Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 azaroa 2018 17:00

Prentsaurrekoa. 2018ko Ardoaraba aurkeztea

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa; Nekazaritza diputatu Eduardo Aguinaco; Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendari Peli Manterola; Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendari Maider Etxeberria;Vital Fundazioko zuzendari Josune Albizu; eta Gasteiz On elkarteko gerente Patricia García

Eguna. Asteazkena, azaroak 28

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————–

Omenaldia terrorismoaren biktimei eta Agustin Ibarrolari, COVITEren XX. urteurrena dela eta

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteazkena, azaroak 28

Ordua. 11:00

Tokia. Forondako Atea kaleko terrorismoaren Biktimen Monumentua

——————————-

Prentsaurrekoa. ‘Jazz Uhinak hirian barrena’ programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza, Kultura eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto; Jazzargiako ordezkari Joseba Cabezas; eta Laboral Kutxako Gizarte Ekintzako arduradun Kepa Koldo Ortiz de Urbina

Eguna. Asteazkena, azaroak 28

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————–

‘#Fem_RIGHTS Giza Eskubideak eta Sorkuntza Artistikoa’ erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Berdintasun zinegotzi Jaione Aguirre

Eguna. Asteazkena, azaroak 28

Ordua. 20:00

Tokia. Montehermoso Kulturunea

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:39

Atzo Madrilen ireki zen Ingurumenaren Biltzar Nazionalaren barruko areto dinamikoan aurkeztu berri dira gaur egun Gasteizko Udala ekonomia iraunkorraren alorrean tokiko enpresekin batera garatzen ari den hiru jarduera-ildo. “Gasteizko ekonomia iraunkorra eraikitzen duten konexioak” izenburupean, Itun Berdearen barruko enpresa batzuk garapen iraunkorreko helburuekin lotuta lantzen ari diren proiektuen hiru adibide erakutsi dira.

 

Horretarako, formatu original bat —sukaldaritza erakustaldia— baliatu da: Udalak eta gauzatzen ari den enpresak aurkeztu dute garapen jasangarriko proiektu bakoitza, Asier Urbina sukaldariak berariaz sortutako pintxo batez lagunduta. Gainera, María Clè moda diseinatzaileak Ecoembesekiko lankidetzan sortu dituen hiru lanez jantzi du aurkezpena.

Aurkeztu diren ekintzetako bat 12. helburuarekin lotuta dago, hau da, ekoizpen eta kontsumo arduratsuarekin. Jardines de Uleta hotelak Berringurumena 2017-2018 programaren baitan garatutako ekimen bat azaldu du: tokiko hogeita hamar establezimenduk parte hartzen dute plastikoaren erabilera gutxitzeko eta beren jardueran sortzen dituzten hondakinak bildu eta birziklatzeko proiektu batean, bizitza erabilgarria bukatu ondoren ontziei beste erabilera bat ematearren. Jardines de Uleta hotela, gainera, euri-ura aprobetxatzeko ekimenak lantzen ari da, baita tokiko hornitzaileekin lan egiteko eta sasoiko produktuak kontsumitzeko ekimenak ere.

 

Aurkeztutako bigarren ekimena 13. helburuarekin lotuta dago, hots, klimaren aldeko ekintza da. Izan ere, Udalak 2010az geroztik energia-eraginkortasuna hobetzeko eta karbono-aztarna gutxitzeko ematen duen zerbitzuarekin zuzenean erlazionatuta dago helburu hori. Aholkularitza jaso dutenek ezarritako neurriei esker, tokiko enpresek 25 igerileku olinpikoren baliokide den CO2ren emisioa eragoztea lortu dute. Energia-eraginkortasunerako erronka horretan inplikatutako enpresa batek, Mecanizados Iriartek, alorrean izandako esperientzia azaldu du.

 

Gaur plazaratutako azken ildoa 17. helburuari dagokio: garapen jasangarriko helburuak lortzeko aliantzak egitea. Hain zuzen  ere, Udalak 2012an sustatutako Itun Berdea  gizarte berrikuntzarako esperientzia da, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzan oinarritua, eta gaur egun 269 enpresak osatzen dute. Horietako bat Michelin da, duela gutxi Itun Berdea sarien IV. edizioan irabazle gertatu dena, ur-kontsumoa murrizteko jardunbide egokia aurkeztu baitzuen.

 

Gasteizko ekonomia iraunkorra eraikitzen duten konexioen aurkezpenak ehun profesional inguru bildu ditu CONAMAren areto dinamikoan, eta hasiera eman dio Udalaren partaidetza duten jarduera-multzoari. Une gorena azaroaren 29a (osteguna) izango da, Eraztun Berdearen 25. urteurrenaren ospakizunak hartuko baitu protagonismoa.

