Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  20 azaroa 2018 17:00

– “Ekitatea lortzera bideratutako haur eta nerabeentzako tokiko politiketan aurrera egiten” jardunaldiaren inaugurazioa.

Parte-hartzaileak: alkatea, Gorka Urtaran, eta Gizarte Gaien eta Osasun Publikoaren zinegotzia, Peio López de Munain.

Eguna: azaroak 21, asteazkena.

Ordua: 9.00.

Lekua: Europa biltzar jauregia.

—————————————————————————–

– Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren planaren berrikuspenaren ildo nagusien aurkezpena.

Parte-hartzaileak: alkatea, Gorka Urtaran, eta Bartzelonako Hiri Ekologiako Agentziaren arduraduna, Salvador Rueda.

Eguna: azaroak 21, asteazkena.

Ordua: 10.30.

Lekua: San Martineko eraikineko ekitaldi-aretoa.

** Alkateak eta Salvador Ruedak aurkezten duten informazioa ezin izango da 12.30 arte zabaldu, hedabideentzako informazio-saioa udal talde politikoei aurkeztu aurretik izango baita. 12.30ean taldeak planteamenduaren jakitun izango dira eta, beraz, hedabideek ordu horretatik aurrera erabili ahalko dute informazioa.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:10

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak Gasteizko Udala merkataritza eta ostalaritza sektoreak biziberritzeko garatzen ari den lau jarduera-ildoak zertan diren azaldu du. Melgosak Merkataritza eta Ostalaritza Planak funtsezko tresnatzat duen garrantzia azpimarratu du, 2016an abian jarri zenetik nabarmen garatu baita.

Horri gehitu behar zaio hainbat alorretan egiten ari den ahalegina sektorea digitalizatzeko. Batetik, tokiko merkataritzako plataforma nagusiekin lan egiten ari da prestakuntza eta berariazko baliabideak emateko, online marketineko estrategiak diseinatu eta denda birtualak zabaltzeari begira. Eusko Jaurlaritzak ere ematen ditu digitalizaziorako laguntza ekonomikoak, SPRIren bitartez. Bestetik, Urban Commerce foroaren azken edizioan aro digitalean lehiatzeko gakoak eman zitzaizkien bertako saltokiei. Horren osagarri da internet bidez saltokien bisita birtualak egiteko esperientzia, berriki aurkeztutakoa.

Beste bi lan-ildo denda txikiak ikusaraztea eta kontsumitzaile txikien heziketa dira. Lehengoaren barruan, omenaldia egin zitzaien ehun urte bete duten Gasteizko negozioei, eta laster hutsik dauden dendetako erakusleihoetan biniloak jartzeko plana jarriko da abian; bigarrenaren barruan, tokiko kontsumoa sustatzeko ekintza pedagogikoak egin dira, Hiri Hezitzailea programa baliatuz.

Azken hamarkadan saltokiak progresiboki ixten ari direlarik, horri aurre egiteko estrategiaren barruan sartzen dira Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotziak aletu dituen jarduerak. 2008tik 2017ra, – % 18,2 izan da establezimendu ehunekoaren aldaketa Gasteizen. Nolanahi ere, datu hori Bilbokoa (- % 21,1), Donostiakoa (- % 20,8) edo Euskadiko udalerrien batez bestekoa (- % 20,7) baino hobea da.

Melgosak adierazi duenez, Zabalgunean eta Erdi Aroko hirigunean bereziki aretoen erabilera aldaketa nabari da, merkataritzako erabilera duten aretoen kopurua jaitsi eta ostatu-erabilera dutenena handitu baita. Orobat, merkataritza areto batzuk merkataritza elektronikoaren bidez erositako produktuak entregatzeko gune bihurtzen ari direla antzeman da.

Zinegotziak, azkenik, Gizarte Segurantzako afiliazioen bilakaera nabarmendu du, bai merkataritzan (2018ko lehen seihilekoan % 13 hazi da) bai ostalaritzan (% 6 gehiago epe berean) eta zerbitzuetan (% 7 gehiago).

