Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  23 azaroa 2018 17:16

Vitoria-Gasteizko Udalak arazketa-instalazio bat jarriko du Gardelegiko hondakindegian, lindanoak kaltetutako lixibiatua tratatzeko eta substantzia hori Zadorra ibaira iristea saihesteko asmoz. Horretarako, 202.052,01 euro inbertituko ditu Urtaranen kabineteak. Izan ere, udako garai zehatz batzuetan, HCHren kontzentrazioak hauteman dira hondakindegitik hondakin-uren sare bateratura iristen diren hondakin-uren fluxuan.

 

Egoera konpontze aldera, instalazio horren (araztegiaren) eraikuntza lizitaziora ateratzea erabaki du Toki Gobernuaren Batzarrak. Araztegiari esker, ikatz aktibozko tratamendu baten eta hareazko iragazki batzuen bidez, lixibiatuak tratatu ahalko dira. Halaber, mintzagai dugun lixibiatua neurtzeko, ponpatzeko eta araztegiraino bideratzeko behar diren azpiegiturak jarriko ditu udalak hondakindegian, lurpean. Araztegian, 84 egunetan egingo dira lanak, eta, ponpaketan, 45 egunetan.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

– Aurkezpena: VIPHOTO FEST 2018
Parte-hartzaileak  Estibaliz Canto, Igone Martínez de Luna, Euskara, Cultura eta Kirol foru diputatua, Vital Kutxako Josune Albizu eta Jon Gorospe, festival VIPHOTO 18 jaialdiaren zuzendaria.

Eguna: azaroak 26, astelehena.

Ordua. 10:30

Lekua: Amarika aretoa

—————————————————————–

– Prentsaurrekoa: FemRIGHTS proiektuaren aurkezpena

Parte-hartzaileak: Jaione Aguirre, Garapeneko zinegotzia, Jessica Domínguez, Unesco Etxeko teknikaria, eta Irantzu Lekue, artista.

Eguna: azaroak 26, astelehena

Ordua. 11.00

Lekua: Montehermoso kulturunea

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   16:55

Gasteizek bat egin du, European Green Capital sareko beste 17 hirirekin batera (Europako Hiriburu Berde izan diren edo finalista geratu diren udalerriek eratzen dute sarea), garapen jasangarriaren aldeko ekintzarako deialdiarekin. Gorka Urtaran alkateak gaur goizean sinatu du Arabako hiriburua ‘Call for Action’ ekimenera atxikitzeko agiria, klima-aldaketaren aurkako politikak garatzean hiriek duten garrantzia gogorarazteko xedez. Agiria gaur goizean aurkeztu da 2018an Europako Hiriburu Berde izendatu duten Nijmegen hirian, eta Nazio Batuek klima-aldaketaren aurka antolatu duten 24. biltzarrean (COP24) jorratuko da, Katowice-n (Polonia).

 

Europako biztanleen hiru laurden bizi dira hiriguneetan, eta, aurreikuspenen arabera, joera horrek gora egingo du. Horregatik da hain garrantzitsua hirietan egiten den lana. Gutun horren bidez, hiri «jasangarriago, osasungarriago eta bizigarriagoa» izatea ahalbidetuko duten politikak garatzeko konpromisoa hartu du Gasteizek, sarean dauden gainerako hiriekin batera. Horretarako, ingurumenarekin zerikusia duten proiektu zehatzak sustatuko dituzte atxikitako hiriek; green irtenbideak txertatuko dituzte, eta biodibertsitatearen eta berdeguneen alde egingo dute lan, bai eta pertsonen bizi-kalitatea jasangarritasunetik areagotzea ahalbidetuko duen edozein irtenbideren alde egin ere. Hori guztia, beste hiri batzuekin partekatutako lankidetza-estrategiatik abiatuta.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   16:46

Toki Gobernuaren Batzarrak gaur goizean onartu du Indesa 2010 sozietate publikoaren 39 partaidetza erostea, udala ofizialki egon dadin sozietatearen administrazio-kontseiluan. 2014tik partaidetza soziala bazuen ere, erosketa honekin sozietatearen zuzendaritza-organora sartu ahal izan da udala, eta, hortaz, Indesa 2010en ohiko kudeaketan hartuko du parte.

