Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 azaroa 2018 17:50

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek bere sailaren aurrekontu-proiektua aurkeztu du gaur, zein 41,4 milioi eurokoa izango baita 2019an, hau da, aurtengo ekitaldian baino % 6,5 gehiago.

“Kontu hauekin egiten dugun ahalegin ekonomikoak gure politikei beti eman izan diegun izaera sozialari erantzuten dio. Horregatik, Gasteizko hogeita hamarretik gora kolektibo soziosanitarioren programa eta zerbitzuak bultzatzen dituen aurrekuntu bati buruz ari gara; premia-egoeran dauden familia eta pertsonei laguntzen die; adinekoei arreta eskaintzen die, merezi duten bizi-kalitatea izan dezaten; haurrak babesten ditu, eta osasun publikoa sustatzen du”, azaldu du López de Munainek, Ogasun Batzordeko agerraldian.

Agintaldi honetan, 12,3 milioi euroan handitu du aurrekontu Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak, eta hirugarren udal saila bihurtu da diru-zuzkidurari dagokionez, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailaren eta Ogasun Sailaren ondotik.

Aurrekontu-proiektua

Komunitate Jardueraren Zerbitzuan 22,9 milioi euroko gastua aurreikusten da, Adinekoen Zerbitzuan 7,9koa, Gizarte Inklusioaren Zerbitzuan 4,7koa, Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuan 3,2koa, Osasun Publikoaren Zerbitzuan 1,3koa eta Administrazio Zerbitzuan 1,2koa.

Etxean laguntzeko zerbitzuaren partidaren igoera nabarmentzen da Komunitate Jardueraren Zerbitzuan, 11,1 milioi euro —1,8 milioi gehiago— bideratuko baitira horretara, baita gizarte-larrialdiko laguntzetarako eta laguntza sozialetarako erreserbatutako 9 milioiak ere.

Adinekoentzako zentro soziokulturalen kudeaketak hartzen du Adinekoen Zerbitzuaren partidarik handiena —2,9 milioi euro—. Orobat nabarmentzen dira Adineko pertsonak zaintzen dituzten familiei laguntzeko programa —100.000 euro—, elikagaietarako 1,6 milioiak eta beste hainbat partida txiki, hala nola adinekoei buruzko estereotipoak hausteko 5.444 euroko partida, edo  Adinekoekin Lagunkoi diren Hirien Sarearen II. Ekintza Planean laguntzeko 12.000 euroko partida.

Gizarte Inklusioaren Zerbitzuan, % 2,5eko igoera izango dute udal zerbitzuak eskaintzen dituzten kolektibo eta elkarteekiko hitzarmenek, sektoreko hitzarmen kolektibora egokitzeko. Hala izango da kasu hauetan: Hiesaren aurkako Batzordearen Etxe Irekia —340.000 euro—, zainpeko etxebizitzak —297.000 euro—, Estrada Zentroa —464.854 euro—, Aterpea —470.000 euro—, zainpeko etxebizitzak kudeatzen dituen afroamerikar elkartea —522.150 euro— eta Clara Campoamor elkarteak indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei harrera emateko dituen etxebizitzak —300.000 euro—.

Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuan, adingabeak atenditzen dituzten zentro sozioedukatiboek 1,2 milioi euro izango dituzte, Seme-alaben Gurasoekiko Indarkeria-egoeretan Garaiz Esku Hartzeko Programak 83.993 euro, gurasotasun positiboa, emozioak eta erresilientzia lantzen dituzten programek, berriz, 112.000 euro, 200.000 euro eta 252.349 euro, hurrenez hurren.

Osasun Publikoaren Zerbitzuak eutsi egingo die Gasteizko hogeita hamar bat elkarte soziosanitariorekin dituen hitzarmenei, guztira ia milioi erdi euro jasoko baitituzte, arreta-programak garatzeko. Orobat eutsiko die Gadenekiko hitzarmenari —18.500 euro—, kaleko katu koloniak kudeatzeko, eta Apasos elkartearekin duenari —15.000 euro—, Animaliak Babesteko Zentroan egiten duen lanerako.

