Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  5 azaroa 2018 17:00

– Antzoki Sarearen 2018ko Gabonetako denboraldiaren aurkezpena, eta Kontzertu Handien eta XXI. Mendeko Flamenkoa zikloen aurrerapena

Parte-hartzailea: Estíbaliz Canto, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia

Eguna: asteartea, azaroak 6.

Ordua: 10:30

Lekua: Udaletxeko prentsa-aretoa.

—————————————————————-

– 2019. urterako Aurrekontu-proiektuaren aurkezpena

Parte-hartzaileak: Alkatea, Gorka Urtaran Agirre, eta alkateordea, Peio López de Munain.

Eguna: asteartea, azaroak 6.

Ordua: 11.30 ordu

Lekua: Udaletxeko prentsa-aretoa.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:45

Egun, 48 udalerritako 50 turismo-bulegok osatzen dute sare hori.

Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarekiko lankidetza berritu du, 2019ko ekitaldian Gasteizko udalerrian informazio turistiko integraleko zerbitzua eskaintzeko erabiliko diren baliabideak optimizatzen laguntzea xede. Horretarako 92.000 euroko diru-laguntza emango du, ITOUTBASK Turismo bulegoen euskal sarearen baitako udalaren turismo-bulegoaren funtzionamenduko gastuetan laguntzeko.

Sarearen xede nagusia da kalitatezko informazioa, homogeneoa eta estandarra eskaintzen duen zerbitzua izatea, lurraldeari dagokion informazio-turistikoa ez ezik, herrialde guztiko baliabide turistikoei buruzko informazioa emateko gai izango dena. Edozein bulegok eman dezake Euskadiko leku guztietako informazioa doan, hartara Euskadiri buruzko informazio turistikoko zerbitzu globala eskainiz.

Horrenbestez, Itourbaskek baliabideak optimizatzeko estrategia komunak antolatzen ditu, eta bulegoetako langileak prestatzeko zerbitzua du. Orobat, sorreratik bertatik ustiaketa analitikoa egiteko datuak jasotzen ditu, informazioaren banaketa errazteko eta bidaiarien profila ezagutzen laguntzen duten alderdiak lortzeko. Hori guztia lortzeko, INTRANET aplikazioa dute euskarri nagusi, sareko bulegoen arteko lotura izateko

Egun, 48 udalerritako 50 turismo-bulegok osatzen dute sarea. Gasteizko Udalak hasiera-hasieratik izan da sareko partaide.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:34

9000 euro eskuratuko ditu. Haur-literaturaren kategoria, berriz, hutsik geratu da.

Aintzane Atelak irabazi du Gasteizko Udalak gazte-literaturaren arloan euskarara egindako itzulpenik onena saritzeko ematen duen Vitoria-Gasteiz Saria, 15. edizioan. Haur-literaturaren arloko saria, berriz, eman gabe geratu da. Hala onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean, epaimahaiak egindako proposamenaren ildotik. Karlos del Olmo Serna, Lourdes Auzmendi Ayerbe, Isabel Etxeberria Ramírez eta María José Ezeizabarrena Segurola izan dira epaimahaikoak. Bederatzi lan aurkeztu ziren guztira, epe barruan.

José Luis López Muñozen ‘Konkorduna’ liburuaren itzulpenagatik jaso du saria Aintzane Atelak. 9000 eurokoa da saria. “Haur- eta gazte-literaturaren arloan euskarara egindako itzulpenik onenak saritzea da Udalak 2002az geroztik antolatzen duen ekimen honen xedea, gure hizkuntzan ekoitzitako produktuen merkatuari lagundu eta kultur sormena bultzatzeko. Itzulpengintzan diharduten pertsonei lagundu eta haien lana goretsi beharra daukagula uste dugu, euskarazko literaturari egiten dioten ekarpena dela eta. Haiei esker, nazioarteko literaturako lanik onenak euskaraz gozatzeko aukera dugu. Plazer handia da literaturaren lerrorik onenak euskaraz irakurri ahal izatea”, azaldu du Euskara zinegotzi Iñaki Prusillak.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:27

TAO telefono mugikorraren bidez ordaintzeko sistema garatu ez ezartzeko kontratuaren esleipena onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak.

Maksu España eta Dornier enpresek eratutako aldi baterako enpresa-elkartea arduratuko da zerbitzua abian jartzeaz. 7260 euro finko eta sistema horren bitartez biltzen den diru-kopuruaren % 3 ordainduko dio Udalak trukean, gehienez ere 47.859 euro arte, kontratuak iraungo duen bi urteetan.

 TAOren erabilera erraztuko du sistema berriak, erosoago eta eraginkorragoa izango baita, bai erabiltzaileentzat, bai udal-administrazioarentzat.

