Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  21 azaroa 2018 17:00

Fauna eta eraikinei buruzko I. Sinposioaren inaugurazioa.

Parte-hartzailea: Iñaki Prusilla, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzia.

Eguna: azaroak 22, osteguna.

Ordua: 9.30.

Lekua: Europa biltzar jauregia.

———————————————————-

– ENERPAT Proiektuari buruzko  Sinposioaren inaugurazioa.

Parte-hartzailea: Gorka Urtaran, alkatea.

Eguna: azaroak 22, osteguna.

Ordua: 9.30.

Lekua: Goiuri jauregia.

———————————————————–

– MAZOKA Gasteizko Marrazki eta Ilustrazioaren Azokaren IV. edizioaren aurkezpena.
Parte-hartzaileak: Nerea Melgosa, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzia; Pilar García de Salazar, Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren foru diputatua; Marta C Dehesa, Mazokaren zuzendaria eta komunikazio arduraduna, eta Naiara Errazti, IV. ediziorako ilustrazioaren egilea.

Eguna: azaroak 22, osteguna.

Ordua: 10.30.

Lekua: Montehermoso kulturunea – Betolaza aretoa.

————————————————————————

– Gazteen artean indarkeria matxista saihesteko 2018ko Beldur Barik erakundeen arteko kanpaina aurkeztea.

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea; Izaskun Landaida, Emakunderen zuzendaria; Nekane Zeberio, Diputatu Nagusiaren Kabineteko zuzendaria; María Guijarro, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun, Lankidetza eta Aniztasuneko zuzendaria; Miren Elgarrezta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendaria, eta Josune Irabien, EUDELeko Batzorde Eragilearen ordezkaria eta Amurrioko alkatea.

Eguna: azaroak 22, osteguna.

Ordua: 11.00.

Lekua: Europa biltzar etxea – Gasteiz aretoa.

———————————————————

– Udalaren Gazte Planaren laguntzailearen zigilua ematea.

Parte-hartzailea: Gorka Urtaran, alkatea.

Eguna: azaroak 22, osteguna.

Ordua: 13.00.

Lekua: udaletxeko harrera-aretoa.

——————————————————

– Oroimenezko Zentroa berritzeko proiektuarekin lotutako protokoloa sinatzea.

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran alkatea eta Barneko ministro Fernando Grande-Marlaska.

Eguna: azaroak 22, osteguna.

Ordua: Ekitaldia 17.00etan hasiko da zentrora bisita batekin (kanpoko eta barruko bisita); Protokoloa 17.45ean sinatuko da.

Lekua: Olagibel 1 (Gobernu Ordezkariordetzaren aldean) eta udaletxeko harrera-aretoa.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:50

 

 

 

 

 

 

Ia 200 pertsona haur eta nerabeen alorreko tokiko politikak aztertzen ari dira gaur Europa biltzar jauregian, Udalaren Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak antolatutako jardunaldi batean; alkate Gorka Urtaranek eta Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek inauguratu dute jardunaldia.

Gasteizko Udalaren Haur eta Nerabeentzako II. Plana lantzeko prozesua eta horren ildo nagusiak aurkeztea da topaketaren helburua, eta Bartzelona, Oviedo zein Pontevedran garatzen ari diren esperientzia eta proiektu berritzaileak azaltzea.

Alkateak nabarmendu egin ditu Udala egiten ari den urratsak “umeen egoera hobetzeko eta desberdintasunak desagerrarazteko. Behar diren pausoak ematen ari gara, baina oraindik egiteko asko dugu zenbait arlotan, hala nola eskola segregazioa, adingabeen abusuak edo eskola jazarpena”.

 

Peio López de Munain zinegotziak, berriz, hau esan du: “merezi du haurren eta ekitatearen alde lan egitea, horrela umeen bizitza-horizontea zalantzan jartzen duen esklusio arriskua desaktibatzen dugulako. Merezi du gizarte hobe eta ekitatiboago baten alde lan egitea, guztiek aukerak izan ditzaten”.

