Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  13 azaroa 2018 17:05

Prentsaurrekoa. ‘Ekosistemak, paisaia berreskuratuak’ erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusilla; Atariako koordinatzaile Gorka Belamendia; eta Bernardo Lara, irudigilea

Eguna. Asteazkena, azaroak 14

Ordua. 10:00

Tokia. Ataria

———————————-

Prentsaurrekoa. BioAraba Feriaren 5. edizioa aurkeztea

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa; diputatu nagusiorde Pilar Garcia de Salazar; Vital Fundazioko zuzendari Josune Albizu; eta Bioarabako zuzendari Iker Knorr

Eguna. Asteazkena, azaroak 14

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————–

Prentsaurrekoa. Euskararen astean aurkeztea

Parte hartzaileak. Euskara zinegotzi Iñaki Prusilla; Euskara, Kirola eta Kultura foru aldundiko zuzendari Joseba Perez de Heredia; Euskara elkarguneko ordezkari Iñaki Lazkano eta Zuriñe Gil

Eguna. Asteazkena, azaroak 14

Ordua. 11:00

Tokia. Oihaneder Euskararen Etxea

————————————–

Topaketa komunikabideekin VI. Kafearen Astea dela eta

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa; Enplegua, merkataritza eta Turismo diputatu Cristina González; Gasteiz On elkarteko gerente Patricia Garcia; Cafés Foronda enpresako Leire Morgado; Cafes La Brasileña enpresako Maitane Sáez; eta Kaiku enpresako Carlos Roca

Eguna. Asteazkena, azaroak 14

Ordua. 11:00

Tokia.   Lepic cakes and coffe, Probintzia plaza 15

—————————————

Entzunaldi publikoa 2019ko Aurrekontu Proiektuaren inguruan

Parte hartzaileak. Udal gobernu taldeko zinegotziak

Eguna. Asteazkena, azaroak 14

Ordua. 18:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, Green aretoa

———————————

Prentsa-argazkilaritzaren inguruko topaketa eta bertako prentsa argazkilariei eker ona agertzea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendari Maider Etxebarria; World Press Photo erakundeko Gasteizko delegatu Paco Valderrama; eta bertako prentsa-argazkilariak: Alex Larretxi, Blanca Castrillo, Rafa Gutierrez eta Pilar Barco.

Eguna. Asteazkena, azaroak 14

Ordua. 19:30

Tokia. Montehermoso Kulturuneko Ur Andela

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:57

Azkenengo 24 orduetan, 16 trafiko-istripu erregistratu dira, eta, horietan, pertsona bakarra zauritu da.

Auto bateko gidaria da zauritua; izan ere, beste auto batek kolpatu zuen, Latinoamerika plazan geldi zegoela, 19:00ak baino minutu batzuk beranduago. 36 urteko emakumea lesionatu egin zen, baina ez zen ospitalera eraman behar izan.

Atzo, 31 salaketa jarri zituzten Agirrelandan.

 

Trafikoko kanpaina berezia

Aurreko astean, deskuiduak kontrolatzeko kanpaina egin zuen Udaltzaingoak, Bide Segurtasun eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarrirako Plan Estrategikoaren barruan. Guztira, 8 kontrol egin ziren, eta, horietatik, 2.500 ibilgailutik gora igaro ziren.

Hogeita bi gidari salatu zituzten; horietako 15, gidatu bitartean mugikorra erabiltzeagatik. Gainera, beste 8 salaketa jarri ziren dokumentaziorik ez edukitzeagatik (4 IATrik gabe, eta 1 asegururik gabe); beste 1 drogak hartzeagatik eta 2 segurtasun-uhalik gabe gidatzeagatik.

Datorren astean, azaroaren 19tik 25era, bizikletak kontrolatzeko udal-kanpaina bat egingo da.

 

Suhiltzaileak

Suhiltzaileek Armentiaganako higiezin bateko igogailuan itxita geratu den pertsona bat erreskatatu dute goizeko 07:01ean.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:37

Udal Administrazioaren Sailak amaitu ditu Mendizorrotzeko kiroldegian eta Beti-Jai frontoietan erabilera libreko Wifia instalatzeko lanak.

