Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  23 urtarrila 2019 14:30

 

 

 

 

 

 

 

Gasteizko alkateak feria inauguratzeko jardunaldian hartu du parte: Gasteizek ekitaldi agenda erakutsiko du bertan, eta XIX. mendeko hiria ezagutzeko aplikazio berritzaile bat

Gasteizek turismo iraunkorrarekiko konpromisoa berritu du 2019ko FITUR azokaren lehen egunean. Alkate Gorka Urtaranek eta Biosphere Responsible Tourisme Institute-ko zuzendari Patricio Azcáratek bilera egin dute erakunde horren standean, bertan elkartuko baita Biosphere Destination Community delakoa, hau da, Biosphere Certified Destination zigilua lortu edo lortzekotan diren helmuga iraunkorren komunitatea.

Izan ere, beste hiri batzuekin batera Gasteiz gonbidatu dute Euskadin helmuga iraunkorraren ziurtagiria lortu duen lehen udalerria izatera iristeko eredu arrakastatsua azal dezan. Zehazki, Gasteizen bideratutako azken esperientzia azalduko dute, ekonomia zirkularraren aldeko apustua egiten duen proiektua: Udalak eta hiriko 38 turismo ostatuk landu dute hori, PET plastikozko ontzien kontsumoa murrizteko, erabiltzen direnak bildu eta birziklatzeko, eta bizi-zikloa bete duten ontziei bizitza berria emateko.

Gorka Urtaranek ziurtagiria ematen duen erakundeari jakinarazi nahi izan dio ostatu sektorearen inplikazioa eta konpromisoa Biosphere helmuga iraunkor gisa hiriak dituen estrategien barruko ekintza esanguratsu batekin. Gure ustez, ekonomia zirkularra haien negozioak hobetzeko tresna da, aurrezten eta ingurumen aztarna gutxitzen lagunduko baitie. Garrantzitsua da administrazioak eta sektoreak —hotelak, landa-turismoko etxeak, turismo gidariak, bidaiariak garraiatzeko enpresak, ostalaritza eta zerbitzuen hornitzaileak— indarrak batzea, helmuga iraunkor gisa. Gasteiz Euskadin Biosphere Responsible Tourism ziurtagiria lortu duen lehen udalerria da, eta horrek ikusgarritasun handiagoa ematen digu nazioarteko turismoaren merkatuan, eta galdu ezin ditugun aukera berriak zabaltzen“, gogorarazi du alkateak.

Bileran, Biosphere-ren ordezkariek Biosphere helmuga diren hirietan horren alde lan egiten duten enpresak, erakundeak eta agenteak identifikatzeko bereizgarri berriak aurkeztu dizkiote alkateari; horiek ekonomiaren, arlo soziokulturalaren eta ingurumenaren arteko oreka defendatzen duen helmuga dela bermatzearen alde lan egiten dute, aldi berean turisten eta harrera-eskualdeen beharrak asebetez, entitateari berari, gizarteari eta ingurumenari irabazi garrantzitsuak ekarriz, eta etorkizunerako aukerak hobetuz.

Gaurko jardunaldian, orobat, biltzarrak eta ekitaldiak antolatzeko duen ahalmena erakutsiko du Gasteizek, eta arratsaldeko azken orduan IWINETC 2019 Nazioarteko Enoturismo Biltzarra aurkeztuko dute erakundeek.

Gasteiz, ekitaldiz beteriko helmuga

Biosphere erakundeko arduradunekin biltzeaz gain, alkatea Euskadik FITUR azokan duen standaren inaugurazioan izan da, zeinean Gasteizek bere iragan historikoa eta 2019rako  ekitaldi agenda betea agerraraziko baititu, hiriko hainbat sektorerekin batera landu duen eskaintzaren bidez.

Gasteizek Estatuan egiten den nazioarteko turismo-azoka garrantzitsuenera eramango dituen plater nagusiakazaldu ditu  alkateak;gainera, hirian ere izango du oihartzunik azokak, hainbat jarduera antolatu baitira urtarrilaren azken astebururako.

Alkateak gogorarazi duenez, Fiturren beste aitorpen bat jasoko du hiriak. Hain zuzen ere, SICTEDen 2018ko helmuga oneraren kategorian 1. finalista hautatu dute hiria, sektoreko enpresen lehiakortasunaren alde erakutsi duen konpromisoa dela eta.

Orobat, Udalak hainbat bilera eta topaketa tekniko itxi ditu, turismoaren sektorerako aliantza estrategikoak indartzen jarraitzearren, esate baterako, Hiri Napoleonikoen Iberiar Sarea, RENFE, Movelia, Viajar con Hijos, Infotactile eta Sismotourrekin.

Asteburuan, Fiturren amaiera

 Nazioarteko turismo feriaren amaiera gisa, Gasteizek jende orori zuzendutako ekintza ugariren bidez erakutsiko ditu bere erakargarriak, eta 2019an hiria bisitatzeko aitzakia izango den ekitaldi-agenda ezagutaraziko.

Arabako Foru Aldundiaren, Basquetourren eta ekitaldien antolatzaileen laguntzarekin, Nazioarteko Enoturismo Biltzarra, Lauko Finala eta Magialdia aurkeztuko dira, besteak beste. Aurten hiria promozionatzeko landu den bideoa ere proiektatuko da.

Gasteizen bertan, berritasunak dakartzaten plan ezberdinak proposatuko dira Fiturren astebururako, besteak beste, Basmoon Shiners vodka arabarraren dastatzeak, eta bisitak eta dastatzeak Mamia okindegiko lantegian.

Ibilbide Gozoa ere antolatu da. Hiriko gozotegietako erakusleihoetan sortu duten gozo berria erakutsiko dute. Parte hartzen duten gozotegiak: Confituras Goya, Sosoaga, Los Artesanos, Pastelería Txistu, Pastelería La Peña Dulce, Confitería Nalda, La Fábula de Olga. Gainera, Arabako patataz egindako vodka artisauaren dastatzeak, ardo-dastatze itsuak, Azoka plazako bisitak eta bisita gidatuak eskainiko dira.

Informazio gehiago:

 

Share