Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 azaroa 2018 20:16

2018ko Ingurumenaren Biltzar Nazionalak (CONAMA) aitorpena adierazi dio Gasteizko Udalari, Eraztun Berdearen 25 urteak direla eta. Gaur arratsaldean, alkate Gorka Urtaranek sari bat -“minilorategi” bertikal bat- jaso du CONAMA fundazioaren zuzendari Gonzalo Echagüenen eskuetatik, biltzarrak Gasteziko Udalari egindako omenaldiaren erakusgarri. Gorka Urtaran alkateak, hiri guztiaren izenean, saria eskertu du “hain garrantzitsu eta erreferente den proiektuagatik. Udalbatza guztiei esker egin da proiektua 25 urteetan zehar, eta batez ere talde tekniko ikaragarri honi esker”.

 

Ingurumenaren Biltzar Nazionalaren amaiera-ekitaldian eman diote saria alkateari; Gasteizko Udala ez ezik, beste hauek ere omendu dituzte: Empresa y Clima fundazioa (10 urte bete ditu), Ecovidrio, (20 urte) Biodiversidad fundazioa (20 urte), Joaquín Araujo kazetaria (50 urte), Espainiako WWF (50 urte) eta Parke Naturalen Sarea (100 urte).

 

Udalak protagonismo berezia izan du gaur CONAMAn. Eraztun Berdearen 25 urteengatik aitorpen hori jasotzeaz gain, Gasteizko Udalak hirigintza plangintza iraunkorraren aldeko apustua berretsi du. Izan ere, Bartzelonako Hiri Ekologiako Agentzia sustatutako Hirigintza Ekosistemikoaren Gutuna sinatu du alkateak. Estatuan etorkizuneko hiriak eraldatzeko estrategia horrekin bat egiten duten lehen hirietako bat izan da Gasteiz. Arabako hiriburuak bere hirigintza plangintza aztertuko du, arlo hauetako 44 adierazleak egiaztatuz: lurzoruaren okupazioa, espazio publikoa, mugikortasuna, espazio berdeak, gizarte-kohesioa eta hiri konplexutasuna.

Orobat, areto baten protagonista izan da Udala arratsaldean: hamar udal teknikarik Eraztun Berdearen 25 urteak laburtu dituzte, eta Ingurumen Sailak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak 2030ra arte landu duten estrategia azaldu.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:28

Gasteiz izan da nagusi gaur arratsaldean Ingurumenaren Biltzar Nazionaleko (CONAMA) areto dinamikoan. Bertan, Gasteizek bere ingurumen eredua aurkeztu du, eta Erazten Berdearen 25 urteak aztertu, 10 minutu inguruko hainbat hitzaldiren bitartez. Ekitaldian Gorka Urtaran alkateak eta udaleko teknikariek hartu dute parte, eta Eraztun Berdean lehen lanak egin zirenetik gaur arte igarotako 25 urteen laburpena egin dute, eta udalak etorkizunerako duen estrategien ildo nagusiak jorratu dira. Izan ere, Gasteizko ordezkariek Eraztun Berdea sendotu eta hobetzeko 2030era arteko bide-orria erakutsi dute: Vitoria-Gasteiz berdeago, hiri-natura sare bizia”.

Eraztun Berdeak 25 urte bete ditu, eta lehen mailako ingurumen, gizarte eta turismo baliabide bihurtu du Gasteizerako. Udalerri iraunkorra gara, European Green Capital gara, eta harro gaude gure bizilagunak sentiberak direlako ingurumenarekin, eta konpromisoa dutelako harekin”, adierazi du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek. Alkateak gogorarazi duenez, “Eraztun Berdea hiriaren ezaugarri behinenetako bat da, eta gune narriatuak naturarako eta aisialdirako berreskuratzeko egindako erronka eder baten emaitza da“. “Hiriaren inguruko parkeen sarea gauzatzea erabateko arrakasta izan da, ekologia eta paisaia aldetik balio handiko hainbat gune ditu, eta orain zaintzea eta hobetzea dagokigu” adierazi du alkateak. Ildo horretatik, etorkizuneko hainbat erronka aipatu ditu, esaterako “Larragorri parkea sortzea, udal gobernuak sustatutako 2025 estrategiaren baitako ekimen nagusietako bat, edo Olarizuko parke botanikoaren ingurua sendotu eta hobetzea, zeinari datozen hilabeteetan eduki gehiago eman nahi zaion, eta ikusarazi. Horretaz gain, Ingurumen Sailak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak burutzen dituzten gainerako proiektuak ere badira“.