 Telefono mugikorraren bidez ordaintzeko, nahikoa izango da doan deskargatu ahal izango den aplikazioa instalatuta edukitzea. “Bere funtzioen artean, hauek ditu: aparkatzeko denbora erostea, erositako denbora luzatzea, baimendutako denbora gainditzeagatik jarritako salaketa baliogabetzea eta ordainketa-egiaztagiria eskuratzea. Gainera, aparkaldia bukatu aurretik abisu emango du, eta orobat ohartaraziko dio erabiltzaileari salatua izan bada”, azaldu du Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok.

Espainiako hiri askotan balia daiteke dagoeneko telefono mugikorra aparkaldia ordaintzeko, baina orain arte Gasteizen ezarri gabea zegoen sistema hori, zaila suertatzen baitzen aparkalekuak Udalak zuzenean kudeatzen dituelarik hirian, eta ez enpresa baten bitartez.

Beste hiri batzuetan gidariek gainordain txiki bat ordaindu behar dute tarifaz gain, baina Gasteizen ez dute ordaindu beharrik izango aplikazioa erabiltzeagatik. Sistemak telefono mugikorren bitartez eskaintzen dituen funtzio berak web-orri batean ere egongo dira erabilgarri.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:15

Zientzia aste barruan, Gazte Planak bere ideia gazteen laborategiko bi lan saioak (Gazte Lab) antolatzen ditu, lehengoa azaroaren 9an, ostiralean euskaraz eta 10ean gazteleraz. Bi saio hauek aldaketa klimatikoari buruzko sentsibilizazio ekintzen artean kokatzen dira eta jarraituko dira hurrengo hilabeteetan hirian martxan jarriko den sentsibilizazio kanpaina.

Parte hartzeko zientzia asteak duen web orrian izena eman ahal dute, edo gazteria@vitoria-gasteiz.org helbidera korreo bat idatzi ahal dute.

Bi lan saio horietan gazteak saiatuko dira beren egunerokotasunean beraiek egin ahal dituzten neurrien katalogo bat gauzatzen eta zein beste neurriak hartu behar dituzten beste erakundeek oraina txarto dagoen eta adituen ustez txarrera joan daiteken egoera honen aurka borrokatzeko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:33

Azaroaren 12an irekiko ditu ateak neguan ostatu emateko bitartekoak. Kalean lo egin ohi duten pertsonei zuzenduta dago Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailaren baliabide hori, eta ostatua eskaintzen die eguraldi txarra egiten duen urte saioak iraun bitartean.

 

Gaueko 10etatik goizeko 8ak bitartean eskainiko du babeslekua neguan ostatu emateko bitartekoak, eta 20 lagunentzako lekua eskainiko du hasiera batean. Arloko zinegotzi Peio López de Munainek azaldu duenez, kopuru hori handitzerik izango da beharrik izanez gero. Hirian aldi baterako dauden eta bizitegi-bazterketa egoera larrian dauden pertsonen beharrei erantzuten zaie hartara, nagusiki. Gaua igarotzeko ostatua emateaz gain, gosaria ere ematen zaie, eta osagarri izan daitezkeen hiriko beste baliabide batzuei buruzko informazioa, aukera izan dezaten beren higiene pertsonala zaintzeko, arropak garbitzeko, egunez egoteko eta bestetarako.

Printzipioz, hurrengo bost hilabeteetan egongo da aktibo ostatu emateko bitartekoa, apirilera arte. Ohikoa denez, Harrera Sozialerako Udal Zentroan egongo da. Gainera, Gizarte Politiken Sailak bitarteko hori zuzenean eskainiko duen bigarren urtea izango da. Erabiltzaile eta aldi bakoitzeko kostuak 97 eurotik 37ra murrizteko aukera eman zuen horrek —% 61eko murrizketa—.

Berrikuntza gisa, lanaldi osora luzatuko dira aurten Harrera Sozialerako Udal Zentroa indartzen duten eta ostatu emateko bitartekoan lan egiten duten bi gizarte-integratzaileen kontratuak, eta orobat izango da zaintzaile bat gehiago.

Balantzea

150 egunez egon zen zabalik iaz ostatu emateko bitartekoa. Denbora horretan, 2068 erabilaldi izan ziren —198 lagun—; batez beste, 13,19 pertsona gaueko, hau da, % 68,95eko okupazioa, guztira zeuden 20 lekuen gainean. Pertsonen % 47k gau bakar bat igaro zuen bertan.

Erabiltzaileen % 12,62 emakumeak izan ziren (25); hortaz, bikoiztu egin zen emakumeen ehunekoa, aurreko urtekoaren aldean (% 6,4). Ostatu emateko bitartekora jo zuten pertsonen batez besteko adina 38,35 urtekoa izan zen.

