Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  22 azaroa 2018 19:13

GORKA URTARANEN AUDIOA 1

GORKA URTARANEN AUDIOA 2

 

Alkatea eta ministroa pozik agertu dira, hiriaren erdialdeko alderdi hori duintzeko balioko duten lanak abiatu ahalko direlako

Urtaranek iragarri duenez, zentroaren aurrealdea oinezkoentzako bihurtu ondoren sortzen den plaza berria Oroimenaren plaza deituko da

“Terrorismoaren biktimei eskainitako leku horri esanahi berezia eman nahi diogu, Gasteiz biktima guztiekin dagoelako”, azpimarratu du alkateak

 

Gaur arratsaldean alkate Gorka Urtaranek eta Barneko ministro Fernando Grande-Marlaskak udaletxeko harrera-aretoan sinatu duten hitzarmenak abian jarriko du Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurunea berritzeko prozesua. Aurten, Ministerioak 1,7 milioi euro jarriko ditu Estatuko aurrekontu orokorretatik alderdi hori berritzeko lehen faserako, zeinaren aurrekontua 3 milioira iritsiko baita. Gainerakoa Udalak ordainduko du.

Espainiako Bankua izan zenaren ingurua eraberritzeko hirigintza-jarduketak, hobekuntza estetiko  nabarmenaz gain, eraikinaren sarbideen hobekuntza ekarriko du. Alde Zaharrera sarrera ere hobetuko da, igogailu bat eta eskailera mekanikoak jarriko baitira. Izan ere, Udalak idatzitako proiektuak aurreikusten duenez, trafiko-fluxuak aldtuko dira —eraikinaren sarrera nagusiaren aurretik doan trafikoa kendu eta Gobernuaren Ordezkariordetzaren eta Gernikako Estatutu kaleko Oroitzapenezko Zentroaren atzealdearen artean ibilgailuentzako bide berri bat sortuz—, Arkupeen ondoko espazioa oinezkoentzako bihurtuko da —Justo Antonio Olagibel arkitektoaren multzo monumentala nabarmenduko du horrek—, ostalaritzara begira terrazekin, eta plaza berri bat ere sortuko da, Postetxearen atzealdean. Oroimenaren plaza deituko da. Horri guztiari esker, espazio berezi bat sortuko da Oroimenezko Zentroaren inguruan; gerora, eskultura edo elementu sinbolikoren bat jartzea aurreikusi da.

Alkateak eta Barneko ministroak ordezkatzen dituzten erakundeen arteko jarduera-protokolo orokorra sinatu dute gaur, eraberritzeko lanak abian jarri ahal izateko. Gorka Urtaranek esker ona adierazi du Estatuko gobernuaren inplikazioagatik, lan horiek nabarmen hobetuko baitute hiriaren erdialdea. “Erdigunerako Masterplanean sartutako jarduera horrek izugarri duinduko du espazioa. Eraberritzearen ondorioz, hiria biziberritzeaz gain, alderdi horretako jarduera dinamizatuko da”, esan du alkateak.

Azpimarratu du, halaber, “hauxe” dela “lan egiteko modua, erakundeen artean elkarlanean arituz, hiria eta pertsonen bizitza hobetzeko helburu komuna lortzearren”. “Terrorismoaren biktimei eskainitako leku horri esanahi berezia eman nahi diogu, Gasteiz biktima guztiekin dagoelako”, azpimarratu du alkateak.

 

Fernando Grande-Marlaskak, berriz, zentroak biktimen oroitzapena bermatzeko duen garrantzia azpimarratu du.“Zentro honi esker, terrorismoak sortu zuen patologia soziala sendatzeko prozesuaren erdian izaten jarraituko dute biktimek; izan ere, hori sendatzea bihurtu da Barne Ministerioaren lehentasunetako bat, Zuzenbideko Estatuak ETA garaitu ondoren”, adierazi du ministroak.