 

Aipatutako ekitaldiaren aurretik, Gasteiztik Ingurumenaren Biltzar Nazionalera joan den ordezkaritza Ekodiseinu Lehiaketaren azken fasean izan da. Hamaika enpresatako arduradunek produktu eta zerbitzuen ekodiseinuaren alorrean landutako berrikuntzen hautagaitzak aldeztu dituzte. Hamaika horien artean zegoen A&B Laboratorios de Biotecnología enpresa gasteiztarra, bi sari (epaimahaiarena eta publikoarena) lortzeko multinazional handiekin lehiatu baita. Enpresa horrek 2018ko Ingurumenaren Europako Saria jaso zuen duela gutxi Vienan, eta Itun Berdea ohorezko saria ere eman zioten berriki.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:15

 

Gorka Urtaran alkateak Haurren Lagun diren Hirien zigilua jaso du gaur Oviedon, zeinaren bidez Gasteizko Udalak umeen alde egindako lana aitortzen baitu UNICEFek. Asturiasko hiriburuko biltzar eta erakusketa jauregian izan da ekitaldia, eta Espainiako beste udal batzuek ere jaso dute ziurtagiria.

Haurren Lagun den Hiriaren zigiluak lau urteko indarraldia du, berritu daitekeena. Horren bidez, haur eta nerabeen eskubideak betetzea kontuan hartzen duten politikak garatzen dituzten udal gobernuen jardun ona aitortzen da.

Gasteizko Udalak, Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuaren bitartez, urtebetetik gora eman du hautagaitza prestatzen eta udaleko sailetan zeharkako ikuspegi komuna ezartzen, haien ekintzetan haur eta nerabeak (40.000 dira hirian) aintzat har ditzaten.

Horren emaitza izan da berriki aurkeztutako Gasteizko Haur eta Nerabeentzako II. Plana: Udala lantzen ari den 100 ekintza jasotzen ditu, eta funtsezkoa izan da UNICEFen aitorpena jasotzeko.

Urtaran alkatearen hitzetan, ziurtagiria “urteetan txikienengan zentratu den udal jardunaren aitorpena da. Orain jasotzeak adierazten du bide onetik goazela eta, hemendik aurrera, hobetu egingo dugula haur eta nerabeei ematen diegun arreta, bereziki ahulenei”.

Gizarte Politiken zinegotzi Peio Lopez de Munainen ustez, “ez dugu aitorpen hau jasotzearekin konformatu behar. Landu berri dugun Haur Plana garatzen jarraitu behar dugu, baita sail guztien artean beste gai batzuk jorratzen ere. Haur eta nerabeak hiriaren zati aktibo direla ikusarazi behar dugu, parte hartzen eta egiten duguna zaintzen duten eta Udalari eskaerak egiten dizkioten pertsonak direla”.

Haurren Lagun diren Hirien zigiluak banatzeko ekitaldian 500 pertsonak hartu dute parte, 200 udalen izenean; Oviedoko alkate Wenceslao López eta Espainiako Unicefen lehendakari Gustavo Suárez Pertierra ere izan dira bertan.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:45

 

 

 

 

 

 

Ingurumen Sailak ‘MesedezzZ’ lema duen kanpaina sustatuko du, “dibertsiorako eta jarduera ekonomikorako eskubidea Erdi Aroko hiriguneko auzokoen atsedenarekin bateratzen laguntzeko”

 Une honetan Gaueko Aisialdi Arduratsurako Ekintza Plana lantzen ari da Gasteizen, eta 2018aren amaieran edo 2019aren hasieran prest izatea espero da

Gaurtik aurrera, Gasteizko Erdi Aroko hiriguneko biztanleen osasun akustikoak hobera egingo du, Relaxpirina Vitopharm sendagaiari esker. Botika bat gogorarazten duen fikziozko produktua da, herritarrek kontzientzia har dezaten gaueko aisialdiak dakartzan gehiegizko zaratez eta gizalegez kanpoko portaera batzuek sortzen dituzten arazoez. Udalak  Relaxpirina Vitopharmen bi kutxa handi (1,20×1,80×0,60) jarri ditu Aihotz plazaren sarreran, San Bizente aldaparen ondoan, Gasteizko gauaz gozatzen duten pertsonei arreta emateko, eta lau astetan “sendagai” horren 4.000 kaxa banatuko ditu (benetan gozokiak dira).