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:39

Gaur goizaldean, udaltzainek 41 urteko gizonezko bat atxilotu dute, Gorbea kaleko taberna batean lapurreta egitea leporatuta.

Goizeko 03:30ak aldera gertatu da, gizonezko batek establezimendu batean lapurtu duela ohartarazi denean 092ra egindako dei baten bidez. Tokira bertaratu den patruilak inguruan aurkitu du susmagarria, ihes egiten saiatzen ari zela. Eskuak odolduak zituen, antza, estolda baten taparekin hautsi duelako lokaleko kristala. Halaber, gainean zeraman kutxa erregistratzailea (txanponen eta billeteren baten artean, 90 euro inguru zeuden), bai eta askotariko dokumentazioa ere.

Udaltzainek atxilotu egin dute, eta, izapideak Guardiako Epaitegira bideratu ondoren, aske utzi dute.

Zauritu bat istripu batean

Atzo, bi autok elkar jo zuten Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleak eta Mexiko kaleak bat egiten duten tokian, eta 37 urteko gidari bat zauritu zen. Larrialdietako zerbitzuek emakumea artatu zuten, eta Txagorritxu ospitalera eraman.

Udaltzaingoak beste 10 trafiko-istriputan hartu zuen esku atzo; haietan, ez zen zauriturik egon, baina bi gidari ikertzen ari dira, bide-segurtasunaren kontrako delituak egiteagatik. Lehenengoa, 31 urtekoa, gidabaimenik gabe gidatzeagatik.

Bigarrenak, 41 urtekoak, istripu anizkoitza eduki du goizaldean, Domingo Beltran kalean aparkatuta zeuden bi autoren kontra egin baitu talka. Alkoholemia-probetan, emaitza positiboa eman du; beraz, Guardiako Epaitegira bideratzeko izapideak egin dira.

Udaltzaingoak 25 salaketa izapidetu zituen atzo, eta 5 kasutan aritu zen polizia judizial gisa.

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:30

 

Udal gobernua Oihaneder Euskararen Etxera joan da gaur goizean, Euskaraldia ekimenari sostengua ematera eta zinegotziak Ahobizi edo Belarriprest gisa identifikatuko dituzten txapak jasotzera. Gorka Urtaran alkatea buru delarik, Udalak dena emango du ekimenari laguntzeko azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte. Oraindik bada astirik Euskaraldian izena emateko, web-orri honetan: http://izenematea.euskaraldia.eus .

 

Informazio guztia

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:20

 

  • Bederatzi udal zerga eta tasa ordaindu ahalko dira hileko kuota berdinetan, martxotik abendura bitartean

 

 

Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok zerga-tarifa lau berria abian jarri dela iragarri du; udal zerga eta tasa ohikoenak hilean-hilean ordaintzeko aukera ematen du horrek. Bihartik, azaroak 21, eskatu ahalko da zerga-tarifa lauan alta ematea, San Antonio kaleko herritarrei laguntzeko bulegoan eta San Martineko udal bulegoetan. Online ere egin ahalko da, udalaren web-orrian, ziurtagiri digitala baliatuz.

“Agintaldiko konpromiso estrategikoetako bat genuen, eta behar diren urratsak egin ditugu zerga eta tasak ordaintzeko formula berri hau ahalbidetzeko. Zerga-tarifa laua horiek ordaintzeko modu erosoagoa izango da, eta herritarrentzako zerbitzuaren hobekuntza nabarmena. Orain hasiko da modalitate horretan alta emateko epea, eta 2019ko martxotik aurrera izango da errealitatea hilean-hileko ordainketa”, zehaztu du Itziar Gonzalok.