Azkenik, nabarmentzekoa da 213.000 euro bideratuko dituela Osasun Publikoaren Zerbitzuak droga-mendekotasunen prebentziora.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Adinekoentzako zentro soziokulturalen jardunaldia

Parte hartzaileak. Gizarte Gaien eta osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munain

Eguna. Asteartea, azaroak 13

Ordua. 10:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia

—————————-

Prentsaurrekoa. ‘The animals and the children took to the streets 1927’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Aktore Felicity Sparks, Genevieve Dunne eta Rowenna Lenonn; eta Udal Antzoki Sareko arduradun Marta Monfort

Eguna. Asteartea, azaroak 13

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:13

Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok sailaren 2019rako aurrekontu-proiektua aurkeztu du gaur; 3,1 milioi eurora iristen da aurrekontua, hau da, 2018an baino % 23,6 gehiago.

Aurrekontu-proiektuak ia milioi erdi euroko inbertsioak jasotzen ditu ibilgailuak berritu eta ekipoz hornitzeko. Kopuru handiena (240.000 €) Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzurako ponpa-kamioi berri bat eta ibilgailu arin bat erosteko erabiliko da.

Udaltzaingoari dagokionez, 109.000 euro handituko da ibilgailu-flota berritzeko partida, eta 139.000 euro erabili ahalko dira furgonetak, autoak eta motozikletak erosi eta berritzeko. “Oraingo flotak kilometro metatu asko ditu, eta batzuetan funtzionamendu arazoak dituenez horiek konpondu nahi ditugu”, azaldu du Carlos Zapatero zinegotziak.

Inbertsio horiei beste 56.000 euro gehituko zaizkie azken LEPeko udaltzain berrien ekipamendu eta hornidurarako.

Ohiko gastuari dagokionez, nabarmendu beharra dago 15.000 euro erabiliko direla Herritarren Segurtasunaren Sailak berriki aurkeztu duen Bide Segurtasunaren Plana garatzeko.

Orobat, 369.000 euro jarri dira jantziak eta uniformeak erosteko: 249.000 € udaltzainentzat eta 120.000 € suhiltzaileentzat. Partida horiek hazkunde handia izan dute, orain egiten ari diren oposizioen bidez sartzen diren suhiltzaile eta agenteak 2019an hasiko baitira lanean.

Trafiko Zerbitzuak, azkenik, 1,6 milioi euro baino zertxobait gehiagoko aurrekontua edukiko du; horietatik, 1,2 milioi trafikoa kontrolatzeko sistema mantentzeko da.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:25

Udal Administrazioaren Sailak 28,3 milioi euroko aurrekontu-proiektua aurkeztu du 2019rako, hau da, % 4,75 gehiago aurtengoaren aldean.

Informazioaren teknologien alorreko helburuei dagokienez, Sailak “administrazio adimentsua garatzen jarraitu nahi du, herritarrek Udalarekin duten harremana hobetu, eta udal eraikinen egoera eta segurtasuna bermatu”, Carlos Zapatero zinegotzi ordezkariak Ogasuneko Batzordean azaldu duenez.

Zapaterok iragarri du udal administrazioak sinadura elektronikoa ezartzen eta dosier elektronikoa garatzen jarraituko duela 2019an, 317.000 euro inbertituz. Orobat, ahalegin handia egingo da “herritarrek gailu mugikorren bidez zerbitzu publikoak eskuratzerik izan dezaten. Horretarako, mugikorretarako herritarren postontziaren zerbitzua berrituko dugu, eta beste batzuk gehituko ditugu, ikastaroetan izena emateko, udal espazioak erreserbatzeko, tasa eta zergen helbideratzeak kudeatzeko, etab.”. 