Izan ere, Udalak estrategia deigarria sustatuko du gaurtik aurrera, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailaren bitartez, zeinak gaueko aisialdi arduratsuaz sentsibilizatzeko kaleko zenbait ekintza barne hartzen baititu. Dibertsiorako eta jarduera ekonomikorako eskubidea Erdi Aroko hiriguneko auzokoek atsedenerako eta lasaitasunerako duten eskubidearekin bateratzen laguntzeko Udalak sortu duen estrategiaren barruan, kalean jendetza biltzeak sortzen dituen arazoez eta asteburuetan gertatzen diren gizalegez kanpoko portaerez ohartarazi nahi da kanpainaren bidez. Kanpainaren irudia belarriak estaltzen dituen zikoina da. Eta lema,  MesedezzZ. Hitz jokoak “mesedez” hitza eta lo dagoen pertsonaren onomatopeia (‘zzZ’) nahasten ditu.

“Helarazi nahi dugun mezua oso argia da: ‘Isilik, mesedez, hemen jendea lotan dago eta’. Gaueko aisialdiak sortzen duen zaratari erreparatuko diogu bereziki, herritarren elkarbizitza eskatuz. Erdi Aroko hiriguneko bizilagunek zenbait lekutan jasaten duten zaratak loezina, antsietatea, estresa, digestio-arazoak, buruko minak, entzumen galera  eta beste eragin ditzake, eta aurre egiteko errezeta oso sinplea da: errespetatzea, egoki jokatzea. Parranda egin daiteke, gure hiriaz eta gaueko aisialdiaz disfrutatu, baina besteen atsedenari kalterik egin gabe”, azaldu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak.

Bestetik, Udala Erdi Aroko hiriguneko Gaueko Aisialdi Arduratsurako Ekintza Plana lantzen ari da une honetan.  Eragindako herritarrak eta inplikatutako gainerako agenteak ari dira parte hartzen prozesuan, eta ekintza plana urte amaierarako edo datorren urtearen hasierarako amaituta egotea aurreikusi da. Agiriak auzo horren egoera akustikoa hobetzeko balioko du, eta segurtasuna eta zikintasuna ere kontuan hartuko ditu. Erdi Aroko hirigunean sortutako zarataren maparen arabera, 582 pertsonak jasaten dituzte egungo araudiak ezarritako kalitate akustikoaren helburuetatik gorako zarata-mailak. Batez ere, Zapatari, Aiztogile eta Mateo Moraza kaleetan. Esteka honetan jasotzen da orain arte egindako lana, baita aurrerantzean eman beharreko pausoak ere: http://mesedezzz-vitoriagasteiz.org/es/

Oraingoz, lau astez egingo da kaleko ekintza, Erdi Aroko hirigunean eta ikastetxeetan. Gozokiz betetako 4.000 Relaxpirina kaxa banatuko dira. Gaueko aisialdiak sortzen dituen arazoez ohartarazteko mezuak daramatzate kaxek, eta konponbidea: heziketa. Kaxak banatzeaz gain, ostegun eta larunbatetan antzezpen/performance labur bat egingo du Annarita Faschetti aktore eta rap-kantariak. Erdi Aroko hiriguneko bizilagunek atsedenerako duten eskubidearen aldeko mezua daramaten orritxoak ere banatuko dira.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:05

Olentzero eta Mari Domingik etxea izango dute berriro Uraren Ezkutuko Lorategian

 

 

 

Eguberriko programa

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok bere sailak 2018-2019ko Eguberrietarako prestatu duen programa aurkeztu du gaur prentsaren aurrean. Urtero bezala, berrikuntza batzuk egin dira garaian ohikoa den programazioan.

“Gabonak, berez, tradizio eta ohitura garaia dira. Olentzero eta Mari Domingiren etorrerarekin hasita Errege Magoen Desfilera arte, betiko ekitaldiak datoz bata bestearen atzetik, aldatu beharrik ez dutenak; protagonistak txikienak dira, jakina, baina publiko orotara iristen saiatzen gara, herritarren eskariak kontuan hartuz“, adierazi du Cantok.

Olentzero eta Mari Domingiren etxea zein Jaiotza monumentala abenduaren 5eko 18:00etatik urtarrilaren 6ra arte egongo dira irekita. Olentzero eta Mari Domingiren etxean gutunak uzteko ordutegia 10.00etatik 21:30rainokoa izango da. Jaiotzako haitzuloa, berriz, 10:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 21:30era zabalduko da. Jaiotza abenduaren 24an bedeinkatuko da, 13:00etan.