 

Share

 

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaran audioa 

Alkateak eta Salvador Ruedak aurkeztu dituzte gaur goizean agiriaren ildo nagusiak; hurrengo hilabeteetan prest egongo da, eta partaidetza-prozesu bat izango du

Alkateak proposatutako lurpeko trafiko-bideari esker izango da posible Florida eta Manuel Iradier kaleen hobekuntza,dagoeneko lurperatze-proiektuan sartuta baitago

TUVISAren lineetan aldaketak egitea proposatzen du Hiri Ekologiako Agentziaren lanak, eta orobat super-etxadiak garatzea, bizikleta-bideen sarea hobetzea eta autobus-linea berri bat, 11.a, Zabalganetik Salbururaino zerbitzua emango baitu, intereseko puntuak lotuz, hala nola autobus-geltokia, Txagorritxu ospitalea eta Boulevarda

Era berean, trafikoaren hiru puntutan esku-hartzea planteatzen da, aldaketen ondorioz erabilera areagotuko baita bertan: Esmaltazioetako biribilgunean, Lovaina plazan eta Latinoamerikako biribilgunean

2015 Estrategiaren ardatzetako bat da mugikortasuna, eta hobeto konektatutako hiri kohesionatua eraikitzeko aukera emango digu Salvador Ruedak planteatutako bide-orriak”, nabarmendu du alkateak

Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur goizean Gasteizko Udalak, hurrengo hilabeteetan prest egongo den agiria, zeinek partaidetza-prozesu bat izango baitu. San Martineko ekitaldi-aretoan egin den ekitaldi instituzionalean, Gorka Urtaran alkateak eta Bartzelonako Hiri Ekologiako Agentziako zuzendari Salvador Ruedak lanen egoera azaldu diete udal talde politikoei eta udal teknikariei. Arratsaldean, herritarrei egingo zaie aurkezpena, 19:00etan hasiko den saio irekian.

“2025 Estrategiaren ardatzetako bat da mugikortasuna, baita udal gobernuaren apustu nagusietako bat ere. Horregatik da hain inportantea agiri hau, gure mugikortasun-eredua definitzeko orduan hurrengo urteetan jarraitu beharko dugun bidea erakutsiko baitigu. Erronka bati aurre egiten ari zaio Gasteiz. Batez ere, trenbidea lurperatzeak sortuko dituen aukerak aintzat harturik. Eta erronka horri bide-orri batekin erantzun behar diogu, Salvador Ruedaren eta beraren lantaldearen gisako nazioarteko maila duten adituek eta udal profesionalek lagunduta. Inolaz ere ahaztu gabe talde politikoen eta herritarren partaidetza. Guztion artean, duela hamarkada bat baino gehiago abian jarri genituen printzipio haiek eguneratu eta errealitate berrira egokitu behar ditugu. Eta, agenda honetan, dagoeneko zenbait proiektu zehatz identifikatu ditugu, hala nola trenbidea lurperatzeak libre utziko duen korridorean barrena Salburua eta Zabalgana lotuko duen tranbia egitea, TUVISAren lineak berrantolatu eta ibilbide berria sortzea, Florida eta Manuel Iradier kaleak oinezkoentzako bihurtzea —udal gobernuak proposatu eta dagoeneko lurperatze-proiektuan sartuta dagoen lurpeko trafiko-bideari esker—, edo super-etxadiak eta bizikleta eta oinezkoentzako bide berriak bultzatuz”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

Salvador Ruedak, berriz, Bartzelonako Hiri Ekologiako Agentziak planteatzen dituen zenbait konponbide eman ditu ezagutzera, zeinen helburua baita oinezko joan-etorriek eta desplazamendu aktibo ez motorizatuek ibilgailu pribatuari eremua irabazten jarraituko duten hiria eraikitzea. Horretarako, funtsezkoa izango da super-etxadien sistema sortzen jarraitzea, oinez nahiz bizikletaz ibiltzeko lehentasunezko sareekin. Barne hartuz orduko 10 edo 20 kilometroko trafiko-abiadura izango duten eremuak, super-etxadi horien barruan.

