zinegotziaren ustez, “bi erakundeak jakitun gara nolako garrantzia duen lankidetza-harreman egonkorrak ezartzeak, aukera eman diezaguten ezagutzak partekatzeko eta ikerkuntza sustatzeko interes komuneko gaietan, nola den familia-ingurunea”.

 Zentzu horretan, hainbat ekintza proposatzen ditu hitzarmenak. Besteak beste, honako hauek:

  • Ebidentzian oinarritutako programetan esku hartzea, familiei arreta eskaintzeko.
  • Ezagutzaren transferentziarako ekintza komunitarioak.
  • Ikasle, profesional eta erabiltzaileen prestakuntza.
  • Baliabideen erabilera partekatua.
  • Programen ebaluazioa.
  • Eta beste.

Lau urteko indarraldia izango du hitzarmenak, zeinek ez baitu diru-ekarpenik jasotzen.

Hitzarmenak luzatzea

 Orobat onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak droga-mendekotasunen eta ludopatiaren arloetan diharduten bi elkarterekin dituen hitzarmenak luzatzea.

Luzapen horiek direla medio, 96.447 euroko ekarpena egingo dio Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak Jeiki fundazioari, drogazale-ohiak gizarteratzeko, eta 20.200 eurokoa Asajer elkarteari, ludopatiaren inguruko informazio-, prebentzio- eta orientazio-programa eta zerbitzuak garatzeko.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:13

Etxean laguntzeko programaren onuradunei janaria etxera eramateko kontratuaren zenbatekoa 23.627 eurora igotzea erabaki du Tokiko Gobernu Batzarrak gaur.

Igoera horrekin —% 20 gehiago, hasierako 118.137 euroko kopuruaren aldean—, dagoeneko 232 etxetara iristen da zerbitzu hori, lehenagoko 180ren aldean.

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak eguneroko oinarrizko jarduerak betetzeko arazoak dituzten pertsona eta familiei eskaintzen dien zerbitzuetako bat da janaria etxera eramateko hori, etxean bertan ematen baitzaie arreta hartara.

Adinekoak

Era berean, adinekoentzako zerbitzuetako girotze soziokulturalerako programaren kontratua luzatzea onetsi du udal gobernuak, eta 358.600 euro bideratuko ditu horretara.

Sirimiri enpresa arduratzen da programazio hori gauzatzeaz, San Prudentzio egoitzan, Arkupeetako egoitzan, Aurora egoitzan, Los Molinos etxebizitza komunitarioan eta Olarizuko Santa Maria eguneko arreta-zerbitzuan.

Adinekoentzako jardueren artean, solasaldiak, kultur gelak, psikoestimulazioa, eskulanak, txangoak eta abar izango dira.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:07

 

Salburua auzoko zenbait banbu-parterreren lekuan soropila jarriko du Udalak, eta bideak egingo ditu beste batzuetan, garbiketa errazteko. Auzotarrek eskatutako esku-hartzea da. Espazio sarri horiek desagerraraztea da proiektuaren azken helburua, ingurune horretako mantentze-lanak errazago gerta daitezen. Izan ere, karraskari txikiak ikusi izan dira bertan. Gaur goizean bertan onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak lan horiek egiteko kontratazio-dosierra, 299.583,92 euroko aurrekontuarekin.

“Hogeita hiru lekutan jarriko da soropila banbuaren ordez. Beste hemeretzi lekutan, berriz, bide txikiak egingo dira parterreen barruan. Kontuan hartu beharra dago arazoa ez dutela banbu-parterreek sortzen, ezpada gizalegez jokatzen ez duten zenbait pertsonek edukiontzietatik kanpo uzten duten zaborrak, horren ondorio baita egoera. Nolanahi ere, inguru hori hobetu egingo da, esku-hartze honi esker”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Zehazki, Berlingo ibilbidean, Viena kalean, Atenas ibilbidean eta Estrasburgo ibilbidean egingo dira Hiri Paisaiaren Atalak diseinatutako lan horiek. Azken horretan, hogeita hiru parterre daude, eta belarra jarriko da haien ordez. Aurrekoetan, funtsean, zatitu egingo dira espazioak, eta 1,2 metro zabaleko bideak egingo, mantentze-lanak errazte aldera. Berlingo ibilbideko sei parterretan esku hartuko da, Viena kaleko bostetan eta Atenas ibilbideko zortzitan.