 

Partaidetzak erosita, nabarmen aldatuko da udalak Indesa 2010 sozietatearekin duen harremana, hemendik aurrera erabakietan esku hartu ahalko baitu udalaren zerbitzu-hornitzaile nagusien artean dagoen sozietatearen barruan. Oso urrutira joan gabe, Indesa 2010 sozietateak 2.385.863 euro fakturatu zizkion iaz Vitoria-Gasteizko Udalari; hau da, guztizko fakturazioaren % 20 inguru. Izan ere, Indesa 2010 sozietateak ematen die garbiketa-zerbitzua udalaren hainbat instalaziori (adibidez, dozena bat gizarte-etxeri) eta beste zenbait ekipamenduri, eta horrek ondorio positiboak dauzka lan horietan jarduten duten pertsonen lan-txertaketan.

 

Indesa 2010 sozietatearen kapitalaren % 100 da publikoa, eta desgaitasunen bat duten pertsonei enplegu egonkorra eta kalitatekoa emateko sortu zen, horiek guztiz gizarteratu eta laneratu daitezen. Plantillan, 800dik gora langile dira, eta horien % 92k dute desgaitasunen bat.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:30

Azaroak 23, ostirala

– Gorka Urtaran alkatea Filologia eta Letren fakultatean izango da, graduazio-diplomen banaketan, 17:50ean.

Azaroak 24, larunbata

– Ingurumeneko zinegotzi Iñaki Prusillak Eusko Ikaskuntzaren mendeurrena ospatzeko ekitaldian parte hartuko du, Oñatiko Udalean, 11:00etan.

– Berdintasuneko zinegotzi Jaione Aguirre Beldur Barik Galan izango da, Europa jauregian, 19:30ean.

– Gorka Urtaran alkatea eta Peio López de Munain eta Nerea Melgosa zinegotziak Lurralde Etxeen Federazioak antolatutako 2018ko zentroen arteko jolasetako garaikurren banaketan izango dira, Séneca zentroan, 20:00etan.

 Azaroak 25, igandea

– Gorka Urtaran alkatea eta Peio López de Munain lehen alkateordea Arabako Batzar Nagusien Santa Katalina osoko bilkuran izango dira, 11:00etan.

– Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Araski eta Girona saskibaloi-taldeen arteko emakumeen ligako partidan izango da, Mendizorrotzeko kiroldegian, 18:30ean.

– Gorka Urtaran alkatea eta Berdintasuneko zinegotzi Jaione Aguirre Araba abesbatzaren kontzertuan izango dira, 19:00etan, Jesus Guridi musika kontserbatorioan.

 

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:03

Atzo, Udaltzaingoak 42 urteko gizonezko bat atxilotu zuen, Zaramagako denda batean iruzur-delitua egitea leporatuta; izan ere, erosteko asmoa zuen produktu baten barra-kodea aldatu zuen: 200 euro inguruko prezioa zuen produktu baten barra-kodea jarri zion 999 euroko argazki-kamera bati.

Establezimenduko segurtasun-zaindari batek bideozaintza-kameretatik ikusi zuen ustezko iruzurgilearen jarduera, eta kutxatik igarotzean atxiki zuen, udaltzainak iritsi arte.

Dendan iruzur eginez erosi nahi zuen salgaiaren prezioa ikusirik, eta gizonak helbide ezagunik ez zuenez, udaltzainek atxilotu egin zuten, gaur goizean epaitegiaren esku jartzeko.

Hiru gidari ikerketapean

Udaltzaingoa atestatu bat ari da izapidetzen. Bertan, hiru gidari ari dira ikertzen, bide-segurtasunaren kontrako delituak egiteagatik.

Lehenengoak gidabaimenik gabe gidatu zuen, horren indarraldia galdu baitzuen puntu guztiak galtzean; bigarrenak laukoiztu egin zuen baimendutako alkoholemia-tasa, eta istripua eduki zuen Zabalgana hiribidean. Azkenik, San Antonio kalean kontrako norabidean zihoala harrapatu zuten 57 urteko gidari bat.

