Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 azaroa 2018 18:24

Urtarrilaren 8ra arte egongo da ikusgai Dendaraban Gizarteratu lantegien laugarren erakusketa solidarioa; bazterketa eta esklusio-egoeran dauden pertsona eta taldeak lan-munduan txertatzea sustatzen du udal programa horrek.

Hainbat lantegi eta ikastaro antolatzen dira horretarako: eskulanak, zaharberritzea, jantzien konponketak, bitxigintza, etab. Horietan sortutako lanak erakutsiko dira merkataritza galeriako beheko solairuko areto batean, 10:30etik 13:30era eta 16:30etik 20:30era.

Erakusgai jarritako piezak sortu eta lantzeak egileen ongizatea, autonomia eta inklusioa handitzen lagundu du, baita gaitasun pertsonalak, sozialak eta lan aurrekoak sustatzen ere.

2017an 613 pertsonak hartu zuten parte Gizarteratu programako ikastaro eta lantegietan, horietako 362 emakumeak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   18:22

 

 

 

 

 

 

Ardoaraba azoka enogastronomikoaren XIII. edizioa abenduaren 5etik 9ra burutuko da, dastatze-espazioen itxura modernoago eta hurbilago batekin eta baita jarduera berriekin ere. Berrogeita hamar upeltegi inguruk parte hartuko dute iazko 97.000 bisitaldiak gainditu nahi dituen ekitaldi honetan. Bertan, enpresa parte-hartzaileei protagonismo handiagoa eman nahi zaie, espazio berezietako dastatzeak areagotuko dira, alderdi gastronomikoa are gehiago azpimarratuko da eta merkatarien eta sotolarien arteko anaitasun-kontzeptu berri bat aurkeztuko zaigu.

 

Nerea Melgosak, Enplegu eta Garapen Ekonomikorako zinegotziak, ekitaldia aurkeztu du, beste hainbat ordezkarirekin batera, hala nola: Eduardo Aguinaco, Nekazaritza diputatua; Peli Manterola eta Maider Etxebarria, Eusko Jaurlaritzako Kalitate eta Elikadura Industrien zuzendaria eta Turismo zuzendaria, hurrenez hurren; Patricia García, Ardoaraba antolatzen duen Gasteiz On erakundeko kudeatzailea, eta Josune Albizu, Fundación Vital-eko zuzendaria.

 

“Ardoaraba gure hiriko ekitaldietako berezienetako bat izatera iritsi da, Vitoria-Gasteiz hiriko irudia kalitateko kultura enogastronomikoarekin uztartzen baitu. Binomio horri onura atera nahi diogu merkataritzaren, ostalaritzaren eta turismoaren elementu dinamizatzailea den heinean, eta egun hauetarako bisitaldi ugari espero ditugu”, adierazi du Nerea Melgosak. Halaber, honelako ekimenei protagonismoa emateko beharra ere azaldu du, Euskadiko BPGan geroz eta pisu handiagoa duen sektorea baita.

 

 

Dastatze-espazio erakargarriagoak

 

Ardoaraba 2018 azokako elementu nagusia dastatze-espazioak dira eta aurten kalitateari lehentasuna ematen dion itxura-aldaketa nabarmen bat izango dute, zura (jatorri jasangarrikoa eta berrerabilgarria) kolore beltzarekin konbinatuta. Karpetako materiala gardena izango da eta barnealdeko antolamendua ere desberdina izango da, sarrera, publikoaren zirkulazioa eta upeltegien lana errazte aldera. Dastatze-espazio hauek zabalik egongo dira, abenduaren 5etik 8ra, hiru puntutan: Probintzia plazan, Matxete plazan eta Foru plazan. Ordutegia, jaiegunetan, 12:30etatik 15:00etara eta 19:00etatik 22:30etara izango da. Lanegunetan, 19:00etatik 22:30etara egongo dira zabalik.

 

Guztira, ehun ardotik gora dastatu ahalko dira espazio hauetan, Arabako Errioxa (15), Arabako Txakolina (6) eta Arabako sagardoa (2) lantzen dituzten ekoizleak barne hartuta, jatorri-deitura gonbidatuez gain (Rias Baixas eta Cava). Arabako Sagardogileen Elkarteak sagar-zukua eskainiko die bertaratzen diren haurrei eta alkoholik kontsumitzen ez duten pertsonei. Eskaintza gastronomikoak 11 sukalde eta erakustoki bat izango ditu.