Urteko martxoaren 1a baino lehen eskatu ahalko da zerga-tarifa lauan alta ematea. Gero, hilaren 20an kobratuko dira bederatzi zerga eta tasari dagozkion kuotak, kopuru berdinekoak. Martxoaren 1az geroztik aurkezten diren eskabideek hurrengo urtean izango dituzte ondorioak. Eskabideak mugarik gabeko izaera du, harik eta kontrakoa komunikatzen den arte, edo kuotaren bat ez ordaintzearen ondorioz bertan behera uzten. Edozein unetan eska daiteke zerga-tarifa lauan baja ematea.

Tarifa lauari dagozkion hamar kuoten kopurua berdina izango da martxotik abendura bitartean. Aldi horretan zergaren baten zenbatekoa aldatu bada, ordea, behar diren doikuntzak egingo dira abenduko kuotan.

Zerga-tarifa lauak tributu hauek barne hartzen ditu:

  • Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga.
  • Ondasun higiezinen gaineko zerga (OHZ)
  • Ekonomi jardueren gaineko zerga.
  • Zabor-tasa.
  • Urteko eta seihileko emakidak.
  • Ibilgailuen pasabideen tasa.
  • Mahaitxoen tasa.
  • Bide publikoko lurzorua eta lurpea okupatzeagatiko tasa.
  • Hilerrien tasa.

Zerga-tarifa lauaz baliatu ahal izateko bi betekizun eskatuko dira: batetik, banku-helbideratze bakarra izatea, hau da, zerga-tarifa lauaren ordainagiriaren titularrak izan behar du banku-kontuaren titularra; bestetik, erreferentziazko posta-helbide bakarra ematea jakinarazpenak bidaltzeko.

Zerga-tarifa laua Vitoria-Gasteiz Smart Green City planean zerbitzuak modernizatzeko jasotako 17 proiektuetako bat da, kudeaketaren bikaintasunarekin lotutako ekimenen barruan. Ogasuneko, Herritarrentzako Informazio eta Arretako zein Informazioaren Teknologien udal arloen arteko lankidetzaren emaitza da.  Abian jartzeko, 1.000 prestakuntza-ordutik gora eman zaizkie inplikatutako pertsona guztiei. Zerga prozesuen digitalizatzea hobetzeari esker egingo da, hartara herritarrei zerbitzu hobea emango baitzaie eta zerga-betebeharrak betetzea erraztuko.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:01

 

  • Musika, zirkoa, lantegiak, antzerkia, dantza, arte inklusiboa eta performancea, artea eta kultura batuta, asmo solidario baten alde

 

 

Gasteizek bat egingo du aurten Fair Saturday ospatzen duten hirien multzora, hots, mundu zabaleko 200 hiri baino gehiagotan egiten den ekimen global batean, zeinaren bitartez eragin sozial ireki eta partizipatiboa lortu nahi den. Datorren larunbatean, hilaren 24an, hiriko sei lekutan musika, zirkoa, lantegiak, antzerkia, dantza, arte inklusibo eta performanceko ikuskizunak izango dira, artearen eta kulturaren aldeko gizarte-mobilizazio masibo bat eragiteko asmoz.

“Larunbat bidezko” gisa itzuli genezakeen Fair Saturday delakoak nolabaiteko kontrapisua egin nahi dio Black Fridayri, bai eta gizarte-hausnarketa piztu ere, kontsumo masiborik gabeko, tokian tokiko ekoizpena sustatuko duen eta gizarte-kohesiorako kultura tresna funtsezkotzat hartuko duen garapen-eredu baten bilaketan. Helburu horri ezin hobeto lotzen zaio gure hiriaren iraungarritasunaren aldeko filosofiari”, esan du Nerea Melgosa zinegotziak, zeinak Fair Saturday Vitoria-Gasteiz koordinatzaile Saioa Eibar izan duen lagun aurkezpenean.