Halaber, Udaltzaingoak beste zortzi trafiko-istriputan hartu zuen esku; haietan, ez zen zauriturik egon. Hogei salaketa izapidetu zituen, eta zortzi kasutan jardun zuen polizia judizial gisa.

Edukiontzi bat sutan

Atzo, suhiltzaileek esku hartu zuten, Foru kaleko paper-edukiontzi batean piztutako sua itzaltzeko. Txile kalean, berriz, zaborrontzi bat itzali zuten.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:55

Gasteizko udalak Erdi Aroko hiriguneko arrapala eta eskaileren mantenimendua kudeatzeko kontratuak bateratzea erabaki du, gorabeherak izanez gero erantzun hobea emateko, batez ere bandalismo ekintzak direnean. Espazio Publikoaren Zerbitzuak kontrolatuko du hemendik aurrera instalazio horiek onik zaintzeko kontratua. Zehazki, Tokiko Gobernu Batzarrak kudeaketa bateraturako lehiaketa egitea onetsi du, gaur, enpresa bakarra (orain arte hainbat ziren) arduratu dadin Erdi Aroko Bakardade kantoiko, San Frantzisko Xabierkoaren kantoiko eta Ahate Iturri plazako arrapalak eta igogailua onik zaintzeaz.

Baldintza agirietan ezarritakoa betez, esleipendunak urteko 365 egunetan 24 orduko zerbitzua eman beharko du berme osoz, izan daitezkeen gorabeherei aurre egiteko. Beraz, instalazioak, oro har, egoera onean daudela bermatzeko mantentze lanak egiteaz arduratu beharko du (zuzentzaileak, prebentiboak, integralak eta planifikatuak).

Edozein arrazoi tarteko geldialdiak izanez gero, ekipoak martxan jartzeko lanak ere barne hartzen ditu kontratuak. Horretaz gain, enpresek ordezteko piezak izan behar dituzte, beharrezkoak diren konponketak azkarrago egiteko.

Ohiko konponketak 4 orduko epean egingo dira, gehienez. Piezaren bat ordeztu behar izanez gero, epe hori luzatu egingo da eta 24 ordu gehienez izango dira, salbu eta behar bezala justifikatutako arrazoirik bada.

“Kudeaketa berri honekin –zerbitzu bakar batean bateratua– erantzun hobea eman nahi diegu Erdi Aroko arrapaletan, eskailera mekanikoetan eta igogailuan izaten diren matxurei. Orobat, laguntza eskatzen diegu herritarrei, izan ere gertatu ohi diren gorabehera gehienak bandalismoagatik gertatzen dira” adierazi du Ingurumen eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:00

Hegoalderako tranbiaren proiektuak Dultzaina eta Txistulari kaleetako zirkulazio-noranzkoak aldaraziko ditu; aldaketa horiek hurrengo egunetan gauzatuko dira, linea berriaren lanek aurrera egin ahala.

Dultzaina kaletik Castro Urdiales kalera joateko irteera itxi egingo da, baita kale horretatik Txistulari kalera eta  Dantzari plazara sartzeko aukera ere.

Horren ondorioz, Dultzaina kaleak noranzko bikoitza izango du Jose Uruñuela kalearen eta Castro Urdiales kalearen arteko zatian, eta noranzko bakarra Jose Uruñuela kalearen eta Txistulari kalearen artean.

Txistulari kalearen zirkulazioa ere aldatuko da, ezingo baita hara Castro Urdiales kaletik sartu; hala ere, kale horretara sarbide izango du, Dultzaina kalearekiko bidegurutzetik zirkulazioaren noranzko berria egokituko baita. Dantzari plazaren barruko aparkalekura ere sarbide izango du.