 

Horrez gain, Gasteiz On-ek doako etxerako garraio zerbitzua eskainiko die aurten sotolariei eta ekoizleei produktuak erosten dizkietenei, hartara azokaren alderdi hori sustatuta.

 

 

Txoko Gastronomikoa indartuko da

 

Ardoaraban geroz eta garrantzi handiagoa duen beste elementu bat Txoko Gastronomikoa da. Foru plazako frontoiaren ondoan kokatuko den espazio didaktiko hau zabalik egongo da abenduaren 5etik 8ra; haurrei zuzendutako jarduerak izango ditu goizez (egunero 12:30etan) eta bertako sukaldarien show cooking saioak arratsaldez, sotolariek azaldutako ardoen aurkezpenekin batera. 14 jarduera antolatuko dira zuzeneko sukaldaritza-saioen eta kalitateko euskal produktuen aurkezpenen artean.

 

Ardoarabaren alderdi gastronomikoari Euskadiko Elikagaien Azoka gehituko zaio, abenduaren 6tik 8ra Urrezko Zeledoi plazan egongo dena. HAZIrekin lankidetzan, azoka honek bertako elikagaiak eta edariak eskainiko ditu, tailerrak eta dastatzeak antolatzeaz gain.

 

 

Bisitak eta dastatzeak ingurune berezietan

 

Ardoarabaren esparru barruan geroz eta toki nabarmenagoa dute ere Gasteizko ingurune berezietan antolatzen diren bisitek eta dastatzeek. Jauregi, museo eta espazio bitxiek ateak zabalduko dituzte bisita gidatu berezietarako, non eraikinen historia azaltzeaz gain, iruzkindutako dastatze bat eskainiko den, ardo bakoitzaren sotolarien eskutik. Bisita hauek abenduaren 6tik 8ra burutuko dira Artium museoan, Bibat museoan, Kordoi Etxean, Montehermoso Jauregian eta Villa Suso Jauregian.

 

Bisita hauekin batera, Erdi Aroko hirigunea ezagutzeko ibilbide gidatuak ere eskainiko dira, haurrek Almendra barruko bazterrak ezagutzeko aukera izan dezaten, abenduaren 7an eta 8an.

 

 

Bestelako jarduerak

 

Puzgarriak, jumping-a eta tren bat barne izango dituen haurrentzako jolas-eremu bat egongo da Andre Maria Zuriaren plazan, abenduaren 5etik 9ra. Gainera, egun horietan bertan eta Caype Creativa-rekin lankidetzan, tailerrak antolatu dira Gabonetako apaingarrien eta ardoz egindako xaboien inguruan, Slime erraldoi baten erronkarekin batera. Jarduera hauek Alaba Jenerala kalearen 2. zenbakian gaitutako espazioan garatuko dira.

 

Azkenik, abenduaren 5etik 9ra ere, hiriko ostalaritza-establezimenduek 100 proposamen gastronomiko inguru eskainiko dituzte tabernen ibilbideari esker. Pintxo eta kazuelatxoez gain, hogeita hamar jatetxek menu bereziak prestatuko dituzte.

 

Ardoarabaren esparruan burutuko da ere “Villanueva Wine Tour” jardueraren aurkezpena. Udalerri horretan jaio zen ekimen honek Errioxa jatorri-deiturako jarduera enoturistiko onenaren saria jaso zuen azken Best of Wine Tourism sarietan. Halaber, azoka enogastronomikoaren aurretik burutuko den jarduera berri baten testuinguruan, topaketak antolatuko dira hiriko hainbat saltokitan, showroom-aren formatua jarraituz, non hautatutako establezimenduaren eskaintzari upeltegi baten ardoaren aurkezpena gehituko zaion.