Kudeaketa korporatiboko barne-sare bat egokituko dela aprobetxatuz, Udalak kirol-instalazio bi horietara zabaldu du erabilera libreko sarea, zein dagoeneko hiriko beste leku hauetan erabilgarri dagoen: autobus-geltokia, Espainia plaza, Principal antzokia, Ataria eraikina eta adinekoentzako 15 zentro soziokulturalak.

Hemendik aurrera, Mendizorretzeko kiroldegira joaten den pertsona orok doan konektatu ahalko da instalazioaren sarreretan eta iparraldeko harmailetan. Frontoietan, berriz, aukera izango da instalazioaren atarian eta Ogetako sarreretan.

Doako konexio askea duten gainerako udal-instalazioetan bezala, erabiltzaileak gailu mugikorretan agertu zaien WIFI-VG-free sarean sartu beharko dira. Une horretatik aurrera, Internetera konektatu ahalko dira atari baten bitartez sartu ahalko dira, erabiltzaile-kodea eta pasahitza idatziz —mugikor-zenbaki bat edo posta elektroniko bat eman beharko da horretarako—.

WIFI-VG-free sarea 256 kbp-ko banda-zabalerara mugatzen da, hartara bete ahal izateko Espainian telekomunikazioen alorra arautzen duen Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren ezarritako eskakizunak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:04

Gasteizko Udalak egiten ari diren Kode Etiko sortzeko proiektuari jardunbide egokiaren aitortza eman diote. Aitortza hori jaso du Udalak joan den urriaren 31an Q-Epea Jardunaldian, XXIV. Kudeaketa Aurreratuaren Europar Astea barnean egindakoa. Herritarren Arreta eta Gardentasunaren Zerbitzuburuak, Amaia Mujika Rekalde jaso du diploma.

Aitorpen horrek proiektua aurreratzea sustatzeko balio du. Udalaren Kode Etikoak udalean lan egiten dutenen balio partekatuak islatzen ditu. Beste modu batean esanda, erabakiak hartzeko momentuan gida bezala erabili daitezkeen balioak jasotzen ditu. Kode hau, udaleko lan-eremu ezberdinen arteko erlazioetan sor daitezkeen etika gatazkak konpontzeko oinarria ere bada.

Gasteizko Udalaren kode etikoa 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:03

Udal ordezkaritzarekin batera Aizea Fernández eta Beñat Amestoy gazte gasteiztarrak joan dira, 488 hiritako gazteen artetik aukeratu baitituzte “gazteentzat interesgarri diren gaiei buruz egin duten hausnarketagatik”

 

Gaur hasiko da Cascaisen (Portugal) AICE-Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkartearen XV. Biltzarra; azaroaren 16ra arte iraungo du, “Hiria pertsonena da” lemaren pean. Hezkuntza Zerbitzuaren ordezkaritza bat joan da bertara, baita Aizea Fernández eta Beñat Amestoy gazte gasteiztarrak ere, 488 hiritako gazteen artetik aukeratu baitituzte gazteentzat interesgarri diren gaiei buruz egin duten hausnarketagatik.

Honelako agertokiek esperientziak trukatzeko eta gure ezagutzak aberasteko aukera ematen digute, eta ohartzeko nolako balioa duen kanpoan gure Hezkuntza Zerbitzuak, erreferentea baita”, adierazi du Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Gaur hasiko da biltzarra, 18:00etan; batzar orokor ofiziala egingo da, batzorde betearazlea berritzeko eta 2019-2022 plan estrategikoa aurkezteko. Gasteizek bihartik aurrera hartuko du parte. Zehazki, bost unetan izango du protagonismoa gure hiriak.

Hilaren 14an, 18:00etan, Hiri Hezitzaileen Sarearen mahai-ingurua egingo da. Gasteiz gonbidatutako bi hirietako bat delarik, sareko lanaren onura eta gaikako sarea osatzeak duen eragina izango dituzte hizpide.