Areto dinamikoan udaleko hainbat teknikarik eta alkateak hartu dute parte: Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zuzendari Ainhoa Etxeandia; Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Ataleko buru Fernando de Juana, IGIko Iraunkortasunerako Informazio eta Berrikuntza Arloko buru Juan Carlos Escudero, IGIko sentsibilizazio arloko buru Roberto Gonzalez Argote, IGIko ikasketa arloko buru Ane Velasco, IGI Green Labeko koordinatzaile Juan Vilela eta Olarizuko lorategi botanikoko koordinatzaile Agustí Agut. 2030ra bitartean Eraztun Berdea sendotzeko eta hobetzeko estrategia azaldu dute guztien artean. Plangintza horrek —hamabost puntu estrategikotan laburtu da— garrantzi eta garapen-maila ezberdinetako ekintzak barne hartuko ditu, etorkizunetan hainbat eskalatan aplikatzekoak: auzoa, hiria eta lurraldea. Naturan oinarritutako irtenbideak bilatuko dira.

Hitzaldietan, gai gako hauek ukitu dira: biodibertsitatea, ura, energia, mugikortasuna, sozioekonomia, espazio publikoa eta elikadura. Udal teknikariek zenbait proiektu aurkeztu dituzte: Eraztun Berdea eta haren etorkizuna; hiriko errekak; Salburua; Olarizu eta bertako lorategi botanikoa; egitekoa den Larragorri parkea; Gasteizko hiri-azpiegitura berdea, auzoen eta mikropaisaien bidez; oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna; ibilbide berdeak; parke agroekologikoak eta hiri baratzeak; konektagarritasun ekologikoa; hondatuta dauden lurzoruen berreskurapena, eta lurraldeko azpiegitura berdea. Eraztun Berdea sendotu eta hobetzeko ekimen ugari, ekonomia berdea eta garapen iraunkor sustatzeko aukera bikaina.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Hiri Hezitzailearen manifestua irakurtzea eta sinatzea

Parte hartzaileak. Udalbatzako talde politikoetako ordezkariak

Eguna. Ostirala, azaroak 30

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

——————————

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, azaroak 30

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:22

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak eta Kulturako foru diputatu Igone Martínez de Lunak hiriaren erdialdeko bost aretotan egin diren esku-hartze artistikoen ibilbidearen lehen bisita gidatuan parte hartu dute, VIPHOTO FEST 2018 jaialdiaren barruan. Gasteizko Udalak finantzaturik, binilo artistikoak jarri dira establezimendu horietako  erakusleihoetan, merkataritza biziberritze aldera erdialdean hutsik dauden lonjetan esku hartzeko planaren barruan. Datozen egunetarako ere antolatu dira bisita gidatuak gaur aurkeztutako ibilbidean.

 

“Esku-hartze horiek zuzenean hobetzen dituzte aretoak dauden merkataritza kaleetako estetika eta giroa. Guztira 28 lekutan esku hartzeko asmoa dugu, merkataritza dinamizatzeko eta jarduera artistikoarekiko sinergiak sortzeko, Zaramaga Merkatu Arte eta antzeko esperientzien ildotik”, zehaztu du Nerea Melgosak.

 

VIPHOTO jaialdiaren erronka da argazkilaritzak Gasteizko kaleak hartzea, Espainiako bost artista gaztek espazio publikoan egingo dituzten esku-hartzeen bidez. Erakusleihoetan jarritako irudien bidez, argazkilaritza ikusle adituei ez ezik, gainerako herritarrei ere hurbiltzea da helburua. Lan horiek hautatuak izan dira duten garrantziagatik eta argazkilaritzari egiten dioten ekarpenagatik, baita egungo argazkilariak kezkatzen dituzten gaiak jorratzeagatik ere.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:44

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaran audioa

 