Hirigintza-eraberritzeak hiriarentzat izango duen garrantzia eta horren garrantzi sinbolikoa ere nabarmendu ditu ministroak. “Etorkizun hurbilean, gasteiztarrek eta hiri ireki, garbi eta abegikor hau bisitatzen dutenek beste hiri espazio bat izango dute bakean ibiltzeko. Ez dezagun inoiz ahantz denon askatasunaren alde dena eman zutenei zor diegula bake hori”, esan du Grande-Marlaskak.

Alkateak lekuan bertan azaldu dio ministroari eraberritzearen garrantzia; haren asmoa da lanak aurten lizitatzea, proiektuaren lehenengo fasea ia amaituta baitago. 11 hilabeteko epea izango dute lanek. Aurrekontua 3 milioi eurokoa da. 2,7, Espazio Publikoak diseinatutako obra egiteko eta 0,3 AMVISAk egingo duen hornidura eta saneamenduko lanetarako. Ondoren, beste bi fase egitea aurreikusi da, jarduteko eremu zabalagoan.

 

 

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

-EHUren Letren Fakultatean 2017-2018 ikasturtean titulua lortu dutenen graduazioa.

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran, alkatea, eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia, Estíbaliz Canto.

Eguna: azaroak 23, ostirala.

Ordua: 12.00etan, Estíbaliz Canto zinegotzia Filologia, Ingeles Ikasketak, Euskal Ikasketak eta Itzulpengintza eta Interpretazioa egin dutenen graduaziora joango da;

18.00an, Gorka Urtaran alkatea Historia, Artearen Historia eta Geografía eta Lurralde Antolakuntza egin dutenen graduaziora joango da.

Lekua: Letren Fakultateko areto nagusia.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:45

 

Gazte Zigiluaren emanaldiaren ekitaldia izan da Udaletxeko harrera aretoan

 Udalaren Gazte Planak jarraitzen du Udalak egiten dituen gazteria politiken laguntzaileen taldea zabaltzen eta kide berriak bilatzen Gasteizen. 2016 eta 2017 artean izan ziren 54 erakunde edo ta taldeak Gasteiz Gaztea politiken laguntzaileen zigilua jaso zutenak, lehenak Euskadiko Gazteriaren Kontseilua eta Euskal Herriko Unibertsitatea. Bertan gazteen errealitatearen arlo guztietako kideak egon ziren: hezkuntza mundua, prestakuntza, enpresen ordezkariak, kultura, elkartegintza, ingurugiroa, kirol arlokoak, aisialdia…

Aurten, gazte Planak gehitzen ditu 20 laguntzaile berriak. Batzuk hezkuntza arloan lan egiten dutenak, hiriko 10 ikastetxe eta institutuekin, Gazteria Zerbitzuak antolatzen dituen ekintzetan gehien parte hartzen dituztenak. Horien bitartez, baloreen lanak, sormena eta hiritartasunaren parte hartzea lantzen dituzte bere eguneroko lanean. Baita kultur arloko kideak, Ilustrapados eta Soka, elkartegintzan aritzen diren eragileak: Apdema, Fundación Secretariado Gitano, GGKE Colombia Euskadi, Noralai taldea, aisialdian lan egiten duen Azterlariak taldea, Awake ekimena, boluntariotza lantzen duen Batekin Arabako boluntariotza agentzia eta Topagunea, herrietako elkarteen federazioa, euskara arloan ekintzak burutzen duena.

Laguntzaileen zigiluaren helburuak:

  • Ikustaraztea eragileen eta elkarteen lana gazteria politiken eragile bezala, hiriko gazteriarekiko lanean.
  • Zeharkakotasuna hobetzea, hirian gazteekin lan egiten dituzten entitateekin Gazte Planak garatzen dituen gazteria politikak eta bere ekintzak.
  • Planaren zabaltzeko kanalak gehitzea eta handitzea, Plana bezala eta baita Udalak antolatzen dituen gazteentzako ekintza guztiak ere.
  • Lan sareak eta kontaktuak sortzea Gasteizko gazte eragileen artean.
  • Politika publikoetan hiriko gazteria kolektiboarentzat egiten ditugunaren lidergoa egitea.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:52

Iñaki Prusilla audioa

Udal gobernuak “etsipena” eta “tristura” agertu nahi izan ditu, baieztatu baita Gasteizko Udalak ez duela egingo euskara hutsezko osoko bilkurarik, talde politikoen artean ez direlako akordio batera iritsi. Gorka Urtaran alkateak joan den ostiralean proposatu zuen hori, Euskaraldiaren barruan eta Euskararen Eguna baliatuz. “Urteetan Gasteizen euskarari laguntzeko guztiok egindako lanarekin jarraitu behar dugu. Gure iritziz, osoko bilkura berezi bat euskara hutsez egitea mugarri garrantzitsua litzateke Udalbatzarentzat zein hiriarentzat”, azaldu zuen alkateak.