Jatorriari dagokionez, nagusi izan ziren, batetik, espainiar nazionalitateko pertsonak (66) —% 34— eta bestetik, berriz, Magrebeko herrialdeetatik etorriak (62) —% 32—.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:51

Urtaranen gobernuak umeentzako hiru jolas-eremu berritzea sustatuko du, eta 140.000 euroko aurrekontua bideratuko du horretara. Leku hauek eguneratu eta modernizatuko dira, 1990eko hamarkadaren erdialdean instalatu baitziren, eta zaharrak eta ezerosoak baitira: Sansomendiko parkea, Arriagako parkeko tirolinak, eta Arriagako atearen eta kiroldegiaren atzealdea. Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du lan horietarako kontratazio dosierra.

Udalak aukeratzen duen enpresak oraingo jolasak eta kautxuzko lauzak kendu beharko ditu, eta jolas berriak jarri, baita kautxuzko zoru jarraitua ere. Lehiaketa publikora aurkezten diren enpresek nahi duten bezala diseinatu ditzakete jolas-eremuak, 0 eta 12 urte bitarteko umeentzat.

Besteak beste, kopurua, kokapena eta joko motak balioetsiko dira. “Diseinuek praktikoak, iraunkorrak, dibertigarriak eta ume guztientzat seguruak izan beharko dute”, azaldu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak. Beste aldagai batzuk ere hartuko ditu kontuan Sailak: epeltasuna, orientazioa, argiak eta itzalak, euriaren eta haizearen eragina…

Horretaz gain, ezintasun motriz edo psikikoa duten umeentzat bereziki diseinatutako jolasak sartu beharko dira, eta banaka zein taldeka parte hartzea sustatuko da; orobat, erabiltzaileen irudimena sustatzen duten jokoak izan beharko dute. Bi urteko bermea eskatuko da jolasek akatsik badute ere, edo fabrikazio eta muntatze hutsik bada ere. Kontratua esleitzen denetik bi hilabeteko epea emango da jolas-eremu berria jartzeko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:26

Estatuko hiririk iraunkorrena izendatu du Gasteiz Iraunkortasunaren Behatokiak, argitaratu berri den ‘Ciudades Sostenibles en España 2018’ txostenean. Hiriek garapen iraunkorrerantz egindako aurrerabidearen ebaluazioa jasotzen du agiri horrek, garapen iraunkorreko helburuen adierazleak eta Hiri Agenda Berria oinarritzat harturik. Duela bi aste lortutako aitorpenari gehitzen zaio oraingo hau. Izan ere, orduko hartan ere, Garapen Iraunkorrerako Espainiako Sareak sustatutako lan bat aurkeztu zelarik Madrilen, Estatuaren buru agertu zen Gasteiz Nazio Batuek 2030 Agendaren barruan ezarritako garapen iraunkorreko helburuak betetzeari zegokionez.

Iraunkortasunaren Behatokiaren txostenak Espainiako 52 hiriren egoerak alderatzen ditu, garapen iraunkorreko 17 helburuekin eta Hiri Agenda Berriarekin zerikusia duten 59 adierazleren bitartez. Lau bloke handitan banatzen dira adierazle horiek: alderdi sozialak, ingurumenaren arlokoak, ekonomiaren ingurukoak eta gardentasunari eta gobernagarritasunari dagozkienak.

Gasteizen kasuan, lehen lekuan ageri da hiria iraunkortasun orokorrik hoberena duten hirien kategorian, Madril, Bartzelona, Donostia eta Bilboren aurretik. Orobat da sailkapeneko lehena iraunkortasun sozialik hoberena duten hirien kategorian, Soria, Avila, Huesca eta Logroñoren aurretik. Ingurumen-iraunkortasunari dagokionez, bigarren lekuan ageri da Gasteiz, Huescaren atzetik. Eta, iraunkortasun ekonomikoari dagokionez, berriz, laugarren lekuan, Madril, Bilbo eta Bartzelonaren atzetik. Esteka honetan kontsulta daiteke azterlan osoa: https://cdn27.hiberus.com/uploads/documentos/2018/10/31/_ciudadessosteniblescorto_6a08a576.pdf

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak azpimarratu du aitorpen berri hori funtsean herritarren kontzientziazioari eta ahalegina esker lortu dela. “Urteak daramatzagu lanean, bide egokitik; European Green Capital gara, eta horregatik ezagutzen gaituzte iraunkortasunaren arloko erreferentziazko hiri gisa. Nolanahi ere, bide horretatik jarraitu behar dugu, gure eredua indartu eta sendotuko duten neurriak bultzatuz.” Horregatik, Iñaki Prusillak nabarmendu duenez, “plan estrategiko bat du udal gobernuak, eta asmo handiko helburuak daude finkatuta bertan, iraunkortasunaren hiru arloetan, zein baitira ingurumena, gizartea eta ekonomia”.

 

Share