Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 azaroa 2018 11:36

Udaltzaingoak 2.000 euro zituen poltsa bat eman dio jabeari, aste honetan bertan Santa Luzia auzoan galdu ondoren. Adineko batek aurkitu zuen poltsa, aparkatuta zeuden bi ibilgailuren artean botata, eta Agirrelandako polizia-etxean utzi zuen, galdutako gauzen atalean.

Poltsak ez zeukan dokumentaziorik, baina bi telefono-txartel aurkitu zituzten diruaren ondoan, eta, horri esker, jabearen nortasuna jakin ahal izan zuten azkenean. Agirrelandako bulegotik deitu zieten bai jabeari, bai poltsa aurkitu zuenari; bada, azken horrek uko egin dio ordainsaria jasotzeari (Kode Zibilak ezartzen du ordainsaria jasotzeko aukera, 615. eta 616. artikuluetan). Haborokinik jaso nahi ez duela eta bere anonimotasuna gordetzea nahi duela adierazi dio pertsona horrek Udaltzaingoari.

 

Beste jarduera batzuk

Azkenengo 24 orduetan, 21 trafiko-istripu erregistratu dira, eta, horietan, ez da inor zauritu.

Halaber, Udaltzaingoak atestatua izapidetu die 37 urteko bi gidariri. Lehenengoari, bide-segurtasunaren kontrako delitua egiteagatik; izan ere, alkoholdun edarien eraginpean gidatu zuen. Poliziak abiadura handian zirkulatzen harrapatu zuen Larragana kalean. Alkoholemia-proban, 0.82-0.79 miligramoko alkohol-tasa eman zuen botatako aire litro bakoitzeko.

Bigarren gidaria A2124 errepidetik zihoan, Gardelegirantz, salgaien garraioari zuzenduriko prebentziozko kontrol batean gerarazi zutenean. Gidabaimenik ez zuela egiaztatu zuten udaltzainek; izan ere, Logroñoko epaitegi batek kendu zion, zigor modura. Gertakariak ikusita, bide-segurtasunaren kontrako delitua egotzi zaio.

Udaltzaingoak 17 salaketa erregistratu zituen atzo Agirrelandan.

 

Bizikletak kontrolatzeko kanpaina

Azaroaren 19tik 25era, bizikletak kontrolatzeko kanpaina berezi bat egingo du Udaltzaingoak. Udaltzainek arreta jarriko diote 16 urtetik beherakoek kaskoa eramateari eta nahitaezko argiak erabiltzeari. Era berean, zirkulazio-arauak betetzen direla eta bizikletariak ibil daitezkeen guneak eta ordutegiak errespetatzen direla zainduko dute.

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:23

Urtaranen gobernuak saskidun garabi-kamioi berria erosiko du Hiri Paisaiaren Zerbitzurako, inausketa lanakegiteko. Tokiko Gobernu Batzarrak hori erosteko kontratazio-dosierra onetsi du, 63.000 euroko aurrekontuarekin. Udalak badu horren antzeko beste ibilgailu bat. Hala ere, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak urteak daramatza beste bat alokatzen, zerbitzu hobea ematearren. Azkenean, beste ibilgailu bat erostea erabaki da.

4×2 metroko txasis zurruneko kamioia izango da, eta kabinan hiru pertsona sartu ahalko dira: gidaria eta bi lagun. Gorka Urtaran alkateak adierazi duenez, “125 CVtik gorako potentzia izango  du, eta diesel motorrak emisio-maila zorrotzena bete beharko du, Euro 6.a”. Saskia “19 metrora iritsi ahalko da, biratzeko 360 graduko angelua izango du, eta bi pertsona sartu ahalko dira”. Kontratua sinatu ondoren, enpresa esleipendunak gehienez bi hilabeteko epean entregatu beharko du ibilgailua.

Garabi-kamioiak batez ere zuhaitzak inausteko erabiltzen dira. Oso modelo moldagarria erosiko da, garaiera ezberdinetako zuhaitzak mantendu ahal izateko.

Share