Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  19 azaroa 2018 18:50

– Gorka Urtaran alkateak amaiera-ekitaldian hartuko du parte, azaroaren 29an

– Asier Urbina sukaldariak eta María Clé diseinatzaileak tokiko enpresen ekonomia iraunkorreko hiru jarduera-ildoren aurkezpenean hartuko dute parte

 

Gasteizko Udalak paper protagonista izango du CONAMA-Ingurumenaren Biltzar Nazionalaren 14. edizioan, zeina azaroaren 26tik 29ra arte egingo baita, Madrilen. Gasteizko Udalaren parte-hartze nabarmena izango da bi urtean behingo topaketa horretan, zeina estatu mailan erreferentziazkoa baita ingurumenaren alorrean.  Gorka Urtaran alkateak amaiera-ekitaldian hartuko du parte, hilaren 29an. Egun horretan, Arabako hiriburua “areto dinamiko” baten protagonista izango da, udal teknikariek Eraztun Berdearen 25 urteak laburtuko baitituzte. Azaroaren 26an (asteartea), 2030 Agenda era partekatuan nola eraiki erakutsiko du Gasteizek, jatekoa eta edatekoa uztartzen dituen dastatzearen bidez: Itun Berdearen barruko enpresek hartuko dute parte, Asier Urbina sukaldariaren eta María Clé diseinatzailearen laguntzarekin.

 

CONAMAren aurtengo lema “RUMBO 20.30” da, “iraunkortasuneranzko trantsizioa azkartzeko mezua helarazteko gizarte osoari”, antolatzaileen arabera. “Asmoa da 2018ko CONAMAk bultzada ematea NBEren 2030 Agendaren eta EBren 2020, 2030 eta 2050erako helburuen barruan hiriek beren gain hartutako konpromisoak betetzeko”. Programa bederatzi ardatzetan banatzen da: energia, mugikortasuna, hiri-berrikuntza, landa-garapena, biodibertsitatea, ura, ingurumen kalitatea, hondakinak, eta ekonomia eta gizartea.

 

Gasteizko Udalak parte hartuko duen lehen ekitaldia azaroaren 27an (asteartea) egingo da. Udaleko Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailak antolatutako jarduera izango da, “Gasteizko ekonomia iraunkorra eraikitzen duten konexioak” izenburua duena. Tokiko enpresak ekonomia iraunkorraren alorrean jorratzen ari diren hiru jarduera-ildo aurkeztuko ditu Udalak. Ekoizpen eta kontsumo arduratsuarekin lotutako ekimenak, klimaren aldeko ekintzak eta erronkak lortzeko aliantzak dira. Proiektuak aurkezteko, Asier Urbina sukaldariak erakustaldia egingo du, María Clé diseinatzaile gasteiztarrak Ecoembesentzat egin duen diseinu jasangarriaz lagunduta. Nerea Melgosa zinegotziak ere hartuko du parte.

 

Azaroaren 29an izango du presentzia handiena Gasteizek. Izan ere, Ingurumen Sailak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak “areto dinamiko” bat antolatuko dute, Eraztun Berdearen 25 urteak erakusteko. Nahi duten biltzarkideek hartu ahalko dute parte areto horretan; Gasteizen garatutako proiektu eta ekimenak laburtuko dira, eta etorkizunerako lantzen ari diren ekimenen berri emango da. Teknikari eta politiko ugarik hitz egingo dute, hiru ordutan. Horretaz gain, alkateak beste agintari politiko batzuekin batera jardungo du CONAMAren amaiera-saioan; “hiriko natur agenda” landuko dute, ingurumenaren ikuspegitik.

 

Iñaki Prusilla zinegotziak osatuko du Gasteizko Udalaren presentzia, “naturan oinarritutako irtenbideak” aztertzeko lantalde batean eta “gobernantza energetikoa eta herritarren partaidetza” gaitzat duen eztabaidan parte hartuko baitu. Hilaren 28an izango dira bi hitzordu horiek. IGIko Green Lab-eko proiektuak ere aurkeztuko dira zenbait komunikazio tekniko eta posterretan.

