Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  24 maiatza 2019 11:51

Tokiko Gobernu Batzarrak Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarekin, Arabako Merkataritza Ganberarekin, Aenkomer-ekin eta Gasteiz On elkartearekin lankidetza-hitzarmena izenpetzea onetsi du, “Gasteizko merkataritza zentroetako kudeatzaileak, 2019” programa garatzeko. Ekimen horren bitartez, erakundeek eta sektoreko eragileek hitzematen dute tokiko merkataritzari laguntzeko eta haien lehiakortasuna sustatzeko ekintzak koordinatuko dituztela, funtsezko elementua baita enplegua sendotzeko eta dendak kokatuta dauden inguruak dinamizatzeko.

Gaur onetsi den hitzarmenak hiri merkataritzako espazioen kudeatzaileen balioa berresten du, formula egokia baita sektorearen jarduerari laguntzeko, proposamen bereizgarriak ikusarazteko, berrikuntzarako estrategiak lantzeko, merkataritza-sektore ezberdinen arteko sinergiak sortzeko, lehiakortasunaren hobekuntza sustatzeko eta turismora bideratutako profila indartzeko.

Hitzarmenaren bitartez, Eusko Jaurlaritzak 95.000 euro jarriko ditu hiri merkataritzako kudeatzaile lanetan diharduen profesional taldeari laguntzeko. Udalak, berriz, lan egiteko instalazioak jarriko ditu. Merkataritza Ganberak eta Aenkomerrek Gasteiz On-i laguntza, jarraipen eta euskarri eskaintzeko zereginak beteko dituzte hitzarmenaren barruan, kudeatzaile taldeak sustatzen duen urteko ekintza plana gara dezan.

Hitzarmen horretaz gain, Gasteizko Udalak berariazko hitzarmenak sinatu zituen duela hilabete hiriko merkataritzako elkarteekin —Gasteiz On, AEnkomer, FEDASOC eta Gorbeia kaleko Merkataritza eta Zerbitzuen Elkartea—; orotara 409.900 euro emango dira horien bitartez.

Share