 

 

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

“Gure elikadura-sistemaren iraunkortasunaren alde: 0 xahuketa” jardunaldiaren irekitze ekitaldia

Parte hartzailea. Alkateorde Itziar Gonzalo

Eguna. Osteguna, azaroak 29

Ordua. 9:15

Tokia. Europa Biltzar Jauregia

—————————–

Gasteizko erdialdeko denden VIPHOTO jaialdiko erakusketa-guneak ezagutzeko bisita ofíziala

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa

Eguna. Osteguna, azaroak 29

Ordua. 11:00

Tokia. San Prudentzio eta Foru Kaleen arteko bidegurutzea

—————————–

Harrera ekitaldia Alemaniako ikasleei

Udalak harrera egingo die Alemaniako Plochingen hiriko Plochingen institutuko ikasle eta irakasleei; Vitoria-Gasteizera etorri dira Kultur Trukeak direla-eta, San Prudencio ikastetxeak gonbidatuta.

Parte hartzaileak. Hezkuntza, Kultura eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto

Eguna. Osteguna, azaroak 29

Ordua. 11:45

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

—————————–

Prentsaurrekoa. Hirigintza ekosistematikoaren agiriarekin bat egitea, 2018ko Conama biltzarraren barruan

Participantes. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Conama Fundazioaren presidente Gonzalo Echagüe; eta Bartzelonako Aula de Ecologia Urbana zerbitzuko zuzendari Salvador Rueda

Eguna. Osteguna, azaroak 29

Ordua. 12:30

Tokia. Congreso Nacional de Medio Ambiente (CONAMA). Madrilgo Biltzar Jauregia

———————————-

Eraztun Berdearen 25. urteurrena hizpide duen areto dinamikoa irekitzea, CONAMAren barruan

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta IGIko eta Ingurumen saileko teknikariak

Eguna. Osteguna, azaroak 29

Ordua. 15:30

Tokia. Conamako Brusela aretoa

———————————

CONAMAri amaiera ematea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Osteguna, azaroak 29

Ordua. 18:00

Tokia. Conamako Roma aretoa

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   16:24

Abenduaren 18an hasiko dira entzunaldiak, eta maiatzaren 7an amaituko

Jazzaldiak antolatu du Jazz Uhinak Hirian Barrena ekimenaren XIII. edizioa, udalaren Hezkuntza Zerbitzuaren laguntzarekin, eta Paco de Lucia omentzeko balioko du; izan ere, hilondoko Ohorezko Makila jasotzeaz gain, bere bizitzari buruzko dokumentala proiektatuko da, zeinak Goya saria jaso zuen, beste berritasun batzuen artean.

Abenduaren 18an ekingo zaio ekitaldiari, Kart Rosenwinkel-en entzunaldiarekin. Urtarrilaren 22an, Julian Maesoren txanda izango da. Otsailaren 26an, Jon Urrutia izango dugu. Apirilaren 9an, berriz, Big Band-ek joko dute (Udal Musika Eskolako Big Band-ak eta Guridi Big Band-ak), eta, maiatzaren 7an, Ksenia Parkhatskaya izango dugu gurekin.

Martxoan, bi hitzordu oso berezi izango ditugu; batetik, hilaren 11n, “Paco de Lucía: la búsqueda” dokumentala proiektatuko da, Curro Sánchez Varela dokumentalaren zuzendari eta gitarra-jotzaile cadiztarraren semeak aurkeztuta.

Bestetik, hilaren 12an, Udal Musika Eskolaren eta Jesus Guridi musika-kontserbatorioaren konboek hilondoko 2019ko Ohorezko Makila emango diote Paco de Luciari. Bada, omenduak bost aldiz jo zuen Jazz Jaialdian, gitarra-jotzaile maisua izan zen, eta gasteiztarrek oso maitea zuten.

XIII. edizioak, dokumentalaz gain, beste berritasun batzuk izango ditu. Beste musikari baten irudia oroituko da: Roger Blàvia. Hainbat kazetarik, historialarik eta musikarik (hala nola, Pablo Sanzek, Pedro Calvok, Patricia Goyaldek eta Ivan San Miguelek) komentatu duten kontzertu-formatua berreskuratuko da, eta, oraingo honetan, azken bost edizioen bilduma-diskoa editatuko da. Diskoaren etekinekin, berriz, datorren urteko edizioaren lehenengo kontzertua finantzatuko da; ikus-entzuleen kontzertua, hain zuzen ere.

