Prentsa Oharren banner

Carlos Pérez Uralde irrati-antzerkiaren lehiaketaren beste edizio bat antolatuko du Gasteizko Udalak

Bihar, maiatzak 7, irekiko da izena emateko epea eta uztailaren 7ra arte egongo da zabalik.

Bihar, maiatzak 7, hasi eta uztailaren 7ra arte egongo da zabalik Carlos Pérez Uralde irrati-antzerkiaren lehiaketaren edizio honetan parte hartuko duten gidoiak aurkezteko epea. Gasteizko Udalak antolatzen du lehiaketa, bere Antzoki Sarearen bidez, Radio Vitoria – EITBrkein elkarlanean eta Vital Fundazioaren babespean.

Helburu nagusia irratirako antzerki-idazketa sustatzea da eta, bide batez, bertoko artistei sortzeko aitzakia bat eskaintzea.

Uztailaren bukaera aldera, Felipe Juaristik (idazle eta poeta), Pedro Espinosak (Radio Vitoriako kazetaria), Urko Aristik (EITBko zuzendariordea) eta Marta Monfortek (Antzokien ataleko burua) bi obra saridunak hautatuko dituzte, euskarazko onena eta gaztelerazko onena, alegia.

Ondoren, irailean, irrati-proiektuen aurreprodukzioa eta produkzioa egingo da, eta urrian emango dute Radio Vitorian, Euskadi Irratian eta EITBn. Amaitzeko, azaroaren 19an sariketa-ekitaldia egingo da Dendaraban eta proiektu irabazleen aurkezpen antzeztuak egingo dira.

Carmen San Estebanek hautatzen eta zuzentzen ditu aktoreak.

Share