“Alderdi Popularrak eta EH Bilduk horri uko egin izana ulertezina da, eta pena ematen digu.  Proposamenaren asmoa zen Gasteizek euskarari sostengua berrestea keinu positibo baten bidez, Udalbatzaren bilkura oso-osorik euskaraz eginez. Euskarari eta hirian diharduten euskaltzale taldeei sostengua adierazteko modua zen, baita hizkuntzaren erabilera sustatzeko ere. Baina taldeek ez dute ontzat eman. Ezin dugu jarrera hori ulertu“, azpimarratu du Euskararen alorreko zinegotzi Iñaki Prusillak.

 

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:43

Udaltzainek 22 urteko gazte bat atxilotu zuten atzo, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egilea izateagatik, bikotekideari eraso egitea leporatuta.

21:30ak aldera, emakume batek Erdi Aroko hirigunean duen etxera polizia bertaratzea eskatu zuen, bikotekidearekin edukitako eztabaidan hark iraindu eta jo egin zuelako. Udaltzainek, biktimaren adierazpenei eta markei erreparatuta, ustezko erasotzailea atxilotu zuten. Beste patruila batek, bitartean, ospitale batera eraman zuen emakumea, lesioak arta ziezazkioten. Atxilotua epaitegiaren esku jarri dute gaur goizean.

Harrapatze bat Aldapan

Atzo, auto batek 95 eta 63 urteko bi emakume harrapatu zituen Aiztogile kalearen eta San Bizente aldaparen arteko bidegurutzean, maniobra bat atzera-martxan egiten ari zela. Autoak arin kolpatu zuen 63 urteko emakumea, zeina geldirik eta 95 urteko emakumeak lagunduta zegoen. Biak erori ziren lurrera, eta emakume zaharrena zauritu zen. Txagorritxu ospitalera eraman zuten anbulantziaz.

Atestatu-talde bat beste istripu baten inguruabarrak ikertzen ari da. Atzo gertatu zen istripua, goizeko lehen orduan, Unibertsitateko ibilbidean, eta bi bizikleta egon ziren tartean. 35 urteko bizikletari bat zauritu zen, eta Txagorritxu ospitalera eraman zuten anbulantziaz.

Halaber, furgoneta batek eta patinete elektriko batek Kantabrikoaren hiribideko bidegorrian izandako istripua ari dira ikertzen. Talkaren ondorioz, patinetearen gidaria (39 urtekoa) zauritu zen. Hara bertaratu ziren larrialdietako zerbitzuek artatu zuten, eta, gero, Santiago ospitalera eraman.

Udaltzaingoak beste 16 trafiko-istriputan hartu zuen esku atzo; haietan, ez zen zauriturik egon, eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren kontrako delituengatik. 18 salaketa izapidetu zituen, eta 5 kasutan jardun zuen polizia judizial gisa.

Deskarga elektrikoa

Atzo, gaueko 21:00ak baino minutu batzuk lehentxeago, Mendoza kaleko etxebizitza batera joan ziren suhiltzaileak, pertsona batek deskarga elektrikoa jaso baitzuen dutxan zegoela. Taldea iritsi zenean, osasun-langileak pertsona hori artatzen ari ziren. Iberdrolako langileek eta suhiltzaileek egiaztapenak egin zituzten instalazio elektrikoan, eta deskargarako arrazoien behin betiko balorazioaren zain daude.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:03

 

 

 

 

 

 

 

Gaur eta bihar, “Antzinako eraikinen eko-birgaitzea: ENERPAT proiektua eta Europako esperientziak” sinposioa ari da Goiuri jauregian. Gorka Urtaran alkatea izan da inaugurazioan.

