Prentsa Oharren banner

Larunbatean ONCEren XVIV. Kriskitin Lasterketa egingo da Gasteizen, gizarte inklusibo bat eskatzeko

Larunbatean, maiatzak 11, XVIV. Kriskitin Lasterketa egingo da Gasteizen, ONCEk antolatuta eta Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Vital Fundazioak lagunduta.

 

 

 

 

Gaur goizean aurkeztu da ekitaldia udaletxeko prentsa-aretoan. Bertan izan dira Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzia, Peio López de Munain, Vital Fundazioaren zuzendari nagusia, Axier Urresti, eta ONCEren Euskadiko lurralde ordezkaria, Juan Carlos Andueza.

2019ko Kriskitin Lasterketa larunbatean egingo da, 12:00etan, San Prudentzio kalean. “Parte-hartzaileek ibilbide laburra egin beharko dute. Edonork hartu ahalko du parte, haren adina edo sasoi fisikoa edozein delarik, baita oinez ere”, azaldu du Juan Carlos Anduezak: “itsuka korrika egin nahi dutenek bikoteka egingo dute, haietako batek mozorroa jantzita duelarik eta pertsona biak soka edo lekuko bati helduta. Kriskitin bat eramango dute parte-hartzaile guztiek, batetik ikur sinboliko gisa, eta bestetik itsuentzako entzunezko laguntza gisa”.

“Hartara, ikusmen arazoak dituzten pertsonek egunero aurre egin beharreko egoera eta sentsazioak esperimentatu ahalko dituzte gasteiztar orok. Mundu inklusiboa, denontzako berdina eta oztoporik gabea eraikitzeko beharraz kontzientziatzeko modu egokia izango da”, azaldu du Peio López de Munainek.

Vital Fundazioaren zuzendari nagusi Axier Urrestik, berriz, aspalditik ONCErekin hainbat esparrutan duten lankidetza azpimarratu du, lurraldean inklusioa sustatzeko.

Lasterketa amaitu ondoren, ONCEk Urrezko Kriskitina emango dio 2018an Araban desgaitasuna duten pertsonen inklusioaren alde gehien nabarmendu den entitateari. Oraingo honetan Gesto Deportivo elkarteak jasoko du saria, eskola adinean daudenen kirol ekitaldietan kiroltasuna sustatzeko programak, prebentzio eta esku-hartze estrategiak eta prestakuntza lantegiak garatzen egindako lanagatik.

Share