Prentsa Oharren banner

XVIII. Bizikletaren Astea maiatzaren 27tik ekainaren 9ra bitartean egingo da

 

13an zabalduko da izena emateko epea gizarte-etxeetan, kirol instalazioetan eta Udalaren webgunean.

 

 

 

 

XVIII. Bizikletaren Astea maiatzaren 27tik ekainaren 9ra bitartean egingo da Partaidetza eta Gizarte Etxeen Sailak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI) antolaturik; hiriko gizarte-etxe eta auzoetan askotariko jarduerak izango dira horren barruan.

Gainera, haien esperientziak eta ezagutzak partekatu dituzten kolaboratzaile asko ditu programak, zeinei esker lortu baita kalitate handiko eta herritar orori zuzenduriko eskaintza eratzea. Horien artean daude Arabako Gorrak, Bizieskola, Ella bikes, Gasteiz On, Zabalgana ikastetxea, Itxaropena, Osakidetza, She is cycling eta Bizikleteroak elkarteak.

Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínezek eta Bizikleteroak elkarteko Juanjo Pinedok aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan.

Jardueretan izena emateko epea datorren astelehenean (maiatzak 13) irekiko da gizarte-etxeetan, kirol instalazioetan eta udalaren webgunean.

Edizio honetan emakumeei zuzendutako eskaintza sendotzen jarraitzeko apustua egin dute, eta hala islatzen da bai programaren irudian bai programako hitzaldi, bizipen, BTT irteera eta mekanika-tailerretan; izan ere, horietako batzuk emakumezkoei soilik zuzenduta daude.

Berritasunen artean, azpimarratzekoa da Arabako Gorrak eta Itxaropena (Ikusmen urriko pertsonen Arabako elkartea) elkarteekiko lankidetzari esker jarduera inklusiboak sartu direla aurten programan.

Badira nabarmentzea merezi duten beste bi jarduera ere: Zabalganeko gizarte-etxean “La vuelta al mundo en 80 dioptrías” hitzaldia egingo da, eta, Rutas del silencio” proiektuaren barnean, José Luis García Ginard-ek gorra izanik bizikletaz munduan zehar bidaiatzea nolakoa den kontatuko digu Aldabeko gizarte-etxean. Gainera, Aldabeko gizarte-etxeko ekitaldi aretoan egingo diren hitzaldietan zeinu-hizkuntzako interprete bat arituko da.

Bestalde, ikusmen urriko pertsonekin tandem bat partekatu eta Salburuko hezeguneen artetik ibiltzeko aukera ere egongo da.

Programako edukiak 6 multzotan banatzen dira:

  • 1. multzoa: HITZALDIAK Gai oso desberdinei buruzko 12 hitzaldi antolatu dira, besteak beste, abentura-bidaiei, osasunari, errendimenduari eta txirrindularitzari aplikatutako teknologia berriei buruzkoak, eta Ella Bikes eta She is Cycling emakume-kolektiboek emango dituztenak. Bidaien atal horretan Lorenzo Rojo (Lontxo) izango dugu gure artean, bizikletaz 200.000 km baino gehiago egin eta 90 herrialde baino gehiago bisitatu dituen ziklobidaiari handia. Gainera, Auturo Muñozek Islandian zehar bizitako esperientzien berri izan, eta mundua bere etxe bilakatu duen Laura Martínezen bizitasunaz ere gozatuko ahalko dugu.
  • 2. multzoa: LANTEGIAK Bizikleteroak elkartekoekin lankidetzan 2 lantegi antolatuko dira Landatxoko kiroldegian pertsona nagusiek bizikletan ibiltzen ikas dezaten.  Horretaz gain, elkarte horrek berorrek Iparralde gizarte-etxeko paretetako batean egingo den Bizikletaren Murala egiteko prozesuan parte hartzera gonbidatuko ditu herritarrak. Bestalde, bizikletaren oinarrizko mekanikari buruzko lantegiak programatu dira, hiriko zein mendiko bizikletentzat; bai eta bizikletaz segurtasunez mugitzen ikasteko lantegiak ere. Hori gutxi balitz, jolas-izaerako lantegiak ere egingo dira: kartoizko zakutoak margotzekoa, minibizikletak egitekoa, kaskoak eta txirrinak apaintzekoa eta bizikleta formako hammazko imanak sortzekoa.
  • 3. multzoa: IRTEERAK Familia-irteera berriak antolatu dira, bata Zadorra ibaiaren bidetik eta, bestea, Estibalizera Donejakue bidetik. Mendiko bizikletan hasteko irteera bat ere egingo da, emakumeei bakarrik zuzendua. Itxaropena elkarteak pasealdi bat antolatu du Salburuko hezeguneen artetik; horretan, ikusmen urriko pertsonekin batera tandemeko pedalei eragiteko aukera izango da. Azkenik, Osakidetzak tabakorik gabeko mundu eguna ospatzera gonbidatzen ditu herritarrak, maiatzaren 31n Salburuko osasun zentrotik aterako den eta hiria zeharkatuko duen bizikleta-martxan parte hartuz.
  • 4. multzoa: LEHIAKETAK Bizikletari buruzko kontakizun laburren lehiaketaren bederatzigarren edizioa antolatu da, euskarazko zein gaztelerazko modalitateetan. Irabazleek 250 €-ko txartel bat eskuratuko dute “Bizikleta lagunak” diren Gasteizko edozein dendatan gastatzeko.
  • 5. multzoa: ERAKUSKETAK Joan den urtean “Emakumeak eta bizikleta denboran zehar” eta “Txirrindularitzaren ehun urte: 1906-2006” erakusketek izan zuen harrera bikaina ikusita, berriz ere erakusgai jartzea erabaki da eta, oraingoan, Judimediko eta Salburuko gizarte-etxeetan ikusi ahalko dira.  Gainera, Judimendiko gizarte-etxeko liburutegikoek bizikletaren gaiari loturiko gida bat eta liburu-sorta bat prestatu dituzte.
  • 6. multzoa: BESTE BATZUK Multzo honetan askotariko jarduerak daude: familiei begira Santa Maria plazan antolatutako Gurpiletan Mugitu jolas-jardunaldia (ekainak 1), Bizi-festa Zabalganeko gizarte-etxeko plazan (ekainak 1) eta Judimendiko gizarte-etxeak familia mugikortasunaren inguruan antolatutako Auzoa Ezagutzen gymkhana. Landatxoko gizarte etxeko ariketa gelan eta Aranaldeko kiroldegian bizikleta estatikoa eta ariketa moderatua egiten hasteko aukera emango dute, makinak erabiltzen erakutsiko duten langile espezializatuen laguntzarekin. 16 eta 99 urte bitartekoei zuzendutako doako jardunaldi irekiak izango dira. Azkenik, Gasteiz On elkarteak “Egin erosketak bizikletaz” kanpaina egingo du, bizikleta lagunak diren establezimenduen sarearen bitartez.

Bizikletaren XVIII. astea

 

Share