Estrasburgo ibilbideko lanak gauzatzeko epea bi hilabetekoa izango da. Gainerako lanak egiteko epea, berriz, hiru hilabetekoa.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:58

 

 

Mugikortasun Planaren ildo nagusien berri azaroaren 21ean emango dela jakinarazi du alkateak

 

 

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean azaldu du Udalak beste urrats bat egin duela bus elektriko adimentsua (BEA) ezartzeko, sistema abian jartzeko obra-zuzendaritzaren kontratazioa dela medio. “Udal teknikariek BEA ezartzeko kontraturako aurkeztu diren bi eskaintzak baloratzen diharduten bitartean, hori abian jartzeko Gasteizko kaleetan egingo diren obrak zuzendu, kontrolatu eta zaintzeko kontratua atera dugu lehiaketara”, azaldu du Gasteizko alkateak. Gaur goizeko bileran onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak obra-zuzendaritzaren kontratazioa lehiaketara ateratzea, 881.158,29 euroko aurrekontuarekin. BEAren inguruko erakundeen arteko lankidetza-hitzarmenaren arabera, honela finantzatuko da inbertsio hori: % 17,5 Udalak, % 65 Eusko Jaurlaritzak eta % 17,5 Arabako Foru Aldundiak.

Garraio publikoaren sistema eraginkor eta edukiera handiko bat da BEA, zeinek hiriko auzo guztiak hobeto konektatu baititu, eta mugikortasun iraunkor eta osasungarria sustatuko. TUVISAren egungo 2. linean emango du zerbitzua. 10 kilometrotik gorako ibilbidea izango du, eta 24 geltoki berri, noranzko bakoitzean. Ibilgailuek diseinu abangoardista eta puntako teknologia izango dute, ibilbidearen zati batean errei esklusiboetatik joango dira, bidegurutzeetako semaforoetan lehentasuna izango dute, eta hiriko leku garrantzitsuak lotuko dituzte, hala nola Txagorritxu ospitalea, Eusko Jaurlaritza eta Mendizorrotzeko futbol-zelaia. Proiektu horri esker, 18 metroko luzerako zazpi autobus berri izango ditu Gasteizek, eta 12 metroko sei. Ibilgailuak  % 100 elektrikoak izango dira, eta teknologia berritzailekoak hainbat arlotan: erabiltzailearen esperientzia, informazioa, segurtasun-sistemak eta gidatzeko laguntza.

Mugikortasun Plana

Bidenabar, Gorka Urtaranek jakinarazi du Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren berrikuspenaren ildo nagusiak aurkeztuko direla azaroaren 21ean udaletxean. Gaur egun Bartzelonako Hiri Ekologiako Agentzia idazten ari den plan bat da. Herritarrentzat zabalik egongo den saio batean, mugikortasunaren arloko etorkizuneko planifikazioaren xehetasunak emango dira. “Gure mugikortasun-eredua definitzeko orduan hurrengo urteetan jarraitu beharko dugun bidea erakutsiko digun dokumentu bat dugu.”

Mugikortasuna da 2015 Estrategiaren ardatz nagusietako bat. Era berean, hori da berriki aurkeztu den aurrekontu-proiektuaren apustu nagusietako bat. Izan ere, hainbat proiektu finantzatzea aurreikusten da bertan: tranbia hegoaldera luzatzea, BEA, autobusentzako kotxetegi berriak, Salburuko tranbiaren obrei ekitea, 138 leku izango dituen aparkalekua Ariznabarrean, Latinoamerika plazako biribilgunea lurperatzea, bost autobus hibrido berri, ziklistentzako azpiegiturak eta bide-segurtasunaren arloko inbertsioak, besteak beste.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:16

Bolibar herriko zubia berritzeko bitartekoak jarriko ditu Gasteizko Udalak, udalerriaren hego-ekialdeko menpeko toki erakunde horretako administrazio-batzarraren aspaldiko eskaerari erantzuteko hartara. Santo Tomas ibaiaren gaineko pasabidea azpiegitura oso zaharkitua da, eta gaur egun ura hartzeko ahalmen mugatu du; horren ondorioz, uholdeak sortzen dira inguruetan, euriteak daudenean. “Maiz gertatu da hori azken urteetan, eta horregatik ekingo diogu obrari. Funtsean, egungo pasabidea eraitsi eta berri bat eraikiko da”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak. Gaur goizean onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak lan horien kontratazio-dosierra, 136.399 euroko aurrekontuarekin.

Santo Tomas ibaiak zeharkatzen duen kale nagusi batek osatzen du Bolibar herria. Beste sarrerarik ez duten etxebizitza batera eta hainbat sorotara sarbidea ematen du kale horrek. Zubia hormigoizkoa da, eta ahalmen mugatua du; hori dela eta, eraitsi eta berria eraikiko da. Pasabide berria ere hormigoizkoa izango da, barandak izango ditu bi aldeetan —oinezkoentzako igarobideetan—, hobea izango da eta, batez beste, 1,20 metroko altuerako eta 3,50 metroko zabalerako sekzio hidraulikoa izango du, ibaiak gainezka ez egiteko nahikoa. Ibaiaren ubidea ere zabalduko da.

Bidenabar, edateko uraren banaketa-sarea eta saneamendu-sarea hobetuko dira. Era berean, argiteria hobetzeko aprobetxatuko da; led teknologiako farola bat jarriko da, lau metroko zutabe baten gainean. Hiru hilabetean egingo dira lanak, esleitzen direnetik.

Share

Aurrekoak »