Desfileak, Olentzero eta Mari Domingirena, eta Errege Magoena

Abenduaren 24an Olentzero eta Mari Domingi etorriko dira gure hirira, ume guztien artean opariak banatzera. Gasteiztar txikienek hain maite duten bikotea zenbait galtzagorrik lagunduta iritsiko da, eta  10.00etatik 15:00etara bitartean hartuko dituzte haurrak.

Desfilea Iparralde gizarte etxetik aterako da, 18:00etan, eta ibilbide hau egingo du: Legutianoko atea, Frantzia kalea, Bake kalea, Olagibel kalea, eta Espainia plaza. 400 pertsonak hartuko dute parte.

19:00ak aldera, Olentzerok, Mari Domingik eta galtzagorri segizioak agurra egingo dute, udaletxeko balkoi nagusitik, eta gasteiztar guztiekin batera abestuko dute.

Errege Magoak, berriz, goizeko 11etan iritsiko dira Gasteizko tren-geltokira. 11:20 aldera, udaletxeko balkoi nagusira aterako dira agur egitera. 12:15etik 18:00etara haurrei harrera egingo diete Goiuri jauregian, eta bidezko merkataritzako piruletak banatuko dituzte.

Desfilea 19:00etan abiatuko da, Bilbo plazatik, eta ibilbide hau egingo du: Frantzia kalea, Bake kalea, Ortiz de Zarate kalea, Florida kalea, Ramon y Cajal kalea, Micaela Portilla kalea, Laskarai kalea eta Gasteiz hiribidea; Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearekiko bidegurutzean bukatuko da. Desfile horretan 300 pertsonak hartuko dute parte.

Eguberrietako beste ekitaldi batzuk

Arabako Abesbatzen Elkarteak 25 kontzertu egingo ditu abenduaren 5etik urtarrilaren 4ra arte, gabon-kantak abestuz. Halaber, eta kale eta plazak animatzeko asmoz, 8 fanfarre ibiliko dira oinezkoen alderdian gora eta behera, abenduaren 21etik urtarrilaren 5era bitartean.

Bestetik, Mendizorrotzeko Haur Ikuskizunen XV. Erakustaldian milaka haurrek beren pertsonaia gustukoenak ikusi ahalko dituzte, abenduaren 26tik urtarrilaren 2ra bitartean.  Guztira lau ikuskizun eskainiko dira: “Super Wings, escuela de vuelo”, “Play’n’kids concierto familiar”, “Kantu kolore far west” eta “A través del espejo” (errusiar ballet gaztea). Erantsita doa saioen datei eta sarrera-salmentari buruzko informazioa.

Butaka Txikia programan, berriz, umeentzako 8 ikuskizun eskainiko dira gizarte etxeetako antzoki eta aretoetan: antzerkia, txotxongiloak eta musika, kalitateko proposamenak beti. Ikuskizunak eskainiko dira abenduaren 26, 27, 29 eta 30ean, eta urtarrilaren 2, 3 eta 4an, eta sarrerak abenduaren 15eko (larunbata) 10.00etatik aurrera izango dira salgai, bost euroan.

Azkenik, aurten Kirol Zerbitzuak hartuko du bere gain izotz-pistaren kudeaketa. Andre Maria Zuriaren plazan jarriko da, abenduaren 15tik urtarrilaren 6ra arte, 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 22:00etara bitartean. 2,5 euro ordaindu beharko dituzte 16 urtetik beherakoek, eta 4 euro 16 urtetik gorakoek. Txirristaren prezioa, berriz, 0,80 euro izango da.

Informazio gehiago: www.vitoria-gasteiz.org/gabonak

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:24

Azkenengo orduetan, hamabost trafiko-istripu erregistratu dira Gasteizen, eta, horietan, hiru pertsona zauritu dira.
Atzo, 15:00ak aldera, furgoneta batek motozikleta bat urratu zuen Judimendi hiribidearen eta Santiago hiribidearen arteko bidegurutzean. 25 urteko motor-gidaria lurrera erori zen, eta zauritu. Hortaz, larrialdietako zerbitzuek artatu, eta Santiago ospitalera eraman zuten gero.
Bestalde, istripu baten inguruabarrak ikertzen ari da atestatu-talde bat; istripua atzo gertatu zen, 18:00ak baino pixka bat lehentxeago, Aldabe plazatxoan. Istripuan, 77 urteko bizikletari bat zauritu zen, lurrera erori baitzen. Anbulantzia batek eman zion arreta, eta Santiago ospitalera eraman zuen gero.
21:00ak inguruan, auto batek oinezko bat harrapatu zuen Jose San Martin kalean. Biktima, 18 urteko gaztea, Santiago ospitalera eraman zuten anbulantziaz.