Musika Adierazpenaren programa

Hezkuntza Zerbitzuaren Musika Adierazpena programako Klasedun musika proiektuaren barruan kokatzen da Jazz Uhinak Hirian Barrena ekimena. Bada, programa horrekin, sailak Gasteiz hiri hezitzailea izan dadin garatzen duen filosofia laburbiltzen da; hots, Gasteiz hezkuntza-baliabide gisa aitortzen eta indartzen duen filosofia islatzen du programak.

 

Zentzu horretan, aurten, 79 hezkuntza-zentrotako 30.000 ikasle inguru igaroko dira programatik, 90.000 euroko udal-kostuarekin (Haur Hezkuntzako 4.284, Lehen Hezkuntzako 22.976 eta Bigarren Hezkuntzako 2.861).

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:48

 

 

 

 

 

Udalak bat egin du, lore-eskaintza eginez eta Forondako ateko monumentuan falta ziren 24 xaflak jarrizGaur goizean omenaldia egin zaie biktimei eta Agustín Ibarrola artistari Forondako ateko terrorismoaren biktimen monumentuan, COVITEren XX. urteurrena dela eta. Elkarte horrek antolatu duen ekitaldian hartu du parte Gasteizko Udalak, lore-eskaintza eginez eta falta ziren 24 xaflak jarriz —2001etik 2010era arte hildako biktimenak— .

Gorka Urtaran alkateak zorionak eman dizkio COVITEri urteurrena dela eta; orobat, gogoratu du: “Gasteiz biktima guztiekin dago, eta beti adierazi nahi izaten diegu aitorpena, hurbiltasuna eta oroitzeko sostengua, historia errepikatu ez dadin”. Agintaldi honetan biktimei egindako omenaldiak ere aipatu ditu. “Ez da biktimak aitortzeko hainbeste ekitaldirik egin duenik aurretik, ETAk udalerrian hildako guzti-guztiak, baita hiriarekin zerikusia zutenak, aitortzeko”. Monumentua diseinatu zuen artista ere, Agustín Ibarrola, aipatu du Urtaranek, eta haren biktimekiko konpromisoa goraipatu.

Artistaren seme José Ibarrolak aitak diktaduraren eta terrorismoaren kontra izandako papera nabarmendu du. “Elkartasuna, justizia eta duintasuna bere bizitzaren erreferente bihurtu ditu”, adierazi du.

COVITEko kide Javier Urquizak, berriz, eskerrak eman dizkio alkateari monumentua biktima guztien izenez osatzeko egindako lanagatik. “Guztiz bidezkoa zen. Aurreko agintaldietan eskatua genuen, baina alkate honek egin du, eta eskertzen diogu”. Gainera, biktimentzat “justizia, egia eta memoria” eskatu ditu.

Mintzaldien ondoren, COVITEren lehendakari Consuelo Ordóñezek eta alkateak lore batzuk jarri dituzte terrorismoaren biktimen monumentuaren ondoko eskulturaren oinetan; Eusko Jaurlaritzaren, Estatuko gobernuaren, Aldundiaren eta beste erakunde batzuen —Fernando Buesa fundazioa— ordezkariak ere izan dira lore-eskaintzan.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:06

 

 

Gasteizko Udalak Eraztun Berdearen 25 urteak erakutsiko ditu bihar 2018ko Ingurumenaren Biltzar Nazionalean (CONAMA). Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak antolatutako areto dinamiko batean, zeinean Gorka Urtaran alkateak eta udaleko teknikariek hartuko baitute parte, Arabako hiriburuak esperientziaren berri emango du, eraztunaren oinarriak jarri zituzten lehen esku-hartzeetatik hasita. CONAMAren barruan, Gasteizko ordezkariek proiektu enblematiko horren atzean dagoen filosofia azalduko dute. Horri esker, hondatuta zeuden espazioak ingurumenaren eta gizartearen ikuspegitik berreskuratu ditu Udalak, eta hainbat neurri ezarri dira uraren kudeaketarekin, biodibertsitatearekin, baliabide naturalen aurrezpenarekin eta, azken batean, “politika berdeekin” lotuta, hiri bizigarriago bat eraikitzen laguntzearren.

