Prentsa Oharren banner

Gasteizek promozioa egingo du Bilboko Expovacaciones turismo ferian

Gasteizko Biltzar Zerbitzuak gure erakargarri eta baliabide turistikoak ezagutaraziko ditu 2019ko Expovacaciones nazioarteko turismo ferian, Euskadiren standaren barruan, gurera bisitari gehiago erakartzeko xedez. BEC-en (Bilbao Exhibition Center) izango da feria, maiatzaren 10etik 12ra.

Beti bezala, Gasteizko Udalak hiriaren erakargarri zalantzaezinak nabarmenduko ditu, bereziki gertuko bisitariei begira interesgarria gertatzen den feria horretan.

Gasteizek bisitariei eskaintzen dizkien aisialdirako aukera eta turismo proposamen ugarien berri emateko gune bat izango du.

Historia eta ondarearekin zein naturarekin lotutako baliabide turistikoek hartuko dute leku gehien, baita enogastronomiak ere, jakina.

Aurtengo edizioan leku berezia izango dute kirol zein kultur arloko ekitaldi handiek, maiatzaren 12an (igandea) egitekoa den Martin Fiz maratoiarekin hasita; hurrengo asteburuan, maiatzaren 17tik 19ra arte, saskibaloiko Euroligaren Lauko Finala jokatuko da, eta laster hiria aire zabaleko agertoki handia bihurtuko da, Kaldearteri esker.

Horien guztien osagarri, bisita gidatuen eskaintza zabala eta askotarikoa azalduko zaie standera hurbiltzen direnei, hiria gidari aditu baten eskutik ezagutzera animatu daitezen.

Eskaintza erakargarri eta askotariko horren barruan jarduera enogastronomikoak edo natur ibilbideak ere badira Biosphere ziurtagiria duen turismo-helmuga iraunkorra den honetan.

 

 

 

 

 

Share