Hilaren 15ean, hirian lantzen ari diren bi esperientzia aurkeztuko dira. Lehenengo, 11:30ean, “Hezkuntza konpentsazioko plan pilotua” aurkeztuko du, beste zortzi hirirekin batera. 17:30ean, berriz, “Artearen eta umeen arteko zubia” proiektua aurkeztuko du.

Lehenengoaren ondorioak Lleidako Estatu Batzarrean aurkeztu ziren, otsailean. Horren helburua da ahuldade baldintzak dituzten ikastetxeetan familiekin era integralean esku hartzea, haientzat prestakuntza eredu bat definitzearren, ikuspegi hirukoitz batetik: guraso elkarteekiko esku-hartzea, ingurune bakoitzean dituzten berariazko premiei buruzko prestakuntza ematea familiei, eta ikasleekiko esku-hartzea. Horren bidez, familiak hezkuntzan duten erantzukizunaz sentsibilizatzea lortu da dagoeneko.

Bigarren proiektuaren helburua da haur eskoletan artea eta haurtzaroa lotzea, eskola komunitateko kideak (familiak, hezitzaileak eta umeak) elkarren artean askoz hobeto erlazionatu daitezen.

Azkenik, hilaren 16ko 10:45ean, Gasteizek diploma jasoko du, Hiri Hezitzailea sarian finalista gertatu baita Partaidetza Zerbitzuarekin lotutako proiektu bati esker: Herritartasunerako Eskola.

Gazteen parte hartzea

2018an Cascais Gazteriaren Europar Hiriburua ere bada, eta aukera horretaz baliatu da AICE bere XV. Biltzarrean lehenengoz gazteei leku egiteko. Horretarako, deialdia egin zuen elkartea osatzen duten 488 udalerrietako 18 eta 24 urte bitarteko 70 pertsonak parte hartzerik izan zezaten.

70 gazte horien arteko bi gasteiztarrak dira, Aizea Fernández de Lapeña eta Beñat Amestoy Alonso; izan ere, gazteentzat interesgarri diren gaiei buruz egin zuten hausnarketa epaimahaiak aukeratu zuen.

Biltzarrean partaidetza handia izango dute, gazteentzako lantegietan zein mahai-inguru batean, baita antolatutako jarduera paraleloetan ere.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:08

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa Sharing Cities Summit nazioarteko gailurrean da gaur; aditu eta hirien topaketa horretan zenbait kolaborazio-ekonomia aztertuko dira. Hirugarrenez egingo da alorrean erreferentziazkoa den hitzordu hori; 2016an Amsterdam izan zen egoitza, eta iaz, New York. Aurtengoan, bost kontinenteetako 48 hiri aro digitaleko erronka ekonomikoei aurre egiteko estrategia komuna bilatzen saiatuko dira.

 

Goizean zehar, kolaborazio-ekonomiaren alorreko printzipio eta politika esanguratsuak aurkeztu dira, jarduera berri horien eboluzioaz eta hazkundeaz eta hirietan duten eragin ekonomikoaz eztabaidatzeko saioetan. Arratsaldean, tokiko kolaborazio-ekonomiaren parte diren kideek eta parte hartzen duten hirietako politika publikoen arduradunek ikuspegiak eta proiektuak partekatuko dituzte.

 

Sharing Cities Summit gailurraz gain, Smart City Expo World Congress 2018 egiten ari da aste honetan, zeina hiri adimentsuen alorreko munduko ekitaldi nagusia baita.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   08:48

Ostiral arratsaldean, udaltzainek 21 urteko gazte bat atxilotu zuten adingabeen aurrean exhibizionismo-delitua egitea leporatuta, bai eta agenteei aurre egin eta desobedientzia larria erakusteagatik ere.

Gertaerak 17:00ak aldera gertatu ziren, gizonezko bat, mozkor, Ramon Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategian adingabeen aurrean genitalak erakusten ari zela ohartarazi zuten hainbat dei jaso zirenean 092an.

Patruilak gizona topatu zuen, eta jokaera hori uzteko eskatu. Gizonak, ordea, adierazpen horiei kasu egitetik urrun, udaltzainei oldartu zitzaien, eta, azkenik, atxilotu egin behar izan zuten. Larunbatean, epaitegiaren esku jarri zuten.