Kultur ekimen horietako bakoitzean sortutako irabaziaren zati bat artistek eta kultur erakundeek berek erabakitako kausa sozial baten alde erabiliko da. Hauexek dira Gasteizen programatu diren jarduerak:

  • Zinema eta dantza saharar jaimaren azpian – 11:30etik 14:00etara, Landatxo gizarte-etxean paratuko den jaima bat zinema, musika eta dantzaz gozatzeko gune bihurtuko da. Sarrera doan izango da, eta ekitaldian biltzen dena Sahara Gasteiz elkarteari eta Euskadiko saharar ordezkaritzari emango zaio
  • Kolore Anitzak: Antzerkia eta errealitate handitua – 12:00etatik 13:00etara, Salburuko gizarte-etxe zuzeneko musika, antzerkia eta errealitate handitua uztartzen dituen ikuskizun paregabea hartuko du lehen aldiz Euskadin. Sarrerak 4 euro balioko du, eta biltzen den dirua AFAARABA elkarteari laguntzeko baliatuko da.
  • Arte inklusiboa (Azikarte&Cia eta Arai Danza) – 18:00etatik 19:00etara, Ibaiondoko gizarte-etxeko Felix Petite antzokian, Azikarte Elkartea konpainiak El Sauce llorón ikuskizuna aurkeztuko du, akrobaziak, malabareak eta soka-saltoa uztartuko. Bere aldetik, Arai Danza konpainiak El viaje de Alicia ikuskizuna emango du, bertan gorputz-adierazpena, hip-hopa, inprobisazioa eta dantza-antzeztua uztartuta. Ikusleek erabakiko dute zenbat ordaindu sarrera, eta jasotakoaren % 50 Autismo Araba elkartearen gizarte-proiektuak finantzatzeko baliatuko da.
  • Kultura Kalean: haurrentzako zinema-proiekzioa – 18:00etatik 19:00etara, Salburua ikastetxean film laburren proiekzioa egingo da, sarrerak 2 euroan jarriko direlarik salgai. Irabazien % 100 AFANIS elkartera bideratuko da.
  • Ahots Argiak abesbatza + Joyful Gospel Choir – 19:30etik 21:00etara, Zabalganeko gizarte-etxean ABBA eta The Beatles taldeen arrakasta handietan oinarritutako kontzertua eskainiko dute. Sarrerek 3 euro balioko dute, eta irabazi osoa Mugarik gabeko bihotza elkarteari emango zaio.
  • Helene Garcia (sopranoa) eta Irene Alfageme (piano-jotzailea) – 19:30etik 21:00etara, Zabalganeko gizarte-etxean Händel, Mendelssohn, Vivaldi eta Guridiren piezak joko dituzte, besteak beste. Sarrerek 3 euro balioko dute, eta irabazi osoa Mugarik gabeko bihotza elkarteari emango zaio.
  • Sin Mala Intención taldearen kontzertua – 20:00etatik 21:00etara, Ardo Ona tabernak Gorka L.P. musikari eta abeslaria buru duen taldea hartuko du, Esas cosas izeneko diskoa interpretatzeko. Ikusleek erabakiko dute sarreren salneurria, eta Amnistia Internazionalari emango zaio jasotako guztia.

 

Fair Saturday ospatuko duten hirien artean Málaga, Milan, Lima, Edinburgo, Glasgow, Dundee, Huelva, Santander, Pisa, Messagne eta Bilbo daude.

Informazio gehiago: https://app.fairsaturday.org/listaeventos2018/Vitoria-Gasteiz

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:31

Gaur ireki da arte eszenikoetako talde ez profesionalek bere lanak gizarte-etxeetako ekitaldi aretoetan estreinatzea xede duen deialdirako proposamenak aurkezteko epea.

Gasteizko Udaleko Kultura Zerbitzuak –Estibaliz Canto zinegotziak gidatua– 2019ko “Auzo Eszena” programarako deialdiaren berri eman du, parte hartzeko interesa duten Gasteizko antzerki talde eta artista ez profesionalek arte eszenikoen arloko proposamenak aurkezterik izan dezaten.

Programa gizarte etxeetako ekitaldi aretoetan egingo da, bi denboralditan (2019ko negu-udaberrian eta udazkenean), gehienetan asteburuetan eta arratsaldez.