Gasteizko Udalak ENERPAT-SUDOE proiektuan parte hartzen du, Interreg SUDOE programaren lehen deialdiaren barruan, Europako hego-mendebaldeko hirigune historikoetako energia-eraginkortasunaren arloko politikak hobetzea xede –ENERPAT izena “ENERgía en PATrimonio hitzetatik hartu dute-. Gasteizko udalak Midi Pirensi lurraldeko Cahors eta Portugaleko Porto udalerriekin batera hartzen du parte ekimen berritzaile honetan.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:57

 

 

 

 

 

 

 

Gaur eta bihar lehen ‘Nazioarteko sinposioa: fauna eta eraikinak, kudeaketa eta kontserbazioa’ egingo da Gasteizko Europa jauregian. Arabako Natur Institutuak antolatutako bi jardunaldi dira, Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Gizakiekin hirietako eraikinak partekatzen dituen faunari dagozkion problematika berezia eta kontserbazio-erronkak ezagutaraztea eta konponbideak proposatzea da horren bitartez lortu nahi dena. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusilla biltzarraren inaugurazioan izan da; itzal handiko adituek 13 hitzaldi emango dituzte.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:54

 

 

 

 

 

 

 

 

  • Emakundek bultzatutako eta hiru Foru Aldundien eta EUDEL-en parte-hartzearekin Beldur Barik 2018 programaren amaiera ospatuko da azaroaren 24an Vitoria-Gasteizen burutuko den Topaketan.
  • Beldur Barik programak 58 udalerritako 309 ikus-entzunezko lan jaso ditu. Lan horietan neska eta mutilek erakutsi dute nola egiten dieten aurre ezberdintasunezko eta indarkeriazko egoerei, errespetuan, parekidetasunean, askatasunean eta autonomian oinarritutako jarrerekin.
  • Programak gazteei, indarkeria sexista identifikatzeko eta horiei Beldur Barik Jarrerarekin aurre egiteko tresnak eskaintzen dizkie.
  • Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, erakundeek puntu lila erabiltzera deitu dituzte herritarrak emakumeenganako indarkeriaren aurka daudela erakusteko.

Beldur Barik programa, gazteekin batera, indarkeria sexista prebenitzeko helburua duen urteroko programa da. 2009an jarri zen abian Emakundek eta EUDEL-ek bultzatuta, Berdinsarea- Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarea-ren esparruan. Egun, Emakundek bultzatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, zein EUDEL-en babesa jasotzen ditu. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta EITBren laguntza du.

2018ko Beldur Barik Topaketa Gasteizen ospatuko da azaroaren 24an, larunbatean. Topaketaren jaian, urte osoan zehar, euskal geografia osoan gazteekin garatutako lanari amaiera eman ahal izango zaio. Topaketan Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketaren (12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa) sariak banatuko dira. Sari-banaketan, ezberdintasun egoerei aurre egiteko errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzunkidetasunean eta indarkeria sexistaren ukapen irmoan oinarritutako jarreren ikus-entzunezko adierazpenak saritzen dira.

Edizio honetan 300 lan baino gehiago aurkeztu dira eta 58 udalerrik parte-hartu dute. Horietatik %76a lehen kategoriakoak dira, 12 eta 17 urte bitartekoena. Eta lanen %24a bigarren kategoriari dagozkio, 18 eta 26 urte bitartekoena. Kategoria bakoitzeko bi sari banatuko dira: 500 euroko lehen saria eta 300 euroko aipamen berezia. Horietaz gain, beste bi sari ere banatuko dira. Beldur Bariken webgunean egingo den herri bozkaketarekin, partaidetza saria aukeratuko da eta 300 euroko saria jasoko du. Eta, aurten ere, ikus-entzunezko ekoizpen onena baloratuko da 300 euroko sariarekin. Era berean, nabarmentzekoa da tokian-tokiko Beldur Barik lehiaketa ugari antolatu direla. (Beldur Barik webgunean Lehiaketa Lokalei buruzko informazioa eskuragai: : http://beldurbarik.org/eu/2018-lehiaketa-lokalak/ .

