Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  18 urtarrila 2019 12:20

 

Feria horretan Arabako Pastelgile Elkarteak txokolatez egindako saskibaloiko baloiak banatuko dira, orotara 10 kilo

Udalak Gasteizera hurbilduko du FITUR, urtarrilaren azken asteburuan jarduerak antolatuta

Gasteizek iragan historikoa, Euskadiko lehen helmuga iraunkor gisa lortu duen ezagutza eta 2019ko ekitaldi-agenda osoa erakutsiko ditu 2019ko FITUR azokan, hiriko hainbat sektorerekin batera landu duen eskaintzaren bidez.

Alkate Gorka Urtaranek, Arabako Pastelgile eta Gozogileen Elkarteko lehendakari Luis López de Sosoagak eta ARKIKUS enpresa gasteiztarreko CEO Arantxa Satrústeguik aurkeztu dituzte Gasteizek Estatuko turismo-azoka garrantzitsuenera eramango dituen plater nagusiak;, hirian ere izango du oihartzunik azokak, hainbat jarduera antolatu baitira urtarrilaren azken asteburuan.

1850eko Gasteizera bidaiatzeko aplikazioa

Udalak 1850eko Gasteizera bidaiatzeko gonbita egingo du, irudikapen birtualeko aplikazio mugikor baten bidez, horrek aukera ematen baitu hiriko leku batzuek 1850ean zuten itxura eta egungoa alderatzeko. Aplikazioa doan deskargatu daiteke bai Google Play-n (Android) bai App Store-n (IOS), eta denboran bidaiatzeko eta Andre Maria Zuriaren plazak edo Montehermoso jauregiak garai hartan zuten itxura zuzenean ikusteko bide ematen du.

Teknologia berriak baliatuz kulturarekin lotutako turismoa sustatzeko modu berritzailea da, galdutako arkitekturak birtualki berreraiki eta espazioak girotzen baititu. Horrek ondarearen zabalkundea sustatuko du, eta turismoa espazio horietara eta inguruetara erakarriko”, nabarmendu du alkateak; orobat, zorionak eman dizkio hori garatu duen enpresa gasteiztarrari, zeinak azken urteetan aitortza lortu baitu estatuko hainbat ekintzailtzetza-programatan.

Aplikazioa baliatuz berreraikitako irudiei esker, ikusleek denboran bidaiatu dezakete, eta hiriak Erdi Aroko itxura gordetzen zuen garai batera joan; izan ere, Andre Maria Zuriaren plazara ematen duten gremio-kaleek ateak zituzten artean.

Aplikazioak lokuzioak ditu, irudiak ikusten diren bitartean informazioa eta deskribapenak entzun ahal izateko, testuak irakurri beharrik gabe. Bai testuak bai lokuzioak 4 hizkuntzatan eskaintzen dira: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa.

Bi erabilera sistema ditu: ukimenezkoa, edukiak hatzez eskuratu eta maneiatzeko, eta VR, errealitate birtualeko betaurrekoak erabiltzeko egokitua, zeinak hobeto murgiltzeko aukera ematen baitu, eskuak erabili beharrik gabe. Batak zein besteak giroskopioa dute, gailu mugikorra mugitze hutsarekin irudia biratzea ahalbidetzen duena.

Saskibaloia, Gasteizko txokolatezko bonboietan

Horretaz gain, Gasteizek bere DNAren parte diren bi ezaugarri elkartuko ditu: gozogintza tradizioa eta saskibaloiarekiko zaletasuna. Arabako Pastelgile eta Gozogileen Elkartearen laguntzarekin, saskibaloi baloien itxura duten txokolatezko 10 kilo bonboi banatuko ditu Udalak Fiturren, bi zaporetan: laranja, eta Arabako oliba-olioa eta Añanako gatza.

Izan ere, Arabako Gozogileen Elkarteak hainbat hamarkada daramatza hiriko ospakizun bereziekin bat egiten. Gainera, urtarrileko azken asteburutik aurrera, elkarteko gozotegi guztiek eskainiko dituzte beren erakusleihoetan datozen hilabeteeko Gasteizko agendan nagusitzen diren lehen mailako saskibaloi txapelketarako (Erreginaren Kopa eta Lauko Finala) berariaz sortutako gozoak.

Gasteiz, iraunkortasun erreferentzia eta aitorpen berria

Biosphere Destinations Community-ren standean ere hartuko du parte Udalak: bere esperientzia eta arrakasta-eredu bihurtzeko egindako lana azalduko ditu azokaren bigarren egunean hiri iraunkorrek egingo duten topaketa batean.

Bestetik, hiriak beste aitorpen bat jasoko du Fiturren, alkateak iragarri duenez. Hain zuzen ere,  SICTEDen 2018ko helmuga oneraren kategorian 1. finalista hautatu dute hiria, sektoreko enpresen lehiakortasunaren alde erakutsi duen konpromisoa dela eta. SICTED-Espainiako turismo kalitatearen destinoko sistema integralaren sustapenaren aitorpen hori 2018-2020 aldirako Turismoko Gida Planarekin uztartzen da, haren helburua baita prestakuntza eta enpresen hobekuntza sustatzea, baita enpresa ekimen berriak garatzeko berrikuntza ere. Hori guztia gakoa da helmugaren pertzepzioa eta bisitariaren esperientzia hobetzeko. Horrexegatik, Gasteizek lanean jarraituko du sektorearen kalitatea eta lehiakortasuna hobetzearren, Gasteizko Udalak zein beste erakunde batzuek (Basquetour-Turismoaren Euskal Agentzia, Arabako Foru Aldundia eta Arabako Merkataritza Ganbera) eskaintzen dituzten prestakuntza programen bitartez.https://blogs.vitoria-gasteiz.org/medios/files/2018/04/DOSSIER.pdf

Orobat, Udalak hainbat bilera eta topaketa tekniko itxi ditu, turismoaren sektorerako aliantza estrategikoak indartzen jarraitzearren.

Asteburuko jarduerak Madrilen… eta Gasteizen

Nazioarteko turismo feriaren amaiera gisa, Gasteizek jende orori zuzendutako ekintza ugariren bidez erakutsiko ditu bere erakargarriak, eta 2019an hiria bisitatzeko aitzakia izango den ekitaldi-agenda ezagutaraziko.

Arabako Foru Aldundiaren, Basquetourren eta ekitaldien antolatzaileen laguntzarekin, Nazioarteko Enoturismo Biltzarra, Lauko Finala eta Magialdia aurkeztuko dira, besteak beste. Aurten hiria promozionatzeko landu den bideoa ere proiektatuko da.

Gasteizen bertan, berritasunak dakartzaten planak proposatuko dira Fiturren astebururako, besteak beste, Basmoon Shiners vodka arabarraren dastatzeak, eta bisitak eta dastatzeak Mamia okidegiko lantegian.

Ibilbide Gozoa ere antolatu da. Hiriko gozotegietako erakusleihoetan erakutsiko dute sortutako gozo berria. Parte hartzen duten gozotegiak: Confituras Goya, Sosiega, Los Artesanos, Pastelería Txistu, Pastelería La Peña Dulce, Confitería Nalda, La Fábula de Olga.

Gainera, Arabako patataz egindako vodka artisauaren dastatzeak, ardo-dastatze itsuak, Azoka plazako bisitak eta bisita gidatuak eskainiko dira.

+Info

Share