Bestetik, 120.000 euro jarriko dira sistema informatikoen segurtasuna eta herritarren konfiantza handitzeko;  zehazki, prozesuak berrikusteko eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoa betetzen den zaintzeko erabiliko dira. Orobat, 300.000 euro erreserbatuko dira Segurtasun Planaren barruko ekintzetarako, eta 350.000 euro zerbitzariak eta artxibatze digitala berritzeko.

2019an, halaber, Iruzur Fiskalaren kontrako Prebentzio Planaren amaiera landuko da —200.000 euroko partida egokitu da horretarako— eta software librea sustatzen jarraituko da —Linux sistema eragilea duten ekipo berrien hornidura jarri da abian, herritarrek erabiltzerik izan dezaten—.

 

Eraikinen mantentzea

Udal Eraikinen mantentzeari dagokionez, inbertsioen kapituluan 500.000 euro erreserbatu dira zenbait eraberritze-lani ekiteko: San Ignacio ikastetxeko terraza (150.000 €), udaletxeko estalkia (240.000 €) eta udaletxeko begiratokiak (121.000 €).

Era berean, Ariznabarreko eta Lakua-Arriagako futbol-zelaietako belar artifiziala berritzea aurreikusi da, 600.000 euroko aurrekontuarekin; lan horiek datorren udan egitea aurreikusi da, denboraldian erabiltzea ez eragoztearren.

Bestetik, Udal Administrazioaren Sailak udalaren 42 eraikin energia elektrikoz hornitu, mantendu eta eraberritzeko baldintza-agiria abiaraziko du; horren aurrekontu-zuzkidura urtean 210.000 euro gehiago izango da, eta 280.000 euro berritzeko inbertsioetan. “Gure instalazioen energia-eraginkortasuna eta efizientzia lortzen jarraitu nahi dugu, baita kontsumoak aurrezten ere. Batez ere, emisio kutsatzaileak gutxitzeko asmoz”, esan du Carlos Zapaterok.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:23

Alkate Gorka Urtaran eta Funtzio Publikoaren zinegotzi Jaione Aguirre Gasteizko Udalak Gazteen Enplegurako Programa Eragileko (GEPE) parte-hartzaileei ongietorria emateko ekitaldian izan dira. Ekimen horri esker, lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten 30 urtetik beherako 70 gazteri lehen lan-esperientzia izateko aukera emango zaie. Gehienek diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) jasotzen dute, enplegua eskuratzeko nahitaezkoa ez bada ere.

Urtaranek lan-esperientzia betegarria opatu die GEPEaren lehen promozioko kideei, eta bereziki nabarmendu du 70 kontratuek pertsona horien karrera profesionalean ekarriko duten kualifikazio-hobekuntza. “Esperientzia eta ezagutza lortzeaz gain, oso garrantzitsua da prestatzen eta kualifikazioa lortzen jarrai dezazuen, enplegurako aukera gehiago eta hobeak emango baitizkizue”, azpimarratu du alkateak.

Gaurtik aurrera, GEPEaren barruko parte-hartzaileek lanaldi osorako 12 hilabeteko kontratua izango dute, hiriko proiektuetan lan egiteko: ikastetxeetako jolastokiak edertzea, azpiegitura berdea hobetzea Gasteizko hiri alderdietan, Olarizuko lorategi botanikoan paisaia egokitzeko eta baratzezaintzako lanak egitea, Basaldean agrokonpostatzean aritzea, hiri altzariak konpontzea, eta kaleak zolatzea, besteak beste.

Lehen egunean, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailak eta Funtzio Publikoaren Sailak lan planari buruzko informazioa eskainiko diete parte-hartzaileei. Aurkezpenaren ondoren, bakoitza zegokion zerbitzu edo sailera abiatu da: Ingurumena, Espazio Publikoa, Eraikinetako Mantentzea eta Nekazaritza Eremua.

Eusko Jaurlaritzak 1.138.430 euro jarri ditu programa garatzeko, Lanbideren bitartez; Udalak, berriz, 660.701,09 euro jarri ditu.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:49

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak bat egin dute Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna dela eta mezu bera helarazteko lurraldeko txoko guztietara. 

