Prentsa Oharren banner

Gasteizko udalaren eta Sorginenea-Gasteizko Emakumeen Etxe Elkartearen arteko hitzarmena sinatu da Emakumeen Etxea martxan jartzeko

Gorka Urtaran audioa

Gorka Urtaran Gasteizko Alkateak eta Sorginenea-Gasteizko Emakumeen Etxe Elkarteko ordezkari Scarlett Salguerok gaur goizean sinatu dituzte Gasteizko Emakumeen Etxea proiektua kudeatzeko eta garatzeko lankidetza-hitzarmena, Etxanobe jauregiaren lagapena, 90.000 euroko ekarpena eta 2019. urte honetarako plan operatibo bat.

Gorka Urtaran alkateak eskertu du “talde politiko guztiek, talde eragileak, Berdintasun Zerbitzuak eta hiriko emakume-elkarteek eta mugimendu feministak hirian ahalduntze feminista defendatzeko esparru fisiko zein sinboliko inklusibo, ireki eta askotarikoa lortzeko egin duten lana. Emakumeen kolektibo eta elkarteek urte luzeetan egin duten lanari esker gauzatuko da laster Emakumeen Etxea, eta elkarrizketari, malgutasunari eta borondateak batzeari esker sortuko da. Gaur pauso garrantzitsu bat eman dugu, guztiok batera egindako lanaren fruitua jaso baitugu”.

Hitzarmenaren barruan, Udalak Etxanobe jauregia proiektuaren esku lagako du ahalduntze feminista sustatzeko eta eraikinean “Sorginenea-Tu casa feminista” proiektuari loturiko jarduerak egiteko. Jauregia jabari publikoko emakidaren bidez jarriko da proiektuaren esku, hitzarmena indarrean dagoen bitartean, hau da, 2019ko abenduaren 31ra arte. Esparru-hitzarmena urtero luzatu ahal izango da esanbidez, 3 aldiz gehienez, bakoitzean 12 hilabeterako.

 Hitzarmena indarrean dagoen urte bakoitzean, urteko plan operatibo bat ezarriko da, eta horretan finkatuko da zer eduki eta ekintza zehatz egingo diren, baita zer konpromiso tekniko zein ekonomiko hartzen dituen aldeetako bakoitzak. Plan hori onestea izan da gaur goizean Gobernu Batzarrak hartu dituen erabakietako bat.

 Proiektuan bertan definitzen den bezala, emakumeen etxea inklusiboa, irekia eta askotarikoa izango da, eta honako helburu hauek ditu: Gasteizko erreferente bihurtzea emakume guztientzat eta feminismoaren eta berdintasunaren alde lan egiten duten kolektibo guztientzat, sormena, hausnarketa eta, batez ere, egiteko beste modu batzuk sustatzeko topagunea izatea, eta dibertsiorako toki goxoa eta ikasteko errespetu- eta ekitate-esparrua izatea.

Share