Indarkeria sexistak eragiten dituen desberdintasun faktoreen identifikazioa

Aurkeztutako lanetan ikusten da gazteek geroz eta hobeto identifikatzen dituztela indarkeria sexista eragin dezaketen desberdintasun faktoreak eta hauei aurre egiteko jarrera agertzen dutela. Aurten jorratutako gaiak oso anitzak izan dira. Jorraturiko zenbait gai hurrengoak izan dira: egunerokotasunean bizitzen dituzten sexismoa eta diskriminazioa, kultura matxistan dauden edertasun kanonei egiten dieten kritika, maitasun erromantikoaren barnean sare sozialen bitartez bizi duten kontrola eta ahalduntze kolektiboaren barnean saretze feministaren garrantzia. Gaiak anitzak izan badira ere, jende gazteak aukeratutako gaien bidez indarkeria sexistari aurre egiteko moduak adierazi dituzte aurrekoetan baino modu sakonagoan.

Beldur Barik bultzatzen duten erakunde guztiek nabarmendu dute gazteekin indarkeria sexistaren prebentzioa lantzearen garrantzia. Nahiz eta gazteengan indarkeriak eragin handia izaten jarraitu, geroz eta tresna gehiago dituzte erasoak identifikatu ahal izateko.

Beldur Barik bezalako programek laguntza eskaintzen diete gazteei, indarkeria sexistaren identifikaziorako tresna tresnak eskura jarriz. Gazteen jabekuntza eta indartze prozesuak errazten dituzte, eta, gainera, ezberdintasun eta indarkeria egoeren aurrean erantzuteko gaitasuna indartzen dute. Nesken ahalduntzea bultzatzen da eta ere berean hausnarketa prozesu horiekin, mutilek egoera horietan duten protagonismoa eta ardura identifikatzen dute. Jarrera matxista betikotzen duen korporatibismo maskulinoari aurre egiten diete, indarkeria eragiten duenaren gaineko interpelazioaren beharra identifikatuz eta konplizitate eza agertuz. Mutil bezala dituzten pribilegioen birplanteamendu bat egiten dute eta neskekin aliantzak sortzen dituzte benetako berdintasun bat lortu eta indarkeria matxista gainditzeko.

Vitoria-Gasteiz, Beldur Barik Hiria

Azaroaren 24an Vitoria-Gasteizen ospatuko den topaketan, eztabaidak, prestakuntza tailerrak eta ikuskizun ugari izango dira. Tailerrak El Pilar Gizarte Etxean izango dira eta sari-banaketa Europa Jauregian. Herrietatik gerturatzeko doako autobus zerbitzua erraztuko da, hiru probintzietatik inolako arazorik gabe hurbildu eta bueltatu ahal izateko.

Honako hauek dira programatutako ekintzak:

  • 16:30-17:00 Ongi etorria, autobusen helduera El Pilar Gizarte Etxean.

Silvia Ayerra artistak sortutako Photo Call-a, Komando Clitorix DJekin batera.

  • 17:00-18:30 Tailerrak: Gorputzak eta mugimendua; Maskulinitatearen Tra(n)p-ak; Lodifobia lantzen duen Operación Bikini tailerra; Gorputzak astindu Hip Hoparen bitartez; No me la cuentes: medios, mujeres y música.
  • 18:35 – 19:10 Beldur Barik Kalejira! El Pilar Gizarte Etxetik Europa Jauregira arte. (Gazteei askaria banatuko zaie ibilbidea hasi baino lehen).
  • 19:15-21:15 Sari-banaketa, Zuriñe Hidalgo aurkezlearen eskutik.

Vitoria-Gasteizko Tokiko Lehiaketaren Sari Banaketa

Beldur Barik Lehiaketa Orokorreko Sari Banaketa

Musika emanaldiak: Ziztada &Rlantz

Annita Parker

  • 21:15 – 21:30 Autobusen irteera Europa Jauregitik.

