Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 urtarrila 2019 12:06

Atzo hiru txirrindulari zauritu ziren hirian gertatutako trafiko-istripu desberdinetan.

Lehena goizeko zortziak jota gertatu zen, auto batek 15 urteko txirrindulari bat harrapatu baitzuen Santa Maria Josefa kalean oinezkoen pasabide batean, Mediterraneo hiribidearekin duen bidegurutzean. Adingabea anbulantzia batek eraman zuen Txagorritxu Ospitalera.

Argiketa-talde bat Gaztelako Atea kalean gertatutako beste istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da; istripu horretan, bizikleta batean zihoan 44 urteko emakume bat zaurituta geratu zen. Osasun-langileek artatu zuten bertan, baina ez zen beharrezkoa izan ospitale batera eramatea.

20 urteko beste txirrindulari bat ere zaurituta geratu zen auto batekin izandako istripu batean, Teodoro Dublang Margolariaren kalean. Argiketa-talde bat istripu horren nondik norakoak ikertzen ari da. Gaztea anbulantzia batek eraman zuen Santiago Ospitalera.

Istripu anizkoitza

Atzo, goizeko zortzietan, istripu bat gertatu zen Artapadura kalean hiru ibilgailuren artean. Ibilgailu horietako batean zihoan 47 urteko emakume gidaria eta beste batean zihoan 39 urteko bidaiari bat zauritu ziren. Bertaraino joandako larrialdi-zerbitzuek artatu zituzten, baina ez zen beharrezkoa izan ospitalera eramatea.

Udaltzainek beste 19 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen inor zauritu eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik. Horrez gain, 23 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 13 jarduera egin zituzten.

Kutxatila batek su hartu du

Puerto Rico kaleko kutxatila elektriko batean piztutako sute batek argirik gabe utzi zituen atzo inguru horretako zenbait etxebizitza eta denda. Suhiltzaileak bertara joan ziren, eta ikusi zuten zenbait kable erreta zeudela. Iberdrolak bere gain hartu zuen ezbeharra.

Haizearen ondorioz ere suhiltzaileek zenbait esku-hartze egin behar izan zituzten, eta suhiltzaile-talde bat Otxandiora joan zen, tximini batean piztutako sutea itzaltzera. Azkenik, Bizkaiko suhiltzaileek beren gain hartu zituzten itzalketa-lanak.

Share