  • Gorka Urtaran alkateak Hirigintza Ekosistemikoaren Gutunarekiko atxikimendua sinatu du CONAMAn; horretara bildu diren lehen hiru hirien arteko bat da gurea
  • Azterketak arlo hauetako 44 adierazle egiaztatuko ditu: lurzoruaren okupazioa, espazio publikoa, mugikortasuna, espazio berdeak, gizarte-kohesioa eta hiri konplexutasuna

 

 Gasteizek irizpide ekologikoak, baliabide-kontsumoaren eraginkortasuna eta bizi-kalitatea kontuan hartuz aztertuko du bere hirigintza planeamendua. Horixe da Gorka Urtaran alkateak hartutako konpromiso nagusietako bat Gasteizek Hirigintza Ekosistemikoaren Gutunarekin bat egitea sinatu duelarik, Madrilen.

  “Gasteizek bat egin du hiriak berrantolatzeko eredu honekin, iraunkortasunarekiko eta bizi-kalitatea hobetzeko konpromisoa  adierazten duelako, beste parametro batzuk defendatzen dituelako, eta une egokia delako. Gasteizen ezaugarri dira hazkunde orekatua, kalitateko hirigintza eta ingurumenarekiko gero eta kezka handiagoa. Ez dugu ikuspegi hori galdu behar. Duela hamar urte, egitura morfologiko eta funtzionalean aldaketa esanguratsuak zekartzan hazkunde-prozesu handi batean murgilduta zegoela, hasi zen gaur sinatzen dugunaren oinarriak ezartzen: benetan jasangarria eta adimentsua den hiri plangintzan aurrera egiteko benetako konpromisoa. Orain Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berrikusten ari gara, eta une gakoa da birplanteatzeko nolako hiri eredua eraiki nahi dugun etorkizunerako, maila guztietan. Hiri trinkoa aldezten dugu, sozialki kohesionatua eta eraginkorra, nabarmendu du alkateak.

Alkate Gorka Urtaranek, CONAMA fundazioaren lehendakari Gonzalo Echagüek eta Hiri Ekologiako Agentziaren zuzendari Salvador Ruedak sinatu dute gaur goizean gutuna, Ingurumenaren Biltzar Nazionalean. Izan ere, bereziki gaur Gasteizek leku nabarmena izango du.

Hiri eta Metropolien Plangintza Ekosistemikorako Gutuna Bartzelonako Hiri Ekologiako Agentziaren ekimena da, hiri sistemen kudeaketa eta/edo planifikazioan —dela mantentzeko dela eraldatzeko— inplikatuta dauden erakunde, hiri, eskualde, irabazi-asmorik gabeko antolakunde eta hainbat diziplinatako profesional orori zuzendua.

Gasteiz, aitzindari

Palma eta Madrilekin batera, Gasteiz da Estatuan etorkizuneko hiriak eraldatzeko estrategia honetara bildu diren lehen udaletako bat, hiri jasangarriagoak lortzeko hirigintza berri bat helburu. Estrategiak lurraldea antolatzeko bi tresna  ditu: hiru mailako hirigintza  (goialdea, azala eta lurpea), hiru horietan banatu baitaitezke gaur egungo hirigintza plan batek lurrazalean kokatu ohi dituen erabilerak, eta super-etxadia, Gasteizko mugikortasun planaren oinarrian dagoen  eredua.

Iraunkortasun irizpideak kontuan hartzen dituen hirigintza ziurtagiria

Gasteizek hartutako konpromisoa munta handikoa da, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra —oraintxe berrikusten ari da— ebaluazio pean jarriko baitu. Zehazki, 44 adierazle aztertuko dira, 7 arlotako parametroak neurtuz: lurzoruaren okupazioa; espazio publikoa eta bizigarritasuna; mugikortasuna eta zerbitzuak; hiri konplexutasuna; espazio berdeak eta biodibertsitatea; hiri metabolismoa, eta gizarte kohesioa.

Zer adierazle neurtuko dira? Plan orokorra eredu iraunkorrera zenbateraino egokitzen den zehazteko, 44 neurgailu erabiliko dira, besteak beste: hiri dentsitatea etxebizitzei dagokienez, espazio publikoan dauden berdeguneen pertzepzio espaziala, automobilaz besteko garraio-sareekiko hurbiltasuna, galtzadatik kanpoko zamalanak, jardueraren eta bizitegien arteko oreka, energia kontsumoa, eraginkortasun hidrikoa, berotegi-efektuko gasen emisioa, hondakinen kudeaketa, hegazti-ugaritasunaren indizea, kale zatiko zuhaitz dentsitatea, biztanleriaren ezaugarriak, eta hiri sistemaren eraginkortasuna.