Informazio gehiago www.beldurbarik.eus

 Puntu Lila

Bestalde, Azaroaren 25 ospatzeko (Emakumearenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna), Beldur Barik programa bultzatzen duten instituzioek dei egiten dute herritarrek puntu lila erabili dezaten. Ikurra publikoki erakusteak oinarrian emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza duen indarkeriaren aurkako konpromiso aktiboa agertzea suposatzen du.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:23

 

 

 

 

 

 

 

  • Zuzeneko musikaz eta marrazketarekin lotutako jarduerez gain, hitzaldiak eta lantegi programa osoa antolatu da, ilustrazioak hezkuntza-lengoaia gisa duen balioa ardatz nagusitzat hartuta
  • Aurtengo berritasunen artean, familientzako rock kontzertua, ipuin-kontalariak eta diseinatzaile zein marrazkilarientzako “barregrafia” lantegiak
  • Hautatutako 40 mazokalarien artean, nazioarteko lau egile, zazpi ikasle, ilustrazioaren Euskadi sariaren irabazle bat, eta estatuko  ilustrazio-albumen eta komikien arloko sari garrantzitsuen irabazleak daude

Abenduaren 14, 15 eta 16an egingo da Mazoka Gasteizko marrazki eta ilustrazioaren azokaren IV. edizioa, Montehermoso kulturunean, eta jarduera paraleloen programa zabala eskainiko du, hiriko ekitaldi hori irudi grafikoaren eta marrazketaren inguruko kultur aisialdirako aukera izan dadin. Aurtengo berritasunen artean, familientzako rock kontzertua, ipuin-kontalariak eta diseinatzaile zein marrazkilarientzako “barregrafia” lantegiak ditugu; horien bidez, ilustrazioak tresna hezitzaile gisa duen balioa azpimarratu nahi da bereziki.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak, Kultura diputatu Igone Martínez de Lunak eta Mazokaren zuzendari eta komunikazio arduradun Marta C. Dehesak aurkeztu dute jarduera paraleloen programa. 40 mazokalarien erakusketan lanak erosteko aukera izango da, eta horri askotariko eskaintza gehituko zaio: musika, ipuin-kontalariak, dantza, barreterapiako erakustaldiak, dibuteka, ilustramatoia, zozketak eta lantegiak.

Ezaugarriei dagokienez, Mazoka bakarra da Euskadin, eta horri esker urtean behineko erreferente gisa sendotu da ipar aldean; estatu osotik eta Europatik parte hartzeko eskabide ugari jasotzen ditu. Saltokien originaltasuna da gakoetako bat; bertan egileak berak egongo dira, beren teknika zuzenean erakutsiz.

Mazokaren helburua da mazokalari hasi berri zein ospetsuen lana erakustea; herritarrei  marrazkiaren, ilustrazioaren eta, oro har, arte plastikoen teknikak hurbiltzea, euskarri eta formatu desberdinen bitartez, eta horrelako lanen erosketa sustatzea, originalak nahiz erreprodukzioak eta hainbat formatu eta aplikaziotan: papera, oihala, zeramika, serigrafia, apaingarriak, osagarriak, artisautza, etab.

Antolatzaileentzat, aurtengo helburua ez da 2017an gerturatu ziren 8.000 pertsonen kopurua gainditzea, baizik eta baliatzea publikoaren jarrera bere burua grafikoki adierazteko beldurra eta irudiaren bitartez hezteko beldurra kentzeko, eta mazokalarien lana baloratzera hurbildu daitezen animatzea, harik eta marrazketa beste adierazpide bat dela ohartu arte, adierazpide lagungarria bizitza pertsonal, akademiko eta profesionalean. Eta, batez ere, ilustrazioa handi zein txikientzako beste irakurketa-aukera bat dela (eta ahalmen handikoa gainera) erakutsi, konpartitu eta “konbentzitzea”.

Horregatik, kontzertu eta ilustrazioez gain aurten programatutako jarduera osagarrien ardatza izango da ilustrazioak hezkuntza-lengoaia gisa duen balioa nabarmentzea, eta berebiziko arreta eskainiko die familia, hezitzaile eta bitartekariei (liburuzain, irakasle, gizarte-langile, administrazioko bitartekari eta abarrei).

 

 

Share