Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  21 urtarrila 2019 13:53

Udaltzaingoaren Agenteek 50 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean, droga-trafikoarekin loturiko delitu baten ustezko egile gisa.

Patruila batek ikusi zuen substantzia estupefazienteen legez kontrako salerosketa bat izan zitekeena egiten ari zirela bi gizon Arriagako Atea kalean. Udaltzainak ikusi zituztenean, haietako batek porro bat eta diru-zorro bat lorategi batera bota zituen, gainetik kendu nahirik.

Patruilak bi gizonak identifikatu eta axaletik miatu zituen, eta ustezko saltzaileari zenbait billete eta barruan kolore zuriko hauts moduko substantzia bat zuten zenbait plastikozko zorro aurkitu zizkioten. Zorro horiek aztertu ondoren, Narkotestak emaitza positiboa eman zuen speed eta kokainan, eta haxixa eta beste porro bat ere aurkitu zizkioten, beste gauza batzuen artean. Gertaera horien aurrean, eta drogak bakarkako zorrotan banatzen ari zela ikusirik, udaltzainek atxilotu egin zuten gizonezkoa.

Bai atxilotuari eta bai beste gizonari ere substantzia horiek kendu eta bidezko administrazio-espedientea ireki zizkieten, Herritarren Segurtasunerako Legeak dioenarekin bat etorriz. Guardiako Epaitegian izapide egokiak egin ondoren, atxilotua aske utzi zuten, baina laster Epailearen aurrean aurkeztu beharko du.

Zazpi pertsona zauritu dira lau istriputan

Zazpi pertsona zauritu dira asteburuan gertatu diren lau trafiko-istriputan.

Ostiralean, tranbiak bizikletaz zihoan adingabe bat harrapatu zuen, Gasteiz hiribidea eta Gurutze Zuriko kalearen arteko bidegurutzean. Argiketa-talde bat ikertzen ari da ea 16 urteko txirrindulari hori tranbiaren trenbide gaineko oinezkoen pasabide batetik gurutzatu ote zuen, semaforoa gorrian zegoela. Larrialdi-zerbitzuek arreta egin zioten, eta gero, Santiago Ospitalera eraman zuten.

20 urteko beste txirrindulari bat zauritu zen Gamarrako Atetik barrena zihoala, Zaramaga kaleko bizikleten pasabide batean autobus batek harrapatuta. Anbulantzia batek artatu zuen gaztea eta, gero, Santiago Ospitalera eraman zuen.

Argiketa-talde bat istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da, atzo 21:30ak pasata bi autok talka egin baitzuten Arriagako Atea eta Artapadura kaleen arteko bidegurutzean. Bi ibilgailuetan kalte nabarmenak eragin zituen talka horren ondorioz, haietako batean zihoan 14 urteko neska gazte bat harrapatuta geratu zen eta suhiltzaileen laguntza behar izan zuten handik atera ahal izateko. Gainera, bigarren ibilgailuan zihoazen 50 urteko gidariak, 49 urteko kopilotuak eta 24 urteko bidaiari batek zauriak izan zituzten. Santiago eta Txagorritxu ospitaletara eraman zituzten.

Auto batek 82 urteko oinezko bat harrapatu zuen atzo, Extremadura kaleko 1 zenbakiaren parean dagoen oinezkoentzako pasabide batean. Osasun-langileen talde batek leku horretan bertan artatu ondoren, Santiago Ospitalera eraman zuten oinezkoa.

Udaltzainek beste 26 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen inor zauritu eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik. 48 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialak 11 jarduera egin zituen.

Asteburuan alkoholemiako bost prebentzio-kontrol egin dira hirian, eta horietan, 60 gidarik egin behar izan dituzte probak. Horietatik bostek emaitza positiboa eman zuten eta salaketa jarri zaie administrazio-bidetik.

Deskuiduak kontrolatzeko kanpaina

Udaltzaingoak trafiko-kanpaina berezi bat egingo du, gaurtik hasi eta urtarrilaren 27a arte, zirkulazioan deskuiduak eta arreta galtzea eragiten duten tresna eta aparatuen erabilera kontrolatzeko helburuarekin. Gidatzen den bitartean, musika-entzungailuak erabiltzea, GPS gailuak arduragabeki erabiltzea eta, nagusiki, “esku libreak” ez diren telefonia mugikorreko gailuak erabiltzea zainduko du.

Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorrerako 2015-2020 Plan Estrategikoan aurreikusitako zaintza eta kontrol-jardueren barruan jasoa dago kanpaina hori, eta horren funtsezko helburua Euskadiko bide publikoetan Bide Segurtasuna bermatzea da, eta horrekin batera, ezbeharren ehunekoak eta horiekin loturiko lesio-arriskuak murriztea.

Edukiontziak sutan

Suhiltzaileek, larunbateko 03:14ean, Ayala Kantzilerraren kalean su hartu zuten lau edukiontzi itzaltzen esku hartu behar izan zuten. Sua ibilgailu batera zabaldu zen eta beste ibilgailu batek ere ia su hartu zuen. Beharrezkoa izan zen, halaber, ondoko eraikin bateko lehen solairua freskatzea.

Ordu laurden bat geroago, Jacinto Benavente kalean paper-edukiontzi batean piztutako beste su baten jakinarazpena jaso zuten, eta SPEISeko langile-talde batek uraz itzaltzea lortu zuen.

 

Share