Estatu osoko teknikari eta adituen aurreko aurkezpenean, Gasteizko Udalak Eraztun Berdea hiriaren ezaugarri behinenetako bat dela aldarrikatuko dute, eta lehen mailako ingurumen, gizarte eta turismo baliabidea. Etorkizunean garatu nahi den filosofia ere azalduko da. Plangintza horrek —hamabost puntu estrategikotan laburtu da— garrantzi eta garapen-maila ezberdinetako ekintzak barne hartuko ditu, hainbat eskalatan aplikatzekoak: auzoa, hiria eta lurraldea. Naturan oinarritutako irtenbideak bilatuko dira.

Hitzaldietan, gai gako hauek ukituko dira: biodibertsitatea, ura, energia, mugikortasuna, sozioekonomia, espazio publikoa eta elikadura.  Bestetik, hamar udal teknikarik zenbait proiektu aurkeztuko dituzte: Eraztun Berdea eta haren etorkizuna; hiriko errekak; Salburua; Olarizu eta bertako lorategi botanikoa; egitekoa den Larragorri parkea; Gasteizko hiri-azpiegitura berdea, auzoen eta mikropaisaien bidez; oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna; ibilbide berdeak; parke agroekologikoak eta hiri baratzeak; konektagarritasun ekologikoa; hondatuta dauden lurzoruen berreskurapena, eta lurraldeko azpiegitura berdea.

 

 

Ekosistemari buruzko gutuna

Orobat, hirigintza ekosistemikoaren gutunarekiko atxikimendua sinatuko du Gorka Urtaran alkateak. Estatuan etorkizuneko hiriak eraldatzeko estrategia horrekin bat egiten duten lehen hirietako bat izango da Arabako hiriburua. Bartzelonako Hiri Ekologiako Agentziak sustatu du ekimena; Salvador Rueda da hango zuzendaria, eta berak landu du Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana. Hain zuzen, aditu horrek emango du CONAMAren amaierako hitzaldia, eta Gorka Urtaran ere bertan izango da.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:31

2017an sortu zenetik, doako zerbitzu horrek 365 pertsonari eman die arreta

 Gaur, azaroak 28, herentzia eta testamentuei buruzko hitzaldi irekia emango da Europa jauregian. Arabako Abokatuen Elkargoko abokatu Arantza López Martínezek hitz egingo du, adinekoentzako aholkularitza juridikoa doan emateko erakunde horrek Udalarekin  sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan; 2017an sortu zen zerbitzua.

Hitzaldia Francisco de Vitoria aretoan izango da, 17:30ean hasita, eta testamentua egiteko edo jaraunspena jasotzeko garaian sortzen diren zalantzak argitzea du helburutzat.

Hain zuzen ere, adinekoentzako aholkularitza juridikoaren zerbitzuan kontsulta gehien sortzen duen gaia da jaraunspenena. Abian jarri zenetik, 365 pertsonari eman die arreta zerbitzuak, eta 388 kontsulta erantzun dira, horien % 37 testamendu eta herentziekin lotuta.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:43

Udaltzaingoak 104 bizikletari salatu zituen aurreko astean bizikletak kontrolatzeko egindako kanpainan, araudia ez betetzeagatik.

Bada, argirik ez eramatea eta hiriko toki jakin batzuetan bizikletak igarotzeko dagoen ordu-mugaketa ez betetzea izan ziren udaltzainek gehien antzeman zituzten arau-hausteak.

Halaber, 16 urtetik beherakoek kaskorik ez eramateagatik, bizikleta gainean mugikorra eta entzungailuak erabiltzeagatik eta bidaiariak eramateagatik ere bete zituzten salaketa-orriak.

Salaketa horiek jartzeaz gain, ordea, 79 bizikletariri hartu zieten kargu, arau-hauste txikiagoak egiteagatik (hala nola, adina edozein izanik ere, kaskoa ez erabiltzeagatik); izan ere, segurtasuna hobetzeko aholkuak emateko ere baliatu zuen Udaltzaingoak kanpaina.

Hamar istripu, zauriturik gabe

Udaltzaingoak hamar trafiko-istriputan hartu zuen esku atzo; haietan, ez zen zauriturik egon, eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren kontrako delituengatik. 17 salaketa izapidetu zituen, eta 11 kasutan jardun zuen polizia judizial gisa.

Share