Inguruko trafikoa eta bide-segurtasuna hobetzeko diseinatu diren aldaketa horiek behin betikoak izango dira.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:57

Lantegiak egingo dira Artapadura kaleko instalazioetan

herritarrek objektu guztiak gordetzen diren biltegira sartzeko aukera izango dute

Gasteizko udalak ate irekiko jardunaldia antolatu du biharko Escor enpresak kudeatuta, bigarren eskuko objektuak hartzeko Reutilizagune zerbitzuan. Hondakinen Prebentzioaren Europako Astearekin bat eginez antolatu da jarduera, asmoa delarik are gehiago ezagutaraztea Reutilizaguneren instalazioak, zein 2015etik aurrera Artapadura kalearen 5.ean dauden. Zerbitzua 2012an hasi zen, beste leku batean.

Reutilizagunen gailu elektriko eta elektronikoak, liburuak, altzariak, eta gainerako objektu-motak biltzen dira, herritarrek utzita, beste batzuek eraman ditzaten. Objektuak jasotzerakoan, Reutilizaguneko arduradunek horien erabilera eta egoera onean dauden aztertzen dute, katalogatu, eta reutilizagune.escor.es webgunean ipintzen dituzte argazkiak. Produktu jakin bat eramateko nahikoa Artapadura kaleko instalazioetara joatea eta nahi den hura adieraztea.

Ate irekiko jardunaldia 10.00etatik 14:00etara luzatuko da; bertaratzen direnek pabilioiaren barrualdera sartzeko aukera izango dute (behin-behinekoz, gainerako egunetan ez baita baimentzen) biltegiratutako objektu guztiak ikustera. Bertara joateko modurik onena tranbia da, Abetxukurako noranzkoan, eta Artapadura geltokian geratzea.

Birziklapenarekin loturiko zenbait lantegi antolatu dira haurrentzako, denak parte hartzekoak. Esaterako, jolasak, panpinak, puzzleak, jostailuak, mozorroak eta abarrez gozatu ahalko dute… Horrez gain, pneumatikoekin aulkiak egiteko lantegia ere izango da, beste bat kartoizko objektuak egitekoa, eta azkenik, arropa esekitzeko kako, CD, VHS, oihal eta ontziekin egindako objektuen erakusketa.

2017an, objektuak uzteko eta hartzekoak zenbatuta, 11.940 bider joan izan da jendea Reutilizagunera, eta 9.500 objektu jaso izan ziren guztira. Reutilizagunen aurkitu daitezkeen objektuen artean, batez ere jostailuak, haurrentzako artikuluak, etxerako apaingarriak, elektrotresnak eta liburuak ematen dira.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:46

Tokiko Gobernu Batzarrak Aurora udal egoitza eraberritu eta irisgarritasuna hobetzeko lanak esleitu ditu gaur; urtebeteko epean, etxebizitza komunitarioak sortuko dira bertan, logela zabalagoak egingo dira eta pertsonarengan zentratuko arreta ereduari jarraituko zaio.

Vasco Gallega de Construcciones enpresa arduratuko da proiektu hori gauzatzeaz, zeinean 594.560 euro inbertituko baititu Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailean.

“Eraikin osoan esku hartuko dugu, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko eta espazioak erabiltzaile-profil berriari egokitzeko, horri ere erantzun behar baitiogu: 1. graduko mendekotasuna duten adinekoak”, azaldu du Peio López de Munain zinegotziak.

Besteak beste, espazioak berrantolatuko dira, sarbideak eta logelak zabalduko, eta erabilera askotarako aretoak egokituko dira eraikinaren lehen hiru solairuetan.

Baina Aurora egoitzaren eraldaketa ez da fisikoa izango bakarrik.  Izan ere, eraldaketa handiena eraberritzearen ondoren ezarriko den arreta eredu berria da: “pertsonarengan zentratutako eredua, prozedura uniformeak bazter uzten dituena, erabiltzaileei arreta ematen dieten profesionalek ahalmenak garatzen eta  eguneroko bizitzaren kontrola izaten lagunduko baitiete eta, beraz, hobeto sentitzen”, adierazi du López de Munainek.

Instalazioak Gizarte Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretuak ezarritako betekizunetara egokitzen dituen bigarren udal egoitza izango da Aurora. Itxura berria agertzen lehena Los Molinos izango da, laster amaituko baitira eraberritzeko obrak.

 

 

Share

Aurrekoak »