“Aske bizi nahi dugu. Emakumeok argi dugu. Eta zuk?” lema duen sentsibilizazio- eta kontzientziazio- programa aurkeztu dute bi erakundeek. 

Azaroaren 25a Emakumeen Indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela eta, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpaina bat aurkeztu dute. Programazio anitza izango da herritarrei, oro har, eta gazteei, bereziki, zuzenduta. Aurtengo programak berrikuntza bat dakar, izan ere bi erakundeek elkarren artean antolatutako kanpaina instituzionala da, lurraldeko txoko guztietara mezu bera irisaraztea xede.

“Aske bizi(raun) nahi dugu. Queremos (sobre)vivir libres” hitz jokoa lagun, “emakumeen jabetze indibiduala eta kolektiboa erakutsi, eta emakumeek beren eskubideak eta askatasunak gauzatzeko duten gaitasuna erakusten duen mezua igorri nahi dute erakundeek. “Emakumeengan maiz proiektatu ohi den re-biktimizatze, beldur eta gehiegizko babesetik harantzago doan mezua, “biziraun” ideia “emakumeek aske bizitzeko duten eskubiderantz” garatu. Mezu positiboa, argia eta gogorra da, gizarte osoaren erantzukizuna bilatzen du, irakurtzen duten guztiei egiten die dei eta emakumeek indarkeria matxistarik gabe aske bizitzeko duten eskubidea azpimarratzen du” nabarmendu du Berdintasun zinegotzi Jaione Aguirrek

 

Gasteizen aurreikusitako ekintzak

Kanpaina Gasteizko hainbat gunetan izango da ikusgai gaurtik (azaroaren 12a) azaroaren 30era bitartean, hainbat euskarriren bitartez: hiriko hainbat tokitan kartelak (100); mahai-egutegiak (kopurua zehaztu gabe), pantailak gizarte-etxeetan, Antso Jakitunaren kaleko pergolan eta autobus geltokian, Tuvisaren  90 autobusen barruan kartelak, muppiak hiriko 60 gunetan eta Udalaren euskarri digitaletan.

Horretaz gain, hainbat jarduera antolatu dira, ikasturtean zehar, Jabetze feministarako eskolaren baitan eta Udalaren berdintasun-politiken baitan, azaroaren 25aren inguruko egunetan antolatutako jarduerak osatzeko. Horien artean, nabarmentzekoak dira autodefentsa feminista ikastaroak eta puntu lila feministaren banaketa euskarri digitalean eta biniloan, interesatuek deskargatu eta egokitzat jotzen dituzten tokietan jartzeko: etxeetako leihoetan, lantegitan, web orrietan, gizarte sareetan, besteak beste.

 

Lurralde osoan zehar

Bestalde, Arabako Foru Aldundiak lurraldeko hainbat tokitan bermatuko du kanpainaren zabalkundea, eta indar berezia egingo du nekazaritza eremuetan eta Arabako kuadriletan, kanpaina instituzionalaren kartelak jarrita. Orobat islatuko dute kanpaina Alava Bus autobusetan.

Halaber, Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako Arabako Eskolak azaroaren 25arekin lotutako hainbat jarduera antolatuko ditu lurraldean, Laia Eskolaren bitartez. Horien artean nabarmentzekoak dira: Adriana Kaplanen solasaldiak azaroaren 26n, 27an eta 28an, Araian, Laudio eta Bastidan (Kaplan andrea emakumeen mutilazio genetikoaren arloan aditua da); autodefentsa feminista ikastaroak Villabuena Gobiaranen, Aramaion, Legution, Zuian, Dulantzin, Agurainen eta Araian. Horretaz gain, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak informazio-saioak antolatu ditu genero-indarkeriaren egoeretan emakumeek dituzten eskubideen eta emakume horiek izan ditzaketen baliabide juridikoen, Hegoak Foru Zerbitzuko laguntza psoziojuridikoaren ardura duen Susana Cambra abokatuaren eskutik. Abenduaren 15ean eta 22an izango dira, Laudio, Amurrio eta Araian.