 

Hemen kontsultatu daiteke CONAMAren programazio osoa: http://www.conama.org/web/index.php .

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

– Reutilizaguneko ateak irekitzeko jardunaldia aurkeztea.

Parte-hartzaileak: Iñaki Prusilla, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzia, eta Joseba Sánchez, Hondakinen Kudeaketarako Zerbitzuko burua.

Eguna: asteartea, azaroak 20.

Ordua: 10.00.

Lekua: Udaletxeko prentsa-aretoa.

———————————————————

– Prentsaurrekoa. Zerga-tarifa laua abian jartzea.

Parte-hartzailea: Itziar Gonzalo, Ogasuneko zinegotzia.

Eguna: asteartea, azaroak 20.

Ordua: 10.30.

Lekua: Udaletxeko prentsa-aretoa.

———————————————————————–

– Udal gobernuak Euskaraldiari sostengu emateko ekitaldia.

Parte-hartzailea: udal gobernua.

Eguna: asteartea, azaroak 20.

Ordua: 11.00.

Lekua: Oihaneder Euskararen Etxea.

————————————————————–

– Fair Saturday Vitoria-Gasteiz aurkeztea.

Parte-hartzaileak: Nerea Melgosa, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzia eta Saioa Eibar, Fair Saturday Vitoria-Gasteiz ekimenaren koordinatzailea.

Eguna: asteartea, azaroak 20.

Ordua: 11.30.

Lekua: Udaletxeko prentsa-aretoa.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:37

 

 

 

 

 

 

‘Bizi. Prest. Egunero delako euskararen aldia’ izenburuaren pean, Eusko Jaurlaritzako, hiru foru-aldundietako, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udaletako, EUDELeko eta UEMAko ordezkariek adierazpen instituzional bat sinatu dute gaur goizean, datorren abenduaren 3an izango den Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizuna dela-eta. Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan egin da ekitaldia, eta bertan, instituzio publikoek deia egin dute hiztunak aktibatzeko, egunero delako “euskararen aldia”. “Lorgarria delako, erabat, euskararen erabilera hazkunde iraunkorraren bidean jartzea, baldin eta herritar bakoitzak euskara ezpainetara eramateko bere erabaki pertsonala gauzatzen badu eta erakunde publiko bakoitzak herritarrek euskaraz aritzeko duten eskubidea bermatzeko bitartekoak jartzen baditu”, adierazi dute.

Ekitaldian parte hartu duten ordezkariak honako hauek izan dira: Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea; Pilar García de Salazar, Ekonomia Garatzeko eta Lurralde Orekarako diputatua Araban; Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria; Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria; Iñaki Prusilla, Gasteizko Udaleko Ingurumen zinegotzia; Mari Jose Arrieta, Bilboko Udaleko Euskarako zuzendariordea; Xabier Euzkitze, Donostiako Udala ordezkatuz; Koldo Iturbe, Getxoko Udaleko Kulturako zinegotzia, EUDEL ordezkatuz; eta Josu Labaka, UEMAko presidentea.

Aktibazioa eta adostasuna

Aurtengo adierazpena estu lotuta dago Euskaraldia ekimenarekin; ostiralean hasiko da eta luzatu egingo da, hain zuzen ere, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen den egunera arte. “Prest gaude, eta gogotsu, euskarak gure ahoan bizi-bizi dantza egin dezan. Gogotsu gaude, eta prest, gure belarrietan atseginez onartzeko euskararen soinua. Dakiguna dakigula, entzuten ez dena baita euskara kaskar bakarra”, irakurri du.

Hiztunen aktibazioaren aldeko apustu horretaz gain, euskararen inguruko adostasuna aldarrikatu du testuak. “Adostasuna eta batasuna dira, beraz, bidea, euskarak batura behar duelako, ez kenketa; biderketa behar du, ez zatiketa”, defendatu du.