Eraztun Berdea, CONAMAko izarra

Gaur CONAMAren amaiera-jardunaldian egiten diren gainerako saioetan ere leku nabarmena izango du Gasteizek, eta bereziki Eraztun Berdeak. Izan ere, Ingurumen Sailak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak areto dinamiko bat antolatu dute, Eraztun Berdearen 25 urteak erakusteko. Gasteizen garatutako proiektu eta ekimenen balantzea egingo da, eta etorkizunerako lantzen ari diren ekimenen berri emango. Teknikari eta politiko ugarik hitz egingo dute goizeko saioetan.

Arratsaldean, alkateak CONAMAren amaiera-saioan parte hartuko du; “hiriko natur agenda” izango du hizpide, ingurumenaren ikuspegitik.

CARTA PARA LA PLANIFICACIÓN ECOSISTÉMICA DE LAS CIUDADES

 

Resumen Carta

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:35

 

 

 

 

 

 

 

 

Udalak harrera egin die Alemaniako Plochingen hiriko Plochingen institutuko ikasle eta irakasleei; Vitoria-Gasteizera etorri dira Kultur Trukeak direla-eta, San Prudencio ikastetxeak gonbidatuta.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:09

 

 

 

 

 

 

Elika Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak “gure elikadura sistemaren iraunkortasunaren alde: 0 xahuketa” jardunaldia antolatu dute, gaur goizerako, eta Europa biltzar-aretoan egiten ari dira. Bertan elikagai-soberakinak hobeto aprobetxatzeko esperientzia ugari azalduko dituzte: besteak beste, nazioarteko esperientziak adieraziko dira eta Gasteizko Udalak ostalaritza establezimenduetako soberakinen inguruan egindako azterlana aurkeztuko da.

Itziar Gonzalo alkateordeak jardunaldiaren hasiera ekitaldian parte hartu du, eta Gasteizek nekazaritzako elikagaien estrategia iraunkorraren baitan sustatzen dituen ekimenak azpimarratu ditu. Gonzalok estrategia honen hainbat adibide eman ditu, besteak beste, Basaldea, Nebera gaineko esku hartzea, hezkuntza eta lankidetza programak eta saltoki handien soberakinak gutxitzeko egindako ekimenak.

Lan handia egiten da, baina gehiago egin daiteke, izan ere mendebaldeko gizarteetako elikagaien xahuketari buruzko datuek konpromiso handiagoa eskatzen digute, kontzientziazio handiagoa eta eragindako agente guztien arteko koordinazio handiagoa” adierazi du Itziar Gonzalok.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:07

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak gobernu-taldeak industrialdeetan datorren urterako aurreikusi dituen jarduerak aurkeztu ditu Industria Mahaian. Izan ere, 2019ko aurrekontu-proiektuan 1.000.000 euroko partida sartu da Industria Planarekin lotutako jardueretarako.

 

Plana abian jarri zenetik, seinaleztapen horizontala hobetu da industrialde guztietan; udan egin ziren lan horiek, 285.000 euroko kostuarekin. Aurretik, zoladura berritu zen Bitorialanda eta Bitoriabidea kaleetan (biak Ehari-Gobeun), Arkatxa kalean (Oreitiasolo) eta Larragana kalean (Gamarra-Betoñu).

Egitekoa den hurrengo lana Zorrolleta kaleko zoladura eraberritzea da: lan horiek esleitzear dira, ia 200.000 euroko aurrekontuaz. Ondoren, Jundiz kalea eraberrituko da, esku-hartze hori lehentasunezkoa baita Industria Zerbitzuak egindako prospekzioa eta enpresentzako postontzian jasotako eskabideak kontuan hartuta. Jundiz kalea hobetzeko lanek 600.000 eurotik gorako kostua izango dutela kalkulatu da.