 

Beldur Barik topaketa, azaroaren 24an, Gasteizen

Kanpaian honetako mezua, “Aske bizi nahi dugu. Emakumeok argi dugu. Eta zuk?”, Emakundek gazteentzat antolatutako Beldur Barik programarekin lotuta dago. Programa honek indarkeria matxistari aurre egin nahi dio, hainbat tresna bidez elkarren artean eztabaida eta hausnarketa sustatzea xede. Beldur Barik jarrera erakustekoa ikus-entzunezkoen lehiaketa bat ere egiten du. Gasteizko Udalak programaren lehen ediziotik, 2010etik, hartzen du parte, eta aurten, azaroaren 24an, egingo du sari banaketa eta tokiko topaketa Europa jauregian. Lantegiak, musika, emanaldiak, eta beste izango dira.

Aldundiak eta udalak erakundeek zein egunero Gasteiz eta Araba indarkeria matxistarik gabeko lurraldea izateko lanean diharduten taldeek (emakumeenak, feministenak) eta gizarte-erakundeek antolatutako jardueretan parte hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak. Horrenbestez, azaroaren 25erako aurreikusitako ekitaldietan parte hartzeko dei berezia egiten dute.  

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:30

 

 

 

 

 

 

Eusko Jaurlaritzako Turismo Zuzendaritzaren ekarpenari esker sortutako berrikuntza da, eta Alex Larretxi, Blanca Castillo, Rafa Gutiérrez eta Pilar Barco prentsa-argazkilari lokalei aitorpena egiteko baliatuko da

Asteazkenean prentsa-argazkilaritzari buruzko topaketa egingo da World Press Photoren 2018ko edizioaren barruan, Montehermoso kulturuneko ur-biltegian, 19:30ean. Alex Larretxi, Blanca Castillo, Rafa Gutiérrez eta Pilar Barco prentsa-argazkilari lokalei aitorpena egiteko baliatuko da ekitaldia.

Eusko Jaurlaritzako Turismo Zuzendaritzaren ekarpenari esker sortutako berrikuntza da; Maider Etxebarria zuzendariak joan den ostegunean adierazi zuenez, datorren urtean ere egingo da.

Estíbaliz Canto zinegotziak gidatutako Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak koordinatzen duen ekitaldiaren helburua da gure hirian lehiaketa sustatzea eta haren izena World Press Photo hirien zirkuituan zabaltzea; orobat, lehiaketaren ospea baliatu nahi da bertako prentsa-kazetarien lana aitortzeko, baita haien artean elkar daitezen erraztu ere.

Egun horretan, erakusketa 19:00etan itxiko da. Ekitaldian parte hartzeko gonbit-txartela beharko da; 945.161.830 telefonora deituta eskuratu ahalko da.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:17

 

Kulturan, plan estrategikoa ezartzeko ia partida guztiak handituko dira, eta Principal eraberritzeko partida bat sortuko da.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok gaur aurkeztu duen aurrekontuak % 14,11ko hazkundea dakar iazkoaren aldean, eta hark zuzentzen dituen hiru zerbitzuetan aurreko ekitaldiko goranzko joerari eusten dio. Zehazki, 17,8 milioitik 20,3 milioira igaroko da.

Cantok adierazi duenez, “aurrekontua aurreko ekitaldietakoa baino hobea da objektiboki, ia partida guztiak handitzeaz gain, kualitatiboki ere hobea delako, hezkuntza komunitatearekin, kirol federazioekin eta kultur eragileekin egindako lanari esker”.

Gainera —erantsi du—, kulturari dagokionez aurreko garaietako maila pixkanaka berreskuratzeko eragileekin hartutako konpromiso politikoa du aurrekontuak, Gasteiz kirolaren hiria bihurtzeko konpromisoa, eta hiri hezitzaile gisa erreferentea izaten jarraitzekoa”.

