Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 urtarrila 2019 13:12

Bi langile atxilotuta geratu dira bidegabeko egoeragatik

 

Udaltzaingoak espediente bat ireki dio ibilgailuen salerosketan eta konponketan aritzen zen legez kanpoko tailer mekaniko bati. Auto horietako batzuk Europa iparraldetik ekartzen zituzten.

Joan den abenduan hasi ziren ikerketak, hain zuzen ere, Arkatxa kaleko lokal batean, Oreitiasolo industrialdean, jarduera-baimenik gabe lanean ari zitezkeela zioten zenbait informazio jaso ondoren.

Udaltzaingoa tailer horretara joan ondoren, barruan hiru gizonezko topatu zituen, ibilgailuak konpontzeko lanean zihardutela. Koipe eta olio orbanez zikindutako arropak soinean eraman arren, udaltzainak nahasten saiatu ziren haiek denak, bezeroak besterik ez zirela adieraziz. Haietako inork ere ez zuen lan-kontraturik. Tailerreko arduradunei buruzko daturik ere ez zuten eskaini.

Polizia Nazionalarekin egiaztapen-lan egokiak egin ondoren, pertsona horietatik bi, 35 eta 50 urtekoak, Atzerritartasun Unitatera eraman zituzten, bidegabeko egoeran zeudelako.

Tailerrean begiz egindako ikuskapen horretan, guztira, bederatzi ibilgailu zenbatu zituzten: 4 auto, 3 furgoneta, quad 1 eta lur orotako ibilgailu 1. Une horretan ibilgailu horietakoren batek matrikularik ez zuen arren, denek legez zituzten paperak.

Poliziak egindako ikerketa horiei esker, tailerreko arduraduna topatu ahal izan zuten, eta jakinarazi zioten debekatuta zuela jarduera horrekin aurrera jarraitzea eta zegokion administrazio-espedientea ireki zitzaiola.

2018an zehar, Udaltzaingoak beste zazpi lokaletan esku hartu du, eta horietan guztietan, ustez, legez kanpoko konponketa mekanikoak egiten ziren, eta horrexegatik, txosten batzuk prestatu dira Ingurumeneko udal departamentuari bidaltzeko.

Errekisitoria judizial baten ondorioz atxilotua

Udaltzaingoaren agenteek 40 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, bilatzeko, atxilotzeko eta Gasteizko Epaitegian aurkezteko errekisitoria judizial bat baitzeukan gainean. San Antonio kaleko Udalaren Gizarte Larrialdietarako Zerbitzura joan ondoren identifikatu zuten.

Herri barruko autobus bateko bidaiaria zauritu da

Herri barruko autobus batek istripua izan zuen atzo Zaramaga kalean, geltokian bidaiariak autobus barrura sartzen ari zirela. Antza denez, matxura mekaniko baten ondorioz, ibilgailuak zazpi bat metro aurrerantz egin zuen, eta azkenean talka egin zuen bi piboteren aurka, baita edukiontzi baten aurka ere, eta edukiontzi horrek, gero, aparkatutako ibilgailu bat jo zuen. Une horretan autobusera igotzen ari zen 41 urteko bidaiari emakumezko bat zaurituta geratu zen, eta horren ondorioz, bertaraino etorritako larrialdi-zerbitzuek arreta egin ondoren, Santiago Ospitalera eraman zuten.

Udaltzainek beste 16 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen inor zauritu eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik; 19 salaketa izapidetu zituzten eta Polizia Judizialak 5 jarduera burutu zituen.

 

Share