Jarduerarik ez duten industria-lurren kudeaketaren alorreko aurrerapenak ere azaldu ditu Melgosak. SPRILUR eta Araba Garapen Agentziarekiko hitzarmenari esker lurzoruen inbentarioa egin da, eta jarduera-ildoak zehaztu, inguruko hirietako industrialdeen merkataritza politikak alderatzeko azterlan baten bidez. Aldi berean, lizentziak izapidetzeko dosierren jarraipena egiteko esperientzia pilotu bat  (Iruña Okan egindakoa) garatu da. Dokumentazioaren aurkezpenean eta ingurumen-inpaktuarekin lotutako izapideetan buxadurak sortzen direla antzematea ahalbidetu du horrek. Esperientzia Gasteizko Udalera ekartzea erabaki du, horren onurez baliatzeko.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:18

Atzo, udaltzainek 59 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, Arana kaleko denda batean pertsonen aurkako indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta.

092ra egindako dei batek polizia establezimendu horretara bertaratzea eskatu zuen, gizon bat atxikita baitzuten bertan lapurreta egiteagatik eta bere ekintza aurpegiratu zion langileari eraso egiteagatik. Lokaleko arduradunarekin eta erasotuarekin hitz egin ondoren, udaltzainek erasotzailea atxilotu zuten. Guardiako Epaitegira izapideak bideratu ondoren, aske utzi zuten.

Atzo, 27 eta 35 urteko bi gizonezko atxilotu zituen Udaltzaingoak, bilaketa-agindu bana baitzuten.

Poliziaren lehenengo esku-hartzea Legutioko Atearen kalean egin zen, aparkatzean arau-hauste bat egiteagatik. 27 urteko gidariaren dokumentazioa aztertzean, bilatzeko, atxilotzeko eta Gasteizko epaitegi batean agertzeko agindu judiziala zuela egiaztatu zuten, eta, beraz, agindua betearazi zuten.

Handik ordu batzuetara, Jesusen Zerbitzarien kalean, agenteei eraso egiteagatik bilatzeko, atxilotzeko eta atzerritarrak barneratzeko zentro batean barneratzeko agindua indarrean zeukan 35 urteko gizon bat ezagutu zuen Udaltzaingoaren patruila batek, eta agindua betearazi zuen.

Polizia Nazionalaren bulegoetara eraman bitartean, atxilotuak, oso oldarkor zegoenak, agenteen aurka egin zuen. Beraz, zegozkion izapideak egin ziren, Guardiako Epaitegira bidaltzeko.

Neskato bat eta oinezko bat zaurituta

Atzo, adingabe batek kolpea hartu zuen furgoneta baten aurka, Frantzia kaleko autobus-erreian haurrentzako patinete batekin kontrako norabidean zihoala. Ibilgailua San Prudentzio Ikastetxeko kaletik poliki ateratzen ari zela egin zuen talka haren aurka neskatoak, eta, beraz, Txagorritxu ospitalera eraman zuten anbulantziaz.

Bizikleta batek 72 urteko oinezko bat harrapatu zuen Zumarren hiribidean, eta atestatu-talde bat istripuaren inguruabarrak ikertzen ari da. Oinezkoa Santiago ospitalera eraman zuten.

Udaltzaingoak, halaber, beste 13 trafiko-istriputan hartu zuen esku atzo; haietan, ez zen zauriturik egon. Dena dela, 51 urteko gizon bat ari dira ikertzen, drogen eraginpean gidatzeagatik. Gauerdia baino minutu batzuk lehenago gertatu zen, trafiko-istripua eduki zuenean. Istripuak, bada, kalteak eragin zituen Triana kalean tranbia zabaltzeko lanetan. Toxikoak hautemateko proba egin zioten, eta positibo eman zuen benzodiazepinetan, metadonan eta opiazeoetan; hortaz, Guardiako Epaitegian bideratzeko izapideak egin ziren.

Atzo, 12 salaketa izapidetu zituzten, eta 16 kasutan aritu ziren polizia judizial gisa.

Itzalaldiaren ondoriozko esku-hartzeak

Suhiltzaileek hainbat esku-hartze egin zituzten atzo, hiriko eremu handi bati eragin zion itzalaldiaren ondorioz. Eraikinetako igogailuetan harrapatuta geratu ziren pertsonak erreskatatzeko egin ziren esku-hartze gehienak.

Halaber, Wellingtongo Dukearen kaleko etxebizitza bateko sukaldean piztutako sua itzali zuten.

Share