 

Kultura

Kulturarako aurrekontuaren filosofia da “ia partida guztiak handitzea edo aurreko aurrekontuetan handitutakoak mantentzea, plan estrategikoa ezarri eta abiarazteko lanaren ondorioz, zerbitzu osoari eragiten baitio”.

Zinegotziak lau zatitan banatu du:

 

  • Kultura Plan Estrategikoaren partida orokorrak 40.000 euro gehiago izango du, 90.000 euro guztira.
  • Egitura eta kudeaketa programak: Montehermoso kulturuneak 50.000 euro gehiago izango du; Musika Eskolak, 60.000 gehiago; Dantza Kontserbatorioak, 15.000 gehiago; Musika Bandak, 9.000 gehiago, eta liburutegiek, 27.000 euro gehiago. Aurreko urteetan handitutako partidak mantendu egingo dira.
  • Kultur eragileek antolatutako jarduerak finantzatu eta laguntzea: zertxobait handituko dira zenbait partida, hala nola Valentin de Foronda Fundazioarena, World Presss Photorena, Argazkilarien Elkartearekiko hitzarmenarena, Teatro Paraísorena, Baratza Aretoarena, Fernando Buesa Fundazioarena, eta Inauterietako konpartsentzako deialdiarena (6.000 euro handituko da hirugarrenez). Bost alderdi nabarmendu behar  dira bereziki:
    • 25.000 euroko hazkundea blusa eta nesken elkarteekiko hitzarmenerako.
    • 14.000 euro gehiago liburu-saltzaileekiko hitzarmenerako, Gasteizek merezi duen mailako liburu-azoka egiteko.
    • 25.000 euroko hitzarmena sortzea Lumagorrirekin, Gasteizek merezi duen mailako Harrotasunaren Eguna egiteko.
    • 10.000 euro gehiago lurralde etxeekiko hitzarmenerako.
    • Lau hitzarmen sortzea sendotuta dauden jaialdiekin: Poetak maiatzean, Big Band, Korterraza eta inTacto, eta horien partida 15.000 euro handitzea. Hartara, diru-laguntzen deialdia, zeina 0 eurotik 175.000 eurora igaro baitzen hiru urtetan, aurten ez da handituko, baina 45.000 gehiago izango ditu aurkezten diren proiektuen artean banatzeko.
  • Principal antzokia eraberritzeko partida bat sortuko da, laster aurkeztekoa den  azterlana ezagutu eta aldeek finantzatzeko era erabaki arte. “Gobernu honen borondate politikoa eraberritzea da, jakina”, adierazi du Cantok. Bestetik, Antzoki Sarearen aurrekontua 40.000 euro haziko da.

 

Kirola

Kirol Zerbitzuari dagokionez, zinegotziak hiru bloke nabarmendu ditu.

Lehenengo eta behin, kirol-instalazioak hobetzeko bi milioi euro baino gehiago erabiliko dira, hainbat sailetan banatuta eta Kirol Zerbitzuak koordinaturik.

Saskibaloiko Erreginaren Koparako 60.000 euroko partida erreserbatuko da, eta inbertsioek Mendizorrotzeko estadioan izango dute eragina. Horrekin lotuta dago emakumeen kirolaren aldeko apustua, besteak beste, Araskirekiko hitzarmena 20.000 euroan handitzeko.

Azkenik, beste hitzarmen batzuk pixkanaka handitzen ari dira (Zuzenak, Apdema, Autismo Araba, Araberri eta Bola Jokoaren Federazioa), baita kontratu eta programa batzuenak ere: kirol-instalazioak, udako kirol esparruak, kirol entitateekiko lankidetza, kirol ekintzen gastuak, kirol jardueren programa, txirrindularitza itzulia, “Kirol bidean” gazteentzako programa eta kirol materialak.