Garraio publiko eta kolektiboak, gainera, hobetu egin beharko ditu eskaintza, irisgarritasuna eta eraginkortasuna, intermodalitatea bultzatuz eta gasteiztarrei konponbide hobeak eskainiz. Ulertu beharra baitago mugikortasun-modurik demokratikoena oinez ibiltzea dela, gero garraio publikoa datorrela, horren atzetik bizikleta eta azkenik ibilgailu motorduna. Berebiziko garrantzia du, puntu horretan, kontuan izatea hurrengo urteetako biztanleria-hazkundea, batez ere Salburua eta Zabalgana auzoetakoa.

Oro har, eta Bartzelonako Hiri Ekologiako Agentziak egindako proposamenarekin bat etorriz, etorkizuneko garraio publikoaren sareari buruzko proposamen bat egin da, Salburua bulebarretik Pedro Asua kaleraino aurreikusita dagoen trenbidearen 3,6 kilometroko lurperatzearen inguruan eraikia.

Eskema horretan, trenbideak libre utziko duen tartean, ekialdetik mendebaldera, tranbia egitea izango da Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren berrikuntza nagusietako bat. Hartara, gurutze-formako bi tranbia-ardatz osatuko lirateke Gasteizen: hegoaldetik —unibertsitatea, Dato kaleko etorkizuneko geltokia— iparraldera —Ibaiondo, Abetxuku—, batetik, eta Salburutik Zabalganera, bestetik. Horretarako, lehenik Salburu aldera aurreikusitako luzapena egin beharko litzateke, eta gero Zabalganera, eta, gainera, bi adar planteatuko lirateke —Mariturri edo Jundizeraino, lehenengoan, eta Salburuaren iparralderaino eta Arkaiateraino bigarrenean—.  Tranbia-sistema horretaz harago, ahalmen handiko sare horren guztiaren elementu egituratzailea bihurtuko da periferiako BEA, hasierako unetik bertatik aurreikusi zen bezala.

Tranbiaren eta BEAren garapenaz gain, hainbat aldakuntza egingo ditu TUVISAk bere sarean. Geroko partaidetza-prozesuan eta TUVISAren beraren kontseiluan adostu beharreko aldakuntzak izango dira. Berrikuntza nagusia autobus-linea berri baten sorkuntza litzateke, zeinek aukera emango baitu Salburua eta Zabalgana iparraldetik lotzeko, intereseko puntuak konektatuz, hala nola Txagorritxu ospitalea, autobus-geltokia eta Boulevarda. 1, 3, 5, 8 eta 9. lineetan ere hainbat aldakuntza proposatuko bide dira. Aldi berean, Jundizerako garraioa hobetzeko sistema bat ezarriko da.

Salvador Ruedak emandako justifikazio-datuen arabera, garraio publikoaren erabilera areagotzeko aukera emango luke eskema horrek. Bai tranbian, bai TUVISAren autobusetan.

Garraio publikoaren mapa berri horretatik abiaturik, hiriko hainbat ingurunetan espazio publikoa berrantolatzeari aurre egin ahal izango lioke Gasteizek, betiere oinezkoentzako super-etxadien, hiri-zidorren eta bide berdeen eredua oinarritzat harturik.

Jarduera-ildo horretako proiektu nagusietako bat —kontuan izanik trenbidea lurperatzeko proiektuan trafiko-bide bat sartu dela, alkateak proposatu bezala— Manuel Iradier eta Florida kaleak trafikotik libratzea izango da, oinezkoentzako kale bihurtu eta ekialde-mendebalde lotura egingo duen super-zidor bat sortuz.

Bizikleta-sarearen esparruan, bizikletentzako bideen oinarrizko sarea jostea planteatzen da, 40 bat kilometro bide gehiago eginez, baita super-etxadien barruan trafikoa lasaitzea ere. Orobat proposatzen du Bartzelonako Hiri Ekologiako Agentziatik industrialdeetara jotzeko ahalmen handiko bizikleta-bide bereizi berriak sortzea, ingurune horiekiko konexioa hobetzeko.

Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren berrikuspenak barne hartuko dituen hobekuntza horiek guztiek ibilgailu pribatuarentzako konponbideak bilatzera behartuko dute gatazkarik handieneko hainbat ingurunetan. Nolanahi ere, Bartzelonako Hiri Ekologiako Agentziak emandako trafiko-adierazleen arabera, planteatutako egoera guztiak gauzagarri dira. “Garraio publikoaren azpiegitura handi horiek ezartzeak berorren erabilera handiagoa ekarriko du, eta ibilgailu pribatuaren erabilera urriagoa”, aurreikusten da.

Hala ere, zehaztu beharko diren eraberritze-proiektuen bitartez hobetu beharreko hainbat eremu ere aipatzen dira agirian: Esmaltazioetako eta Iturritxuko biribilguneak, Lovainako biribilgunea eta Latinoamerikako biribilgunea, esaterako. Dagoeneko lanean ari da Udala hiru gune horietarako konponbideak bilatzen.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:21

Udaltzaingoak hamazazpi trafiko-istriputan hartu zuen esku atzo; haietan, ez zen zauriturik egon, eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren kontrako delituengatik. Halaber, hamabi salaketa izapidetu zituen, eta hamalau kasutan jardun zuen polizia judizial gisa.

Sutea apustu-etxe batean

Suhiltzaileek esku hartu dute goizaldean, Gasteiz hiribideko 73. zenbakian dagoen establezimendu batean piztutako sutea itzaltzeko.

Zenbaki bereko komunitateko komunen aireztapenetik sartzen zen keak larritu ditu auzokideak, eta, 04:46an, PSISZera deitu dute. Tokira bertaratu den suhiltzaileen taldeak eraikinaren behe-solairuan dagoen lokalaren kaxa elektrikoan topatu du suaren jatorria, eta sugarrak barrara iritsi direla ikusi du (lokala apustu-etxea da).

Kea etxebizitzetako aireztapen-saretatik sartzen ari zenez, higiezineko auzokideak etxeetatik irtenarazi dituzte, baina ez ondoko atarietakoak; izan ere, horietan ere kea egon arren, ez da neurri hori hartu behar izan.

Suteak ez du inor zauritu.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:15

Bisitariek Euroligaren garaikurraren kopia batekin egin ahalko dituzte argazkiak

 Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak indarrak batu dituzte berriro, Valladolideko Barneko Turismoko Nazioarteko Ferian (INTUR) hiriko eta lurralde historikoko erakargarri turistikoak ezagutarazteko, azaroaren 22tik 25era bitartean. 2019ko Nazioarteko Enoturismo Biltzarra (IWINETC) eta Saskibaloiko Lauko Finala nabarmentzen dira bi erakundeen eskaintza bateratuan.

Natura, gastronomia eta kultura dira Valladolideko Barneko Turismoko Nazioarteko Feriaren ardatz nagusiak, eta Araba eta Gasteizek proposamen erakargarriak eskainiko dituzte hiru arlo horietan. Batetik, Eraztun Berdea, Arabako bost parke naturalak eta Ibilbide Berdeak; bestetik, Ardoaraba eta Kandelen Gaua bezalako ekitaldiak; azkenik, Eguberrietarako kultur programazio berezia.

Udalak eta Aldundiak INTUR ferian partekatuko duten standean honako aukera hauek aurkeztuko dituzte, besteak beste: “Erdi Aroko ibilbideak Araban”, Arabako Errioxa eta Aiara hiribildu harresidunen bitartez lotzen dituena, eta “Galbideko ibilbideak Araban”, asteburuetan eta zubietan Arabako eskualde guztietako baliabide nagusiak ezagutu eta gozatzeko zenbait proposamen egoki.

Standak 24 metro koadro ditu, eta iraunkortasuna du ezaugarri nagusitzat, kudeaketa jasangarriko basoetako FSC zigilua eta Rainforest Alliance-ren ziurtapena dituen egurrez egina baita.