Proposamenek arte eszenikoen edozein alorretakoak izan behar dute (antzerkia, musika, dantza, bakarrizketak, magia, txotxongiloak, etab.) eta helduak, gazteak, haurrak zein familiak izan ahal dira hartzaileak. Euskaraz, gaztelaniaz edo hitzik gabeak izan daitezke lanak.

Deialdiko baldintzak betetzen dituzten proposamenen artetik, talde tekniko batek aukeratuko ditu 2019ko “Auzo Eszena” ikuskizun-programako bi denboraldietan parte hartuko duten artista eta taldeak, eta programaziorako lehen proposamena egingo du.

Proposamen hori artista edo taldeekin koordinatu ondoren itxiko da, eta hainbat alderdi hartuko ditu kontuan osotasunean koherentea izan dadin: hartzaileak, hizkuntza, espazioak, ikuskizunen tipologia, aniztasuna eta beste.

Deialdiaren oinarriak Gasteizko udalaren web-orrian  (Auzo Eszena) kontsultatu ahalko dira, azaroaren 20tik aurrera.

Proposamenak aurkezteko epea azaroaren 20tik abenduaren 9ra bitartekoa da, biak barne, eta agiriak herritarrei laguntzeko edozein bulegotan aurkeztu edo auzoeszena@vitoria-gasteiz.org helbidera bidal daitezke.

Deialdiari buruzko argibiderik nahi izanez gero, esteka helbide honetan eska daiteke: auzoeszena@vitoria-gasteiz.org.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:22

Lantegiak egingo dira Artapadura kaleko instalazioetan

herritarrek objektu guztiak gordetzen diren biltegira sartzeko aukera izango dute

 

 

Gasteizko udalak ate irekiko jardunaldia antolatu du larunbaterako Escor enpresak kudeatuta, bigarren eskuko objektuak hartzeko Reutilizagune zerbitzuan. Hondakinen Prebentzioaren Europako Astearekin bat eginez antolatu da jarduera, asmoa delarik are gehiago ezagutaraztea Reutilizaguneren instalazioak, zein 2015etik aurrera Artapadura kalearen 5.ean dauden. Zerbitzua 2012an hasi zen, beste leku batean.

“Herritar askok ezagutzen ez duten, baina pozteko motibo bat baino gehiago eman dezakeen zerbitzua da. Sustatu egin nahi dugu Reutilizaguneren erabilera, objektuak bigarren bizitza izan dezaketela uste baitugu erabat. Reutilizaguneren erabilera normalizatzeak hondakin-bolumena murriztea ekarriko du, eta jendeari aukera emango zaio gauza benetan erraz bat egiteko: egoera ezin hobean egon arren, bete pertsona batzuek bota egin dituzten objektuez gozatu ahal izatea. Funtsean, gure kontsumo-ohituretan aldaketa bat egitea da, Gasteizen filosofia berdearekin bat datorren molde baten arabera”, azaldu du Ingurumeneko zinegotzi Iñaki Prusillak. Zinegotziak Hondakinen Kudeaketako buru Joseba Sánchez izan du alboan.

Reutilizagunen gailu elektriko eta elektronikoak, liburuak, altzariak, eta gainerako objektu-motak biltzen dira, herritarrek utzita, beste batzuek eraman ditzaten. Objektuak jasotzerakoan, Reutilizaguneko arduradunek horien erabilera eta egoera onean dauden aztertzen dute, katalogatu, eta reutilizagune.escor.es webgunean ipintzen dituzte argazkiak. Produktu jakin bat eramateko nahikoa Artapadura kaleko instalazioetara joatea eta nahi den hura adieraztea.

Ate irekiko jardunaldia 10.00etatik 14:00etara luzatuko da; bertaratzen direnek pabilioiaren barrualdera sartzeko aukera izango dute (behin-behinekoz, gainerako egunetan ez baita baimentzen) biltegiratutako objektu guztiak ikustera. Bertara joateko modurik onena tranbia da, Abetxukurako noranzkoan, eta Artapadura geltokian geratzea.

