Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  24 maiatza 2019 11:49

 Gobernu Batzarrak espazio publikoaren jabari-emakidarako lehiaketa onetsi du, sistema garatzea eta Aldabeko gizarte etxearen ondoan galdara eraikitzea ahalbidetzeko

Beste urrats bat egin da Koroatzeko Smartencity proiektuaren barruan. Gasteizko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak espazio publikoren erabilera pribaturako jabari-emakidarako lehiaketa abiaraztea onetsi du gaur goizean, energia berriztagarriak erabiliz sortutako beroa banatzeko sare bat ezartzeko auzoan. “Sistema garatzea eta galdara eraikitzea ahalbidetuko du horrek”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Sareak energia berriztagarriak (batez ere basoetako biomasa) erabiliko ditu erregaitzat, eta energiaz eta beroaz hornituko ditu proiektuari atxikitako etxebizitzak. Energia-zerbitzuen enpresa bat arduratuko da hiriko bero-sarea kudeatzeaz, zeinak partaidetza publiko-pribatua izango baitu.

Gaur onetsi den izapideak abiaraziko du lehiaketa bero-sarea garatzeko eta galdara-gela eraikitzeko interesa duten enpresentzat; Aldabeko gizarte etxearen ondoko aparkalekuaren azpian egingo da hori. Adjudikaziodunak bero-sarea hedatu eta ustiatzeko behar diren inbertsio guztiak egin beharko ditu, eta atari guztietarako hartuneak jartzea eta hornidura urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan ematea bermatuko du. Zerbitzua 2020ko uztailaren 31 baino lehen funtzionatzen hastea aurreikusi da.

Emakidak 40 urteko indarraldia izango du. Aukeratzen den enpresak urteko kanon bat ordaindu beharko dio Gasteizko Udalari. Gutxienez, urteko fakturazioaren % 1,25. Lehiaketara aurkezten diren enpresek gorantz hobetu ahalko dute kanona beren eskaintzetan.

Bestetik, Udalak inbertsioa finantzatzen lagunduko du, gehienez 900.000 euro emanez, Europarekin hartutako konpromisoan zehaztu zen bezala. Enpresek dirulaguntza osorik ez erabiltzea proposatuz gero puntu gehiago lor ditzakete eskaintza balioestean. Balioesteko beste irizpide bat izango da galdara jartzekoa den udal lursailean eraikitako azalera: zenbat eta azalera txikiagoa hartu, puntu gehiago. Herritarrei eskaintzen zaizkien tarifak hobetzea edo atmosferara isuritako gas eta partikulen kopurua murriztea ere hartuko dira kontuan puntuatzerakoan.

Koroatzeko Plan Berezian zedarritutako esparruan ezarriko da sarea: iparraldetik, Andre Maria Zuriaren Koroatzearen kaleraino eta Ziudadela plazaraino iritsiko da; ekialdetik, Arriagako ateraino eta Jesusen Zerbitzarien Fundatzailearen kaleraino; hegoaldetik, Badaia kaleraino eta Aldabe plazatxoraino; mendebaldetik, azkenik, Domingo Beltran de Otazu kaleraino. Plan Berezian ezarritakoez gain, sarea gertuko kaleetara hedatzea proposatu dezakete lehiatzaileek: Arriagako atea, San Ignazio Loiolakoaren kalea, Badaia, Zerkabarren kalea, Zaldiaran plaza, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, Beethoven, Gurutze Zuriko kalea, Bruno Villarreal, Domingo Beltrán, Eulogio Serdán, Larrugile kalea, Julián de Apraiz eta Navarro Villoslada.

 

Bi milioi espazio publikoan esku hartzeko

Gasteiz SmartEnCity europar proiektuan parte hartzen duten hiru hirietako bat da, Tartu (Estonia) eta Sondeborg (Danimarka) hiriekin batera; CO2rik gabeko hiri adimentsuak sortzeko europar estrategia garatu nahi du proiektuak. Gasteizen, Koroatzearen auzoaren birgaikuntza energetikoaren bidez gauzatuko da proiektua. Udalak, Eusko Jaurlaritzak (Visesaren bitartez), Energiaren Euskal Erakundeak eta  Giroa-Veolia enpresak sustatu dute proiektua. Hainbat hilabetez lan handia egin ondoren, proiektuari 742 etxebizitza baliokideren atxikitzea lortu zen (386 etxebizitza eta 356 lokal). Auzokoei laguntza handiak eskaini zaizkie. Birgaitzeko lan batzuk egin dira dagoeneko, Eulogio Serdan kaleko 4. eta 8.ekoak, esaterako.

Aldi berean, Gasteizko Udalak espazio publikoan esku hartuko du, beste 2 milioi jarrita. Auzokoek egindako partaidetza-prozesuan erabakitakoari jarraituz, obra hauek egingo dira: Aldabe kalea oinezkoentzat izango da zati batean, eta modernoagoa; Aldabe plaza egoteko eta elkartzeko lekua bihurtuko da, eta Ziudadela plaza, parterreak kenduta, oinezkoak igarotzeko errazagoa izango da. Inguruko argiztapena ere hobetuko da.

Proiektuaren aurrekontu osoa, hiru hiriak barne hartuta, 75.565.000 euro da, eta Europako Batzordearen dirulaguntzak ia % 37 estaltzen du (27.890.136 euro). Gasteizi dagokionez, 29.566.798 euro da aurrekontua, eta dirulaguntzak 10.879.960 euro estaltzen du.

Share