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren diputatu Cristina Gonzálezek azaldu duenez, 2019ko Nazioarteko Enoturismo Biltzarra (IWINETC) ere aurkeztuko dute INUTR ferian: martxoan egingo da, Gasteizen eta Arabako Errioxan. “Astebetez, ardoarekin lotutako turismoaren nazioarteko egoitza izango gara, munduko adituak etorriko baitira, eta turismo operadore espezializatuak hurbilduko baitira Arabako Errioxa ezagutzera “.

“Bereziki diseinatutako diptiko eta roll-up baten bidez biltzarraren data eta hartzaileei buruzko informazioa  emango zaie enpresa eta bisitariei”, erantsi du.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosaren hitzetan, berriz, bi erakundeen helburu komuna da “eskaintza osoa jartzea enpresen eta INTURrera doazen 40.000tik gora bisitarien esku, sarrera eta gaualdi gehiago sortzeko. Kirol ekitaldiek ere, Final Four buru dela, leku nabarmena dute”.

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak jartzen duten standean leku handia hartuko du Lauko Finalaren promozioak: asteburuan photocall berezia jarriko dute, INTUR feriara hurbiltzen diren milaka pertsonek argazkiak egiterik izan dezaten Arabako eta Gasteizko irudiekin, baita 2019ko Eurologako txapeldunak jasoko duen garaikurraren kopiarekin ere.

Arabako Errioxa eta bertako eskaintza enoturistikoa, Gatz Harana, Santa Katalina lorategi botanikoa, Ibilbide Berdeen sarea eta Arabako kuadrilletan antolatuko diren ekimenak ere standean izango dira, eskaintza koordenatu baten osagarri, publiko gertuko eta tren eta errepide bidez ondo konektatu bati begira. Aldundiak eta Udalak INTURreko egonaldia probestuko dute Forondako aireportua promozionatzeko.

Cristina González eta Nerea Melgosak adierazi dutenaren arabera, bi erakundeak Valladolideko Barneko Turismoko Nazioarteko Feriara batera joateren helburua da “eguzkiaz eta hondartzaz bestelako zerbaiten bila ari diren pertsonentzako erreferentziazko helmugen artean sendotzea. Badugu zer eskaini hori lortzeko: ondarea, enoturismoa, gastronomia, izadia, musika- eta antzerki-jaialdiak…”.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:12

Kepa Sojo arabar zuzendariaren La pequeña Suizaren filmaketa Gasteizera etorri da gaur. Filmaren lantaldeak zenbait eszena filmatu ditu Udaletxeko Kinten aretoan eta Harrera-aretoan, gela horiek Suitzako erakunde-ordezkaritza islatzen dutelarik. Udal-instalazioetan lana amaitu ostean, Andre Maria Zuriaren plazako zenbait lekutan ere aritu dira filmatzen.

 

Ohitura-komedia da La pequeña Suiza, eta 2019an estreinatzea espero da. Ingrid García Jonsson, Mikel Losada eta Ramon Barea aktoreek egiten dute lan (Udaletxeko filmaketan izan dira gaur), eta horiekin batera, baita Jon Plazaola, Enrique Villén eta Secun de la Rosa ere, besteak beste. Gorka Urtaran alkateak eta Itziar Gonzalo alkateordeak ongi etorria egin diote Kepa Sojo zuzendariari, zeinak 65 pertsonako lantaldea eraman duen Udaletxera.

 

Filmaketa hau ere Gasteizen egin da, aurten Euskadiko hiriburuan El silencio de la ciudad blanca eta Vitoria, 3 de marzo filmatu ostean. Vitoria-Gasteiz Film Officeren laguntza izan dute film horiek guztiek, dela baimenak eta espazio-erreserbak kudeatzen, dela jarduera osagarrietan, hala nola figuranteen castinga egiten, eta abar.

 

Gaurko kokapenez gain, Gasteizko beste batzuk baliatuko ekoiztetxoak La pequeña Suizarako, esaterako Lascaray Ikergunea, Unibertsitate Campusean, eta Marie Curie eraikina Arabako Teknologia Parkean.

 

Share