Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 maiatza 2019 07:47

 

Ekitaldia egin den bitartean hiriko hotelen okupazioa % 98tik gorakoa izan da

Euroligak, Saski Baskoniak eta erakundeek oso positibotzat jo dute finala, 550 kazetari akreditatuk jarraitu baitzuten, eta 193 herrialdetan eman

Euroligak eta partidetara joandakoek gertakaririk eza eta antolakuntzaren arrakasta txalotu dituzte

Google Trends-en arabera, Gasteizek azken urteetako interes maila global handiena lortu du Interneten

 

Gasteizko Final Four lehiaketa arrakastatsua izan da. Euskadik, Arabak, Gasteizek eta Saski Baskoniak lehen mailako kirol ekitaldiak hartzeko guztiz gaituta daudela erakutsi dute aurten, Final Four historian hartu duten garrantzitsuena izan baita. Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Saski Baskoniak Lauko Finalaren “oso balantze positiboa” egin dute gaur goizean. Euroligak berak ere aitortu du hori, tokiko erakundeek eta Saski Baskoniak tamaina horretako lehiaketa antolatzen agertutako lankidetza eta inplikazio ezin hobeak eskertu baititu.

Azken urtean ekitaldia antolatzeaz arduratu den antolakuntza batzorde orokorrak bilera egin du, eta ondoren ekitaldiak Gasteizen izan duen eraginaren balioespen bateratua aurkeztu du. Erakundeek eta Saski Baskoniak osatutako batzordeak 50 bileratik gora egin du orotara.

Gasteizko Final Fourrek utzitako pozik handiena ekitaldia bera egin izana da. Izan ere, horrelako munta eta oihartzuna duen antolakuntza tamaina ertaineko hiri baten eskuetan uzten zen lehen aldia da. Egoitzak, Gasteizek, lehiaketaren behar zabalei erantzun ahal izan die. Baita 31 herrialdetatik etorritako 550 kazetari akreditatuei ere. Hori dela eta, hiriko eta inguruetako ostatuek oso okupazio handia lortu dute, % 98tik gorakoa, lehiaketa egin den egunetan zein aurreko astean. Zaleak —jarraitzaileen % 52 estatu espainiarretik kanpokoak ziren— inguruko hirietan hartu dute ostatu, hiri horiek ere Gasteizko Final Fourrarekin bat egin baitute, eta egoitza nagusiarekin koordinatuta erantzun.

Saskibaloiko Euroligaren azken txostena falta delarik, garai honetako ohiko okupazioa nabarmen handitu da, baita bikoiztu ere batzuetan. Gasteizen, non 3.600 leku inguru baitago hoteletan —apartamentu turistiko, landa etxe, kanpin, aterpe eta abarrez gain—, antolakuntzak, taldeek, sustatzaileek, taldeetako langileek, hornitzaileek eta akreditutako hedabideek hartu dute ostatu, eta bertako hotel eta jatetxeetan kontsumitu dute. Taxiak ere erabili dituzte, egunean batez beste 1.200 pertsona garraiatu baitituzte Buesa Arenara edo handik bueltan. Gasteizko turismo-bulegoak ere atzerritarren kopuru ezohikoa antzeman du hilaren 16tik (osteguna) 19ra (igandea), eta horien artean Turkiako zaleak nabarmendu dira.

Oihartzunari dagokionez, Gasteizko 2019ko Final Four historian gehien ikusi eta jarraitutako edizioa izan da, orain arte eskuratu diren datuen arabera. Txapelketako lau partidak bost kontinenteetako 193 herrialde eta lurraldetan eman dira, eta sare sozialetako irismena inoizko handiena izan da: Belgradoko 2018ko edizioaren aldean ikusitako bideoen kopurua % 10 hazi da. Asteburuan, Gasteizko Final Four hainbat aldiz izan zen ‘trending topic’ mundu osoan. Zalantzarik gabe, ekitaldiak Gasteiz eta Araba nazioartean ezagutarazteko balio izan du, eta Euskadi Basque Country markaren kokapena indartzeko. Google Trends-en arabera, Gasteizek azken 15 urteetako interes maila global handiena lortu du nazioarteko internauten artean, hau da, datu horiek erregistratzen direnetik.