Birziklapenarekin loturiko zenbait lantegi antolatu dira haurrentzako, denak parte hartzekoak. Esaterako, jolasak, panpinak, puzzleak, jostailuak, mozorroak eta abarrez gozatu ahalko dute… Horrez gain, pneumatikoekin aulkiak egiteko lantegia ere izango da, beste bat kartoizko objektuak egitekoa, eta azkenik, arropa esekitzeko kako, CD, VHS, oihal eta ontziekin egindako objektuen erakusketa.

2017an, objektuak uzteko eta hartzekoak zenbatuta, 11.940 bider joan izan da jendea Reutilizagunera, eta 9.500 objektu jaso izan ziren guztira. Reutilizagunen aurkitu daitezkeen objektuen artean, batez ere jostailuak, haurrentzako artikuluak, etxerako apaingarriak, elektrotresnak eta liburuak ematen dira.

Udalak ekidin egin nahi du, baita, zerbitzua estigmatizazioa. “Bigarren eskua ez da hondar gisa baztertzekoa, ez eta baliabiderik gabeko jendearentzat soilik. Edonork izan dezake Reulitizaguneko produktuak eramateko interesa, egoera onean baitaude”, azaldu du Iñaki Prusillak.

Share
Kategoriak: Erakunde Adierazpenak, Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:11

Joan den ostiralean, azaroak 16, Gasteizko Udaleko ordezkaritza bat Aztegietara joan zen, Manzanares Cortés familiarekin batera Alokabide-Euskal Etxebizitza Zerbitzuak haiei esleitu dien etxebizitza bisitatzera.

Auzora iristean, nabaria zen familia horren kontrako ezinikusia, etxebizitza kokatuta dagoen kalean —herriko sarreran— pankarta handietan agertzen ziren mezuak kontuan hartuta.

Bisita aurreikusi bezala egin zen, eta iraun zuen bitartean, pertsona talde handi bat bildu zen atariaren aurrean. Bisitariak etxetik irten zirenean, auzokide batek bere burua gasolinaz busti zuen, eta alkateordearengana abiatu zen, hari oldartu eta bere buruari su emateko asmoz. Zorionez, bertan prebentzio lanetan zegoen Udaltzaingoaren patruila batek ezbeharra eragotzi zuen.

Udal ordezkarien taldea eta familiako kideak herritik joatekoak zirenean, beste auzoko batek era guztietako gaitzespenak, mehatxuak eta irain homofoboak bota zituen alkateordearen kontra, jarrera probokatzaileaz eta larderiaz.

Zorionez, inork ez zuen kalte fisikorik hartu gertakari deitoragarri horretan. Hala ere, aipatu beharra dago zortzi urteko neska batek gertakari osoa ikusi zuela.

Hori guztia dela eta, Gasteizko Udalak erakunde-adierazpen hau egiten du:

  • Alkateordea buru zuen udal ordezkaritzari sostengua eta elkartasuna adieraztea.
  • Erabateko gaitzespena eta arbuioa adieraztea ostiralean Aztegietan bizi izandako gertaeren aurrean, ez baitugu indarkeria zuzenean edo zeharka erabiltzea onartzen ezein helburu lortzeko.
  • Biziki gaitzestea izaera xenofoboa edo homofoboa duen portaera baztertzaile oro.
  • Delitua izan daitekeen indarkeriazko portaera ororen kontra egingo da, eta behar den tratamendua emango zaio.
  • Gasteizko Udalak bizikidetza baketsuarekiko konpromisoa azpimarratzen du, bakearen kulturan eta aniztasunak gure gizarteari ekarpen positiboa egiten diolako ustean oinarritua. Horretarako, behar diren baliabideak jartzen ditu abian aniztasunaren kudeaketa positiboa egiteko, giza eskubideak, aukera-berdintasuna eta udalerriko herritar guztientzako tratu-berdintasuna oinarritzat hartuz.
Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   07:24

Ostiralean, udaltzainek 16 eta 21 urteko bi gazte bat atxilotu zituzten, Ozeano Atlantikoaren kalean aparkatutako bi ibilgailutan indarra erabiliz lapurreta egitea eta kalteak eragitea leporatuta.