 

Bikotekideari eraso egiteagatik atxilotuta

Udaltzainek 30 urteko gizonezko bat atxilotu zuten ostiral arratsaldean, genero-indarkeriazko delitu baten ustezko egilea izateagatik, bikotekideari eraso egitea leporatuta. Gertaerak 21:00ak aldera gertatu ziren, Koordinazio Zentralak Koroatze auzoko etxebizitza batera joatea eskatu zionean zaintza-lanetan zebilen patruila bati; izan ere, antza, emakume bat erasotzen ari ziren bertan.

Iritsi zirenean, biktimak egin zien harrera udaltzainei, eta senarrarekin eztabaida eduki zuela adierazi zien hark, gizona ere etxean zegoela. Bada, eztabaidan seme adingabearen aurrean jo zuela adierazi zuen emakumeak, eta zertxobait nagusiagoa den beste semea auzokide batzuen etxean gorde zela.

Bien bertsioak eta lekuko batzuen adierazpenak entzun ondoren, eta emakumeak markak zituenez, patruilak gizona atxilotu zuen, eta epaitegiaren esku jarri.

 

Urruntze-agindua hausteagatik atxilotuta

Larunbat gauerdian, udaltzainek 29 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, bikotekide ohiarengandik urruntzeko zuen agindua hautsi izana leporatuta.

Gertaerak 00:00ak aldera gertatu ziren, emakumeak polizia bertaratzea eskatu zuenean, bere lantokiaren inguruan zegoelako urruntze-agindua zuen bikotekide ohia. Patruila bat joan zen, eta gizonezkoa aurpegia ezkutatu nahian azkar batean urruntzen ari zela ikusi zuen.

Agenteek gizona harrapatu eta identifikatu zuten, eta aginduak indarrean jarraitzen zuela egiaztatu zuten; hortaz, atxilotu egin zuten.

 

Hiru inputatu edanda gidatzeagatik

Udaltzaingoa hiru gizon ari da ikertzen, bide-segurtasunaren kontrako delitua egiteagatik; izan ere, alkoholdun edarien eraginpean gidatu zuten.

Ostiral arratsaldean, Ertzaintzaren patruila batek geratzeko eskatu zion 47 urteko gidari bati, gurpil bat lehertuta eta aurreko aldean kolpe bat zituela ari baitzen zirkulatzen Arriagako Atearen kaletik. Alkoholemia-proban, 0.79-0.82 miligramoko alkohol-tasa eman zuen botatako aire litro bakoitzeko.

Larunbat goizaldean, 22 urteko gazte batek istripua eduki zuen Lorenzo Prestamero kalean, aparkatuta zeuden hiru ibilgailuren aurka egin baitzuen talka, horiei kalteak sortuz. Alkoholemia-proban, 0.92-0.79 miligramoko alkohol-tasa eman zuen botatako aire litro bakoitzeko.

Atzo, 05:15ak aldera, Ertzaintzaren patruila batek Udaltzaingoaren atestatu-talde bat bertaratzea eskatu zuen, 21 urteko gizonezko batek Landazuri kalean istripua eduki zuela ikusi baitzuen. Aparkatzen ari zela gertatu zen ezbeharra, eta kalteak eragin zizkion aparkatuta zegoen ibilgailu bati. Alkoholemia-proban, 0.64-0.56 miligramoko alkohol-tasa eman zuen botatako aire litro bakoitzeko. Gainera, dokumentazioa aztertzean, gidabaimenik ez zuela ikusi zuten, ez baitu inoiz eduki.

Asteburuan, prebentziozko bost alkoholemia-kontrol egin dira hirian, eta, horietan, ehun bat gidariri egin zaizkie alkoholemia-probak. Bakar batek ere ez du positibo eman.

 

Bi zauritu hainbat istriputan

Asteburuan, Udaltzaingoak 58 salaketa erregistratu ditu Agirrelandako bulegoan. Era berean, 36 trafiko-istriputan hartu du esku, eta, horietan, bi pertsona zauritu dira.

 

 

 

Share