Udaltzaingoa 32 urteko gizonezko bat ari da ikertzen, bide-segurtasunaren kontrako bi delitu egiteagatik; izan ere, alkoholdun edarien eta drogen eraginpean gidatu zuen, gidabaimenik gabe, Mahatma Gandhi kalean. Alkoholemia-proban, 0.78-0.80 miligramoko alkohol-tasa eman zuen botatako aire litro bakoitzeko. Halaber, positibo eman zuen kalamuan. Gainera, bere eta ibilgailuaren dokumentazioa aztertzean, kondena judizial batengatik gidabaimenik ez zuela egiaztatu zuten. Gertakariei erreparatuta, diligentziak bideratu zituzten, Guardiako Epaitegian izapidetu zitezen.

Udaltzaingoak 32 salaketa izapidetu zituen atzo Agirrelandan, eta 19 kasutan jardun zuen polizia judizial gisa.

Ur-ihesa

Suhiltzaileek bi esku-hartze egin zituzten atzo ur-ihes batengatik, Jeronimo Roure kaleko eraikin bateko hainbat pisuri eragin baitzien. Ur-ihesaren jatorria galdarategian zegoela jakin zuten PSISZeko baliabideek, zeina seigarren solairuan dagoen. Bada, ur-hornidura moztu zuten, mantentze-lanez arduratzen den enpresak galdara konpondu arte.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:31

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak Gasteizko Udalak 2018ko CONOMAren barruan antolatu dituen jardueren arteko lehenengoan hartuko du parte gaur, tokiko zenbait enpresaren ordezkariekin batera; izan ere, ekimen publiko eta pribatuen arteko konexioak, ekonomia iraunkorra eraikitzen dutenak, aurkeztuko dituzte.

Ekitaldia 14:00etan hasiko da, CONAMAren areto dinamikoan, zeina ideia-azeleragailu baten irudira diseinatu baita; Udalak eta enpresek garapen iraunkorreko hiru helbururekin lotuta sustatutako hiru jarduera-ildo erakutsiko dizkie Gasteizko ordezkaritzak bertaratuei. Proiektuak aurkezteko, Asier Urbina sukaldariak erakustaldia egingo du, María Clé diseinatzaile gasteiztarrak Ecoembesentzat egin duen moda jasangarriko diseinuekin batera.

Aurkezpenaren aurretik, Melgosa 2018ko CONAMAko Ekodiseinu Lehiaketaren azken fasean izango da, 11 hautagaien artean A&B Laboratorios de Biotecnología enpresa gasteiztarra baitago.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   07:17

Gasteizko Udalak UNICEFek emandako Haurren Lagun diren Hirien ziurtagiria jasoko du bihar, Oviedon. Bihar eguerdian Asturiasko hiriburuko biltzar eta erakusketa jauregian egitekoa den ekitaldian jasoko du alkate Gorka Urtaranek ziurtagiria, Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek eta Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuko buru Loli Garcíak lagunduta.

Haurren Lagun diren Hirien aitorpenak ziurtatzen du udaleko sailen politika eta ekintzek Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean jasotako eskubideak errespetatu eta ezartzen dituztela, ume orok aukera berak izan ditzaten.

Ziurtagiria lortzeko, Udalak lan handia egin du azken hilabeteetan: haur eta nerabeen egoerari buruzko ikerketa-diagnostikoa lamdu, Haur eta Nerabeentzako Tokiko II. Plana idatzi, eta Haur eta Nerabeen Elkargunea sortu, besteak beste.

López de Munainen hitzetan, “positiboa da gure hiritik kanpo aitortzea gure eguneroko lanean haurrak oso kontuan ditugula, eta gure apustua dela umeak berak agente aktiboagoak izatea beren eskaera eta kezkei erantzuterakoan. Gainera, aitorpen honek aurrerantzean konpromiso handiagoa hartzera behartuko gaitu”.

 Gasteiz, Bilbo, Ortuella eta Pasaiako udalak dira Haurren Lagun diren Hirien ziurtagiria jasotzen lehenak Euskadin; estatuko  beste bi udalek ere jaso dute, eta denek izango dute ordezkaritza ekitaldian. Ziurtagiriak lau urteko indarraldia du, berritu daitekeena.

Gizarte Zerbitzuen Estatuko idazkari Ana Isabel Lima Fernández eta UNICEFen Espainiako Batzordeko presidente Gustavo Suárez izango dira buru aitorpenak banatzeko ekitaldian.

Share