 

Hezkuntza

Hiri Hezitzailearekin lotutako programak handitzeaz eta politika hori garatzeko filosofia sustatzeaz gain, 90.000 euroko partida sortuko da segregazioaren kontra borrokatzeko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:11

Hondakin-bilketa pneumatikoaren sistema duten hirien nazioarteko sareari —International Pneumatic Waste Collection Association— atxiki zaio Gasteizko Udala. 2016an fundatu zen sare hori, eta bilketa-sare horien etengabeko garapenean, ikerketan eta ingeniaritzan laguntza emateko balio du. Fabrikatzaile eta banatzaileak biltzen ditu elkarteak, bezero publikoak eta pribatuak, zientzia-erakundeak, onespen-organismoak eta abar. Sareari atxikitzeak ez dakarkio inongo kosturik hiriari.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:10

Iñaki Prusilla zinegotziak azaldu duenez, “hiriak Green Capital gisa aurrera eraman duen ingurumen-estrategiarekin aurrera jarraitu nahi dugu, eta maila lokalean klima-aldaketaren kontra borrokatu, sailaren aurrekontu guztiarekin.”

 

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak bere sailaren aurrekontu-proiektuaren ildo nagusiak azaldu ditu gaur goizean. 63.388.130 eurokoak dira kontu horiek, eta udal aurrekontuan pisurik handiena hartuko duen saila izango da horrenbestez. Izan ere, % 1,32 handitu da Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailaren aurrekontua aurreko ekitaldiaren aldean.

 

“Mugikortasunaren aurrekontua da, zalantzarik gabe; inbertsioak ekarriko dituen aurrekontu bat, zeinen bitartez Green Capital gisa bideratutako ingurumen-estrategiarekin aurrera jarraitu nahi baita. Aurrekontu honen bitartez, klima-aldaketaren arazo globalaren kontra borrokatu nahi dugu, maila lokalean”, adierazi du zinegotziak.

 

2015 Estrategiaren funtsezko ardatzetako bat da mugikortasunarena. Eta, hain zuzen ere, hori da Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailaren aurrekontu-proiektuaren apustu nagusietako bat. Ildo horretatik, hainbat proiektu jasotzen dira kontuetan, hala nola hegoaldeko tranbia (1.092.000 euro 2019an eta 2.674.950 euro 2020an), Salburuko tranbia (106.000 euro 2019an eta 8.586.000 euro 2020 eta 2021ean), BEA ezartzea (3,7 milioi euro baino gehiago 2019an eta milioi bat 2020an), Ariznabarreko parkinga (365.000 euro), autobusentzako kotxetegi berriak (300.000 euro 2019an eta 1,5 milioi euro 2020 eta 2021ean), Latinoamerika plazako biribilgunea lurperatzea (2 miloi euro 2019, 2020 eta 2021 artean), edo ziklistentzako azpiegiturak (200.000 euro), besteak beste.

 

2019ko aurrekontuko zenbait partida garrantzitsu nabarmendu ditu arloko zinegotzi arduradunak. Espazio Publikoaren Gida-planaren bitartez (1.396.937,14 euro), Gasteizko hainbat kale hobetuko dira. Hirigunea biziberritzeko Bost Enparantza planaren bitartez, berriz, Santa Barbara plaza eraberrituko da (3 miloi euro).

 

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak egindako kontuek orobat barne hartzen dute, lehenengo aldiz, Gardelegiko zabortegiko lindano araztegia ustiatzeko diru-zenbateko bat (175.000 euro), eta 300.000 euroko inbertsioa jasotzen du bide-segurtasunaren arloko jardueretarako, 260.000 euroko ekarpena Koroatzeko Planerako, beste bat, 130.000 eurokoa, Sansomendin jolastoki osasungarriak jartzeko, eta 250.000 euroko partida bat Olarizuko lorategi botanikoa bultzatzeko. “Batzuetan irudipena dugu herritar askok ez dutela ezagutzen Eraztun Berdeko bitxi hori; beraz, protagonismo handiagoa eman nahi diogu hirian”, azaldu du Iñaki Prusillak.

Share

Aurrekoak »