Kontinenteko saskibaloi ekitaldirik onena Buesa Arena inoiz baino ikusgarriago batean egin da, eta batez besteko okupazioa % 98ra iritsi da. Lehen mailako produkzioa izan du ekitaldiak, eta ia munduko herrialde guztietan eman da zuzenean, telebistaz, Facebook-ez, EuroLeague.TV-z eta baita hegazkin eta itsasontzietarako kanal berezien bidez ere. Datu ofizialak falta diren arren, Lauko Finalaren edizio honek 2018koa gainditzea espero da, zeinak ia 200 milioi ikusle lortu baitzituen plataforma ezberdinetan.

Baina Lauko Finalaren oihartzuna ez da aurreko asteburura mugatzen. Izan ere, Euroligaren denboraldi osoan Gasteizen izena ezaguna egin da 15 herrialdetako zale eta komunikabideentzat. 2018ko urritik denboraldiaren bukaeraraino, Euroligaren eta Eurokoparen 446 partidetan 20 segundoko iragarkiak eman dira partiden aurretik eta atsedenaldietan, 6 hizkuntzatara itzulita; Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak batera landutako iragarki horiek hiriaren, lurraldearen eta erkidegoaren ikuspegi turistiko eta ekonomikoa eskaintzen zuten. Partida horietara 2.9 milioi pertsona inguru joan dira. Orobat, Gasteiz Euroligako Lauko Finalarekin lotutako 14.300 artikulu digitaletan aipatua izan da guztira denboraldian, eta horietako 2.750 joan den asteburuan argitaratu dira, hedabideak monitorizatzeko Meltwater agentziaren arabera.

Erakundeek antolakuntzaren kalitate handia azpimarratu dute, halaber. Saskibaloiko Euroligak eta partidetara joandakoek gertakaririk eza eta Buesa Arenako mugikortasun antolakuntza txalotu dituzte bereziki. TUVISAren, Euskotrenen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasunaren Sailaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetzaren emaitza izan da hori. Final Fourraren beste egoitza batzuekin alderatuta, gertuko hirietatik pabilioiara iristeko denbora ordubete edo ordu eta erdi laburragoa izan da, haietan hiri handietan barrena mugitu behar baitzuten. Gainera, Gasteizko aireportuak lehiaketarekin lotutako 34 hegaldi erregistratu ditu.

Gasteiztarrentzat eta bisitarientzat ere ireki ditu ateak Lauko Finalak, doako jarduerak antolatu baitira, esaterako, junior txapelketaren azken fasea, Foru plazako kontzertuak eta Fan Zone ofiziala; bertako gastronomiaren erakustaldiak ere egin dira.

Azkenik, Euroligaren Final Four euskal erakundeek nazioarteko ekitaldiak hartzearen alde egin duten apustu estrategikoaren erakusgarria da. Apustu horrek epe motz, ertain eta luzerako emaitzak ditu. Inbertsio errentagarria da hiria, lurraldea eta erkidegoa kokatzeko eta ekonomikoki garatzeko. Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza baturik herrialdeko ekitaldi baten aldeko apustuan. Oraingoan, nazioartean egiaztaturik geratu da Gasteizek duen kaudimena lehen mailako ekitaldiak hartzeko.

Hitzorduak Gasteizen izan duen eragin ekonomiko eta mediatikoaren txosten xehea eskatu du antolakuntzak, eta orain arte jasotako datuek erakusten dutenaren arabera, emaitza bikaina izango da. Txostenak Final Fourrek Gasteizen, Arabako Lurralde Historikoan eta Euskal Autonomia Erkidegoan izan duen eragin ekonomikoa (zuzena eta zeharkakoa) aztertuko du zehatz-mehatz, baita ekitaldiaren balio mediatikoa ere. Hartara, maila globalean lortutako telebista audientziak neurtu ahalko dira, mundu osoko 193 herrialde eta lurraldetan ikusi baita txapelketa. Orobat, sare sozialetan sortutako inpaktuak banakatuta aztertuko dira, bistaratzeak, erabiltzaileekiko interakzioak eta atxikimendua kontuan hartuz. Horrek guztiak Gasteizek inoiz hartu duen kirol ekitaldi garrantzitsuena xehetasun handiagoz neurtzea ahalbidetuko du.

Share