092ra egindako dei batek ohartarazi zuenez, inguruan zebiltzan bi gizonezkok kalteak eragin zizkieten autokarabana bati eta beste ibilgailu bati. Patruilak iristean, polizia bertaratzea eskatu zutenek atxikita zuten gizabanakoetako bat, eta, handik gutxira, ihes egiten saiatu zen bestea aurkitu zuten.

Biek hautsi zuten autokarabanako leiho bat harri batekin, eta kalteak eragin zituzten ate batean; hala ere, lekukoen erantzuna azkarra izan zenez, ezin izan zuten barrualdean lapurtu. Era berean, hurbil aparkatuta zegoen ibilgailu batean ere kalteak eragin zituzten.

Atxilotu egin zituzten, eta, izapideak Guardiako Epaitegira bideratu ondoren, aske geratu ziren.

Zazpi zauritu hainbat istriputan

Zazpi pertsona (lau emakume eta hiru gizon) zauritu dira asteburuan hiriko kaleetan jazotako trafiko-istripuetan.

Salbaterrabide kalean, auto batek beste auto bat jo zuen ostiralean, eta kolpea jaso zuen autoko 69 urteko gidaria zauritu zen. Gertakarien tokian artatu zuten, baina uko egin zion ospitalera joateari.

Halaber, 18 urteko bizikletari bat zauritu zen ostiralean, San Martingo parkeko malda batean erori baitzen, skate-eremuan. Larrialdietako zerbitzuek artatu zuten, eta Santiago ospitalera eraman zuten gero.

Egun hartan bertan, beste istripu bat gertatu zen auto baten eta ziklomotor baten artean, Heraclio Fournier kalearen eta Txalaparta kalearen arteko bidegurutzean. Istripuan, 24 urteko motor-gidaria zauritu zen, urradurak egin baitzituen, eta osasun-zerbitzuek eman zioten arreta.

Gaueko 23:00ak baino minutu batzuk lehenago, 26 urteko bizikletari bat zauritu zen, Etxanobetarren zidorreko banku baten aurka kolpatu eta lurrera erori zelako. Arreta eman zioten, eta anbulantziaz eraman zuten Txagorritxu ospitalera.

Larunbatean, auto batek beste auto bat jo zuen Zabalganako hiribideko zebra-bide baten aurrean. Talkaren ondorioz, kolpea jaso zuen autoko gidaria eta bidaiaria zauritu ziren, 41 eta 9 urtekoak horiek, eta Txagorritxu ospitalera eraman zituzten.

Atestatu-talde bat atzo Mariturri Bulebarrean jazotako istripu baten inguruabarrak ikertzen ari da. Istripua auto batek eduki zuen, eta, bertan, gidaria eta 25 urteko bidaiaria zihoazen. Azken hori zauritu zen, eta anbulantziaz eraman zuten Santiago ospitalera.

Udaltzaingoak beste 35 trafiko-istriputan hartu du esku asteburuan; haietan, ez da zauriturik egon, eta ez da inor ikertu bide-segurtasunaren kontrako delituengatik. Prebentziozko sei alkoholemia-kontrol egin ditu, eta, horietan, 100 bat gidariri egin zaizkie alkoholemia-probak: lauk eman dute emaitza positiboa, eta administrazio-bideak salatu dituzte.

Asteburuan, 33 salaketa izapidetu dituzte, eta 7 kasutan aritu dira polizia judizial gisa.

Suteak etxebizitzetan

Atzo, suhiltzaileek esku hartu zuten hiru etxebizitzatan piztutako suak itzaltzeko: Foru kaleko eta Salburua Bulebarraren kaleko bi etxetako logeletan piztu ziren bi sute, eta Hortaleza kaleko bizileku bateko sukaldean piztu zen hirugarrena. Ez zen zauriturik egon.

 

Share