 Adierazpen guztia esteka honetan.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:27

 

 

 

 

 

 

 

Beñat-Etxepare-2018-19

Teatro Paraíso taldeak antolatzen du herritar gazteenen arte alfabetizaziorako programa, eta 2018/2019rako egitaraua aurkeztu du orain

Beñat Etxepare aretoak 25 urte betetzen ditu, eta hori ospatzeko, lurraldeko, estatuko zein nazioarteko proiektuak barne hartzen dituen programazio berezia prestatu dute, denbora horretan sorkuntzarako eta publikoen prestakuntzarako laborategi berritzaile hori garatzen konprometitu diren artista eta konpainiei esker ona adierazteko asmoz.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok, Teatro Paraisoren zuzendari Pilar Lopezek eta Teklak taldeko kide Ander Elorzak aurkeztu dituzte jarduerak gaur prentsaren aurrean.

Denbora horretan, 2.500 emanaldi baino gehiago eskaini dira, ia 600.000 ikusle bildu dituztenak, eta lurraldeko 90 ikastetxek baino gehiagok hartu dute parte arte eta hezkuntza berrikuntzarako programetan.

Orobat, arlo publikoa eta pribatua batzen dituen lan-metodologia berritzailea garatu izana ospatzen da, Gasteizko Udalak eta Teatro Paraíso taldeak helburuak partekatu baitituzte audientziak garatzeari dagokionez, eta egiteko osagarriak esperimentatu proiektua elikatu eta mantentzeko.

Ikasturte honetan bederatzi ikuskizun eskainiko dira, askotarikoak, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBHrako. Lurraldeko, estatuko zein nazioarteko proiektu eszenikoak dira, gai eta arte lengoaia ugari barne hartzen dituen programazioa osatzeko: dantza, musikala, zirku garaikidea, testu klasikoen antzerki-moldaketak, etab.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:54

Asteazkenean, azaroak 21, ume eta nerabeen arloko gizarte politikei buruzko jardunaldia egingo da Europa biltzar jauregian, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena dela eta; Nazio Batuen nazioarteko hitzarmen hori 1989an sinatu zen.

 

Hainbat autonomia-erkidegotako (Katalunia, Asturias, Galizia, Euskal Autonomia Erkidegoa) udaletako eta erakundeetako adituek haur eta nerabeen arloko gizarte politikak aztertuko dituzte, ekitatearen ikuspuntutik.

Horretaz gain, Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak hitzarmena oroitzeko beste jarduera batzuk antolatu ditu, haurrek parte hartzeko Aktiba(tu) programaren barruan:

  • Haurrei eskubideei buruzko erakusketa ibiltaria gizarte etxeetan, azaroaren 5etik abenduaren 10era arte.
  • “Eman pauso bat zure eskubideen alde”/ “Da un paso por tus derechos” kanpaina, haur eta nerabeen eskubideak hedatzeko eta horren inguruan sentsibilizatzeko; zenbait ikastetxetako ikasleek hiriko zebra-bideak margotu eta errotulatzen dituzte haurren eskubideei buruzko mezuekin. Dagoeneko margotu dute oinezkoentzako pasabide bat Aranbizkarrean, eta laster gauza bera egingo dute Salburuan (azaroak 22), Presentación de María ikastetxearen inguruan (azaroak 23), Santa María de Vitoria ikastetxearen inguruan (azaroak 27) eta Paula Montal kalean (azaroak 28).
  • Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenari buruzko informazio eta sentsibilizazio kanpaina, UNICEFen laguntzarekin. Haurren eskubideei eta 2030 Agendan jasotako garapen iraunkorreko helburuei buruzko 80.000 triptiko banatuko dira postontzietan.

Bestetik, datorren astean udal ordezkaritza bat Oviedora joango da, alkate Gorka Urtaran eta Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munain buru direla, UNICEFek Gasteizi emandako Haurren Lagun diren Hirien ziurtagiria biltzera. Azaroaren 27an (asteartea) izango da ekitaldia, Asturiasko hiriburuko biltzar jauregian.

Zigiluak egiaztatzen du Udalak haurren alorrean garatzen dituen politikek Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean jasotako eskubideak errespetatzen eta ezartzen dituztela, komunitateek eta udal gobernuak haien ideiak eta iritziak kontuan hartzen dituztela, eta ume guztiek aukera berdinak dituztela, haien jatorria, erlijioa, maila ekonomikoa, generoa edo gaitasuna edozein delarik.

Share